L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954 gko
Orrilla-Dagonilla. 5-8 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Idazti Deunak—

 

Zaitegi abaren «Bidalien eginak»

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

Elizak kistar-xeen artean banatu oi dun irakaspenez landa, badu garaigorik ere, uzkurtzaren oiñarriak irauli ta barrenki ikasiz, gure erligioaren egia ta Iainkotasuna yakintzaren eustazpietan eraikitzeko. Alakoak dituzu Theologia ta oraingoan urbilagotik dagokigun, Idazteun Iakitatea. Aipatu iakintzak ez daude nor-nairen eskuko, gizon ikasi ta argienen baizik.

        Iainkozko iakintza au, geienbat, Idazteunetan eraikia da, andik datorkio, ba, kristautasunari, zugatz adaburutsuari antzo, ezo ta sendo iraun-erazten dion izerdi azkurritsua, aietan Iainkoaren arnasa ta itza gatzaturik bai daude.

        Gurean ordea, uzkurtzaz ari izan diran idazleak, liburu orietan datzaten andasunak, iñoiz ere ez ditute, iakintzaarauz, euskeraz irauli. Iraultze ori bestalde ezin diteke burutu iakintza geienetan bear bezala iantzirik egoteke; ez da nolanaiko lana; lenengo ukaldiz, beste gabe, edonork mugatu dezakena. Elizakoez gainera lur iakitez ere erabat iantzirik bear du ortaratuko dan idazleak. Eta gurean, damurik, eliz eta erri-iakitez apainduriko idazleak, euskeraz erantzi ta larrugorri ukan ditugu, erderaz ekiñalean gure izkeraren il-kutxa lantzen.

        Alare aurretiko euskal-idazleak zertxobait egin zuten egun Zaitegi ain iakintsuki dabilkigun bidetik ibil gindezen: ortarako oiñarriak euren lanekin nolarebait antola ta egokitu ditute, Idazteunen egin itzulpen guztiak, iakin mailla ortarako bideak baizik ez dira; labur esan, oiiñarri soillak. Beste eliz-liburutxoak —Iainkozaleen iakinmiña baiño gogo-miña alatzeko egokiagoak— aipatu eustazpiak elkartzeko latsun-orea bezelatsu izan dira, izkera gaitu-aanari gagozkiola batez ere. Beraz, oiñarriak ba'genitun, iauregia peit zitzaigun ordea. Eta orra iauregia ere eraikia.

        Ortarako, Itun Berrian aukera zezaken idazti ernegarriena aukeratu digu idazle argiak; ots, «Bidalien Egiñak». Liburu ortan Eliz asiberriaren edestia ematen zaigu laburki; Kisto zeruetara ondoan, lurrean gelditu ziran ikasleek Eliza eraikitzeko ukan zituten lanak.

        Agindu zitzaienez, Amabiak, berrogei egunez, Goteunaren zai egon ziran Ierusalen'go mandio artan. Artean saltzaillearen utsunea bete zuten AMABIEN taldea osotzeko, ta Goteuna su-mii iduripean berenganatu zitzaieneko, or asi ziran Kisto'ren irakaspen berria orduko mugak barna edatzen. Goteunez beterik zebiltzin gizon iainkotiar aien itz beroetara gizoste ta erriak ere samaldan zetozten Eliza berria antolatzera. Bañan, zenbat ibillera eder, zenbat atsekabe, zenbat istillu ukan zituten Bidali ta aien ikasleek!.

        Egia esan, edestitxo au ez da bear bezin ezaguna kristauen artean, batez ere euskaldunen artean. Beti esan oi da gure erritarrak sinistun dirala, aien sinismena ordea, ez dala bear bezin sendoa, liburu deunen ezaguerarik urrienean bizi diraloko. Ondore kaltegariak ekarki oi ditu sinismen Itsu orrek, iñolako argitasun gabeko sinismen karsoil ta erantzi orrek. Gure errialdeetako giro elizkoitik ez ain elizkoietara aldatzen diraneko, euskaldunek —ez dut esango beren sinismen utsala zearo galtzen dutenik—, bai, ordea, erabat otzitzen dirala. Gertakari au oituegia da ez bakarrik euskaldun ez-iakin eta alotzetan, baita iakitun eta erdi-landuen artean ere, oien fedea, maiz, ondar gainean iaso etxea bezelatsu dalako.

        Ain zuzen, Zaitegi iaunak, aipatu liburuak dakazkin berriak, iakintsuei azaltzen dizkigu, iakin-zale zorrotzenaren naikariak gonburutzeko lain. Aurrera baiño len, ikus dezagun liburu iori onen mamia, ira'izean badare.

Idaztia mamiz.— Korapillorik aski biderdiratzen zaizkio «Bidalien Egiñak» en iruzk'inlariari. Leenik, idazle ugariak, sarrera gisa, idaztiño onen egillea norizan zenentz gurbilki eztabaikatu ondoren, Luka ebangelari deuna izan zala iakintza arauz sendetsirik uzten digu. Egi ori baiesteko Eliz-Guraso zaarren aitorrak artzen ditu, Irene deunagandik asita. Ondoren barneago sartzen zaigu; «Bidalien Egiñak» en textua sakonki aztertzen du, idatzia izan zan izkeran murgildurik, ots eladeran. Bakoizka arakatzen ditu Luka deuna egille izan zula sendetsi desaketen esakerak; irugarren Berri-One'koekin bekaldetuz, argi ta garbi eratzi dezake Berri-On orren egillea ta Bidalien Egiñak'ena bakarra dala, Luka bera. Orrezkero banaka zaratzen ditu Luka'ren idaztiño'ko 24 atalak egoki sailkatuz.

        An ageri zaizkigu lenengo orrialdeetan, Ierusalengo Mandio artan, Amabiak, Emakume gurenak eta ikasle samalda Goteunaren zai. Eundaz biltzen omen ziran, Kisto'k Agindutakoaren aiduru. Pentekoste egunean bertan, Kepa buru, bidaliak oro Goteunez gañezka Ierusalem'eko kale ta zeietan barreiatzen dira galut edo diasporatik bildutako indar guztien aitzinean Kisto bipilki aitortu ta aldarrikatuz. Orra «Eliza Yerusalem'en» erne ta azten. Urrengo atalean «Eliza Yerusalemdik alde» nola zabaltzen dan erakusten digu Samari, Lida, Yope ta beste errialde batzuetan. Aipatu erriak ez zeuden Yerusalen'dik aldenduegi. Ementxe agertzen zaigu lenengoz Saul indar zintzo ta kristau berrien iazarlea; zerbait aurreratxoago, bidali aundiena izango zan onen onbideratzea ematen digu. Atal au, Saul'en onbideratzea alegia, irakurgarrienetarik duzute. Urrengo ataletan «Paul Deunaren lau bidaldiak» eta «Aitor Gurena» azaltzen ditu idazleak, ugari, sakon ta luze, Paul deunaren ibillaldietan ain zuzen, len-Elizaren bizi osoa ardatzaren inguru bezela dabil, baita alderdi guztietako ikasle, bidali ta kistar berri oro ere. Ez da arrigarri: Luka'k, Paul'en ikasle izaki, bere irakaslearen ibillera guztiak zeatz meatz azaltzen ditu, beste bidalienak baiñon areago. Benetan xuspergarriak Paul'en bidaldiak! Palaistina utzita, or ageri zaizkigu Paul eta Tiberiade ertzeko arrantzale ez-iakin eta alotz aiek Kistoren Berria bipilki zabaltzen Atenai, Erroma eta orduko mundu ezagutuaren mugarteko iakintsu eta ez-iakin oroen artean.

        Idazlana borobillago ta beteago zedin ez dio bere buruari nekerik ukatu idazle argiak. Zaitegi'ren «Bidalien Egiñak» gai auetaz euskeraz egin lenengo lana duzute, ala ere beste edozein izkuntzaz argitaratuak bezin okitu ta aberats nai izan du. Ortarako izkera iakintsu geienetan egin liburuak begipean izan ditu. Alare aien esanak erkatu ta aztatuz, bere esatekoak ere ukan ditu idazle argiak, benetako iakintza-lan bati dagokionez. Liburua barna gai auek ikertu dituten Idazle aundienen izenak arkituko dituzu, atxiñako ta oraingo. Ez bakarrik exegesis eta textuaren baiespenari buruz, baita gaurko edestilarien arteko auziei buruz ere. Idazteunak sarri izan dira artu-erabilliak iakintsu otsezko gizonen luma muturretan, batzu sinistun, bestetzu sinisgabe ta arrazoizale. Zenbaitek Itun Berriaren zindotasuna ere ukatu dute, bañan egun liburu onen zindotasunik ezin diteke uka. Ala erakusten digu Zaitegi'k Harnak eta beste iakintsu aundien esanak bere burupidearen sendogarri ekarki. Egun gizon ez iakiña bear du Liburu deunen zindotasuna ukatzeko, Itun Berriarena batez ere. Ia bigarren gizaldiararte garamazkiten esku-idazkiak aztertu ditute iakintsuek, eta liburu aietan ialki zenbait gauza —lenago edestiak argitu ezin zitzakenak— egun eguzki argitan iarri zaizkigu diztiratsu lurpe ta arkeologi billaketa arrigarriei esker. Orrelako zenbait, libure onetan aipatuak idoro zenezazkete. Exegesis gai auek obeki argitu ta nabarmentzeko, izkera auzian ere iñolako beldur gabe ondatzen zaigu. Zaitegi'ren liburua eladerazko ez-eze, eberkerazko esakunez ere ondo orniturik dago. Barrenki aztertzen ditu itzak eta idazkun osoak gerkera illunegi gertatzen zaionean eberkerazko edo aramaikerazkoekin bekaldeturik.

        Alde ederra liburu iakintsu ontatik orain arte euskeraz eman dizkiguten liburutxo txepeletara. Emen ez dago galtzekorik, ez otapurrik; dana da mami, dana da iaki. Batez ere dana duzute iakintzaren erlantzez iantzi ta apaindua, ez aotik ortzerako esankizun utsalez.

        Nola egin edo burutu al izan du idazle azkarrak ain lan aundi eta betea? Merezi du galdera onexek erantzun egoki bat, bear bezala aztertu ondoren. Zaitegi iauna buru argi ta naimen sendo baten iabe izan da beti ere. Ikasten zebillenean bidelagunik kutunena euskera izan zuen, eta aberri-izkera ez zitzaion oztopo, aipu garaienez bere ikastaro guztiak burutzeko. Ez zun aberri izkerarik baztertu, aipu kaxkarrenetara ere nekez iristen diran gure arteko erdelzulo aunitzek bezala. Egun batez, Iainkoak ala naita, San Salvador'ko apaizgaitegian Idazti-Deun irakasle izenta zuten. Ain zuzen ere «Bidalien Egiñak» ikasleai azaldu bearrik arkitu zan. Azalkizun auek ez dituzute nola-nai egin ditezkenak; irakasleak, bear bezala argitu ta iantzi nai baldin ba ditu, buru belarri sartu bear du bere egitekoan. Orra gure Zaitegi Bidalien Egiñak gogoz ikertzen eta apaizgaiei sakonki azaltzen. Iakiña, gaiok erderaz azaldu bear zituen apaizgaitegietan oi bezala, bada Elizaren erabakiz Ikastetxe Nagusi ta Apaizgaitegietan nor-bere izkeraz azaldu ditezke.

        Bañan zeregin artan, euskera beti izan zun gogoan, eta irakastolarako barrenki ikasi gai aiek iakintsuki mugatu, eratu ta taiutu ondoren euskeraz iantzi zituen. Eta ederki iantzi ere. Egun esan dezakegu gure euskerak ez diola zorrik iñungo izkerari gai auek erabiltzen. Iakitun Izaki, iakitun lana euskeraz egin digu. Orra liburu au nola sortu zan.

        Gure artean izan ditugun iakintsu guztiek Zaitegi'ren euskelzaletasuna ukan ba'lute, bakoitzak bere arloan lan ederrik burutu zezakean eta euskerarik ez genuke ikusiko ainbeste iakintza-sailetan ain gabe ta txiro. Bañan euskal-iakitunek —Zaitegi bezala apaizgaitegietan irakasle egon diranak eurak— zerabilzkiten gai sakonak erderaz iantzi naiago izan ditute. Euren bizi-bideari ukorik egiteke euskera gaitu zezaketenak, ez dute gaitu. Lan aztuna zinki, ala ere euskeraren maitasunak arindu ez dezaken lorrik ez dago; iakiña, maitasun ori benetakoa danean, ez ezpain exalekoa soilik, nexka ergelen gorrizta bezelakoa. Euskera aberasteko ez daukagu bide egokiagorik, ots, bakoitzak bere bizibidekoak euskeraz landu. Bide ortatik iritziko gera ain luzaro ames dugun Ikastola Nagusirako ez ezen, txikirako ere liburu bikaiñenak gerturik idukitzera. ¿Gaurko egoera negargarri ontan erderaz azaldu bear dirala gai guztiak? Zaitegi'ri ere beste ainbeste gertatzen zitzaion, ala ere emen daukazute bere irakaspenen zitu arrigarria. Ar zazute iarraibide eder au apaiz, irakasle ta euskaldun gizalandu guztiok, eta gure euskera goi-mailatara iaso al izango dugu.

        Ba'da orratio beste zerbait Zaitegi Abaren lan ontan Euskalerriko lakintsuak lotsarazi ta gorriarazi bear litukena, euskal-odol tantarik zaiñetan ba lute beñipeiñ. Liburu eder onen egillea, beti bizi izan da Euskadi'tik alde, txikitandik; ez gero urbillean ere, baizik urrutienetan, Ameriketako lurralde txokoenetan, aberri izkeraren oiartzunik ere entzuteke. Orixe'k, liburu oni ezarri dion itzaurre mamitsuan dionez, Zaitegi'k Euskadi ta euskera beti biotzean eraman ditu nora-nai, eta beti iraun du euskaldun zintzo, eguzkipean zintzorik ba'da. Euskadi'n bizi ta lan egin duten iakintsuak aldiz, ez dute aberririk ezta euskerarik biotzean ukan, erdera baizik, eta bideak dakarrenez, erbesteko kultura erderaz landu digute Euskadin bertan. Osin aundi bat dago benetan aberrian erderaz ari zaizkigun iakintsu ta atzerraian euskeraz ari zaigun onen artean. Eta oxin ori euskeraz, Zaitegi'k bezala betetzen ez dugun bitartean, itotzeko zorian gaude. Iarraibide martzal onen berora gure letradunak ere noizbait pizkortuko al dira.

        Liburu ontan idazleak darabillen euskerari buruz zerbait esango nuke, baiñan nik baiño milla bider obekiago esan ditu Orixe iaunak bere itzaurre ederrean. Ark ez du mingaiña miitokian Zaitegi'ren euskera ta lana goraipatzeko, beraz ni motz geldituko nintzake aren aldean. Irakurleak aspalditik ezagutzen ditu Zaitegi'ren idazlanak, atzo goizekoak ezpaitira. Bere lan guztietan batasunaren azkuak erretzen du. Batasun bidean, Olabide landa, Zaitegi bezin zintzo iokatu dan gizon'ik ez duzute arkituko. Urte aunitz lenago, egun bezala erbestean nengola, Zaitegi'ren euskal itzaldi bat entzuteko egokiera izan nun. Ni eta beste euskaldun asko giñan itzaldi ua entzuen. Itzaldia bukatuxe adiskide euskalzale bero bat urbildu zitzaidan —gaur urrutietan dago gizaioa— eta auxe esan zidan: «egia diotsut A.: iñoizkoan Euskadi'n euskera bakar bat ezarteko eskubiderik edo almenik izango ba'nu, Zaitegi'ren euskera itsu-itsuan artuko nuke». Izpidean zegon adiskide ona, ain baita aberats, apain eta neurtua izan ere. Bañan euskera ori bizi guztiko ekitez baizik ez du iritxi Zaitegi'k, eguneroko lanez, aguneroko ariaz. Lan aundietan sarturik ibilli zaigu beti. Olerkari ere ba'da, bañan olerkaritza lasapide bat besterik ez du izan. Egun ere Guatemala'n Ikastetxe Nagusiko irakasle ta, berak irazi Landibar Ikastetxeko Artezkari ta 'iabe izan arren, euskel-alorrean ari zaigu: berak argiterazten du «Euzko-Gogoa» munduko euskal-aldizkari bakarra, Orrez gaiñera, Sopokel'en antzerkiak II idaztia eladeratik euskeratu ditu, eta gerturik dauzka argitaratzeko. Gizon langille ta aspergaitza eguno bada.

        Eta ementxe bukatzera noa nere iritxi luzeegi au. Ez ordea euskaldunei esateke arduraz irakurtzeko «Bidalien Egiñak». An ikasiko dute gure euskera bear bezala maitatzen, soin ta: gogo, biotzez ta buruz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.