Elerti
Euskal-elertia prantziskotarren Kantauri Barrutian (1)
Etxaitar
Euskal-literaturaren argi-urratzeari atxiki datorkigu prantziskotar baten izena. Etzan izatez prantziskotarren Kantauri'ko erri-barrutikoa, baiña ala ta guziz ere bere izena aipagarri da, euskeraren lantzeari bere senideak baiño eun urte luzez lenagotik ekin baitzion.
Materre'tar Estepan Aita'z ari gaituzu. 1.617'gn. urtean kristau-ikasbide eraspenaz zabalki ziarduen liburutxo bat argitara zun, «euskera ederrean», Larramendi Aitaren gorespenari ba'gagozkio.
Materre Aita, Akitania'ko erri-barrutikoa zen eta berak diñogunez etzan sortzez euskaldun, Lapurdi'ko Sara errian ikasitakoa baizik. Aldi artan, Sara'ko eliz-buru Axular ospatsua zen. Onek, Materre'k baiño urte batzuk geroago (1.643) argitaratu zun, mendiz andiko anaien eskualdetan batez ere, geroaldiko euskal-elertiari oinbeste kutsu erantxi behar zion GERO liburu ospatsua.
Axular'ek berak aztertu zun Materre'ren liburua. Onetxegatik eta Axular eta Materre'ren artean soma ditezken asmo eta mintzo kidetasun batzukatik, bi idazleak artu-eman sakonak zituztela igarri genezaioke. Artu-emanok adiskidetasunari dagozkionak ez-ezik, ikasletzari eta irakaskintzari dagozkionak ere izan bide ziran. Aita Materre gidari ta irakasle oni jarraiki eldu zen noski euskeraz erraz ki, zuzenki ta argi idaztera.
Prantziskotar prantzitarrak diñogunez, euskaldunen artean ikasitako izkuntza, euskaldunen onuraz erabiltzeko zor-ustea omen zun. Orretxegatik, Jaungoikoa'ren itz; aldarrikatzeko eta erraz-erriko misiotan erabilli ondoren lumaren bitartez ere erabilli gogo du.
Itz-aurretik lerro labur batzuk alda ditzagun, beroiek erakusten baidigute xalo-xaloki eta zoragarriro, erlijiño erakusketaren kezkaz gaiñera, gure idazleak zerabillen euskaldun erriaren alde aritzeko leia eta erri onetxi ber izkuntzan irakurtzen eta idazten erakusteko gogoa.
«EUSKALDUNEI. Miretsiko duzue agian nik (Euskalherriko ez naizelarik), euskaraz izkiribatzeko ausartziaren hartzea. Baiña, baldin konsidera ba'dadi, edirenen duzue eztela gauza hunetan ausartziarik eta zer miretsirik; aitzitik, bertzela egin ba'nu miretsi behar zatekeiela eta erran ahantzi zitzaitala neure eginbidea. Zeren Jainkoak niri hitzkuntza onen ikasteko antze aphur bat eman derautanaz geroz, iduritzen zait hoben nukeiala, baldin Euskalherria'n ikasia Euskalherri'ko probetxutan enplegatu ezpa'nu. Eta nola lanak zimendutik behar baitu hasi, eta gure salbamenduko obraren zimendua baita Dotrina Christiana, alatan nik ere, andik asten naizela, artu dut gogo liburutto unen egiteko eta jendartera ateratzeko, unetan (bertze erakuslerik eztenean) ikus dadin laburzki zer ere sinetsi, obratu eta eskatu bear baita; eta gero ikus dadin, alaber, nola behar den Euskara eskiribatu eta irakurtu».
Ezta noski Materre Pirene mendiz aruztik euskal-elertiari lotu zaion prantziskotarren izen bakarra, baiñan, alderdi ontako Euskalerria'z soilki mintzatu beharrean gaituzu. Beraz, Asistar Kantauri'ko erri-barrutia ar dezagun gure ikasgaiaren mugarritzat.
Kantauri'ko Asistar erri-barrutiak laugarren eunaldiari buru emanarren, ain zuzen ere oraintxen ari gaituzu ospatzen eungarren au, etenaldi zenbait izan ditu bere bizi-arian barrena. 1.833'garrengo lekaidetxetik jaurtitzea ilgarri lekioken kolpea izan zen, senide zitzaizkion beste erri barruti batzuei izan zitzaienez. Alabaiña, bere barnegun eta giarrari bearrik Kantauri'koa kemen-berritu zen.
1.859'gn. urtea ezkeroz, erri-barruti zaarraren austerretan oñarri arturik, Kantauri berri baten piztualdia soma dezakegu, izuki eta leunki lenen, eragikor eta urrats sendoz gero.
Ebaitze (2) onek bitan zatitzen du Asistar erri-barrutiaren bizi-aria. Euskal-egilleetaz mintzatzean, lenen atal ontan Kantauri zaarrekoaz jardungo gaituzu soilki. Bijoa au oargarritzat. Begoz beste baterako Kantauri berrikoak.
UBILLOS'TAR YON ANDONI AITA, Amasa-Villabona'ko jatorrikoa zen eta Tolosa'ko Lekaidetxean Teoloji irakasle. Aldiari garraizkiola auxen dugu lenengo egillea.
1.785'gn. urtean Kristau-ikasbide eta Kondaira Santuari buruzko liburu zoragarri bat argitaratu zun Kristau Doktrin berri ekarlea izenarekin. Ona liburu onen oñarri gaia, egilleak berak esaten digunez, izenburuari jarraiki beronen zatiak zeintzuk diran adieraziz. Lendabiziko zatiak dakar Jainkoa'ren lege zarrean eta berrian gertaturiko gauzen berri laburra. Bigarrenak, kristauak jakin eta sinistu bear dituan egien erakustea ta ikasbidea. Esanbearrekoa da liburu au Fleury'ren «Catechisme historique» prantzesezko liburuaren itzulpena dala. Alabaiña, euskera on eta ederrean idatzirik baitago, Azkue'tar Pizkunde Mari; euskaltzain-buru zanak (G.B.) bigarrenez argitaragarri iritzi zun eta alaxe Bilbo'n argitara zizun 1.897'gn. urtean. Ubillos Aitak ontaz gaiñera, zentzu oñarridun Philosophi idazti bat iru liburutan zatiturik idatzi zun latiñez.
Zaartzaroari jarraiki Zarauz'ko Misiolari Ikastetxeko AÑIBARRO'TAR PERU ANDONI AITA datorkigu. Ubillos'en aldean euskaltzale goitua eta euskeraren alde lan asko egiñikoa dugu. Billaro'n (Bizkaia) jaio zen 1.748'gn. urtean eta Zarauz'ko lekaidetxean il 1.830'gn. urteko epaillaren 28'an. Aldi artako lekaidetxeko berriak onela diardute beretzaz
«Añibarro'tar Peru Andoni, Arrati ibar-barrutiari dagokion Arkatza'ko seme zen. Jainko Itzaren aldarrikari eta liburu onen aurrekaldean datozen gorespen eta berrien egille zan. Gurbiltasunez jantzia benetan, mundua iguingarri zitzaion eta San Prantzisko Gure Asistar Aitak ezarritako legea zeatz-meatz bete gogo zun. Bere eginbearrak bete ondoren, bere irakurgai, idazlan, norbere zeregiñak eta lan onak egiteko astia atxematen zekien, nagikeriaren etsai amorratu baitzan.
Amazazpi idazkai dituzu bere lanaren sari: Irakaskintzak, sermoiak, oarrgaiak, deun-bizitzak, ikastetxe ontako oroigarriak, Iñaki Deunaren Gogo-Jardunen euskerazko emanaldia. Ebanjelioak eta beste idazki batzuk ere irauli zitun euskerara. Bere liburutan aipagarrienak: «Esku-liburua» eta Palacios Aitaren «Ramillete de flores espirituales»en itzulpena dira, biak Tolosa'n argitaratuak. Aditzaren erakuntzari buruzko arauak eta beste idazkitxo batzuk ere mamitu zitun. Il artean, zortziretako meza egunero-egunero entzuteko oitura izan zun eta baita ere illuntzero Sakramentu Guztiz Deuna ikertzekoa. Laurogeitabi urtetan il zen eritasun bat egonarriz eraman ondoren. Gure elizan egortzi zuten sakristitik urbil. Etorri yorikoa zen eta esanetan argia. Illea urdindua eukiarren ugaria zun. Etzun eritasunik izan, etenbako eztulaldia izan ezik». (Libro Becerro de Zarauz).
Ez gaituzu Añibarro Aitaren euskal-liburu zerrenda osoaren berri emateko xedetan. Nagusienak aipatuko ditugu soilki bakoitzetik zerbaitxo esanaz:
1) «Esku-liburua ta berean eguneango kristiñau zeregiñak». Tolosa, 1.802. Bizkaieraz txukunki idatzitako otoitz-liburua. Auxen da Añibarro'ren liburutan edatuena eta sarritan argitaratua. Esakera, izkeraren bereiztasun eta iztia ditu edergarri. Alderantziz, joskerari dagokionez ba-ditu aldi artako idazleak erabilli oi zituzten zenbait itxusgarri. Euskaltzaleak liburu onendako izan duten eder-etsipen eta begikotasuna Azkue'ren «Morfologia»k darakuskigu adibidez, etenbage aipatzen baitu eredugarri zaizkigun liburutan.
2) «Lore Sorta Espirituala». Tolosa, 1.803. Liburutxo au Palacios Aitak idatzitako «Ramillete espiritual»en itzulpen da. Agian, itzulpen soilla dalako eztu iñundik aurrekoaren gorespenik merezi. Joskerari dagozkion akats larri ta ugariai epai zorrotza bota die Altube'tar Seber jaunak.
3) «Jesukristo'ren lau Ebanjelioak batera alkarturik».
4) «Kristau dotriña... Naparro'ko euskeran».
5) «Geroko gero», Axular'en liburu ospatsua Bizkai'ko izkelgira aldatua. Lapurdi'ko ereduzko mintzairan idatzitako euskal-literaturaren idazti ospatsu au Bizkai'ko euskerara aldatzeko asmoak, euskeraren bereizkuntza zenbaitetan Añibarro Aitak zuen nausitasun eta garaitasuna adierazten digu. Itzulpen onek etzun argirik ikusi Añibarro Aitaren bizian; Revista Internacional de los Estudios Vascos zeritzaion aldizkarian zatika-zatika argitaratzen ari ziren 1.923'gn. urtea ezkeroz. Idazti osoaren erditsu bat argitaratu zuten orrela. Oraiñaldian, Kortabitarte Aita Jesulaguna liburu batean ateratzeko lanean ari da. Irakurleari bere obraren erakuspide egitean oiu egiten du pozaren pozez: «Irakurle bizkaitarra, ona emen zeure eskuetan eta zeure euskeran Axular'en libru famaduna. Euskaldunen Ciceron'en izenaz izentaturik eta aitaturik ibilli da beti Axular». Beraxeago jakiñeratzen dio irakurleari bera bizkaiera akats gabe ta jatorrean idazten alegindu ba'da ere, an-emenka utsen batzuk egitea elukela arritzekorik, Zarauz'ko Aita Misiolariak mintzaira bereizitako eskualdetan ibiltzen baitira ta nai-eznai, esakera ta bereiztasun oro erasten zaie: ..."Kolejio onetakoak ain laister gabiltzan Bizkaa'n, zein Gipuzkoa'n, Araba'n eta Naparro'ko berba egikune ta izkuntzetan».
Axular'en liburua gogoaren onbideaz gaiñera, euskera literaturaren araura jorratzearren ere idatzia izan zela nabarmen-azten du: «Liburutxo au atera zan, ez bakarrik animen onerako, baita apaindu, azi, gorde-eragin, edertu ta zabaltzeko euskeraa; ta laguntzeko euskaldun ikasle barriari»... Axular'i erasten dion kezka berberak eragiten zion baiki Añibarro'ri ere ta bere baitan euskal-jakintzaren alde leiatzeko gogo berbera nabaitzen zun.
6) «Misionari Euskalduna, kristiñau dotriña ta sermoiak bizkai-errietan irakasten. Aita Fr. Pedro Antonio Añibarro, Zarauzko Kolejio A. San Frantziskoren Ordenako Misionisteak atereak eta predikatuak». Letra me ta garbiz eskuz idatzitako bi liburu bereiziek daramate izen au. Larrutxez, pergaminoz, arduratsu estalkituak dagoz eta oraiñaldian Arantzazu'ko Artxiboan gorderik daude. Noski baiño noskiago, egilleak, argitara zitezen aldatu ta prestatu zitun. Lenengo liburuak bere lenbiziko zatian, Gurutze egitearen, Gure Aita ta Agur Mari'ren azalpen bat dakar. Argitaratu ere, Durango'n argitara zuten zati au 1.897'gn. urtean «Kurutze Santuaren, Aita Gure ta Ave Marien ganeko erakusaldiak» izenarekin.
Argitaratzeke diraun idazkai bikain orren zati auxe bakar-bakarrik argitaratu da orain artean. Enparaua, Jaungoikoa'ren eta Elizaren agindu, Sakramentu ta Kredoaren erakuspen zabal eta xea da. Estalkiaren barren aldetik egilleak oar au utzi zun idatzirik: «Cuando se haya de imprimir esta Obra, se procurará ponerla en libros de Octavo, y con letra gruesa y crecida, para poder llevar en el bolsillo, leer en iglesias de poca luz y acomodar a vistas cansadas. Asi me lo previenen y encargan los Curas Párrocos».
Zabaltasunari eta on-neurriari dagokionez, argitaratzeke dagon Añibarro aitaren liburu au, gai auetaz garai artan atera ziranen gixako derizkiogu. Bartolome karmeldar lekaide bizkaitarraren Ikaskizunak eta Agirre'tar Yon Batista Asteasu'ko erretorearen «Erakusaldiak» liburuaz ari gaituzu.
Irugarrengo lekuan ZABALA'TAR YON MATAI aipatu bearrean gera. Bilbao'n jaio zen 1.777'gn. urtean eta Zarauzko Lekaidetxean il 1.840'garrenean.
Eraspen gaiezko idazlantxo batzuz gaiñera, R.I.E.V.'ek 1.907'gn. urtean argitara eman zun «Fábulas en vizcaino» eta «El herrador vascófilo de Bilbao»ren egille da. Azken au, Zarautz'en 1-2-1.826 aldi neurriz Bizkai'ko euskeraz egiñiko eskutitza da. Julio Urkijo jaunak 1.915'gn. urtean argitaratu zun «Historia o novela? El herrador vascófilo José Pablo Ullibarri» izenarekin. Beste biok ere bereak dituzu: «Muestra de los 206 presentes de indicativo que da al vascuense D. Pablo de Astarloa, extractadas de sus obras», Bilbao 1.922; «Noticia de las Obras vascongadas que han salido a luz después de las que cuenta el P. Larramendi», San Sebastián 1,856. Alabaiña, Zabala Aitari euskaltzaletan izen eta omen eman dion liburu bikain-bikaiña «El verbo regular vascongado del dialecto vizcaino» izan da. Donostia'n irarri zen 1.848'gn. urtean eta Azkue jaunak bere «Morfologia»n nun-naitan aipatzen du.
Zabala Aitaren alegiak «Euskaltzaleak» lagunartearen ederra izan zuten eta alaxe, bazkun onek liburu bereizi batean argitara zitun alegiok Donosti'n 1.934'gn. urtean, «Zabala'tar Matai, Eusko Alegiak» izenarekin. Ariztimuño'tar Joxe'ren itzaurre bat dakar egille ta liburuaren goraberak aipatuz. Bertan dionez, Zabala Aita euskal-literaturako alegilaririk onena da ezpai gabe. (3)
Aurrera ekin baiño len, Azkue jaunak Añibarro ta Zabala Aitai buruz egiten dun gorazarrea jaso nai genuke, bertatik igarri baidezaiokegu euskal-idazleon goi-maillari: «Euren idatzitan ots-aldaki ugarienak erabilli dituztenak bizkaitarrak izan dira... Añibarro ta Zabala prantziskotarrak batez ere, jatorrak, etorri yorikoak eta izkelgi zaar au landu dutenetan irakurgarrienak». (Oñati'ko Eusko-Ikaskuntzaren Batzar Nagusiko edestorria, 1.918, 478'gn. or-ald).
ASTARLOA'TAR PERU A., Bizkai'ko Markiña'n jaio zen 1.751'gn. urtean eta 1.821'gn. urtean Bilbo'n il. «Urteko domeka guztietarako berbaldi ikasbidekoak» liburuaren egille da. Bilbo'n irarri zen 1.816-1.818'gn. urtez.
ETXEBERRIA'TAR JOXE-GURUTZ, Oiartzun'en (Gipuzkoa) jaio zen 1.773'gn. urtean eta 1.853'gn. urtean il. Zarauz'ko ikastetxe'ko misiolari izan zen.
Idatz-gaiak: «Kristau doktriña euskeraz», Tolosa 1.822; «Deboziozko bizitzarako sarrera» (Sales'tar Prantzisko Donearen bizitz jaieratsuaren sarrera), Tolosa 1.821; «Jesus'en Imitazioa» (Kempis), Tolosa 1,829; «Ongi bizitzeko ta ongi iltzeko laguntza», Tolosa, 1.824; «Misioko eta misio ondoreko kantak», Tolosa 1.845.
Kantauri zaarreko semetan beste iru oiek ere aipagarri dira, naiz-ta lekaidetxetik iaurtiak izan desamortizaziño legearen eragitez:
LINATZA'TAR KRISTOBAL A., Lemona'n, (Bizkaia) jaio zen eta 1.866'gn. urtean il. Zarauzko Ikastetxe'ko Misiolari lekaidetxetik jaurti garairaño eta gero Tolosa'ko San Franzisko eleizako kapellau. Otoiketa eta beratziurrenai buruz idazlantxo batzuk idatzirik utzi zitun.
SALAZAR'TAR JUAN JOSE, Zoillo'n (Bizkaia) sortua 1.807'gn. urtean eta 1.882'gn. urtean illa. Lekaidetxetik jaurtia eta Tolosa'ko San Frantzisko elizako kapellau.
«Ama Birjiñaren kongregazioko neskatxentzat eskuliburua»ren egille, Tolosa, 1.865; «Atoz pekataria» elizabesti errikoiaren egille ere da.
UNTZUETA'TAR YON TXOMIN, Abadiño'koa jaiotzez eta 1.861'gn. urtean ilda. Gurenen goraipagarri egindako sermoi batzuen egille duzu. «Urtearen domeka guztietarako berbaldiak», Tolosa, 1.894'gn. urtean.
Orain arte bildutako izen sorta ez duzu noski osoa ta bidezkoa litzake Jaungoikoak bakarrik dakizkien beste izen batzuk emen azaltzea. Esakizunetan ari gerala ezin aaztu-etsi Madariaga'tar Aingeru Aitak idazle ezaukabeari lerro auetan egin oparia:
«Gure Lekaidetxetako liburutegitan makiñatxo bat kuartilla, kuadernu (barbako paper ta guzi), eta eskutitz orri lo datzate. Batzutan txukunki enkuadernaturik, bestetzutan ari gogorrez josirik edo lokarri zakar batez loturik. Batzutan, kaligrafi eredu ditezkean letra bikaiñaz idatzita, baiño baita ere zuzenketaz, lerro bitartekoz eta orri oñeko deiez beteak ere.
«Beroek darabiltziten idazgaiak bereizi-bereinziak dituzu: Buenaventura Gurenaren mistika-gai adimentsuenak eta Escoto'ren metafisika gaiak batetik eta lekaidetxeko egunean berri apal eta ganoragabeak bestetik.
«Eskutidazkien artean ba-dira euskal-aditzari buruzko lanak, euskal-itzai buruzko itxorkun korapillodunak, otoitz eskuliburuak eta kristau ikasbideak. Lan auen on neurria aldiari dagokiona dela esan bear, jakintza bidetatik saiesturik eta buru-berokeri neurrigabez oreturik baitaude. Alabaiña, gure lekaidetxeetan euskeraganako kezkak etengabean iraun dula adierazten digu».
Begi aurrean daukagu Arantzazu'ko Artxibuko erietako eskutidazki bat. Aldi ta egillearen berririk eztugu, barbako paperean txukunki aldatua dago eta larrutxezko estalki sendoz jantzia. «Conjugaciones de la gramática vascongada, según el dialecto guipuzcoano» du izengai. Gipuzkoa'ko aditzaren erakusgai txukundu ta osoa da antza. Zuketa ta itanoa irabiatzen ditu, laguntzalle eraginkor eta eragingetan ez-ezik, berak «irregulares» izendatzen ditun aditz bakunetan ere. 48 orri ditu 148/100 mm. neurrikoak eta bi aldetatik idatzita.
ZARAUZ'KO LEKAIDETXEA. Kantauri zaarraren garaian, Zarauz'ko Misiolari Ikastetxea oraintsu aipatu ditugun euskal-idazlerik geienen sorleku izan zela aitor bearrean gaituzu.
Jaungoikoa'ren itza edatuz erriz-erri ibilli oi ziran Apostolu ta Misiolari sabitegia ez-ezik, Ikastetxe ura, jaiotzetik edoski genun izkuntzaren aldeko lantegi izan zen. Ezaguna da, izan ere, Zarauz'ko Lekaidetxe'ko Artxibuaren otsaundia euskaltzale eta liburu-zaleen artean, eskutidazki asko ta onik gorde baita bertan eta eriotzaren erpetatik salbatu komentuak eskeñitako egoitzari bearrik.
Euskaltzalerik aipagarrienak, Vinson, Azkue, Urkixo t.a. besteren artean, prantziskotarren lekaidetxe artara atejoka urbilduak dituzu eta balio aundiko zerbait arkitzeko usteak etzioten uts egin. Gertakizun bat gogora erakar dezagun.
Julio Urkijo jaunak, Zarauz'ko Lekaidetxean utzi zizkioten eskutidazkiakin l.907'gn. urtean «Obras vascongadas del Doctor labortano Joannes de Etcheberri (1.712)» liburu bikaiña argitara aal izan zun.
Joanes Etxeberri Saratar sendagillea idazle ta idazkizunaren eder-jabe izateaz gaiñera, humanismu jakintzetan ondotxo ikasia zegon, baiño batik-bat euskera biotz-biotzez maite zun. Arrigarri ta erdiragarri benetan, eunki artan, Etxeberri'k 1.712'gn. urtetsuan idatzi baitzun, gure izkuntzari orrenbesteko garrantzi ta balioa aitortzen zion gizon bat idorotzea eta batez ere euskaldun guziak bear luketen beraganako txera, ederrespen eta landuketan ari gogoa idukitzea. Bere liburutan josirik utzi digu zirrara bizi egiterañoko igarkizun auxe. Bere euskera lirain eta dotoreak, lenen mailleko, prosalari eta ederresle sutsu zanez, egille au aukeratzen du euskal-literaturak onartu bear luken gidari ta aintzindaritzat, (4) elburu jakin bati atxikitzeko orron eta noragabe ibiltzeke.
Etxeberrik, bere sendagille lanak Bera'n, Ondarribia'n eta azkenean Azkoiti'n egin zitun. Bere lanaren saria doi-doi irixten zitzaion bere sendi kopurutsuaren mantengarri. Orretxegatik ezin zitzaken bere diruak arriskatu idatzitako liburuak bere lepotik argitara-azitzen. Au dala-ta, Uztaritz'eko Biltzarrera jo zun, argitara zitzan arren egiñaz. Biltzarrak bere eskariari zaputz egin zion. Biltzarra'ren jokabide au mingarri ta arrigarri da bidenabar. Are geiago: Gipuzkoa'ko Aldundiak bere errikoitasuna agertu baitzun garaitsu berean Larramendi'ren liburuak bere kontura argitara-aziz. Euskeraren lantzeari eta euskal-kezkaren sortzeari zenbat onura ez ote zion ekarri argitaratze onek!
Etxeberri gizajoa bere liburuak argitaraturik ikusteke illobiratu zuten. Eztakigu nongo bideetan barna eldu ziran Zarauz'ko komentura ate-joka lapurtar sendagillearen idazkaiak. Aaztutze ta eriotzari yarein ba'zaizkio Julio Urkixo jaunak zorionez arkitu artean, komentu onetxi zor diote. Noiz edo noiz, bi eunki luzetan zai egon ondoren, Etxeberri'ri ere eldu zitzaion bizi garaian urbildu etzitzaion leñu argiko Mecenas.
Guzti au dala-ta, Orixe'k Zarauz'ko gure Lekaidetxeari opa zizkion gorespenok ba-dute ben-benetan zuribide «Zarautz'en ba-dugu komentu bat Euskal-erria'ren eta euskeraren alde lan poliki egin diguna»...
IRITZ-EPAIA.Azterketa sakon bat egin nai ba'geneza, gure aurrekoak euskeraren alde egindako lanaren alegiñak zuzenez ebazteko giñoan, alderdi naikotsu izango lirake noski miatu bearrak.
Zabalki mintzatuz, euskal-ezpain jatorrak biziki darion gunaren eder-gai ta esankizun giartsuak jaso-indarra izan zuten. Alaber, izkelgi bakoitzaren bereizkuntzaz ere oartu ziran. Bearbada uts bat izan zuten; alegia, erria mintzo zen euskalketa orotan beren idazlanak egitea. Euskal-elertiaren batasunera jotzeko ikusmenik etzuten izan beraz, baiño, akats au garai artako idazle guziei egotzi bear zaie. Jokabide onek, euskal literaturaren batasun eta legekizun bidera irixteko ate guziak ixten ditu eta ontara jo bear lukete ain zuzen ere elerti aldeko alegin guziak.
Ez gaituzu orratik izkelgi lantzearen gaitzesle bearraren indarrak bai orduan eta alaber orain erabiltzea eskatu ta eragin egiten baitu. Alabaiña, elerti izkuntzari buruz ari gaituzunean, euskal-bereizkuntzak ainbat idaz-mintzaira edo elerti-mintzaira asmoz eta elburuz sortu-arazitzeak, Babel'ko torre berri batean murgildu-aziko giñuzke eta au kaltegarri litzake noski euskeraren bizigarriarentzat.
Gaiñera, ainbeste izkelgien idazketak oro dute bereizgarri. Idatzitako izkuntzaren azal-jantzi ta oiñarri don ortografian ere ez dira bat etortzen eta au beaztopa garai gaitza da literatura jator eta egizko baten sortzeko. Ororen artean bildutako aberastasun onek erriari neurribako goitasuna lemaioke eta izkuntzak bere lagungarririk bikaiñena luke bizibearrak eragiten dion borrokan. Orretxegatik, Julio Urkixo jaunak onela diño joandako eunkitan euskal literaturaren alde egin diran alegiñai buruz: «Alabaiña, alegin-aldi auetan gure idazleen bakoiztasun nabarmena somatzen dugu. Etziran saiatu edo-ta etzuten jakin bat etortzen izkuntz-pizkundearen aukerabidean». (Riev, t. X (1.919) p. 176).
Oarkizun bat daiteke itz egitsu auen sendogarri; alegia, Euskalerria'n euskeraz idazten asi ziraneko, ots!, Eskualerria'n elerti eragitea loraturik zen eta ba-zuten idazle onik beren artean. Aurrekuok utzitako elerti legeari atxiki bearrean, idazle bakoitzaren izkelgia artu zuten eredutzat eta alaxe, sortu ziran zorigaiztoan itzez bezenbat izkelgi idazketan. (5)
Ausartze aundirik gabe esan diteke Larramendi Aita izan zela literatura zaarrean izkelgi joera au geienbat sutu ta eutsi-azi zuna. Izan ere, etxekoen eta arrotzen aurrean euskera odeietaraño goraipatzearren izkelgien gorazarre egin zun, zuurtasunez aditzera emanik izkelgiotatik euskerari datorkion bikaintasuna. Bereizkuntza onegatik gure izkuntza gaitzesten zutenak berriz ebain-ebain egin zitun.
Zuzenez aitortu bear dugu Euskalerria'ren alderdi ontako euskal-elertiaren egiñalak giputz josulagunari (Larramendi Aitari, alegia) zor zaizkiola, baiñan bai noski ere berari dagozkion makiñatxo bat akats, batez ere bere lanetan agertu zun izkelgi griña auxe.
Egia da, izan ere, Larramendi aurretik Prantzi egaleko Euskalerria'n sortu zen elerti-igikuna etzala erabatekoa. Lapurdi'ko mintzaira oiñarritzat artutako joeraz gaiñera, bai-baitzan bestea Zubero'ko mintzairan naiz-ta lenbizikoa nagusi ta aintzindari izan. Kardaberatz Aitaren aitorrez dakigu Lapurdi'ko liburuok Auñamendiz onuzko Euskalerria'n, Naparroa'n beñepein, ederretsi ta irakurtzen zutenak ba-zirala. Idazleok, bai pentsakeraz eta bai gauzaren ikusmenetan Larramendi Aitaren egalpeko izan ziran, Añibarro Aitaren «Gero»ren itzulpenean (6) ikusi ditekenez. Abo batez esaten baitu: «Aita Larramendi euskaldun guztien maixuak diñonez»...
Aiek ere, sortzea eman zien aldiaren seme izaki... Gaiñera, au gora-bera, bizitz erakuslerik onena dugun Ixtoriak oi bezala eredu ikaskaia ematen digu. Oraiñaldiko Kantauri'ko Prantziskotarrok jaso dezagun beraz, gure aurrekoak utzi ziguten jabegaitasun zoragarria: erritasur gogoa eta gure sorlekuari bereizgarri zaion orotarak( atxikimendua.
Iñoiz edo, Jaungoikoak lagun Kantauri berriaren egiñala agertzen saiatuko gera. Eunki labur ontako bere emaitz loraldia, arestian aipatu dugun zaar aldikoa baiño urriago ez al-da izango! Aldiz aurretik esan dezagun aro berriaren aintzindaritan Uriarte'tar Joxantonio Aita ospatsua agertzen zaigula eta azkenalditan Mitxelena'tar Salbatore elertilari otsaundikoa.
(1) Aita Villasante-Kortabitarte'k «Aranzazu» aldizkaria erderaz idatzitakoa Etxaitar'ek euskerara emana.
(2) Egilleak «coupure» ipintzen du. Euskerazko aldakizunean ordea itxusi egiten du prantzes itz onek (Itzulariaren oarra).
(3) Zaarretan baiki. Alabaiña, Otsobi oraiñaldiko alegilari lapurtarra garaiagoa, apaiñagoa ta irudimenez jantziagoa da ezpai gobe. Aitzol'ek jakin bear luke, garai artan bere «Alegiak» liburuxka zoragarria argitaratua baitzun. (I. O.)
(4) Itz au euskeraz dakar egilleak. (I. O.)
(5) Ez daiteke mintza, ene ustez, ain soilki au bezalako gai orokor batean. Alderdi batetik, gure eskualdeko idazle eliztarrok, esaterako ezpaitzan besterik artean, erlijiñoaren erakustea eta erriari erraz-uler-ereztea zuten lenen elburutzat. Euskal elertiaren lantzea bigarren mailleko jo-mugatzat zeukaten. Nola noi duzu beaz, Mendiburu'k eta Añibarro'k adibidez (gure idazle zaarretan elertibera otsekoak) lapurtar klasikoen eran idaztea, giputz erriarentzat eta batez ere bizkaitarrentzat izkera ori adigaitza ba'da? Oraiñaldian bertan, eskualde berezitako euskaldunen arteko artu-emana askoz sakonagoa delarik, Gipuzkoa'ko erri xeak bizkaieraz eta lapurteraz idaitzitako liburuak zapuztu egiten ditu. Nola beteko zuten bada beren lenen elburua, ots! erlijiñoaren egiak argi ta garbi aditzera ematea, euskal literatura erneberri zalarik? Batasun ori literaturaren arrotasun eta indarrak ekarri oi du. Orretxegatik elerti-batasun ori etzuten bere esku, geroaren esku baizik, euskera biziak eto euskal-elertiak garaitzekotan. Arrezkero, euskal-literatur-lantzeak aurrera aundia egin du, batzuen iritziz goi-muga ere jo digu eder-jantziari dagokionez, naiz-ta gai batzuk erabiltzeko eta idea sakon eta biurri zenbait aditzera emateko oraindik aski landu ezpa'dugu, baiñan ala ta guziz ere batasunetik urrun gabiltza, beronen kezka euskal idazle geienok barruan ba'darabilgu ere. Izan ere, batasun bidean batzuk gipuzkera nai dugu oiñarritzat, besteak lapurtar klasikoa eta beste askok (auetan ikasi gabeak geintsuk) euren errikoa. EUZKO GOGOA, iñoren-gandiko lanak baztertu gabe, gipuzkera osotuaren aintzindari ta ikurrindun jo dezakegu. Bere lanean Jaungoikoa'k lagunduko al dio, ene ustez, eta enaiz norkeriz ari, auxen baita gaur-gaurkoz euskera salbatzeko bide bakarra. (I. O.)
(6) Egilleak emen lausoalditxo bat izan du noski, Añibarro'k «Geroko Gero» itzuli baitzun eta ez «Gero». (I. O.)
|