Edesti
Irlandara. Haren historia eta egungo estatua
Mirande'tar Jon
Bi illabete egin ditu Mirande iaunak Dublinen, gaelera-ikaspenak sakontzen, Irlanda'ko Iaurlaritzak deituta. Pozik irakurriko ditute, noski, gure irakurleek, idazle argiak Eire'ko izkera-auzi latzaren inguruan bildu ditun berriok. Egungoaz landa, beste iru atal izango ditu lan zabal onek: II'gna. «Irlandararen goiti-beheitiak»; III'gna. «Berphizkundea?» eta IV'gna. «Erortzaren zioak eta sendagailuak». Erderaz ere nekez arkituko duzute, gai ontaz, orren lan sakonik. E. G.
Galdegin izan zait idazlan bat eman dezadan Euzko-Gogoaren horrialdeetan Irlandararen oraingo estatuaz, euskaldun irakurleak jakingarri ditukelakoan hizkuntza horren goiti-beheitikoak, eta Euskararenekin erkha ahal ditzantzat.
Orain duela dembora zembait, irakurri ahal izan genduen aldizkari hunetan bertan artikulu bat, Andima euskal-idazle jathor, jakintsuaren lumatikoa, Israel estatu berriaz eta, batez ere, hebraiararen berphizkundeaz. Ez da handi delako «berphizkunde» horretan khondu hartzen ba dute Euskaldunek, bai eta hauiek bezala jathorrizko hizkara galtzera doala dakhusaten Europa-Sarthaldeko bertze herri minoritariek: Israeldarren politika hizkuntza den aldetik eredu bat izan behar omen zaiku, eta politika hori khoroatu duen ondoreonak bihotz eman behar omen derauku geure herriaren mintzo zaharra salbatu nahiz dihardukagunoi, hartarik baitirudi hizkuntzak salba eta senda daitezkela erien dagozenean ere...
Maiz entzun ditut horrelako solasak Euskaldunen ahotik. Hargatik ez dut neuk uste Hebraiararen problema Euskararenarekin erkhagarri denik, ez eta irakasbide handirik eriden dirogunik Israeldarrek haren alde egin duten bermantzan. Israel Eretz eraiki duten Juduak munduko lau hegaletarik jinik ziran, bakhoitzak bere mintzara berezia zedukala, eta elkhar ulhert ahal lezatentzat, erran gabe doa ezin onhar zitzaketela mintzara hoik guztiak hizkuntza offizialtzat estatu eraiki berriaren buruzagiek, bainan bat hautatu behar zutela helburu hortarako, nahi ala ez. Egia da Engelesa, edo Alemana, edo Arabara hauta zezaketela, hirur kultura-hizkuntza handiotarik bat edo bertze baitzekiten jadanik herriratu berri gehienek. Bainan-khonduan eduki nahi ez ba ditugu ere hautatze hori eragozten zuten sentimenduzko zioak hain da agiri errex zela, bai errexago ere, Hebraiararen hartzea: Judu eskolatuetarik anhitzek ba zekiten guti edo asko hizkara hori; gainera Arabaz mintzatzaileek ikas-ehi zuten, eta hoik ugari ziran Israelerat egoitera zethozenetan, lehen jileen uhinean ez ba da ere, ondokoetan behintzat; Gainera, Hebraiara ere kultura-hizkuntza bat da, bethidanik landua izan denik eta bertze kulturen influentza onuragarriaren eragitetik baztertua egon ez denik; estatu baten hizkuntza offizial izaiteko behar den «prestige»-a ba zedukan jadanik, eta aphur bat eraberrituz geroz, batez ere haren hiztegia zerbaiska gehitu eta emendatu ondoan, gai zen oraindar bizitzearen beharki guztien expressatzekotz. Ez zait beraz irudi Hebraiararen berphizkundea mirakulu bat izan denik, geuk ere bidez iguriki baitezakegu horrelako mirakulu bat gerthaturen dela gure mintzararen onetan. Aitzitik gauzen naturaren arauko zelakotz da gerthatu berphizkunde hori, gerthakariak oro bezalaxe.
Hebraiararen salbamenaren baldintzak ez ditugu ordea Euzkalherrian erideiten, eta gure herriak nehoiz ere libratzen ba du bere burua Erdaldunen uztarri politikotik, horrek ez du erran nahi ipso facto Euskara salbaturik datekenik. Alabainan Euskaldun gutiz gehienek jadanik ba dute hizkara kommun bat: Erdara, hain zuzen ere. Gainera Euskara ez da, eta nehoiz ere ez da izan kultura-hizkuntza bat non ez ba da Prehistoriaren garai lanhotsuetan... Herriketa, edo jakintza, edo irakaskintzaren erran-beharrak gure herri-hizkuntzan adierazi nahi ukhaiteak ezin-erranezko zailtarzunak eta koropiloak sor-eraz litzake. Nor izan daiteke segur euskal-poltikariek eta intelligentzak zailtarzun hoik beren gain hartzera gerthu diratekela? Beren oraindanoko jokaeratik ephaitu-eta, hori ezin sinhets dirot. Hizkuntza bat, aldiz, ezin bizi daiteke luzaro herriketa, eta jakintza, eta irakaskintzaren goi guztien expressatzekotz ere egoki eta on ez ba da.
Hebraiararenarekin baino, askoz zuzenkiago erkha ahal dezakegu Euskararen problema Irlandararenarekin, bai bi herrien historia politikoaren aldetik, bai bi hizkuntzen barruko historiaren aldetik. Horregatik gogo onez entseiaturen naiz euskal-irakurleaki argimendu zembaiten emaitera mintzara sahar hunen oraingo estatuaren gainean, eskatu izan zaitan araura. Irlandararen egungo estatuaren ongi ulhertzekotz eta behar den argian ikhustekotz, aldiz, iruditu zait premiatsu zela hitz zembaiten erraitea haren hastapenez eta oraindanoko biraldakuntzaz. Irakurleak horrela ez ba daritza, edo lingustika izendun seiren alfer, hutsalaren lillurek ez ba dute zorabiatzen, albeilietzat barkha ene bazter-solas hoik!
Nire artikulu hau irakurri ondoan, ba laiteke batek edo bertzek bere gogoan iragaitea ez dagozela Europaren Sarthaldeko hizkuntza minoritari gaizo hoik nik diodan bezain gaizki eri, edo, dena dela, bidegabe ditudala Euskararat hedatzen Irlandararen urkhustetik athera ditudan jalgipen pessimistak. Hobe hala ba litz... Ez-axolek eta funts-gabeko-ek gogarako dituzten gezur urhetsuez eta aments hutsez bere burua atzipetu nahi ez duenak, ordea, aithortu behar du hala ez dela. Halarik ere, aithortze horrek ez gaitu bortxatzen Euskararen alde deus egin gabe egoitera, bainan soilki gure itxaropen ergel, oinharririk ez duten anhitzen sekulakotz ohiltzera. Niketz, Ortega y Gasset-ek idatzi duen bezala, osoro sinhesten dut «salbabiderik hoberena dela begien ongi irikitzea, gauzen argi ikhustekotz.
KELTARATIK IRLANDARARAT
Germanak indarkahan sarthu baino lehen Irlandan mintzatzen zen hizkuntza, orain artean bizirik egon dena, da Irlandara. Lehenik Norvegarrak ethorri ziran, VIII-garren mendearen azken urtheetan, eta gero Daneak IXgarren mendearen erditsuan agertu ziran izaro pherdeko itxas-hegietan. Hatsarrean Iphartarrok herria xehakatu zuten, eta azkenekotz eskualde zembaitez jabetu ziran, German errege-herriak eraikiten zituztelarik heietan: bertzeen artean Limerick eta Dublingo aurkhintzetan, hedatuenak baizik ez aiphatzekotz. German hoien kulturaren influentza gehienetan uste den, eta Irlandarrek berek aithor duten, baino askoz zabalago eta sakonago izan bide zen; heiek zeraukoten lehen Latinez Hibernia edo Scottia, eta bertako mintzaraz Erin deitzen zen herri horri orain emaiten zaion izena ibeni: Irlanda, h.d. Ireen herria. Halaz ere, azkenean Iphartarren nagosigoa hamaitu zen, Brian Boru, Thomond eta Leth Mogha-ko irlandar erregeak Clontarf-en garhaitu baitzituen, Dublingo eskualdean (1,014). Eta heien nagosigo politikoarekin batean itzali ziran mintzatzen zituzten Thar-germanarazko hizkalkiak handik laster, Dane eta Norvegar invasoren ondorengoak gurutzatu eta nahastekatu baitziran Irlandar jathorrekin. Nabari da german hizkalkiok ez zirala itzali Irlandararen hiztegian eta phonetikan herexa zembait utzi gabe, bainan hartatik hizkuntza hau herri guztian nagosi egon zen ordu hartako.
Dembora gutirik barne, ondikotz, anhitzez galgarriago izan behar zen etsai bat oldartu zitzaion: 1,169garren urthean Engelandatik ethorri Normanek Irlandan lur-hartu zuten. Eta geroztik Engelandarrak dira izan han jaun eta jabe, geroago eta jaun indartsuago, geroago eta eremu gehiagoren jabe. Nahas-enda bat ziran Engelandarrok: handikiak Norman ziran ethorkiz, eta norman-frantzesa zuten hizkaratzat; gehienak aldiz engel-saxoinak ziran, germanaraz mintza-tzaile, hots, engelesez. Bi hizkuntza handi hoik ba ditugu beraz orain Irlandararen alboan, Irlandararekin lehian. Herriaren hegoialdean batez ere ugari ziran atzerritarrak: Munster-en eta Leinster-en, eta Munsterko irlandar hizkalkiak egungo egunean ere frantzesaren influentza erakhusten omen du bere mintzaeran (ikhus Thomas F. O' Rahilly-ren «Irish Dialects Past and Present»). Leinsterkoaz deus ezin erran dezakegu segurrik, Irlandara ez baita gehiago mintzatzen eskualde hortan...
Gero Frantzesak eremu galdu ba zuen ere, XIV-garren mendetik landa Engelandar guztiek Engelesa hartu baitzuten hizkuntza kommuntzat (halaz ere gune zembaitetan ba ziran oraindik XIV-garren ehunurthekoan Frantzesez mintzatzen zirenak), hambatez indartsuago egon da Engelesa Irlandan, bera baitzen orain garhaitzaileen mintzara bakharra; eta Irlandara garhaituen mintzara izaiki, ez da zail igartea zein izanen zen azkenekotz bertzearen buruzagi. Hargatik hatsarrean ba zirudian gerthatzera zoala. Irlandako Engelandarrekin, Helladaz jabetu ziran Erromarrekin bezala, eta izaro garhaitua bere garhaitzaileen bere meneratzekotan zela, ezen garhaitzaileok irlandaraz hitzegiten hasi ziran-bortxaz, beren eskupekoek ulhert ahal zitzatentzat, bai eta irlandar neskak hartzen baitzituzten emaztetzat-eta, areago dena, Irlanda rren bizimoldearen araura bizitzen; hala non azkenean London-go gobernuak, baitzekhusan garhaipenaren fruktuak galtzera zoazela Irlandan egoitez zegozen Engelandarrak bai hizkuntzaz, bai ohinduraz, bai sentimenduz osoro bertakoturik, negurri latzak hartu behar ukhan zituen heien joera horren kontra, batez ere Irlandararen ikastea Engelandarrei debetatuz.
Negurri hoien gatik eta guztiz ere, Irlandara buruzagi egonen zatekean izaroan, egoile guztiek baitzekiten eta baitzerabilaten, nahiz anhitz bi hitzkuntzatako ziren, Engelandarren politika borthitzago eta basakiago egin ez ba zen, erlisioneko guduketa zela karia. Alabainan Engelanda protestant bihurtu zen, Irlanda katholiko egoiten zelarik. Horrengatik herstura handiak jasan behar ukhan zituzten Irlandarrek jathorrizkoek eta halaber Engel-Norman bertakotuek bere hauzoen ganik. Erran gabe doa irlandarak ezer ez zuela irabazi erlisioneko joku hortan, ezen orain Engelandarrak hasi ziran Irlandarren egiaz gorrotatzen, bertze sinheste bateko zirelakotz bethi gerthatu ohi den bezala eta halaber Irlandarren berezgarriak oro higuindu zituzten: jaunzkera, ohidurak eta ororen gainetik hizkara. Hunen itzal-eraztera entseiatu ziran, beren helmenean zituzten ahal guztiez. Cromwell protestant buru-beroa izan zen batez ere kaltegarri eretze hortan. Harek zituen «plantation» delako jende-aldatzeak asmatu eta obratu: Irlandarrak ohildu zituen beren sorlekhuetarik eta heien ordean Engelandarrak edo Eskoziarrak azarri; horrela hustu zuen bertako jendeez izaroko Iphar-sorthaldeko eskualdea, Irlandako mytho zaharretan bethi lehen zen Uladh (Ulster) hospetsua. Geroztik Irlandarak ezin irabazi du atzera orduan galdu zuen eremua; aitzitik, geroago eta ahulago izan da, geroago eta atzerago joan da, bizirik egona gatik egungo egunetara arteo.
Irlandara keltar hizkuntza bat da, beraz indieuropar daritzon hizkuntza-familia handiko khide. Erran nahi du haren haide direla, guztiok hizkara-ama bakhar batetik sorthuak direlakotz, Asian eta Europan mintzatzen, edo mintzatu, diren hizkuntza hauk: Aryara h.d. Sanskrita eta Zenda, Armeniara, Helladara, Baltara eta Slaviara, Germanara, Italiara, bai eta harridazkietan baizik ezagutzen ez ditugun Asia Ttipiko Hethitara eta Turkestango Tokhariara, ongi samar ezagutzen ditugunak aiphatzekotz soilki. Nahiz hizkuntza hoik oro ahaide diren, ba dirudi zembaiten elkharrekiko ahaikoa hertsiago dela bertzeenekikoa baino. Erraiterako, Germanararen hiztegiari eta morphologiari so eginez, ohartzen gara Italiararen eta Keltararen antz gehiago duela bertze indieuropar mintzarek baino. Erran laiteke hirur hizkuntzak indieuropar hizkalki berezi batetik dathozela, edo ta elkharren ondoan bizi zegozela lehen mintzatzen zituzten endak.
Irlandarrak bere hizkuntza «Gaedhilge» deitzen du, eta bere burua «Gaedheal» Bi hitz hoien forma zaharrak «Goidelg» eta «Goidel» ziran. Keltar hizkuntzak bi sailetan banatu ohi dira, hostagi eta doinuaren berezkuntza batzuen gatik. Hoietan nabariena da sail batekoek soinu velar bat duten hitz batzuetan, bertze sailekoek labial bat baitute. Exemplutza: irl. «mac»; bretoinez, korniaraz eta galesez «mab» (seme); irl. «ceann» (c = k); gal. eta kor. «pen», bre. «penn» (buru) etc. Horrengatik lehen saileko hizkuntzak k-keltara eratzen dute, edo Goidelara, Irlandara eta Irlandaratik erathorri diren hizkuntzak baizik ez baitagoz sail hortan; bigarrenekoek, aldiz, P-Keltara, edo Britanniara, lehen Britannia deitzen zen izaroan bizi baitira, edo hartarik jin baitira, orain mintzatzen dituzten Keltak (Bretoinak V-garren mendean hasi ziran Bretainia Handitik batez ere Cornwall-etik eta Devonetik Armorica zeritzaion Galliago eskualderat aldegiten, Germanen aitzinean ihes). Egiantz ororen araura, P-Keltarazko ziran Gallian mintzatzen ziren Keltar hizkalki gutiz gehienak, Kaisaren garaian bereren. Ba dirudi Hispaniako Keltiberak, aldiz, K-Keltak zirela, Antonio Tovar Jaunak nahi duen bezala (ikhus haren «Las inscripciones ibéricas y la lengua de los celtibros», in Boletin de la Real Academia Española, XXV).
Erran gabe doa Keltak ez direla bethi izan orain edo khristar aroaren hatsarrearen inguruko mendeetan dakhuskigun eskualdeetan, hots Irlandan, Bretainia Handian, Frantzian eta Espainian, ez baitago Indieuroparrak Europa-Sarthaldean Khristen aitzineko milurthekoa baino goizikago, edo hor inguru. Nombaitik ethorri ziran. Nondik othe? Arkhaiologo gehienek onhartzen dute Kelten sehaska Alemaniaren hegoialdean izan dela. Hor bizi izan dira sarthalderantz abiatu baino lehen, Italiarrak zituztelarik hauzo. Uste izaiteko da Goidelen arbasoak Latinen ondoan zegozela, Britaniarrenak aldiz Osko eta Ombriarren aldamenean, ezen Latinek ere velar bat mirgatzen dute azken izendatu bi populuen hizkuntzetan labial bat duten hitzetan. Adibidez: lat. «quis» eta irl. «cé» (c = k); bainan osk. «pis», gal. «pwy», bre. «piv» (v = w), kor. «pyu» (nor).
Goidelak ziran lehenak Sarthalderantz abiatu, Khristen aitzineko IX-garren ehunurthekoan. Zer bide hartu zuten? Phondu hortaz den bezambatean, arkhaiologoak ez dira aburu bateko. Batzuek dioite lehenik Ipharralderantz igan zirela, Alemaniaren iphar-sarthalderat, eta hango itxas-bazterretik Hiberniarat joan, Iphar-Itxasoaren gainetik, Germanen hauzo egon ondoren egia da Keltararen influentza handia erakhusten duela Germanararen hiztegiak, gorago aiphatu dudan Italiararekin ere dadukan ahaikoaz gainera, eta han baino hunatagoa, hala non ustekizun den Keltak noizbait Germanen nagosi politiko izan direla, edo behintzat hauiek eredutzat hartzen zituztela gizalanduago zirelakotz edo. Bertze ikhertzaile batzuek, aldiz, nahi dute lehenik Galliaren hegoi-sarthalderat aldegin zutela Goidelek, eta handik zutela itxasoa hartu Irlandarako. Segur ba da Keltiberian ere egon direla, ahal da Hispaniatikan zirela izaro hartarantz abiatu, Bizkaiko Itxasoaren gainetik.
Nondik ethorri ere ziren, Khristen aitzineko VIII-edo VII-garren mendean Irlandan agertu ziran Goidelak. Hek jin baino lehen egoileak ba ziran hargatik izaroen eta irudi guztien araura, oro ez ziran Indieuroparrak. Egia dateke Goidelak ez direla izan Sarthalderat ethorri ziren lehen Indieuroparrak, eta bertze populu bat familia hortakoa zenik aitzinean joan zaizkeela; deus guti dakigu populu hortaz, ordea; ba dirudi Gallian eta Italian zagozen Ligurak, bai eta Hispaniako Ambrones delakoak, hartarik zirela, eta heien herexarik Hibernian eta Britannian ere ba omen da. Urna-alhorren kulturaren ekharleak ziran Indieuropar hoik; Julius Pokorny Professor Jaunak «Illyriar» deithura eskeini du heien izendatzekotz, heien hizkuntza Balkanetako Iilyriararen antz handia erakhusten baitu haren ondakin eskasetarik ephait dezakegunaz bereren eta ba dirudi Baltararekin ere ahaidego berezi bat zedukala. Aitzin-Keltak bezala eman ditzazkegu Illyriar hoik (Heien presentzaz Hispanian irakur Tovaren istudioak: «Sobre la fijación de las invasiones indoeuropeas en España», in Boletín del Seminario de Estudios de Arte y Arqueologia; XIII «Ueber das Keltiberische und die anderen alten Sprachen Spaniens», in Eranos, XLV; «PreIndoeuropeans, Pre-Celts and Celts in the Hispanic Peninsula», in Journal of Celtic Studies, I eta bertze asko. Irakur halaber R. Menendez Pidal-en «Sobre el substrato mediterráneo occidental» in Toponimia Prerrománica Hispana, Biblioteca románica hispánica). Zembaiten iritziz, Euskalherritik ziran lehen Indieuroparrak Espainian sarthu eta heien hizkuntzari zor omen derauko Euskarak «mando» hitza, Tovarek uste duenaz.
Dena dela, Illyriar delako hoik ez ziran Khristen aitzineko milurthekoa baino lehen Europa-Sarthaldean agertu. Arkhaiologiak erakhusten derauku, ordea, orduko ba zuela aspaldi Irlanda populaturik zegoela. Zer ziran Indieuropar ezin diratekeen lehen egoile hoik? Zail baino zailago da horren jakitea, heien hizkuntza edo hizkuntzak, enda askotako izan ahal baitira eta bertze enda-berezgarriak itzali baitira heiekin batera. Zorionez ez dira itzali beren ondokoen hizkuntzan eta ohitzetan hatzik batere utzi gabe: hatz heien aztartzea dugu heien gainean zerbaiten jakiteko biderik hoberena. Hortarik ageri da Irlandararen eta irlandar folk-lorearen premia, herexarik ikas baitezakegu xehetarzun gehiago Europako populu zaharrenen aldean.
Indieuroparrak heldu baino lehen Europaren sarthaldean mintzatzen ziren hizkuntzetarik, berriz, batek baizik ez du egungo egunetara iraun: Euskarak. Ez da handi beraz Euskararen hatzen bilha ibili ba dira jakintzariak Irlandararen ez-indieuropar substratum hortan eta, hain zuzen ere, hitz asko eriden daitezke bi hizkuntzak kommun dituztenak. Bainan khonduz ari behar da bilhaketa hortan, ezen hitz bat aurkhi daiteke Euskaraz eta Irlandaraz bera dena, horrek ez baituke erran nahi Europako lehen egoile indieuropar ez ziren-en hizkuntzatik dathorrenik, bainan aitzitik Euskaldunek zutela delako hitza Kelten edo Aitzin-Kelten ganik jesan. Alabainan gogoan eduki behar dugu Kelten edo behintzat Indieuropar jende batzuen hauzoan bizi zirela Vascones izenez Aitzinateko authorek ezagutu dituzten Euskaldun zaharrek. Areago dena, ustekizun da egungo Euskalherriko zathi batzu Keltez edo Aitzin-Keltez populaturik zegozela Khristen sortzaroaren inguruko mendeetan, Sorthalderatago aurkhitzen baitziran orduan Vascones hoik, hots, Nafarroako eta Aragoiko mendeetan. Horrela Euskaldun zaharrek hitz andana bat hartu ahal izan dituzte beren hauzoen ganik, eta gainera hauzo hoiek berek aberastu ahal izan dute euskal-hiztegia beren aitzineko hezkuntzako hetz batzu begeratuz euskaldundu izan diren orduan. Halaz ere, hitz zembait erideiten dira, Euskarak eta Irlandarak kommun dituztenak bai eta bertze keltar hizkuntzak ere, hauk ere ez-indieuropar hizkuntza batzuen jarraikitzaile baitira orain mintzatzen diren herrietan; Irlandarazko lehen textuek zaharrantz gehiago erakhusten dute, ordea, Britanniarazko idazki zaharrenek baino, eta horrengatik onuragarriago da bethi horren jakilegoaren bilhatzea ezenez hauienaren, substratum-hauzi hortaz den bezambatean eta indeeuropar ez direnak. Ezagutuena baizik ez aiphatzekotz, «andera» hitzak «biga» edo «emazte gazte» erran nahi zuen lehenago; Euskarak (andere, andre) eta Irlandarak (aindear, aindir, ainnir) bigarren zentzua begiratu dute bakharrik; Galesak (anner), Korniarak (id.) eta Bretoinak (onner, ounner; Vannes-ko hizkalkian añnoér, añnér), aldiz, lehena. (Hitz horren problemaz ikhus Karl Bouda eta J. Pokorny bi linguisten eztabaida Eusko-Jakintza-n, V; halaber azken hunen artikulua «Zur Herkunft von gall. anderos «Feuerbock», in Zeitschrift für romanische Philologie, 1,952, 8-5/6).
Horrelako hitz bat erideiten denean, ez du baitezpada erran nahi Keltarak Euskarari zor deraukola: ba daiteke bi hizkuntzak hirugarren baten ganik jesan dutela. Hain zuzen, Pokorny Jaunak uste du «andera» hori khamitaratik dathorrela (ndr = susara izan). Schuchardt-ek uste zuen baiki Euskara Khamitararen abar bat zela, bainan geroztiko ikherkuntzek ustekizun hori erhautsi dute, dirudianez; halaz ere Euskaldunek hartu ahal izan dute hitz hori Khamitaratik eta gero Keltei eman. Edo Keltek dute lehenik jesan eta gero Euskaldunei hel-erazi. Edo bi populuek bide berezietarik Khamiten ganik hartu dutebainan zein gunetan Euskaldunak edo Keltak, edo biak, Khamiten hauzo izan dira? Espainian? Egia da Afrikatik jin bide zirela Iberak... Alta Gallian ere aurkhitzen dugu «andera» = biga eta emazte-izen, bai eta «anderos» = zuzen, azken forma horrek eman baitu «landier» oraingo frantzes hitz = su-burdin, berriz ere Euskararat itzuli dena («lander-ak», Zuberoan). Behar bada euskal-hitz jathor bat da azkenaz bertze... Edo osoro itzali den, bainan lehenago Europa-Sarthaldeko eremu hedatu batean mintzatzen zen hizkuntza baten azken oiharzuna. Ikhusten den bezala nekhez aitzinatzen da substratum inguruko ikherkuntza hoietan, hypothesis andana bat egin baitaitezke bethi edozein galderi ihardetsi beharrean. Bainan hobe dugu problema bat nombait ba dela jakitea askatzeko heinean ez ba gaude ere ezen-ez «zorioneko» jakingabean egoitea, gizalantzaren bideetarik ibili nahi ba dugu bereren...
Ez bakharrik hiztegian, Irlandararen hitz-jorkeran eta morphologian ere nabarmenak utzi ditu Indieuroparren aitzineko hizkuntzak. Erraiterako, Irlandara zaharraren berezgarri nagosienetarik bat da adizkeraren barruan pronomen adizkizun baten infixatzea (pronomen infixatu hau gehienetan akkusativuan izan arren, zembait aldiz dativuan da). Exemplutza, huna «ad-ci» (dakhusa) aditzaren paradigma orainaldian:
atom-chi = ikhusten nau
atot-chi = ikhusten hau
at-ci = ikhusten du (gizon bat)
ata-ci = ikhusten du (emazte bat)
at-chi = ikhusten du (gauza bat)
aton-ci = ikhusten gaitu
atob-ci = ikhusten zaituzte
ata-ci = ikhusten ditu.
Nahiz forma hoien elemenduak indieuropar diren (ate-me-cit, ate-tu-cit, ate-eis-cit etc.) ez dirudi hala denik heien horrela erabilteko gisa. Euskarak ere, ordea, pronomenak infixatu ohi ditu eta, «dakhusa» aditzak forma synthetiko guti ba ditu orain, zilhegi da orhartzea lehenago «nakhusa», «hakhusa» e.a. erran izan dela, egun ere «nakhar», «hakhar» e.a. erran ohi baitugu. Hor dugu beraz bertze berdintarzun bat bi hizkuntzan artean, eta linguistek berdintarzun hortarik ere jalgipenak athera dituzte heien elkharrekilakoa phorogatu nahiz. Gaineratu behar dut egungo Irlandarak gehiago ez dazagula pronomenen infixatzeko jarraidura; «atom-chi»-ren ordez erraiten da orain: (do) chionn sé mé Connaughten eta Munsteren, ti sé mé Ulsteren, Engeleraz bezala («he sees me») eta bebarbada hunen eragitez.
Nabari da ez lezakela guti profeita euskal-jakintzak menturazko ahaidetarzun hori zehazkiago ikhert eta nolakoa eta nondikoa den bilha ba leza norbaitek. Alabainan guti dakigu segurki gure herriaren historia zaharraz, gure lehen arbasoen tradizionea galtzera utzi dugulakotz. Bainan izan laiteke argi gehixeago bil genezakela heien gainean Kelten hizkuntzak eta ohitzak direla bide, batez ere Goidelen idazkuntza khonduan edukiz, begiratu baitu izaroan elkharrondozkatu diren populu prehistorikoen orhoitzapena. Arkhaiologoek, aldiz Euskaldunen eta Kelten hizkuntzaren eta folk-lorearen aztertzea dute bide segurrenetarik bat Europako lehen egoileetaz zerbait ikastekotz.
Ahaidetarzunezko problematika utzi baino lehen, huna zer ziostan hartaz Pokorny Jaunak bere eskuthitz batean. Jakintsu horren araura, Irlandan enda hoik bizi izan dira elkharren ondozka.
1/ Europa-Sarthaldeko palaiolithikarien ondokoak. 10,000 urthe K.b.l. helduak; heien hizkuntzak Eskimoenaren eite ba zukean.
II/ mediterranetar enda labur bat Iphar-Afrikatik jina, 3,000 urthe K.b.l., Espainian gaindi. Hizkuntza den aldetik, Berberen ahaide ziran, hots, Khamitak ziran.
III/ mediterranetar handiak, hauk ere Iphar-Afrikatik ethorriak. Megalithoen kulturaren ekharle izan ziran, eta heien hizkuntza ere berberararen ahaide zen.
IV/ ezkilantzeko ophorren kulturaren ekharleak; brakhykephal dinarikoak ziran, kaukastar hizkuntza bai mintzatzen zutenak.
V/ azkenekotz, Goidelak; ez ziran Khristen aitzineko VIII-edo VII-garren ehunurthekoa baino goizikagc heldu Irlandarat.
Pokornyk uste duenaz, II/, III/, eta IV/ hoiek dute euskal-enda moldatzen: heiei zor zaizkie hizkuntzen arteko korrespondentzak.
Goidelen ondotik bertze invasorik ere sarthu da Irlandan, Germanak ethorri baino aitzinago; invasor beran hoitarik zembait P-Keltak zirela dirudi, hala nola «Fii Bolg» (hitzez-hitz: gizon zakhudunak; bainan behar bada Belgak ziran, izena bertzera interpretatuz) eta «Galiain» (Galliarrak?) zaritzatenak. Ba dakigu Galesak eri izan direla Irlandan, Goidelak Kambrian sarthu diren bezala behin baino gehiagotan Khristar aroaren hatsarretik hunat, lur-eremu hedatuak beren eskuperatzen zituztelarik herri hartan.
Bainan, emeki-emeki, Goidelaraz bertzeko hizkuntzak oro itzali dira Irlandan. Alabainan Goidelen azpiko zegozen mintzatzen zituzten gizeliak, nahiz ez-Indieuroparrak nahiz Britanniarrak. Horrengatik arbuiaturik eta landu-gaberik egon dira delako hizkuntzak, eta Inlandar kasta goretako Goidelarak aisa garhaitu ahal izan ditu, hala non hunen hiztegian eta morphologian utzi dituzten hatz xuhurrak bilhatuz baizik ez baitezakete heien berri jakin hizkuntzariek. Halaz ere Goidelarazko idazkuntzak heien orhoitzapena begiratu zuen, «teanga larann» h.d. burdin-hizkuntzaren aiphu baitakhar, Goidelak jin-aitzin izaroan mintzatzen zenik. Halaber Irlandan elkharrondozkatu diren populuen izenak emaiten derauzku «Lebor Gabala» h.d. invasioneen liburuak, zembatgarren urthean jin ziren zehazki erranez ere (xehetarzun emaitera ez ziran herabe Goidel idazle zaharrak...): lehenik ethorri zen Partholon-en populua, Greziatik, Khristen aitzineko 2,640-garren urthean; handik hogoi'ta hamar urthetara Nemed-en semeak, Skythiatik; hartarik landa Fomoré itxas-laphur bihurriak; 2,390 urthe K.b.l. ethorri ziran Fir Bolg-ak; hogoi'ta hamasei urthe hoien ondoan Tuatha Dé Danann edo Dana Jainkosaren Gizeliak, Greziatik; azkenekotz Mile-ren semeak (hauk ziran Goidelak), Aigypton eta Espainian gaindi Skythiatik zethozenak. Erran gabe doa ez direla hitzez-hitz hartu bebar eman hoik oro. Khronologia hori, batez ene, olde huts baizik ez da: egia ba da Fir Bolg-ak Belgikatik zethozela, ezin ethorri dira Mileren semeak, hots, Goidelak baino lehen Irlandarat. Agiri da tradizione hori antholatu dutela eliza-gizon edo letradun mythologia klassikoaren ezagutza zedukaten batzuek. Dena dela, jakingarri dela ezin ukha, erakhusten baiterauku Goidelek berak aithor zutela ez zirela herriko lehen egoileak, bainan bertze askoren ondotik jin zirela. Nola izaro pherdeaz hain osoro jabetu ziran, bada, heien hizkuntza eta deithura Irlandar guztiek berentzat hartu baitzuten? Bertze endak baino ugariago, ala bertzeak baino gudukari hobeago izan direlakotz? Zer nahi den, azkenean azpiko gizeliak oro beren gizartean onhartu zituzten Goidelek, berezkuntzarik batere endaz den bezambatean orduandanik egin gabe; azpiko gizeliok, aldiz, beren jathorrizko hizkuntzak utzi zituzten Goidelara hartu zuten mintzara bakhartzat, hala nola Germanak izaroan sarthu zirenean, populu bategin bat aurkhitu baitzuten heien oldarrari ihardokitera deliberatua.
|