Elerti
Jainkoaren bila
Orixe
Sarrera
Liburu oni «Jainko-bila» izena emateko nengola adiskide batek idaroki dit ez ote litzaken obeki «Iainkoaren bila». Izan ere, «Iainko-bila», ots, nolabaiteko Iainko baten bila guziok gabiltza; baina «Iainkoaren bila» ots, Iainko egizkoaren bila ez guzi guziok.
Ba-datozkit or-amenka nere irakurlerik idukienak, eman detzadala lenbailen San Agustinen Aitorkizunak. Ain zuzen eun urtemuga dalata zein egoki letozken! Baiñan ez daukat alderdirik aiek argitaratzeko. Bai ere datozkit «Quiton arrebarekin», nik idatzi dutan gauzarik ederrena, bereiz atera dezadan. Beste ainbeste esan bear. Oraindio ba-dira irugarren batzuek, gai berori zabalago eman dezadan ari zaizkidanak. Orobat erantzun bear oieri ere. Argitaratzeari lotu ez nizaioken ezkero, egiteari bederen lotu nakion, noizbait agertuko diran ustean.
Gai oien gose omen dira gure kristau-iendeak. Asi dira gure artean ere, «Bizi» oso liburu ederra bere txikian, barne-biziaren oiñarriak ondo ezarriz gaiñera, biotzari ere eragiten diona; eta «Arimaren Zuzenbidea» au legortxoa, buruzkotxoa, baiñan asiberriak eskolatzeko argitasunez ederki dagona. Bein argitasunik aski eman eskero, biotzera io bear omen genuke, argitasunak obeki asetzen omen baitu berotasunarekin. Ni irakurleen esanera erortzen naiz. Oraingo liburu ontan zakukoak atera nai nituke, liburu au erabat irakurleena dedin. Emazu, Iauna, ta nik emango.
Iainkoaren bila aziko-ta, nondik? Aitarengana bitarteko bakar unus mediator dan Arengandik. Gizon bezala agertu zintzaigun, Jauna, baiña Iainko zaitugu era bertan. Iru Nortzu zerate Jaungoiko bakar Orrengan, eta bigarrena Zu, Semea, Iainko gizon egiñ ori. Beraz ez dugu ioan bear Zugandik alde Aita Iaungoikoaren bila, «Aita ta biok bat gera» esan baitzenigun. Eta, «Pilipe, ni ikusten nauna Aita ikusten ari da».
Zer datoz iende ez-iakiñak gurasoen animak dirala-ta (izukariak esan), edo aideenak edo ezagunenak, eta aien mintzoa entzun nai duten izudarraio edo espiritista oiek? Zer iaureskuntza edo erlijio da ori? Oik ere berez tximukeri ortan bitarteko bat ipintzen dute medium deritzotena. Aren bidez entzuten omen dute beste munduko oien mintzo negartia; itxura ordea ez dute ikusten oso iatorra. Zer siñesten edo zer siñestarazten dute olako oiek? Nik «Stromboli» ontzia artu baiño bi edo iru egunez lenago, autobusez nindoala, erriko emazteki bat zetorren eleiario, ez dakit zer eta ba-dakit non, erlijio ori bizi adierazi naiez. Doakabea! Ez du, naski, Elizak azpian arrapatuko. Jainkoa ez dan beste mundukorik ez dugu bilatu bear, eta Aitagana bide ortan ez dugu bear, Zu, Iesukristo, beste bitartekorik. Zugana ere, Seme Orrengana, ba ditugu bitartekoak; aundiena Zure Ama Sortzez garbia; gero santuak, eta baita guraso, aide, ezagun, zeruan baldin ba'daude. Baiñan emen bertan ere, batzuk besteen bitarteko egiten dugu, batzutan oartuki, bestetan oarkabe. Animako gurasoa ta apaizak lenik, Erromarekin erara daudenak. Urrena naiz gizaki, naiz emazteki, geron artean bata besteren bitarteko gertatzen gera Zutaz mintzo geralarik, eta Zu gure erdian, bi edo iru Zure izenean elkarturik gaudenen erdian.
Nadin ni ere. Jauna, nere neurrian, Zure bila dabiltzanen bitarteko. Berotu nadin Zure bero ortan, nere itzekin beste asko Zugana bultza detzadan. Iarri zaite, Iauna, liburu onen eta irakurleen erdian, nere eta aien tartean.
Mintza zakigu ixil eta entzungo dugu. Goazen guziok egan Zugana, Zure gizatasunaren bitartez Zure Iainkotasunera, orobat dana, Zure ta gure Aitarengana.
Erriak Zure gose daude, dakitela naiz ez dakitela. Gure erara, len Zuri idukiago zala, etzebilan ipui berri bila. Edozein liburu berri zala, esateko, «Sagastia nola garbitu», eskeintzen ziotenean, au galdegin oi zun! «Bai al du Meza entzutekoa?». Ezean, etzuten erosten. Neronek ikusia. Orain pixka bat berrizaletu da. Elaberri edo ipui berri oietako bat eskatu didatenak ere ba-dira, bearra omen baitago. Beste batek egin dezala lan ori. Nik ba-daukat zer egiñik erririk geienak eskatzen didanarekin. Elizarakoi ez diran iendeek ere liburu au irakurri lezakete, gerta oi dana, ta zerbait etekiñ atera ere. Ez daukat ote otean egon bearrik. Neronen-griñak-ere, Zuk emanak, berori eskatzen dit. Emazu, bada, Iauna, ta nik emango.
I.ATALA
(Itxasoan)
Nola bilatu Jainkoa, ez dakigula?
Ez dakigula ere, konturatzen ez gerala ere, Jainko-bila gabiltza askotan. Betiko ezarria degu guregan atsegingale ta atsedengura esaten zaiona. Ai ortaz baliatuko ba giña bear bezala! Baña nola, konturatzen ez gerala? Zure baimenarekin, Jauna. Ez al diguzu esan garbi Dabid'en agoz, eize zakar arrapaloak ere gauaren babesean irteten dirala Zuri janaria eskatzera? Konturatzen ez dira, noski, Zuri eskatzen dizutela, ta beren modura Zu aitortzen zaituela. Aulago egin al duzu gizona, Zerorren idurira ta antzera? Aiek, lo dauden pixti gaixoetan egiten dute sarraskia. Gizonak egiten ditu zenbait egingizun, ez on, ez gaizto diruditenak. Egunaren buruan bai amaika! Or bada, gaizto ez diran egitenak on jo bear dira, ez baita on-gaiztoen tartekorik, jainkolariak diotena. Okerrera ez dijoana, zuzenera dijoa. Beraz Zuregana, Jauna, nola edo ala.
Eman dezagun Zure adiskidetasunean dagon gizona, eta ipiñi dezagun sendo oiñarri au. Ez gaitezen kezkatu geiegi Zutaz aldi oro ta puntu oro oroitzen ez geralako. Obe genuke, bai, ta ortara jo bear genuke alegin guziz, bañan ez dezu nai, noski, Jauna, orregatik pakea galdu dezagun. Zer ari da egun guzian lan eta lan guraso kristaua, aita, ama, pamilia nola aziko dun besterik? Eta ez al da ori Jainkoak maite dun lana? Seme-alaba oiek ez al ditu Jainkoak bere seme-alaba, guraso oiek baño areago? Ez al dauzka bere atsegiñak, egin zitun sortukari oietan? Lan ortan, ots, aurren azibidean, Jainkoaren laguntzaile besterik ez dira gurasoak. Bai lan ederra! Eta ontara jarraitu nezake beste mila eginkaritan.
Itxas-ontzi «Formose'n» etorri nintzan Ameriketara, eta an iru jende-mota arkitu nitun. Guziak zijoazen on bila, Zure bila nolabait, berak etzekitela ere, bideko oker gune batzuk gora-bera. Aundizu xamarrak beren artean mordo bat egiten zuten, eta kuxu-muxu ari ziran, ustez berago zeudenen kontra. Doakabeak! Beren buruak jainkotxo egin nai. Ba-zan bigarren jende-mota, egunik geiena irakurri ta irakurri ematen zutenena: artan artzen zuten beren atsegiña. Bai ote gañera beren atsedena? Ez, noski, geienak, nolabaiteko berrikeriak eta itsuskeriak irakurtzen zitutelako. Ua bukatuta uts geldituko zitzaien biotza. Ba-zan gizon bat, irugarren bakarra ta bakana, goitegira igo eta alper-alki batean etziñik-beti zeru-lurren mugara begira, azpertu gabe zegona. An zeukan atsegiña, an atsedena. Gutarra-ote zan? Ots, katolikua? Ez dakit. Santu bat ote zan? Guk ez dakigu zeintzu diran nolako gure inguruan. Nolanai dala, gizon bakartia zan eta barrurakoia, paketsua. Zure adiskide aundi oietakoa ez bazan ere, etzeraman bide okerra, Jauna, Zu begiz-begi arkitzeko. An ari ziran irakurleak ordu osoak eta ordu xoxoak alperrik galtzen; an ari zan bakarti au ordu osoak eta ordu goxoak miazkatzen.
Zer inbiria ematen didan egun auetan! Oraingo ontai ontan iru legun-besterik ez gatoz. Ba-dugu tokirik aski goitegian. Bañan osasunak ez laguntzen eta etzauntzara joan bearra, ni, gizon ua bezela txoraturik nengokena. Damurik, bai!
Zer zarapide du, egun guzian orrela zeru-lurren mugara begira egonak? Aundia, nonbait. Eta nola iraun diteke aspertu gabe? Aspertu gabe, bai. Zerau ere egona zera bear ba'da, irakurle, itsas-ertzean exerita, andik aldegiten ez dakizula. Arrantzalea ere egon oi da luzaro aski iraupen aundiz (ontaz, bai, arritu zaitezke, zu arrantzale ez ba'zera); baña beste egon ontaz etzait iduritzen. Begiratu alperrean dagon beste orrek ez du arrairik ez arrapatuaren Damurik, ez astia galduaren damurik. Zer ikusten du begiratu iges ontan? Olatuak? Ez die oieri begiematen, guziak berdiñak ez ba'dira ere, antz-antzeko baitira. Zeri begiratzen dio? zeru lurren muga orri? Ori, bai, zaiola beti bat begieri! Non dago edo zertan dago begien ez aspertze ori? Ez dago, ez begien ikus-bitartean; begien begiratu iges orrekin batean an dauka ikuskaria bere barruan, aragizko ez ditun begientzat. Anima beti bat dirudin arren, beti berri zaio, ezin agortua zaio, Jainkoaren antzera. Gure animak asiera ba-du; beraz bai muga ere; bañan ezin-eriozkoa danez, ez du buka-mugarik, eta bera berekin aspertzen ez dala iduri du. Ala ere orrek ez du asetzen (nola ase gaixo aulak bere burua?), eta, dakila, ez dakila, beste zerbaiten bila dabil. Aurrean daukan ikus-bitarte ori, zeru urdiña, itxaso urdin-beltza eta abar, lagungarri zaizkio bere barruari begira egoteko. Ixiltasun orrek, urrunga sorgor orrek, bakartasun orrek, bere barrura deitzen du gizona, ta barru ortan dauka, dakila, ez dakila, bere pake-egon aren iturria. Ez dakila, ez atseden osoa; dakilago eta aundiagoa.
Ez-ote ditugu ordu xoxoak igarotzen aundinaizko ta uskerizko gogorakizunetan, aietan kabi goxo egiñik? «Ni ta ni; beti, ni; oro ni». Gero bai utsik gelditzen gerala, ta ausaz, barruko ximikoaren edo kezkaren mende. Ez daukagu or gure atsedena.
Pintore bati galdegiozu, argiari ta koloreari begira egotez aspertzen dan. «Bai zera!» esango dizu; ontan det nere atsegiña». Baizik ere, ez daukala ark ere asetze osorik askotan, eta noiz edo noiz bere gogoa betetzen dion lanen bat ateratzen ba'zaio, zer da ua, geienez? Atsegiña; ez atsedena ua ere. Jainko-bila dabilanak atsedena du bilatu bearra. Atseden osoa ta Jainkoa, biak orobat dirala esan baititeke. San Agustiñ'ek diona: «eziñegonez daukagu biotza Zugan atseden dezan arte».
Noan itxas-ontziaren goitegira, tarteka bederik. Zerk ematen dio Jauna, Zure adiskide ari atseden egonarrizkoa? Ba-daki lenbizi, edonongo beste edozein-kristauk bezela, Zu zerala itsasoen nagusi. Olatu asarreak ontziari kulunka eragitean, ba-daki Zure besoetan dala, ta arnasa lasai artuz, animako aingura barrurago sartzen zaio. Zeru ederra, izarrez naiz odeiez betea, ba-daki Zure eskuak egiña dala, ta orrek du alaitzen, orrek pakeatzen. Bañan Ebangelioa irakurririk eta auznarturik baldin ba'dauka, ta Zuk San Pedrori esana «zeren bildur intzan, sinist-urri?» gogora ba'lekio, zer ekaitzek zirkin-edo mugimentu eragin dezaioke aren animako aingurari?
Exeri nadin, Jauna, Zurekin, Zure oroimen bizia burubiotzetan dedala. Ez irudipenez, ez indarka; bai, ordea, zirrara goxo ta legun bezelako bat eten gabe sumatuz, ikus bitarte au legun dedala.
Orrela, bai; nor ez egon ordu betean eta egun osoan? Gorputzeko indarrak muga du; aspertzen da zirika geitxo eragiten bazaio. Ezari ezarian, Jauna, alperkeritik urruti ta nekez gañetik, egon gaitezen Zure atsegiñaren eta atsedenaren mugan.
Ez dakigula ere askotan Zure bila gabiltzala? Gabiltzan dakigula.
|