Ataurrekoa
VIII'gn. Eusko-Ikaskuntza-Batzarraren inguruan
«Azmoz ta Jakitez» bai, bañan EUSKERAZ
Euzko Gogoa
Zortzigarrenez bilduko da aurten, Biarritz, Ustaritz eta Bayona'n Eusko-Ikaskuntza-Batzarra; «Erriarteko Uda-Ikastola Nagusi», «Eusko-Ikaskuntzen Lagunartea», «Eskalzaleen Bilzarra» ta beste zenbait elkargoen itzalpean.
Andikiro asi ziran Oñati'n, 1918'gko. urtean, ikaskuntza batzarre auek. Arrezkero Gernika, Iruña, Gazteiz, Bergara ta Donosti'n egin ziran. Españiko gudua sortuz geroztik, bat baizik ez da antolatu, eta bera Biarritz'en. Ango batzarra izan genuen azkenengoa. Eta orain, berriro, aurtengo udaroan, aipatu batzarra bilduko da.
Oñati'koak beste guztiak baiño aipu aundiagoa iritxi zuen, lenengoa izanez, ondokoetan baiño zintzoago benetako Eusko-Ikaskuntzen alde iokatu zuelako. Bilkura artan beñipeiñ gure erri ta izkeraren onerako ziteken zerbait sortu zan, ots, «Eusko-Ikaskuntza», zabalgo ain aundia iritxi zuen elkargoa, eta «Euskaltzaindia», euskera zitu ta aldezteko euskalari iankintsunen bilkura. Gernika'koa ere ikusgarria izan zan, ez zuen ordea, ukan Oñati'koaren gorarik. Arrezkerokoak, lenengoaren itzal iñul bat baizik ez dira izan, eta euskal-ikaskuntzetan erabat antzu.
Nola liteke Eusko-Ikaskuntza-Batzarrak antzu gertatzea? Itz gutxitan azalduko dizuegu gure erantzuna. Batzarre orietan, maizenik, gure izatearen erro ta gogo dan euskera, lotsagarriro baztertu oi izan dutelako. Eusko-filologiaz, euskal-edestiaz, euskal-folkloreaz, gure erriaren agerkari guztietaz ekin diete, bañan beti erderaz. Euskerak ez du iñoiz ere batzarre orietan bere arpegi ederra erakutsi; alderantziz, noragabe eta eskale ibilli izan da iakitun erdel-zaleen artean zapuztua ta baztertua.
Zertako euskeratzaz erderaz iardun? Garai ori ioana da, ta oraingo euskal-iakitun gazteek olakorik ezin dezakete egari. Ez dute nai euskeratzaz erderaz ari dan batzarrik, ikaskun-mota guzietaz euskeraz soilik ari diranak baizik. Betoz batzarretara iakitun arrotzak ere. Oriei ez diegu ukatzen beren izkeraz mintzatzeko eskubiderik; ez gera ain ergelak. Bañan euskal-iakitunek, euskeraz mintzo bitez: euskeraz ager bitzate euren txostenak, aukera bedi Ikaskuntza-Batzarretako izkera nagusia, beste izkera oro bere menpean dauzkan mintzo garai ta iakintsua. Ori iristen ez dugun artea, orain arte bezala, antzu gertatuko dira eusko ikaskuntza batzarrak oro, kaltegarri ta lotsagarri ez denean. Erdal-ikaskuntza batzarrik ez dugu nai, gure euskera, illotz baten gisa, erdal-aizto ilgarriz moztu, iñausi ta sarraskitzeko.
Erotuta gaudela esango dute zenbait iakitun erdel-iarioek. Bai, euskerakin zoratuta gaude, ta euskerak beste euskotar guztiei burutik eragiten ez dieneño galdurik gaude. Ikusi dugu zuen gurbiltasunak, zuen zuhurtziak noradiño eraman dituen gure aberri-izkera eta gure erria. Aski zuurtasunik eta betorkigu euskal-eroaldi betea, gure izkera ederraren oiartzunez Euskadi'ko muga urrutienak ere beteko dituen euskal zoro-aldia.
Aurtengo VIII'gn. E.I. Batzarra urrengo gai onen baranoan bilduko da «EUSKAL IZKERA TA KULTURA:NOLA ZAITU TA AZKORTU». «Asmoz ta jakitez» erderaz ekiñalean ez noski, euskeraz baizik. «Eusko-Gogoa»k aspaldi ikasi zuen gure izkera ta kultura zaitu ta azkartzeko bidea. Zuek ere , euskera betiko eortzi nai ez baldin ba'duzue, gure bidetik ibilli bear duzue. Zuen zuhurtzia txurikeri utsal eta ilgarria baita, gure zorotasuna berriz, euskera indarberrituko duen kemen ta oldarra.
|