L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Azila-Gabonila. 11-12 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Erderakadarik txarrenak

 

Altube'k

 

Azkenengo nere idatz-aldian, gai onezaz ekin nion: erderaz «aurre-ezarkin» direlako «uztartiar» («conjuntivo») itzak, euskeraz geienetan «atze-ezarkin» itzez ordezten ditugula, ola:

        Erderaz «TAMBIEN... » «porque... », «SI fuera...», «SINO...» ta abar. Euskeraz: «...ERE», «...-LAKO» «...Balitz», «...BAIZIK» eta abar.

        Euskerazko «atze-ezarkin» oietariko batzuk orraitio, «aurre-ezarkin» tokia artzeko jokera dutela esan genuan: esate-baterako » ... BAIZIK» ordez «BAIZIK... »

        Euskal-idazle batzuk, jakiña, nai lituzkete erdalkeritzako oik guziz aienatu, baiña beti ezta errex, eta ortan ere, kontuz, geiegikerigabe bear genuke ari.

        Euskal-itz toki-aldatze-zale oietatik bat, «BAIZIK» berori genuan, eta itz orreri dagokion «geiegikerizko zuzentza» bat arkitu degu oraintsu. Ikus dezagun.

        Euskeraz geienetan jatorki diarduan egutegi batek, «Paulo santuaren kontseju» au euskeraltzen du:

        (Burugabeak ez izan) «aditu ezazute BAIZIK» zein dan jaunaren gogoa.

        Euskeratzaille onek, dakusgunez, BAIZIK itza, «atze-ezarkin» bezela jartzen du, obe bearrez; baiña or, obe zukean, erdal-joskeraz, «aurre-ezarkin» bezela jarri, onetara: «BAIZIK aditu ezazute... »

        Erdal-joskera, zergaitik genuke or obeki? Ona emen erantzuna.

        «BAIZIK» atze-ezarkiña, euskerazko uztartiar (conjuntivo) itz geienak bezela (ikusi au ere «Erderismos» liburuan, 174-175), ezin ezkondu liteke, jatorki beintzat, «aditz irabiatuekin» («berbo konyugatuekin»).

        Gaizki genituzke beraz, onako esakunak:

        1.-(Burugabeak ez izan) jaunaren gogoa aditu ezazute «baizik».

        2.-(Etzaite urrindu) urreratu ZAITE «baizik».

        3.-(Etzuan nai urik) beti ardoa nai ZUAN «baizik».

        Iru esakunok jatorkitzeko, aditz-irabiatuzko itzok (mayuskulaz idatzi ditugun berboitzok) guziz kentzea aski genuke.

        Baiña kentze ori egoki ezpaldin-bada, «baizik» itza erdal-joskeraz jarri bear, au-da, «aurre-ezarkin», ola

        1.-(Burugabeak ez izan) «baizik» jaunaren gogoa aditu EZAZUTE.

 

* * *

 

        Azaldu dezagun autu ori beste itz batzuez.

        Gakizkien esakunok, bi atal dituzte.

        Lenbiziko atala (parentesis tartean jartzen deguna) beti «ezetz» tiarra da, ola: «Burugabeak ez izan»...

        Bigarren esakun-atala moldatzeko, erdal-gramatikak eta euskal-gramatikak, bi kontralege iok dituzte:

        Erd. — a) «Baizik» itza, aurre-ezarkin; b) darraikion ezarkuna berbo konyugatuarekin.

        Eusk. — a) «Baizik» itza, atze-ezarkin; esakuna berbo-konyugatu gabe. Onela:

        Erd. — (Burugabeak ez izan) «baizik» jaunaren gogoa aditu EZAZUTE.

        Eusk. — (Burugabeak ez izan) jaunaren gogoa aditu «baizik».

        Gorago aitatu degun gaizkizko esakunak, eztu jarraitzen, ez erdal-legea, ez euskallegea; biak nastatzen ditu, au-da: a) legea euskal-eraz jartzen du; b) legea erdal-eraz. Ikus:

        1.-(Burugabeak ez izan) jaunaren gogoa aditu EZAZUTE «baizik».

        Esakun nastatu au guzietatik ezets-garriena degu.

 

* * *

 

        Gramatika autu ori, «Pater noster» euskeratzalle guziek, bear izan dute erabaki. Giputzek errez-errez egin dute, zerren-eta, «baizik» itza, erdal-legez aurre-ezarkin jartzeko oitura baitute; beraz onela idatzi ta irakatsi dute:

        1. (Ez gaitzatzu utzi tentazioan erortzen) «baizikan» libratu GAITZATZU gaitzetik. Giputzez beste euskaldunek ordea, «baizik» itz ori tokiz aldatzeko (AURRE-ezarkin biurtzeko), eztute oiturarik, eta beste erremedio batera jo dute: latiñezko SED aurre-ezarkia («SED liberanosa malo»rena), euskerazko BAIÑAN itzaz ordeztu dute, itz au, latiñezko SED bezela, AURRE-ezarkin baitugu. Beraz, latin esakun ori, onela euskeraztu dute

        2. Bizkaitarrek: (Ez gagizuz itxi tentaziñuan jausten) «baiña» libradu GAGIZUZ gatxetik.

        3. Sortzaldeko euskaldunek: (Ez gaitzazula utz tentamenduan erortzen) «baiñan» begira GAITZATZU gaitzetik.

        Esakun oik (2. eta 3. oik) ongi moldatuak ote dira? Ez; eta ona emen zergatik. «Baiña» (edo «bainan») itza ezta egiazko «kontralari» («adversativo»), baizik-eta, «erdi-kontralari» eta «erdi-aldelari».

        Itz orrek («Baiñan» itzak), direlako esalkun bikoitzetan, lenbiziko atal ezetztiarra (parentesis tartekoa), «biguntxoagotu» egiten-du, aren «ezetz» tasuna makaltxoagotu egiten du onela:

        (Eztet maite) «baiña» gorrotorik ere ez diot.

        (Eztu nai izan) «baiña» artu arazi diot.

        Ordea, goragoko ejenpluetan, («Pater noster» ekoan eta abar), ezta olakorik: bigarren esakun-atalak, lenbizikoaren ezetztasuna indartu egiten du, eta ori adi-erazteko, «baizik» itza degu aukera-aukerakoa.

        Arana-Goiri'k ola uste izan zuan eta bizkaieratu zuan «Pater noster» artan, utzi beste bizkaitar dotriña-idazle geienen «baiña» «aurre-ezarkiña», eta bizkaierazko atze-ezarkiña (giputzen «baizik» ordezko itza, au-da, «baño») aukeratu zuan. Ona emen nola idatzi zuan:

        Bizkaieraz: (Ziltzaldijan, ezkagixuz, itxi) gatxetik jabon «baño».

        Giputzeratua: (Ziltzaldian ezkaitzazu utzi) gaitzetik zaindu «baizik».

        Au degu gorago ontzat eman ditugun bi moldatze-eraetatik euskerazkoena, au da:

        a) — «Baizik» itza, atze-ezarkin;  b) esakuna, berbo-konyugatu gabe.

        Beste moldatze-era (giputz dotriña idazleena) au genuan:

        a) — «Baizik» itza, aurre-ezarkin;  b) esakuna berbo konyugatuarekin.

        Biak dituzte obe-aldeak: lenengo orrek, euskerazkoago dala; bigarrenak esakuna osoago (berbo-konyugatu ta guzi) agertzen duala.

        Orixe'k «Urte guziko Meza-Besperak» liburuan, bigarren moldatze-era aukeratu du, baiña bi aldakuntzakin, onela:

        (Ez utzi gu tentaldian erortzen) «ostera», begira gaitzazu gaitzetik. Onen bi aldakuntzok, oik dira

        a) — «Baizik» itzaren ordez, «ostera» aurre-ezarkiña; b) berbo-konyugatu gabe, «lenbiziko» esakun-atala «bigarrenaren» ordez.

        Or ditugu iru moldatze-era: giputz-dotriña idazleena, Arana-Goiri'rena, Orixe'rena. Orraitio, laugarren bat ere badegu aipagarri. Euskaldun utsak, ots, euskera beste izkuntzarik eztakitenek, olako esakun bikoitzak, geienetan beintzat, ez «baizik» eta ez onen ordezko itzik bitartzeke moldatzen ditute, onela:

        (Ez ezazu etxean iduki), kanpora atera ezazu.

        (Ez egon or otzetan), erdu sutondora.

        Oik eta oien antzeko esakun bikoitzak orrela moldatzeari, au-da, «uztartiar» edo «konjuntivo» itz gabe moldatzeari, «asindeton» deitzen die erretorikoek.

        Gureau bezelako izkuntza errikoi errikoietan, «asindeton» erazko esakun bikoitzak, sarri entzun oi ditugu.

 

VI

        Urrengo esakunok, «Euzko-Gogoa»ren zenbakietan aurkituak ditugu.

 

        1.— Idazleak:

        (Gotutsak) «ezin dira il»

        Errikoiago:

        (Gotutsak) «eztitezke il» «ezin illak dira» «ezin illezkoak dira» «eztira hiltzen ahal»...

        «Ezin da il» iltzen dagoanagatik esan oi degu, agoliñan dagoanagatik, il bear eta ezin il aurkitzen danagatik. Sartzaldeko euskaldunok beintzat, au bezelako esakunak «al-izatea proban imina-ta-gero» esan oi ditugu:

        «Ezin lorik egin det» (ogeratu ta loak artu eziñik aurkitzen naizenean).

        «Izena ezin gogoratu det» (gogoratu eziñik ari izan ta gero)...

        Beti «eziña» ikusita gero, «al-izateak» uko eginda gero, itz egin oi degu modu ortan. Olako esakunak erderaz «no puedo» «no puedes» «no puede»... itzen bidez esan oi dituzte: «no puedo aguantar»... eta abar. Au dute benetako «potencial presente», zerren-eta «no puedo» orrek «estoy no pudiendo» esan nai baitu.

        Baiña beste «no puedo» «no puedes» «no puede»... diferente bat ere badute erdaldunek, au da, «al-izatea» probatzeke ezeztutzen duana: «eso no puede suceder» «eso no puede decirlo»... eta abar; au «futuro presente» edo da.

        Euskaldunok ordea, bigarren «ezintza» ori, berbo-itz bereziez adierazi oi degu... Ager dezagun guzi ori laburki.

        a) — «Potencial Presente»

        Erderaz «no puedo aguantar». Euskeraz «ezin aguantatu DET»,

        b) — «Futuro Presente»

        Erderaz «Eso no PUEDO decirlo». Euskeraz, «ori ezin esan DEZAKET».

        (Zer nola guzi oik, «Erderismos» en 199 gn. ataltzan ikusi genitzake zeatztxoago). Dana dala, nik urrengo erdal esakunok, onela euskeraztuko nituke

        (Los espíritus) «no pueden morir» — (Gotutsak) «eztitezke il» «eztira iltzen aal»... (Los espíritus) «son inmortales» — (Gotutsak) «il-ezinak dira», «ezin illak dira» «ezin-illezkoak dira»...

 

        2.— Idazleak: (Euskaldunak) «ezin dabe euskeraz Jaungoikua iraindu».

        Errikoiago: (Euskaldunak)        «eztezakete euskeraz Jaungoikua iraindu». «eztagikee iraindu» «eztute'... iraintzen aal»...

 

        3.— Idazleak: «Yayo orduko»... Batzuetan «Yayo daneko» egokiago. Erderazko «en cuanto ha nacido» adierazteko euskaldun askok «yayo orduko» esan daroe, baiña onek «antes de nacer» ere esan nai du,

        Naste ori ebitatzeko, Bizkai aldeko euskaldunek, egiten dute distintzio egoki egoki bat, onela:

        a) «antes de nacer» - «Jaio orduko»...

        b) «en cuanto ha nacido» - «Jaio daneko»... «Jaio danekoxe»...

        Eta berdin oien antzeko esakun guztietan ere:

        a) «Antes de venir» - «etorri orduko»...

        b) «en cuanto vinimos» - «Etorri giñaneko»... «Etorri giñanekoxe»...

 

        4.— Idazleak: «Itxaso-andik eta itxaso-emetik»

        Errikoiago: «Itxasoz andik eta itxasoz emetik».

        Ona emen onen antzeko esakun errikoierrikoiak: «Urez andiko etxea». «Mendiaz-hunaindik» (au Sartzaldeko euskaldunen esakuna da). Urrengo au ere bai:

        «Itxasoaz haraindik». «Orrez-gaiñera». «Gogoaz kontra». «Goikoaz-bera ta bekoaz gora»...

        Esakun oiei «z» atzizkiña kentzea, indar, grazi ta euskal-usain guzia kentzea dateke. (Ikusi Euskaltzaindiaren «Euskera», 1934 gn. urtea 138).

 

        6.— Idazleak: «Zure azkenengo Lizardi'ri buruz egin lana...»

        Idazleok sarri moldatu oi ditugu orren antzeko esakunak, baiña oker xamar aurki litzakete irakurle zeatz-zaleek. Or, «azke-nengo... » itza, «Lizardi» itzari baiño kutunkiago datxikio «lana» itzari. Beraz onela edo geneuke argixeago:

        «Lizardi'ri buruz egindako zure azkenengo lana», edota obeki: «Lizardi'ri buruz zuk azkenengo egin lana...»

        Erderaz «Mi...», «Tu...», «Nuestro...» ta antzeko itzez asten diran esakunak euskeraltzean, kontuz ari bear genuke. Esate baterako:

        (He recibido) «tu carta del lunes...» Sarri onela euskeraltzen degu:

        (Artu det) «zure asteleneko karta....»; baiña onek itzez-itz, au esan nai du:

        (He recibido) «la carta de tu lunes...) Obe genuke, beraz, onela idatzi:

        Artu det) «asteleneko zure karta...» Oiek oartxo txatxarrak dirudite; baiña olako egokitze-ikuttuek, bear bearreko eztiranean ere, txit edergarri izan oi dira idax-lanetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.