Irail-Urrillak. 9-10' grn zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<eugo2300>— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954'go
Irail-Urrillak. 9-10' grn zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Atarikoa—

 

Agur, Guatemala'ri

 

Orixe

 

Emen nago Guatemala zoragarri ontan, Zaitegi ta Andima iauneri agur esatera etorrita. Etxealdera, beraz, itsasoetan barna. «Bainan, Orixe, dagoneko amerikanotu zera?» —Bai zera! Bost urtetan ez da nornai aberasten. Zorrik ez deramat beñipein. Ioan-etorrrietan eta emen egonean zearotu ditudan sosak pillean ba'neuzka, ba-nuke mordoskatxoa. —«Ortarako ere bear da poliki. Nondik atera duzu guzi ori?» —Zaitegi iaunari galde. Bera zorrak metatzen ari dala ere, neretzat atera du lana latz eginda. «Euskerak diru asko eman dizu Orixe». Neri aiña idazleetan iñori eman ez diola uste nuke. Baiña kendu didana? Kontu orrenik iñork ez du ateratzen. Matxinadatik iges egiteko muga igaro nunean, berela egin zidaten eskutitz bat Bordeleko Universidadeko Irakasle diran Guillaumie senar-emazteak. Aiek naiko lezioa biribilgatuko zidaten eta ala, bai, aberastu ere egingo nintzan. Baiña nere emaztegairik kutunena euskera izan da, ta oni atxegin egitearren nere burua arloteago ikustea ederretsi dut. San Salvador'ko Universidadean ere, sarrera ba-neukan, polikitxo irabazteko bidearekin; baiña nere emaztegaiari txatxan egiten ari nintzala diru askok igesegin dit. Orra egi garbia. Baiña nere emagazte polita, obeki esan, ederra, ondo iokatu zait, gaixoa. Diru asko ba'lu, guziak neretzat lituke, baiña diran baiño geiago balio dun zerbait eman dit.

        Lenik Zaitegi iaunari agur. Dirurik geiena onek eman dit, polikitxoz ere, euskal-lanengatik, ta geiago balio duna, adiskidetasuna. Urrerik agur Andima'ri. Mutiko galtxamotx ezagutu nun orain ogetamasei urte. Orain gizon umotua dago. Onek ere andregai berari maite egiten dio; baiñan ortatik asarretu orde, orrek adiskidetu gaitu batez ere. Bost egun elkarrekin pasa ditugu itzaspertu batzuk eta musika pixkat egiñez. Olako lagunen gandik aldegin bearra mingarri da, baiña berekin naukate aurrera ere Aldizkarian beintzat.

        Bildur pixka bat neukan gure txokoan nai nukenik ikusiko ez dudalako; baiña bi adiskideok biotz eman didate oinbeste ta oinbeste idazle berri ta gazte gure atzetik datozelako. Olako, alako, bestelako, Urlia, Sandia, Berendia... irurogeita lau idazle omen ditu bere mende Eusko-Gogoa'k. Baiñan ez nolanaiko idazleak batzuk batzuk. Gure orpoz orpo omen datoz, guk arrotu-autsa zapaltzen. Pasako ote gaitute? Euskerak obe luke.

        Badut idazle zar baten berri, aspaldidaniko adiskide mami dudan Ibargutxi apaiz iaunarena. Emen erakutsi didate aren liburu berri eder «Geroko bizitza». Ekin eta iarrai, Ion Gurutz, adiskide ona. Oraindio beste sarrera bat egin dezagun ikurriña gorago iasotzeko. Gazteagoek eraman nai ba'dute, oldartu ditezela. Ez dute atzera begiratzen lan audirik izango. Oraindik ere «euskerak burua iasotzea Iainkoak nai ote du?». Oraingotik il ez ba'ledi, eta ez du asko palta, esan liteke baietz. Onako zar au, beintzat, berri berritik asiko da, sekulan ezer egin ez ba'lu bezela. Eta bere burua gainduko dula iduri zaio, daukan osasunarekin eta sasoiarekin. Ia zarra! zu ere saia zaite. Ikus Guatemala'tar auek nola berotu nauten.

        Emen uzten ditut Euskalerria baiñon Euskalerriago dirudin atzerri ontan. Lan ederra ari dute. Guk ere lagunduko dizuegu, lagunak, gure txokotik.

        Agur eta gero arte.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.