Euskera
Itzaurrea
Milla Olerki Onenak
Onaindia'tar Yagoba
Oar: Aurten argitaratuko du Onaindia'tar Yagoba, karmeldar olerkari bikaiñak, MILLA OLERKI ONENAK deritzan euskal poesi bilduma yakingarria. Poz-pozik damaiegu E. G'ren irakurleei aipatu liburuaren Itzaurrea.
Euskal-olerti baratzetik natorkizu, irakurle maite, argi lilluraz gaiñezka dugun baratz joritik. Ixil-ixillik, baratz ortako ataka ideki ta barnean sar naiz. Ta zer dut bertan aurkitu? Gaur urdiña darion sua, biotzen pilpira azartua, asmu goizalea; au da, eusko-gogoa dan bezin mardul ta guri. Auxe dugu euskal-olerkia, ta auxe dan bezela eskeintzen dizut, zuk ere gozartu dezazun, barren-ikara utsean, ari darion ezti gorrizka.
Baiña leenik, aurren-solas antzera, emen dituzu zenbait olerti-xeetasun, naiz-ta elkortxo, ark eman ederraren guna osorik jasotzea errezago dakizun, ta zabal gaillenago arekiko poz-atsegiña. Lenengo: euskal-olertia zer dan; bigarren: euskal-olerkariaren edesti apur bat.
I.- Euskal-olertia zer dan.- Ba-ditugu guk ere, euskaldunok, edozein errik legez, geure nortasun-ezaugarriak, ots, jolas, oitura, erti, izkuntza... Ta auek oro euskal-gogoaren agergarri, antza. Jakintsuen iritziz, baiña euskal-lokarririk estu ta biurrena, gure gogoa dan bezela erakusten diguna, euskera danik ezin ukatu iñork ere. Ta euskalduna, gaurdaño beintzat, euskeraz mintzatu da; geiago: kantuz ta bertsoz azaldu digu bere izakera. Erriak oro gutxi-asko kantari, gurea oso kantari. Guk ere ba-dugu, beraz, geure olerkari saila, ta ez makal urria, beerago ikusiko dugunez, jator oparoa baizik.
Or bi gizon erti-arloan, bata edestiari lotua, olertiari bestea; gai bat bera erabili arren, ez dizkigute gauzak berdin azaldu ta adierazten. Ark gerta ziran bezela, itz lauz; onek gerta-edo litezken bezela, itz oskidetsu ta neurtuetan. Esakun bat adibidez; jakitunak dio: Egoki ta zuzen da euskerak edozertarako balio izatea. Lizardi'k askoz gizonkiago:
Baiña nik, izkuntza larrekoa,
nai aunat ere noranaikoa:
jakite-egoak igoa;
soña zar, berri gogoa;
azal orizta, mami betirakoa.
Zer da, beraz olerkia? Itz-joku antzedun bitartez gogaiak, eta eder-eredua batez ere, aiderazi ta agertzea. Bere jo-muga ta asmo berezia? Liliak usaia damaten bezela eder-txantxilla opatu, eztiz gaiñezka, gure gogoa atsegin-bitsetan jarririk; geienez beintzat, eztu beste elbururik. Ez orraitio izaditik arturiko ederra eskeiñi bakar-bakarrik, geiago ere ba-dagi: onek eskeini ta aurreratzen dizkion gai soilak jaso, alkarrekin bildu ta osoturik, erti ederra sor oi du nolabait, alik bikaiñena, gogoeta sotilez ta itz-estalgi leunez apaindurik. Olertia, ba, mintzo-ertietan nagusi ezertariko ezpai gabe, ederra agertzea baita bere asmo ta xede uts. Ut beraz itxusi oro, eder-jauregiko solairupean gaude-ta.
Eder-zaleak zer gogaldu ta senti, uraxe izan diteke olerkariaren mami, gogoari ats emanik ederra sor ba'dagi bederen. Olerkian ez da noski beste mintzo-lanetan aiña batasun bile bear; baiña bai asieratik azkeneraño, esanatalik pitikaetan ere, geiturik doan ardura, giro epel ta biotz-garra. Baita olerki izketak ere ba-ditu bere alderdi bereziak, irudimen eta biotz-ondoa beste ertietan baiño lasaiago dabiltza-ta. Bedi, bai, iñorena baiño bizi, loretsu ta giarrago olerkariaren izketa. Eskuarki erabili oi ditu augatik oldargi ta barne ikutuz eiotako antz-irudi ta esaera azartuak; ta auek zeregin bakarra dute: olerkariaren gogapenak bizi ta tinko, barnetik jaiki diranez, asma-lanean josi ta mulkotu. Ta auexek ditugu, azkenik, olerki-tankera edo «estiloa» dagitenak, berarizko tankera, norbere tankera.
Eta olerkariak, geienez, zein iturritan edaten ote? Gogo-barrenean, ala kanpoko lats ibiltarian? Bietan, noski. Olerki-gaiak, edo erraitik atera zerbait ditu, edo-ta kanpoko gauzetatik artuak; aurki-bide auetara jo bear nai-ta-ez gai eske. Ez ditzagun, ala ere, bata besteagandik lar urrun ezarri: eguzki-musua lorean bezela, alkar nasita idoro oi dira, ta bear. Lirikar olerkariak aurrenik gogo-muiñera begiratzen du, epikar eta antzerkiak landako gertakizunen bat abestu edo antzeztu oi ditue. Esana dut, ala ere, muga berdin-ezak eduki arren, ez dioaz alkarri sakaka, besoz-beso adiskide legez baizik, xede berdiñak elburu dituztela: ederra adierazi, naiz barru naiz azal. Lirikuak itzez azaltzen dituzte gogai ta biotz-muiña, bide dan bezela nortasun osoa neurtitz-lerroetan egotzirik; epikuak, berriz, ostendu ta gorde egin oi du nortasun ori, atetiko izatasuna guri ager-erazi naiean; antzerkiak, atzenez, gizarteko ar-emanak, griña ta asmoak, diran bezele gordin nai samur, gazi nai geza, antzez-lagunei itz eragiñik, arras bizi ta gartsuki begitarteratzen dizkigu.
Auetatik, zein ote dugu aurrenen? Jakin ez. Hegel'ek epikua dala dio; antziñako gizonak ez bai-zekiten barnera so egiten, izadira baizik, India'ko bedatar olerkariak esaterako. Baiña lirikuak ez zuan, aurki, kanpoko gauzak begiztatu bearrik barne-zauskadak samur-samur adierazteko. Olerkirik zarrenak, egia esan, liriku ta epiku dira, edozein erritan. Guk Perutxo'ren kanta ongi barneko dugu, baita makiña bat erri-lelo zar ere. Epikurik ez bide genuen, igo-igorik bein ere.Epikurik ez bide genuen, igo-igorik beintzat, Martin Hiribarren apezak bere Eskaldunak (Baiona, 1953) ta Orixe jaunak alako Euskaldunak (Zarautz, 1950) ederra egin arte. Antzerki-sailean bai ba-ditugu geure-geure batzuk, Pastoralak, batez ere Xubero lilluragarrian oso egoki antzeztu oi zituztenak, eta gaur ere olako euskal-jaietan ikusi ditzakegunak.
Olerkia neurtua dugu geien bat, bertsoz idatzia. Ezta bearrezko, ala ere, itz-banatze ori; ainbarik ere eder azaldu genitzake gogaita gauzak; Axular eta Txomin Agirre'k, esaterako, itz lauz ari zirala, zein goxo ta olerkitsu idatzi zuten. Maizenik, ordea, neurriz egiña izan oi da, bertso ta ahapaldietan taiutua. Zergatik orrela? Nork jakin! Bertsoaren atzeari so ezkero, gaitz dakigu aren sorburura eltzea, bertso neurtu ori bagea baiño lenmunduko elerti guztietan daurkigu-ta. Antziña aldi aietan, gaur ere bai sarri, musika ta antzari itz egokia, neurtua noski, ezarri bear; guk gaiñera, berez billatzen dugu au nai emen neurkera ta taiua, ta askosaz geiago mintzo aren bitartez gogoari ats eman nai diogunean. Orain-zaleen artean ba-dira neurtu bear au olerkigintzarako elkortze ta kaltegarri zaiela diotenak: baiña negar-erosta au ez dut uste aintzat artu bear danik, neurriak ezpaitu egorik mozten, ez zoztorrik jartzen. Benetan olerkari danik ez da iñoiz ikaratzen bertsoaren gaiztasunari buruz, ta geienez ez du bape zail aurkitzen bide ori, goi-argi ta indar baizik.
Jakite ta gai guztiak dituztelako, bertso gintzak ere ba-ditu bere urrats eta lege bereziak. Atzeki au gogoan izanik, orri lotu dan euskal-neurtizlariak ere, iru gauza ok beintzat ez ditu albora utzi bear: neurria, tarteko etena ta azken-berdintzea. Iru xeetasun auetatik batek uts eman ezkero, bertsoa ez litzake bikain.
Neurtzeko, zenbat bokal ainbat piko, silaba bikoitzetan ezik Euskeraz geien erabili oi dana, edo mugaz andikoak beintzat asko ta asko erabili dutena, amairu pikodun bertsoa dala esan bear. Esanaren eutsigarriz ar dezagun eredu au:
Lili bai ikusi dut baratze batean,
Desiratzen bainuke nere sahetsean;
Lorea ez du galtzen, udan ez neguan,
Haren parerik ez da bertze bat munduan
Bi zati oiek, dakusgunez, onela ezarriak dira: 7 piko lenen, ebaki edo geldi-aldi bat, eta azkenez beste 6 piko. Ba-dira, ta guztiz bikaiñak, amabost pikodunak ere. Ortik gorakoak luzeegi ta gogortxo litzaizkigu. Amazortzikoa, ostera, arras ezaguna ta ospetsua dugu, baiña era askotara idatzirik. Oneri-iru geldi-une ezartzen zaizko: 5 x 5 x 8. Geienetan ez da binako ahapaldietan idazten, launakoetan baizik, ta orduan zortziko nagusia berbera egin oi du. Ar zazu, adibidez, Arrese-Beitia'ren olerki au, oso gartsu ta bioztia, bere guztiak bezela:
Agur illun bat egin deuskue
Guraso zarren legiak,
Umezurtz batzuk gelditu gara
Billosik foru bagiak:
Izan ba'giña eurak legetxe
Euskeriaren zaliak,
Oso ta garbi gordeko ziran
Oitura ain miragarriak.
Bada zortziko txikia deritzaguna ere, zerbait ezaguna. Sei bertso laudun ditu ta bi irudun, aiek azken-bukatze gabe ta auek itz berdiñez amaituta. Ona oietako bat, Beñat Etxepare apezarena:
Ene gogoa nola baita zuzen jarri hargana,
Harenere Jaingoikoak dakarrela nigana,
Ene pena sar dakion bihotzian barrena,
Gogo hunez egin dazan desiratzen dudana.
J. Vinson jaunak dionez, XVI eta VXII'garren gizaldietan egindako neurtitzak, amabost oiñeko bertsoz daude, 4, 8 ta 12'garrenean etena dutelarik. Etxepare (1545), Etxeberri (1627), Harizmendi (1660) ta Argaiñaratz (1665) neurri onetan mintzatu omen ziran, bere iritziz. Baiña au ez dugu osoan egi. Etxepare'k bai, neurtitzik geienak neurkera ortan egin zituan; beste irurak ba-dituzte ostantzekoak ere, ta ez gutxi. Geiago: Oihenart eta Gazteluzar, mende artakoak izan arren, ez ziran sekula neurri ortaz saiatu.
Oraindik ere ezagun dugu zortzikoaren antzeko beste neurkera berezi bat, alegia, maite-olerki ta zear-bertsoetan erabili oi dana: zortzi bertsoko ahapaldia; banakoak zazpi piko dituzte azken-berdintze gabe, ta biñakoak, sei azkenean berdin bururatzen dutela. Ba-ditugu oiekin nastean beste zenbait neurkera ere, oso errez-goxoak, seinakoak, zazpinakoak, bederatzinakoak eta amaikanakoak bereiziki. Baiña aski dugu jakin-ezaugarri ariñokin. Ba-dira gai onetzaz ederki jardun dutenak; ikus J. Vinson, RIEV (1923); J.K. Gerra, Euskal-Esnalea (1922); Orixe, Euskalerriaren Alde (1930); J. M. Leizaola, Estudios sobre la Poesía Vasca (1951).
Ez dugu, antza, azken-pikoetako berdin-amaitzea onen bearrezko; gerka-latiñak, dakigunez, ez zuten erabilten. Oraingo izkuntzetan bai ordea, erabili oi dugu: gure euskera zarrean ere bai. Azken-urteotan ba-dira, ala eta guzti, olako lokirik nai ez luketenak. Auzi ontaz Orixe'k au dio: «Xakurraren bertsoak-Zaldubi'ren Xuriko'z ari da-ba-dute mamia bai azala polita ere: xamurra, makurra, muturra, hezurra. Biz batean ere naikoa zan berdin-bukatze ori, gure belarri gaizki oituentzat ere. Batere bage litzake obeenik, baiño ez genduke etsiko... Azentu indarduna, gutxi edo asko bearra da bertsoak neurtzeko edo irakurtzeko, edo ori gabe nekez irakurri ditezke gure bi zortzikoak. Baño azkeneko silabaetan berdin-bukatze ori, nondik sortu da? Tartean bear du bertsoak neurria, tartean; eta azken ori, tarte bat besterik ez da; askotan bertsoa zatitu bai-liteke andik edo emendik. Azkenean ez dago buruz malda jo bearrik. Berdinbukatze onen kontra ari nindeke neke bage. Euskeraz edo erderaz ere diran bertsorik ederrenak, orrek itxustu ditu. Gure belarriak, ordea, ostera jarririk daudela esango didazue. Mingarri da! Itzen berdin-bukatze ori, bilatzen aritzea baño ez aritzea obe ta errezago da; ta lerroxka aldioro baño biz batean eratsuago; ta silaba berdiña baño berdintsua errezago; ta bi silabaetan baño batean errezago; ta silaba osoan baño azkeneko bokalean errezago. Aspaliko gerka-latiñak etzuten orretara jo bearrik, eta makar aundia zerizkioten bertsoan berdin-bukatze ori. Baita gaur bertako erderan ere itz askatuetan ari dirala. Gu ere oitu gindezke, tarteko neurria ona izan ezkero». Ikus Euskalerriaren Alde (1930), 166 orr. Esanak esan, orain arteko euskal-literaturaren beintzat, olerki gutxi ditugu azken-berdintze ori gabe.
Arestian ikusi dugunez, bertso-motarik asko dazaguz euskeraz, batzuk luze,beste batzuk labur. Zeintzuk obe? Poesi-sorburura jo ezketiño, an naiz emen, neurkin motza duzu leendik; orlaxe gerkarren eresi ta maite-kantak, orlaxe kloka sanskritarrak, eta antzekoak. Gure artean ere Lelo'ren kanta zarra zortziko laburrez egiña; geroago eldu zitzaigun bertso ta poesi luze miña. Txiki ta laburra nainoiz zaigu irakur gozoago, au egi utsa. Baiña gure itz neurtuetan dagokien lekuan ixil-unea egin ezkero beiñik-bein, ez dugu bat ere olerkirik luzez gogaikarri zaigunak. Saiatu bitez, ba, gure olerkariak nai luze nai labur; baiña saiatu beti neurtitz errez goxo bikaiñez.
Norbaitek esango dit: Zertako ote euskal-olerkia? Ba-dira or-emenka, barnea olerkiz ustea txaldankeri etsi oi dutenak; zentzun urri erakus, antza, arazo ortan diardugunok. Adi, ala ere, Lizardi argiari; naiz-ta luzetxo izan, gai oneri buruz berak diona emen ezarri nai dizuet. «Neurtitza dio ederrik da, ta olermenak ezin asma dezake bere emaitz joria jaulkitzeko era atsegiñagorik. Neurtitzez eztala, alegia, jende xeea mintzatzen?... Bañan, izkera berdiña bear ere al dute eguneroko gora-bera utsak eta egiazko olerkariaren amets eta ikuskizun goitarrak?... Olerkari aizun askoek neurtitza nardagarri biur omen dute... Ta olerkari banaka batzuk, berriz, mintzabiderik eztien. Zenbait atso ta gizonen jardun txotxoloei begiratu ezkero, aren mintzatze utsa ere iguingarri etsi-bearrak giñake. Izneurtuetan betegarri edo «ripio» askotxo oi dirala... Olerkari motzak oi dute ori ere. Ta zer darraika orreri? Izneurgintza eginkizun gaitza dala, argi-arria itsusi danik?... Azkenik, esan-alak entzunik gera oskidetza edo «rima» dalakoari buruzki. Jakiña, neurtitzak eztu berezko, ez bearrezko oskidetasun ori. Gabe ere egin izan dira ta ba-ditezke egin neurtitz eder askoak; agian ederragoak. Baña, berez bezela, esaldia biurritu gaberik, olerkariaren antzetuz datorrenean, belarriak, egia esan, eztu ain gaizki artzen».
Bai, olerkaria ezta edozer gauza, bearrezko duguna baizik. Gizonak itxia izan oi du geienez bere barne-atea; naigabe-lañopean aurkitu arren, ez du deusik esango, ez agerteraziko; irri-algara gabe darama biotza, itxas-ondarra bezin mutu ta zital. Nork antz eman zer gogo dun? Olerkaria, berriz, alai ta zintzo dagerku beti; ez du sekula erio-antzik, ez itzalik; zorion-ateak irribar gozoz idekiak dauzka; barnea ere, dan giñoan, asmo ta arnasa egiazkoz azaltzen du. Berak abestu oi ditu, neurtitz berotan, Jainko-siñesmen argia, giza-biotzeko maitasuna, sorterriaren oiu latza, eriotz-ukaldi bizia, guda-ekintz arrigarriak, eta abar. Gurean ere, zenbat olerkari txukun diran, gai eder oiek gogoan izanik konta ezin-ala neurtitz zoragarri osotu dituztenak! Aitzol jaunak ederki: «Euskal-erria, biotz-naiaz aberatsa dalako, olerkari ugarien sorlekua izan da. Baño, zenbat olerkarien, bertsoak ez-ezik, izen utsak ere galdu dira?
Olerkaria eder-zalea da, ta porrokatua ala ere; ederra du gai bere antze-lanetan. Zer dugu, baiña, ederra? Platon'en iritziz, egiaren antz dirdaitsua. Orrela egi oro eder, esan genezake; baiña ez gorderik lakaripean bezala, egiña ta dirdaitsua baizik; augatik esan zuan Hegel'ek egia sumagarriro agertzea zala ederra. Bitarikoa dugu: sortzezkoa, ots, Jainkoak sortu ta izadian eurrez barraiatua; ta asmatuzkoa, au da, gizonak asmatu ta egiña, erti-lanetan ageri dana. Edertasuna gauzen arima omen da, izadikoetan Jainkoaren aztarrena ta asmatuetan gizonarena. Ta gizonak begiko du beti ere bere arima eder agertzea. Nola baiña? Ba-ditu ortarako almen bikaiñak, Jainkoak emanak: ezagumen asmamen, irudimen, ta abar. Oien bitartez, zernaitara erabili oi du edozer, ederra adierazi ta antz ematean bereziki. Antz emate ori askotara izan diteke; obeto: gizonak bere arimaren edertasuna ainitz eraz agertzen du; argiñak mukuluz, margolariak kolorez, musikariak ereskiz ta izlariak mintzoz. Sail guztiotan eder-erraiñuak dizdiz egiten du, argi-begiaren antzera.
Ala ere, antze guztien artean olerkia nagusi; oro baitago bere mende; adimenaren sorpen sakon ta biotzaren zauskada me ta zorrotz, oro du bere agindupe gozoan; ez du mugarik ezagutzen, itzaren bitartez baita zer nai uraxe adierazteko aiña. Ez uste orraitio edo nor olerkari danik, goi-argiak ikututa antzezko ederra sor daroana baiño; ortarako gai izan bear: asmamen joria, biotzondo samurra, eder-sen bizia ta esaera txanbeliña bear ditu olerkari danak. Gaitasun oek, doai ederrok erdiz jitetik ta erdiz ikastetik datozkigula esan behar. Sortzetik ezpa-dugu ezer, nekez izango olerkari egiazko; baiña Jainkoa-gandiko eder-jit-izpirik ba'dugu, doai ori azkartu, argitu ta berotu dezakegu. Mendi-erpin jaikiak ez dute obeagotzerik' beti diraute erlantz berdiñean. Guk, ordea, sortzetiko gaitasunak ugaritu ditzakegu: idurimena bide zabal artezez zuzendu, giza-barrenari so ondoren eder-sena osotu, biotz-zokoa goisuz pizkortu, erti-legeak ikasi ta norbere setaz bat datozan ereduak irakurriz idaz-tan-kera berezia iritxi. Eguneroko jardunak erreztasun izugarria eman oi du.
II. Euskal-olerkiaren edesti apur bar.- Euskaldunok, ezinbesteko lurralde ontan jakin ez noiztik bizi garean. Barandiaran jaunak, gure leize artzuloetako irudi-aztarnak begipe ditula, au dio: «Euskalerriko gizonaren bizkera ta gogo-lantzea goien-paleolitos-aroaren asieratik guardaño oso berezi ta bakarrekoa izan da, ta bitarte onetan erri aldaketarik emen ezagun ez dala, argi adierazten digu Arkeolojiak». Ikus Euskalerriko leen-gizona (Donostia, 1934), 24 orr. Garai ori igaro zala, batzuen iritziz, amalau mila urte dira; beste batzuentzat zazpi edo sei mila bakarrik. Dana dala, erri bakoitzak bere gogo-lantze edo kultur jakintza bedegarra du, ots, esku arteko lanbide ta asmakizunak, adimen-argia lagun, landu ta egokitu oi ditu: ta ortik sortzen gero, lanerako tresna, erribatz, erti, jakintza, ta abar. Gure oraingo gogo-lantzearen zati batzuek, ordea, edesti aurretik edo goien arotik datozkigu, garai artako lorratzak dira.
Eta onek darakusgunez, aldi zar artan ere, inguruko errien aldean goi ta gallen genbiltzan gu zernaitako erti-lanean: margoz egiñak ditugu ikusgarrienak, bai eta arriz, ezurrez ta adarrez esku-tramankuluetan moldaturiko antzirudiak ere ba-dute zer ikusia. Ala ere, ezerk baiño geiago gure nagusitasuna dirdaitsu jartzen duana, euskal-aditz zoragarria noski; ez euskera ez dugu nainork asmatua. Gaiñera, guztiz egokia baita eder-la-netarako; ta gaitasun berdiñez ageri zaigu, bai orduan bai gaur. Begira, ezpaere, edesti aurretik datorkigun aoz-aozko elertiari. Gure bertso zarrak nun dute sort-oe? Edestiaren lan-atal ilun ixilian, aurki; aoz-ao el zazkigu, ordutikoak izan arren. Ta nola sortu? Or gaur ere gure bertsolariak. Olaxe du asiera gure erri-olerkiak.
Gaur, idazte ta irartze gabe, ezin diteke elertirik, zenbaiten ustez. Ez da ziur, ordea, idazteak ainbat garrantzi duanik: erri-elertia zer oso antzetuz gaiñezka daukagu, ta guztia au aoz-ao el zaigu, batere idatzi bearrik gabe.Ez zan gure aurretiko euskalduna, bere gogai ta biotz-zarrastak agertzen atzekiena; trebe ta antzelari zan, gu beste edo geiago; idatzia ez zuan ezagun, ta aoz-ao iraun-erazi bear asma ta kantuz erauntsia. Euskaldunari beti izan zaio atsegin aotik aora eman elertia, baita irarkola asmatu ondoan ere. Orrela gure ipui zarrik asko. Juan Kurutz Zapirain bertsolariak etzekian idazten ez irakurtzen; ala ere, zenbat bertso dituan, Brabante'ko Genobeba'rena esaterako. Poema onek 163 ahapaldi ditu zortzi bertsodunak, eta guztiak buruz egiñak; bear-gaiak negu otzez sutondoan emazteak irakurritakotik artu ta lo bitartean ahapaldiak eio. Ogei ta amar urte geroago ere, entzun nai zion edozeñi osorik bir-esateko ez zukean iñoiz nagirik. Au eta bost, onelakoxeak dituzu gure bertsolari aipatuak.
Ta noizko ote dugu guk olerki zarrena, idatzita? Jakin ez, ziur beintzat. XIV ta XV'garren gizaldietan ba-ditugu eresi batzuk, bertsoz egiñak; erri-kanta zar asko ere ordukoak direanik ezin ukatu. Euskalerrian, noiz eta garai aretan ere, naste biurriak izan ziran, baitik-bat oiñaz ta ganboarren artekoa, ta gudu-naste auek bide ainitz eratako epikar olerkitxoak sortu. Ta taiu orretan tobera, olentzero, maia ta eskale-kantarik asko ta asko.
Antziña gaur baiño bertso-zaleago zan euskalduna. Lekuona jaunak dionez, edonork zerbait ikasia ba'zan, bertso-gintzan jardun omen zun; ta bertso oiek geienez, eresi ta negar-kantak zenituan. Esaterako, XV garren gizaldiz Alos'ko Usoa andre aundikiak Deba'n eta Lastur andereñoak Arrasate'n abesturikoak. Arlo oneri lotu oi diranak, ala ere, ez ditugu nolanaikoak, gizon prestu, trebe ta landuxeak baizik. Gure erriak badu sen berezi bat bertso jasotzeko, ta bertsolari ez uste beretzat nornai danik; ez dauka artakotzat ahapaldi batzuk buruz ikasi ta abesten dakiana; beste zerbait bear du: asmamen zorrotz, berezko etorri, esaera txingartsu. Olakoaren aurrean bai, oro begi ta belarri, gizataldeak dio: Au iñundik ere bertsolari dugu. Ta orrela sortuak gure kanta zar geienak. Jakin ez damurik nortzuk diran egile, euskaldunok lotsor gera-ta; idaz-lanen bat argitaratzekoan, ez dugu bostetik bein geure izenez agertzen, ordezkoz baiño, ta auek sarri bi ta iru dira. Ta gero nork antz eman norena dan? Ta zabarkeri origatik, zenbat gauza eder gure edesti auts artean! XVI' garren mende aurretikoak dira ziurki gure Pastoralak ere. Baiña, zein urtetakoak gutxi gorabera?
Irarkintza asma ondoan argitara emandako euskal-olerkirik zarrena, Perutxo'ren kanta noski, La Tercera Celestina (Toledo, 1536) deritzan liburuan Menéndez Pelayo'k estalgetua ta gure Urkixo jaunak ederki adierazia. Andik bederazi urtera, beste euskal-liburu bikain bat agertu zan: Beñat Etxepare apez jaunaren Linguae Vasconum Primitae (Bordele, 1545), euskal-izkuntzaren leenzituak. Etzan au, egia esan, gizon epela, argi ta entzute aundikoa baizik. Liburu ortan baditu Jainkozko zenbait poesi, baita maitekantak ere; batzuk bear bada gordintxoegiak apaiz batentzat; gero, Bearne'ko presontegian, zion gabe antza, giltzape sar zutenen kontrako bertsu minkorrak; ta azkenez, dantzarako bi abesti euskal-ele zarra mundua zear jauzkari ikus nairik. Liburu onek baditu bere akatsak, baita zenbait obari ere; akatsak; izkera baldan ta urria, luze-zale ta garatu gabea; obariak: neurgintzan erreza, barnea agertzen zintzo, erri-maitale ta bide berriz doana.
Ona emen XVII'garren mendearen asieran. Nolakoa gure euskera zarrarentzat? Ona esan bearko; garai onetan asi zan beintzat mende luzeen lo-zorrotik zerbait esnatzen. Olerki-saila etzan gaizki landua izan Naparru datorkigu aurrenen, an baiditugu bost neurtizlari orduko aski baliotsuak: Pedro, Ezkurra, Miguel Aldatz, Yoan Elizalde, Martin Portal ta Orreaga'ko Andre Mari'ren kanta egin zuana. Iruña'ko Gotzain jaunak jai aundi bat antola zuan, 1609'an, Aldare ko Gorputz Saindua goratzeko asmuz, baita olerki-norgeiakoga eratu ere, erderaz ta euskeraz. Lenengo irurak saria jaso zuten; laugarrenak etzuen noski esku larrurik nai. Egiaz omengarri dugu batzaldi ura.
Geroxeago, Laburdi'n, Joanes Etxeberri ziburutarrak iru eleiz-liburu atera zituan bertsoz: Manuel debozionezkoa (1627), Noelak (1631) ta Elizarat erabiltzeko (1636) Danak izan ez arren eleiz-abestiak, asmu txalogarria berak erabilia: Jainkoa on eta eder danez, guk ere Arekiko otoitz-jardunean ederki ekin bear. Ba-ditu banaka-banaka bertso gogor samarrak, baiña mamiz aberats, gartsu ta sakon zaigu beti. Ta Xubero aldean, aldi onetan erpiñeraño igoa, Ailende Oihenart legegizon argia dugu; mauletar onek entzun askorik idatzi, olerkiz beiñik-bein, baiña garbi ta gizonki bai. Bere euskal-liburu aitatuenak zati bi ditu: 1) Atsotitzak edo refrauak, ta 2) O'ten Gaztaroa neurtitzetan (Paris, 1657); danak ez dira bere-bereak, Katul, Tibul, Marot eta beste batzuen negar-eresiak euskara itzuliz, gure izkuntzaren errez-ugaritasuna ager-erazten saiatu zaigun-eta. Olerkari yaukal zuberotar au, ala ere, ederra jaso ta eskeintzen zekiana; narras antzo ibili arren iñoizka, Argia poematxoa, Joana bere emaztearen il-eresia, lau karbariena ta abar, ez dira nolanaikoak.
Bi eguzki oien biran dabiltza beste auek ere: Miguel Sueskun jakituna (1625),; S. Pouvreau, Doktrina kristiana (Paris, 1656) idatzi zuana; K. Harizmendi, Ama Birjinaren Ofizioa (1658) bertsoz euskeratu zuana; Argaikaratz, Deboten Brebiarioa'ren (Baina, 1665) egilea. Baiña XVII'garren mende azkeneruntz olerkari goi-arnasez betea, Aita Beñat Gazteluzar dugu. Bere liburu oso ezaguna Egia Katolikak (1686), guztia bertso arin gozoz egiña. Etxeberri apezak eta josu lagun onek, eguneroko gauzarik arruntenak, lan jolas, antze ta abar, otoitzlurrunez kutsutu nai zituzten. Ba'liteke olerkari sakona ez izatea, baiña bai txukun, garbi, zernaitako ta ongi neurtua. Ego-ukaldi bat Iruña'ra ta an aurkituko olerkari bi zokora eziñak: Aita F. Aleson ta J. Agirre (1665), IV Pelipe il zanean, aren gorapenezko poesi-egileak.
Itxasoaren antzera egin oi dute elertiak ere, gora ta bera, gaur jaiki aldi azkar, biar etzanaldi alper. Aurreneko mendean, ikus dugunez, esnatze ederra izan zuan euskal-olertiak; baiña laster ertzana ere, negu-eguzki gisan. XVIII'garren mendea oso erkiña dugu, olerki-arloan beintzat; urte luze aietan barna ez zaigun batere gorakarririk jaiki neurtizlarietan. Idaz-lauz bai, ba-ditugu ta oso garatuak: Larramendi (1690-1766), Kardaberatz (1703-1770), Mendiburu (1708)-1782), Gipuzkoa'n, eta Joanes Etxeberri saratarra (1668-1749), Laburdi'n. Eleiz-kanta batzuk egin zituan Bernart Larregi, Uztaritze'ko erretora, atera ezkero, Bidasoz andik ez dugu bat bera ere olerki-gintzan ari zanik. Urte aiek gordintxoak ziran urrean ango euskaldunentzat, ta musak ere agertu nai ez irrikoi ta obaritsu. Sartaldetik banaka batzuk konta genezake, punterengo izan ez-ta ere. Gipuzkoa'n Aa.Recio ta Meagher josulagunak eta Maria Luisa Azkoiti'ko lekaime bertsolaria; Araba'n, Joan Batista Gamitz, erderaz ta euskeraz ainbat neurtitz egiña; Bizkaia'n, Aita Basterretxea, Jesus-Kristo gure Jaunaren Pasioa (1750) bertsotan osotu zuana, ta J. A. Aboititz apaiza, barre-neurtizlaria.
Guztiotatik iñor goi-mailaraño igorik aurkitu ez arren, izan genitun ixil-olerkari ontxoak ere: gure erri-poesirik bikaiñenak ordukoak omen dira. Baiña jakin ez norenak, gorago esan dudanez. Urte aietan idatzi, laburtu ta antolatuak, ziurki, zuberotar pastoralak ere, ta aien izkera ez dugu arbuiagarri. Bai eta ordukoa da Borracho burlado, euskal-antzerki len-kimua, Franzisko X. M. Munibe Peñaflorida'ko kondeak euskeraz ta erderaz bertsotan egindako opera irri-erazlea.
Mogel'darrak XIX'garren mende asieran idazle yaioen. Juan Antonio'k liburu asko argitara eman zituan, Humboldt jakitunak artaraturik, batez ere Versiones (1802), Peru Abarka, Paskal'en gogamenak, Baserritarren etxeko eskolia, Konfesiño ona, ta bar. Onen iloba Bizenta'k, berriz, Esopo'ren 50 alegi euskerara itzuli ta Ipui onak (Donostia, 1804 izenez atera zituna. Ipui oiek itz lauz daude, azkenean baditu baiña zortzi izneurtuetan ere ez ordea bereak, bere osaba apaiz J. Antonio'renak baizik. Adigarrian onela dio: «Esan nuen len bertso ipuizko oiek ez dirala nere burukoak. Pillo andi bat dauka eginda nere osaba jaunak; ta pillotik artuak dira emen ekusiko diran gutxi batzuek.Saiagarri bat da au, ta ez geiago». Ikus Ipui onak, 90 orr.
Oien jarrai datozkigu Bizkaia'n Aa. Zabala ta Uriarte ipuilariak, Salaberri, Eusebio M. Azkue, Arrese-Beitia, Balbin Garita-Onandia ta M. Andonegi apaizak, Errebido urrutiko bertsolari bioztia, R. M. Azkue ta Txomin Agirre apaiz euskaltzale bikaiñak, Arzubiaga, ta beste asko. Auetan bi irtenen: E. M. Azkue ta Arrese-Beitia. Olermen joria erakusten du Azkue'k bere Parnasorako Bidea (Bilbao, 1896) liburuan; klasiku izan naiak indarra meetzen dio noizka esakunari, bestela ederrez gaiñezka dugu lau alderdietatik. Arrese-Beitia, ostera, oso osokoa zaigu olerkari; len-zale dagerku, erromantiku-zundaz, baiña ederki kantatzen ditu ama euskeraren ai-zotiñak. Ama euskeraren liburu kantaria (Bilbao, 1900) sei zatitan dago: 1) kantu errikoiak; 2) goratasunezko kantuak; 3) ipuiñak; 4) irakurgeiak; 5 erderatik euskerarra biurtuak, ta 6) beste kantu errikoi batzuk. Eun eta ogeta bost guztiz. Irudimen zorrotza du, esaera jaikia.
Gipuzkoa'n Iturriaga ipuilaria aitatu bear leenik. Ernanitar onek mende erdia baiño len argitara emandako Ipuiak eta beste moldaera batzuk (Donostia, 1842) ez da liburu exkasa. Andik urte bira, 1844'an, maite-olerkari liburu polita argitara zuan J. I. Iztueta jaun argiak. Jose. J. Ormaetxea ta Bixente Etxegarai ere orduko bertsolariak. Ta geroxeago. J. Manterola apaiz euskaltzale gartsuak Euskal-erria sortu zuanean, neurtizlari-taldea dakusgu ezarian jaikiz. Oietakoak ez ote dira Bilintx, Arzak, Iñarra apaiza, Iparragirre, J. Artola R. Artola, Rosario Artola, Aita Arana, Baroja, Egaña, Landart, Otaegi, Uranga, J. K. Otegi, Etxegarai anaiak, Gelbentzu, Erkizia, J.G. Oregi, J. Ganboa, Soroa, Lopez-Alen, Mortara, J. K. Gerra, Otaño, Zapiraindarrak, eta beste ainitz? Guztion artean, ordea, Etxegarai ta Artola anaiak, Otaegi ta Otaño bikain ditugularik, Iturriaga, Bilintx eta Iparragirre buruen buruko. Alegigile jatorra, ziñez, Iturriaga; erderatik itzuliak ditu zenbait; ez darabil izkera baldana, naita noizikbein erdel-joskeratik ezin saiestu, alegiñak eginda ere. Bilintx sakon ta biozti ari zaigu bere maite ta ziri-bertsoetan: uak ederki taiutuak, oek nabarmenkiegi sarritan; baiña beti du biotza, guna, edergaia. Gernika'ko Arbola eresia, egiz, Iparragirre ospe-adarrez burutu zuana; olerki antzo ba'liteke gauza aundirik ez balio izatea, aberri-kantuz bada beste olako eresi aiña.
Guazen orain Bidaso'z arruntz. An daurkikegu olerki-loratze galanta, lurralde artan beintzat iñoiz izan danik ederrena. Orra Salbat Monho (1751-1821) Isturitze'ko apez azkarra, 58 eleiz-kanta ta sei abestiren jaubea; or Beñat Mardo ta Museña, Topet-Etxahun zori gaiztoduna, Artxu ta Goietxe ipuilariak, Errobin apeza ainbat bertso zar egokitu zituana Ta gero, gizaldi erdiruntz (1853) euskal-olerki-sariketak, A. Th. Abbadie lapurditar jakintsuaren laguntasunez, asi ziranean, mordoka ditugu olerkari jagiak: Agustin Etxeberri, Larralde-Bordaxuri, Arrosagarai «Borrdel», J. Hiriart, Larralde sendagilea, G. Haroztegi, Borda apeza, Gilbo, Gibert, P. Mendibil, Darrupe-Harluxi, Dabid mirikua, Elizalde-tipi, Betiri Olhondo, Duvoisin kapitaina, Xalbador, M. Egiategi, Berjes, Harispe, Dukos sendagilea; ta auek baiño bikaiñago: J. M. Hiribarren apeza, J. Oxalde Beskoitze'ko zapataria, Dibarrart Jatsutarra, Elizanburu gudu-gizona ta Adema-Zaldubi kalonjea. Ta azken biok bikain-bilaiñen. Nork ez du abestu, ta gogotik, Nere etxea, edo Iragan besta biharamunean, edo Aingeru bati, edo Xori berriketaria? Aren esanaren gozotasunak samurki laztantzen gaitu; zintzo ta bakuna aldi berean, ez du iñundik ere alozik; biotzez biguin, gogaiz jaiki, auxe dugu Elizanburu kapitaina. Zein gozo senti zuen euskera, ta Euskalerriko gauzak Zaldubi'k ere, aren gazte-lagunak, bere kanta ta ipuiak, bere eleiz ta erri-abestiak gizonki landu zituan; irakurri bere edozein olerki, ta guztietan aurkituko duzu alako indar berezi bat, olerki-mamiñetik jaiki ta eztigarri zaigun zerbait. Onexek dira, nire ustez, mugaz andik orainarte sortutako olerkaririk aundienak, gero el zaizkigun Barbier, Oxobi ta Iturralde bikain izaki.
Poesi-garatze lerdena dakusgunez. Baiña ona gauza bat: asko edo gutxi guztiok gara eder-zale ta olerkari, ortarako azia danok daramagu barnean; gaitasunok, ostera, ixilazi oi ditugu sarri, argitan zaldu nai ez kirikio temati antzo. Labur: norbaitek aizatu bear ezer egiteko, ta aizatzaile oriek, Jainkoari milesker, etziran palta XIX'garren gizaldian. An emenka begirari zeuden euskaltzale porrokatu ta zuzpertzale bipilak: Bonaparte, Vinson, Abbadie, Harriet, Duvoisin, Ithurri, Fabre, Intxauspe, ta abar. Abbadie jaunak, enda-gauzetan bezin ikasia euskerazko gaietan ere, zenbatnai euskal-jai, sariketa ta nor geiagoka eratu zituna, geien bat bere sakelez ta urgaziz: Urruña'n (1860-62-63-65), Sara'n (1866-67-68), Donapaleu'n (1877), Elizondo'n (1879), Maule'n (1880), Markiña'n (1883), Durango'n (1886), Gernika'n (1888), Uztaritze'n (1892), Donibane-Loitzun'en (1894), Hazparne'n (1895), Maule'n (1896), Kanbo'n (1896), Azpeiti'n (1893), Sara'n (1897), Oiartzun'en (1897), Zestua'n (1898), Aramaio'n (1899), ta abar. Gipuzkoa'n ere ba-ziran, egia esan, euskera maite zuten gizon ta erri-seme leialak, J. Manterola apaiz argi ta Euskal-Erria, amabosterakoa sortu zutenak batez ere; gaiñera andik laster, 1887'an, Euskal-Lore-jokuen Bazkuna eratu zutenenan, alkarte onek bere lepo ar zuan ia urtero euskal-jolas ta sariketak egitea. Batera samar Bizkaia aldean berebat loa astinduz zioazen, Bilbao'n euskal-alkartasun bat sortu ta olerki batzaldiak antolaturik. Azkue jaunak berekiko Euskalzale (1897-1899) argitara eman zuan, ta ondoren Ibaizabal, Bustintza'tar Ebaista «Kirikiño» idazle trebeak lagunduta. Makiña bat neurtitz agertu zan biotan. Naparru'n ere, naiz-ta gure izkuntza gaxoa lurrak jota euki urteetan, Aranzadi, Oloriz, Iturralde, Kanpion eta beste euskaltzale zindo batzuen artean, Euskal-Alkartasuna zeritzaion bazkuna osotu zuten, baita bertso-jaiak egin ere, Elizondo'n lenena, 1879án. Arrese-Beitia gartsuak an egin zuan bere agerpen zoragarria; Ama euskarari azken-agurrak len-sariz omendua.
XX'garren mendea. 1882'an asia dugu aurki euskerari aurrerapen galanta eman zion piztu-beharra. Ta indar-ezartze au nundik norakoa dan jakin nai izan ezkero, Abando'ra jo bear; an dugu gizon bat zaintsu ta bizia, Arana-Goiri tar Sabin zeritzana. Onen al ta eskuarteari mila, esker, goiz-eguzkiaren erraiñu antzera, Euskalerriko zokorik ezkutuenetara elduko da arako bero ixil biguna. Etzuen asko idatzi idazle bezela, baiña ark idatzia ez dezagun narda. Entzun Orixe jaunari: «Noizbait ari izan arren, ez da galtzeko. Jesu-Kristo'ren Nekaustea Mateo Deunaren araura, Lenengo Egutegi bizkaitarra, ta poesi batzuk dakuzkagu burutan. Ez politikaz bakarrik, bai idaz-tankeraz ere ildoa urratu digu. Euskera garbitzea ez-ezen, euskeraz burutapen sendoak agertzea izan zuen xeede ta asmo, ta garai artarako inork ardietsi zezakena ardietsi zizun.... Andik onata euskera aurrera doa, arrek eman ziztua geitzen dularik. Ez dakigu ilen ote den, agian ez, baiño biziko ba'da, geroak esanen du Arana'ren bultzaraz noraino diteken gure mintzo ta literatura. «Euskal-Esnalea, 1927, 151 orr.
Berein gauza zebiltzan esku tarte ta gaitz orotan gaiñeko irtetea. Euskerari buruz bazuan gar berezi bat: zeuzkan lizun, erdoi ta apakiñak xautu ta soiñeko dirdaitsuz jantzi. Iritxi ote? Osorik ez-ta ere, naikoa bai. Itz lauz ta olerkiz saia zan ortarako. Bere neurtitzak asmo ta arnasa aundikoak ditugu. Eleizalde euskaltzaindikoak argitaldu zituan, 4 ereserki, 8 ilots eta 18 abestitan banandurik; aren itzaurrean onela mintzo da: «Goitar dabil beti, arranoa egaz bezala, olerkari bikain aunen oldozkuna: Lurreko zirtzilkerietan ez dozu iñoiz idoroko. Bere azkua orrelakoxea izan zan, eta azku ori egikunetan igarri bear, nai ala ez.... Euskal-ertian, oraindaño, aunelako gutxitxo sortu da. Arrese ta Beitia'k olerki geiago egin ebazan, ez baña obeak; gozoagoak, samurragoak agian; ez baña kementsuagoak, ezta gizonezkoagoak. Lenago il irakur zu, arren. «Olerkijak, (Bilbao, 1919).
Onek ezarritako suak piztuta, zenbat, jaiki zirean gero! Zingira baketsuara zotz naiz arri bat jaurtzen baldin ba'duzu, ango urak oro nasi ta ikara dagite bat-batez. Olatsu gure elertian ere; igi-bizkortze bizi bat sortu zan, onera-naia, leia zuzpergarri bat; ta argia eguzkiari bezela, abandotar ari zor diogu obera-bear orren astapen eragilea. Orduan azaldu zazkigun or-emenka gure ele zarrari adore berezia ar-erazi ziotenak; eta, jakiña, olerki-sailekoak etziran atzenengo; beti ere, esan dugunez, oek bai-dira izkuntza berpiztu dutenak, geienetan beintzat.
Aldi berean ager zaizkigun, lenak itzali arren, aldizkari berri indardunak: Bizkaitarra, Euzkadi, Euzko-Deya, Jesus'en Biotzaren Deya, Jaungoiko-Zale, Euzkerea, Ekin, Karmen'go Argia, Arrati'ko Deya, Bizkaia'n bakarrik. Eta guzti oietan? egia aitor dezagun idazle bikaiñak ziran bai itz lauz bai olerkiz ziardutenak. Olerki-sailekoak baiño ez aitatzeko. J. M. Etxeita, ainbat ele-ederren jaube; Zamarripa apaiza, geroago euskaltzaindikoa, ainitz bidar sariztatua, bertso-batzaldietan; Aizkibel'dar Bingen'ek bere Urretxindorra (Bilbao, 1918), olerki-sorta polita damagu, garai artakorik onenak, apika; Dabid erregearen eresi mordoa euskeraldu zizun Aita Arriandiaga'k; J. Arregi'k, Heine'ren olerkiak; Etxebarri, Altuna, Arrue, Gailastegi, Errazti ta abar, errikanta ta seazkazkoetan jardunak dira: Bustintza, gure «Kirikiño», jatorrak ere ba-dauzka bereak; ezin kon-ala Enbeita anaiak egin zituztenak; Gabirel Manterola idazle azkarrak bere Goi-izpiak (Zornotza, 1924) argitara eman zizkizun; baita Maruri abak ere bi liburu oso txanbeliñak: Biotza abeslari ta Lilitxangar (Tolosa, 1928). Ta gero, Euskaltzaleak bazkunak bultz eraginda geien bat, izarrak bezin ugari ditugu olerkariak, eta askotxo bikain-kikaiñak, Urkiaga, Lontzi Aba, Erkiaga, Onaindia, Zidorra, Erletxue, Batiz, Atutxa, Muniategi, Goiria, J. Manterola, Gerrika-Etxebarria, Aurraitz, Artega, Mañariko, t.a.
Gipuzkoarrak beren aldetik etzebiltzan iñolaz ere zabar ta nagi: E. Arrese olerkari jatorrak gizaldiaren asiera-izpiakin batean atera zuan bere len-olerki-liburu Nere bidean (Tolosa, 1912); aurkezpenean onela dio: «Udazkeneko txori-negarrak orbel tartean banatzen diran bezela goititz-osto zurbil oietan mintsu dijoaz-ez dakit nora- nere biotzeko eresirik geienak». Aldizkarietan bikainki idazten zutenak ba-ziran: Intzagarai apaiza, Errenderi Aba, Eltzo, Aita Arruti, Aita Altzo-Azpi, ta Iraola bereziki. Garai artan, gaiñera, aldizkari berri bat agertu zaigun Euskalerriaren Alde (1911), laster aituko zan Euskal-Erri aren ordez, Kanpion, K. Etxegarai, Txomin Agirre ta G. Muxika tarteko zirala. Onek ere, antziñako oiturari jarraiki, poesi-sariketak jai ederrez osotu zituan. Ondarribi'n lenena (1914), naiz-ta zoztor latzak goitu bear; Erroman Intzagarai apaiz jaunaren Arrantzale baten urrumak sariztua. Orduan jaikitako olerkari bikain Eltzo ta Errenderi ditugu, noski. Ta ondoren aldiz aldi, J. Elizondo, Iruru, L. Elizalde, Berroa, Aita Bera, Garmendia, J. M. Mokoroa, «Tene», Sagartzazu, Oñatz-mendi, Ezenarro, R. Azkarate, Iruzubi, Argarate, Imaz, Luistar, Liligorriaga. Urtsuia, «Zubigar», Sabiaga; ta goien mailako, «Lizardi», Jauregi, Lekuona, «Orixe», Jaka-kortajarena, «Loramendi», Tapia-Perurena, Zaitegi, Loidi, Gaztelu; ta azken-orduko auek: Aita Iraizoz, Markiegi, Urkidi, Zugasti, Aita Arin, Kerexeta, Etxaniz, Aita Mitxelena, J. M. Lekuona, Monzon-Olaso, «Basarri», F. Artola, Aita Alustitza, Agerre, Errezola, Basurko, Irigoien, t.a. Bazuten nun idatzi ere: Basarritarra, Argia, Euskal Esnalea, Zeruko Argia, Yakintza, ta gaurko Euzko-gogoa, Gernika, Egan, t. a. Oien orrialdeetan ari izan dira geienok, bizi ta gartsu. Amaika bertso eder argitara zan, Euskaltzaleak olerki-egunak ospatzen asi-ta gero! 1928'an sortua dugu alkarte au, Euskalerri osoa zutik jarri zuena. Zenbat lan eder euskera alde! Berak eratu zuan lendabizikoz Errenderi'ko euskal-poesi-eguna, gero ere sei urtez beintzat jarraiturik or-emenka, ta bedi indar geiagoz. Ara bidalitako olerkiz liburu txukuna osotu zuten, baita urrengo urteetan ere; onela Aitzol jaunak itzaurrean: «Eusko-elertia, ordea, guztion laguntz leial bearrean dagoala-ta, «Euskaltzaleak» bazkunak ere, urte oro olerti-batzaldia egitea erabaki du, zilarrezko aritz abartxoa saritzat ordainduaz.» Eusko-olerkiak (Donostia, 1930), 12 orr. Ordukoa duzu Lizardi, olerkarietan nagusi, nere ustez; ordukoak geien bat Orixe, poemaetan punterengo, Jauregi, Loramendi, Zaitegi, Etxeberria, Tapia-Perurena, Gaztelu.... eusko-elerti-pizkunde egunetan sotil bezin zoragarri agertu zazkigunak.
Mugaz bestetik gure anai lapurditar, zuberotar ta baxenapartar maiteak ere ez zeuden lo; an zan Eskualduna asteroko pinpiriña, irakurgai sakon atsegiñez bitxitu oi zutena. Baita Gure Herria ere J. Barbier Sanpere'ko erretore jaunak, 1921'an sortua. Biak dituzte bertso samurrak beren orrietan. Aipa ditzagun noizka agertzen diran olerkari izen batzuek: Bekas idazle zorrotza, Jean eta Leon Barbier anai biozti ta bakunak, Zerbitzari, Erramuzpe, Etxalendi, Saldunbide, Bidart, Leon ta Ithurralde apezak, arras eztiak biok, Hastoi, Hegiapal, Ohitx, Oxobi alegigile zalua, L. Jauregi, Matin bertsolaria, Etxehun, Iratzeder Beloke'ko lekaide aitor-semea, Ligeix, Babaki, Peilen, Salaberri apeza, Krutwig, Mirande, ta abar. Guztion olerki ederrak dauskagu antoloji ontan.
Izenak aitatu besterik ez dugu egin itzaurre erkin ta erage au barna; ala ere, argi ta garbi dakusgu gure olerki-saila nolakoa dan. Ba-dira gazte ta zar, bai buruz bai biotzez, goitar indar meetan jori ager diranak. Eta nai-ta-ezko ditugu auek euskera jasotzeko, gure elertiari mendu gazteak txertatuaz sendotzeko. Oiek, beraz, sutatu ta gar goritan jarri bear. Orain ere garai egokia dugunik ezin ukatu. Entzun Aitzol jaunari: «Gure sorterrian-dio- olerkariak, eta ugaritsu, ale mardulak bezela, sortzen ez ba'dira, euskera loretsu, kemen biziz indartua eta euskaldunen ezpaiñetan irribar antzera ikusi bearrean, oraindik argal eta beartsu luzaroan aurkituko degu. Olerki opari ugaritsu gabe euskera ez da ernaituko, iñungo izkerarik poesi-neurtitzik gabe garatu eta sendotu ez dan bezela. Ele apain, bigun, biurri, irudiz, errez, adiz sakona, idazle lumetatik arin, aizetsu eta leun ixultzeko euskerari beste biderik ez dagokio. Izkera-langile bearrenekoak, olerkariak dira. Oiek ele gogor eta gordiña, olaetan burni goria meetzen duten eran bizkortu eta gozotzen dute; oiek irudi biziz, asmaketa zorrotzaz, eta amets-ereduz aberastutzen dute; oiek itz joskera berri-arrigarriak sumatzen dituzte. Idazleak aisago eta errezago ibilli ditezen, olerkariak, erdikaldi nekeak igarota, buru-auste gorriak ikusita, izkeraren bide zabalak idikitzen dituzte. Izkera guzien lurraldeetan sasi eta larrak garbitu dituztenak, soroetan azia lendabizi erain dutenak, olerkariak izan dira. Rapsodak zeritzaioten bertsolariak, aspaldiko greziera edertu zuten Homero olerkari ospetsuenari argi egiñaz. Onen Odisea latinera Livio Andronimo'k biurtuta gero, Erroma'n lenengo olerkaria Kinto Ennio sortu zan, beste edozein idazleen aurre zala. Sizilia eta Toskana'ko bertsolariak italiera iñork baño len orraztu zuten, Dante'ri bidea erreztuaz. Prantzi eta Probentza aldietan, batez ere trobadore bertsolariak gerozko olerkarien guraso bezela ezagutu bear lirake. Españeraz asieran agertutako arrigarriena El Mío Cid, eresia dakusgu. Alemani'n Hartman von Aue'k egindako zaldun olerkia antzin-antziñako doixtar idazkitzat aitortzen dute, eta lendabiziko idazle bikaiñentzat Klopstok olerkaria. Zeintzuk inglandera apaindu eta ugaritu ote zuten minstrele zeritzaioten koplakariak ez izanik? Shakespeare eta Milton, antziñako il-idaxle aurreetakoenak, ez ote ziran olerkariak? Eskotziera baztertu eta ezetsia, Burns olerkariak bezin egoki nork goratu ote du? Nork Eskandinabia'ko izkera, antziñan, der Vondel'ek aña landu, eta oraingoan Ibsen olerkariak bezela. Europa guziaren aurrean, ain sotil eta zoragarri azaldu?... Ez, orra or bide bakarra. Euskera piztutzea nai izanik, eusko-olertia zabaldu. Olerkariak goratu, txalotu eta indartu bear, euskera eder-sendoa nai ba'degu.» Eusko-olerkiak, (Donostia, 1930), 4 orr.
Aitatze luzeegia bear bada, baiña egi utsa. Ta onekin itzaurrerik aski.
|