Ereserti
Itsua katsueri argiaz mintzo
Orixe
Aita Madina'ri. Bear dan begirapenez. Nere burua itsu egingo dut oraingoan; baiña zu etzaitut katsu egiten zerorrek zeure burua egiten duzun aiñean baizik. Musika gai auetan itsu gabiltza geienok, eta dakitenak ere begia egiñalean kukatu bearra daukate zerbait ikusiko ba dute. Zenbait aldiz, ordea, «itsuak geiago daki bere etxean katsuak besterenean baiño».
Gaurko iñork entzun ote du «Gure Patroi aundia» antziña zan bezala? Etzait iduritzen; eta ontatik daukagu asi bzarra. Zenbat ote dira egungo egunetan nik entzun dudan bezala entzun dunik? Bakanak, nik uste. Nik nola entzun dudan esan bearrean nago. «Eta dezu armatu» ortan diesi kendu ezkero, nota guziak berdin berdin ditut entzunak; baiña punpakoa ez. Nik soka-dantzan entzun diet iru danboliñi, eta dantza zala nago aspaldi, itzak berriago dirala. Ontan zuregana alderditzen naiz.
Ba-dira bi giputz-erri napar-mugan: Lizarza ta Orexa, eta napar-erri bat (len gipuz-mugan ua ere, Areso beregandik zatitu zitzaion baiño len); Leitza. Ango danbolinek soka-dantzaren keiñuan io oi zuten, ots, gudarien ibilneurrian ez-baiña, Elizbiraren ibilneurrian; soka-dantza ta biak punpako berberean eramaten baitziran:
pun-pun, pun, pun
pun-pun, pun, pun
marcha baiñon askoz astiroago. Leitza'-ko Ebaristo Elduain'ek punpako bat geiago ematen zion, neurria edukirik:
pun-pun-pun, pun, pun,
pun-pun-pun, pun, pun.
Besteek ixilgune egiten dute lenbizikoan:
(pun) -pun-pun, pun, pun,
(pun) -pun-pun, pun, pun.
Musika ori soka-dantza zala, tori zantzu bat edo argitasuntxo bat. Orobat da Bera Bidaso'ko Corpus'ko txit aipatua, Uruñuela iaunak argitara zuna, eta biek frasi berberak ba-ditute, gutxi bederen. Ikus «gure Patroi aundia» itzetan, bigarren txatalean edo lerroan, eta Berakoan irugarrenean: zazpi nota berberak:
pun, pun, ( ) pun-pun: gu (re) pa (troi) aun-di-a.
Beste lau nota oraindik: «dirade Aingeruak» itzetan:
di- (ra) de-Ain-ge (ru) ak
pun-pun-pun, pun, ( ) pun.
Beste bost «zure Konpañiak» itzetan:
(zu) re-kon-pañi, ak.
( ) pun, ( ) pun-pun-pun.
Aipatu ditudan iru danboliñ oiek: Elduain, Atxega, nere errikoa, ta (ez dakit nola zaion Lizartzakoari), etzi-ikasiak ziran, eta onela, belarriz belarri nereganaiño iritxi ziran iaitintsuak; baiña Leitzako Patsain bikaiñarengandik da dantza aundiki onen punpakoa. Elizbiretan ere au erabili oi zuten. Lekuko Pontxo Zubietakoa eta beste zenbait. Gero karlistaldian «marcha» iorea eman zioten punpakoari. Udal-etxetik Elizara giñoazala entzunik nago Marcha de Riego ere. Nola darabilte gure musika gaixoa!
Bigarrenik: giputza ote da musika ori, ala naparra? Aztergarri litzake ori ere. Bear danez io ba ledi, ez da aen kaxkarra musika ori. Mozart eta Schubert eta abar, ez al ditugu ondo kaxkarturik entzun Charleston eta jazz ban'etan?
Itzak ere ez daude aen gaizki, mordoilokeri batzuk gora-bera. Ao-puzgarri xamar dira, bai, Españi'ko tankerara; baiñan oso ederki neurtuak soka-dantzaren neurrian. Pascual Iturriaga'renak zirala uste genun, eta zuk ez-ezagun lotzen duzu lerro oien iabea. Arenak ez ba'dira ere, izatea merezi dute neurriz.
Alderatu beza berorrek, Aita Madina, onako zati au Gipuzkoako ezpata-dantzarekin. Onen itzak ere ez aldira Iturriaga'renak?
I, na-zi-o-or-da-go
beti ernai dago
armetan jarria
dauka Konpañia
xispaz armaturik
bandera zabalik.
Prantsesez ipiñi al diteke itzetan tán-taran, tán-taran ori?
Neri ez dit miñik ematen gure ez dana ez dala esateak; baiñan ez nuke nolanai salduko soka-dantza au, geiagoko xeetasunik gabe.
Orobat gertatu zaio Berriz'ko dantzari ere. Gizadantzaren zati bat zan ori. Esaiozu Dantza Erreala, aundikidantza. Meza nagusi ondoko dantza, ontzako urrearen dantza, berton zeritzotena, Udalak mutileri ontzako urrea ematen baitzien dantzatzearren, galdu etzedin. Zorigaiztoan eman diote ezpata-dantza izena. Berriz'ko Udaletxean, galdu ez ba'dira, beiñipein, an zeuden XVIII'garren mendeko bi Kuaderno dantza ori bere zer-nola guziekin emanez; baiñan aietan ez da ezpatik aipatzen ere. Ikus Azkue, Cancionero Vasco. Ez ote zun sartu burruntzalia Iztuetak bide-lapur inguru aietan zebillala? Euskal dantzak guda-dantza zirala asmatu zigun, damurik! Utikan! «Marcha» oietatik zenbat ageri dira gure musika guzian Karlistaldiraño? Nik ez dut oroi baiño ere, iatorrik. «Zikiro beltza», iñauteri-dantza entzun izan dut, bere ez dun eta dantzatu ez diteken musika zirtzil orrekin:
pun-pún, pun-pún, pun-pún, pun-pún,
eta beste ontara bear luke:
pún-pulu, pun-pun; pún-pulu, pun-pun.
Zabala'k oso ederki lengoratu zun Berrizko au «Eusko abendaren Ereserkia'n, astiro astiro emanez, eta Arana Goiri'k oso bikain negurtu, soka-dantzaren ariora. Ez dezagun «marcha biurtu», Iainkoarren!
Gillen Lizaso zanari (G.B.) nik ezagutu dudan txistularirik trebeenari onela adierazi nion, eta Berazubin eta Atotxan eta andik aurrera, astiro astiro eman oi zun, lege zarrera.
Lerro auek argitara orduko or naiteke gure txoko ortan, eta lunaroago iardungo.
Aita Donosti'ri Debita reverentia. «Ikusten duzu goizean» ez ote da euskal-musika? Ez nuke salduko ori ere, esan diranetaz gaiñera. Aztertu bear aundiagoa dauka, batez ere ahapaldi edo estrofan, itzetan. Itsu onen argitasuntxoa ikusi beza. Urteak dira Labaien iaunari zantzu au eman niola, eta polikitxo eragin zion nere aldera. Ipiñi dezagun beste soka-dantza baten alboan: «Ai ori begi ederra?» Naparroan soka-dantzaren aidean eman oi zan. Iakiña, nota belaxkarik edo negartirik gabe. Gure amandre Mari-Axuntxi'k urkamendiko bertsoekin abestu oi zun. Aren aldakuntzak Olaizola'tar Ioseba'k artu zitidan; bai atsegiñez artu ere! Naparra diteke melodi au: zarrago itxura du beintzat, notarik geienak berdiñekin. Ipiñi detzagun, bada elkarren ondoan:
Ikusten duzu goizean | 8 | Ai ori begi ederra | 8 |
argia hasten denean | 8 | iduritzen zait eperra | 8 |
mendito baten gainean | 8 | gauza oberikan zer da! | 8 |
etxe tipito aintzin-xuri bat | 10 | ointxo polita, zapato eder, | 10 |
lau haitz handiren artean | 8 | txorkatila guziz piña | 8 |
iturriño bot aldean | 8 | jantzi ederki egiña | 8 |
xakur xuri bat artean | 8 | telia modako piña | 8 |
han bizi naiz ni bakean. | 8 | ai neretzako bo'ziña! | 8 |
Beste bat ere ba da Naparroan, itz zarrekin ez dakit, baiña bai «Txanton Pipirri»-renekin, Lekunberri'n entzun bezala. Laugarren eta bosgarren bertsoa nota berdin berdiñetan du «Ikhusten duzu» orrekin. Baizik ere «Txanton Pipirri» ren bost lerro-etatik zortzi ateratzen ditula, bigarren eta laugarren bertsoa erdia bi aldiz emanez, eta bosgarrena ere berrituz.
Soka-dantza asko ta asko dira Euskalerrian bi lenengo bertso piko-berdiñekin asten diranak, eta irugarrena amar silabakoa: «Ai zak, Manuel Igantzi»; «Sartu giñaden Ziburu'n»; «Altzak ez du bihotzik» eta abar. Uste izateko da, beraz, ahapaldi ori gure dugula. Nik ez dut aski ezaguna Praintzi'ko literatura, baiña neke egiten zait siñestea ahapaldi ori prantsesa danik. Au da lenbizi aztertu bear genukena.
Aleman-aurrek eskolan ikasten dute A B C F G D «Urzo xuria» tik artua ote da? ala aldez-beste? Ona beste auzi bat. Gurea dugula esateko, musika orren txatalak ageri dira Naparroako ardo-dantza edo iñaute-dantzaetan. Nere aburuz, Urzo xuria baiño zarrago da «Bein batean tabernan», eta nota berberekin, biziago. Entzun edo irakurri izan dut, musika bat lekuz aldatzean, geienez astirotu egin oi dala. Ala beintzat «Gernikako arbola» eguzki-aldeko euskaldunetan, eta Naparroako «Bein batean tabernan» Urzo xuri biurtua. Aski da bertso auek alderatzea:
«Espaiñiako bortuak oro,»
«binbili bonbolo ian da lo,»
«Errege Praintzian ba'lego.»
Nota berberak ditute.
Aita Madina'ri esan diodana, neri ez dit axolik gure ez dan gauza guri kentzerik, baiña lanak daude erabakitzen. Entzunik nago Praintzi ortan (berori ni baiño lenago):
«J'ai perdu le do de ma clarinette»
«Iragan besta biharamonean» en musika berberarekin; baiña lenengo bi lerroetan bakarrik. Atzerri kutsu aundiagoa du gureak, gaiñera bertsoa amaika silabako oietakoa baitu, bakana Euskalerrian, Milia Lastur eta Intxauspeko alaba kendu ezkero.
Ahapaldi edo kopla aztertu bearra dauka gure musikak, bata bestegandik bakandu gabe. Nik ez dut eizea eraiki besterik egin. Ez naiz mintzatu musiku bezala, ez bainaiz; lekuko dan erri-gizon bezala adierazi dut dakidana. Gu bezalakoen billa ibili oi zerate iakintsuok errietan, eta ona erritar onek esan dizuena.
|