Azilla-Lotazilla. 11-12' grn zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954'go
Azilla-Lotazilla. 11-12' grn zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Bergili'ren unai-kantak

(Bukolikak)

 

Virgilio

 

euskaratzailea:

Ibinagabeitia'tar Andima

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k lateratik euskeratuak

 

III'gn. Unai-kanta

Menalk eta Dameta'rena

 

— Iarraipena

 

        Menalk'ek. — Artaldekorik ezartzen ez nintzake ausartuko; badut etxean aita bat, badut ere amorde donge bat. Bi-biek, egunero birritan, artaldeak zenbatzen ditute, eta batak edo besteak auntzak ere bai. Baiña zeorrek ere obeagotzat etsiko duzuna ezarriko dut —erokeri bat egin-gogo duzun ezkero—, ots, pagozko goporrak, Alkimedon iainkotiarrak landuak: garaikaldean matsondo malgu-errexez inguratu ditu, or-emenka mordoak untz-txurizkaz estalirik. Erdiunean bi zantzu, Koron, eta... bestea nor ote zan, gizadiarentzat urte-aroak, —uztabiltzailearena ta goldari lepomakurrena, alegia—, bere zotzez marratu zituna? Ez ditut oraindik ezpaiñetara urbildu; gordeta dauzkat.

        Dameta'k. — Neretzat ere, Alkimendon'ek berak bi gopor egin zitun, ontzi-belarriak akantu guriz baranoan besarkaturik; erdiunean Orpheu ezarri zun oianetan ibiltari. Ez dizut oraindik ezpaiñetaratu, gorderik dauzkat. Bigantxa ikus ba'zeneza, ordea, etzenuke goporrik goraipatuko.

        Menalk'ek. — Gaur iñola ere ez zatzakit itzuriko; noranai iarraituko dizut. Ala ere, guk erasiak norbaitek entzun bitza: onatx ain zuzen, Palemon. Gaurgero ez duk iñor zirikatuko akalde orrek, ala ni!         Dameta'k. — Ekiozu, esatekorik balin ba'duzu; ez nauzu luzakor; ez nabil iñoren igesi. Auxe bai, Palemon auzo: arreta aundiz entzuiguzu, auzi kaxkarra ezpaita.

        Palemon'ek. — Emazute: nonbait ere, belar gurian exerita gaude. Garai ontan, soroak oro, zugaitzak oro erdi-miñez daude, oianak ostotzen ari dira; oraintxe urtearorik ederrena. Asi zaite Dameta, eta zu ondoren Menalk. Aldizka esango dituzute. Kamenek, aldizkakoak maite.

        Dameta'k. — Iobe'gandik bedi asiera, Musek! Iobe'k betetzen du oro: ark lurrak lantzen, ari begokio ene abestien ardura ere.

        Menalk'ek. — Ni, ordea, Phebu'k maite nau; ene baitan beti arkituko ditu Phebu'k nai lituken emariak, ereñotz eta iakintu gorri leunak.

        Dameta'k. — Galatee nexka ariñak alakoak, sagar bat iaurti dit eta sarats artera iges egin du ateman dudaneko.

        Menalk'ek. — Neri berriz, oldez datorkit Amin ta nere mingarra; gure zakurrek Delie baiño ezagunago dute dagoneko.

        Dameta'k. — Eskupean dizut emariak ene kutunarentzat; basa-usoek nun kabiak egiten dituten ikus baitue.

        Menalk'ek. — Nik al dudana egin dut: oian-zu gaitzean bildu amar urresagar biali dizkiat aur maiteari; beste batzu igorriko dizkiot biar.

        Dameta'k. — Oi zenbat aldiz eta nola Galate mintzatu zaidan! (Itz eder aietatik) zenbait eraman itzatzu, aize, iainkoen belarrietara!

        Menalk'ek. — Neri zer, Aminta, zure biotzean zuk ni ez arbuitzea, basurdeen atzeti zabiltzan bitartean ni xedebak zaitzen baldin banago?

        Dameta'k. — Philide; Iola igor ezadazu, otoi ene urteguna baita: txekorra nere uztaren ordain lepo-egingo dudanean, zatoz zeori ere.

        Menalk'ek. — Beste ezer baiño maiteago dut Philide; alde egin nuenean negar egin baitzun, mintzo luzatuz esanaz: «Agur, agur, Iola eder».

        Dameta'k. —Kaltegarria otsoa ukulluentzat euri-iasa uzta-zorituentzat, aizea zugaitzentzat eta guretzat Amarili'ren aserrea.

        Menalk'ek. — Goxoa, aldiz, ezoa ereintzentzat gurbiza aume titigetuentzat, sarats biguña ardi erna rientzat, eta neretzat, Aminta soilik.

        Dameta'k. —Maite du Poliu'k gure Muse nai ta basatia izan. Pieridak, zuen irakurlearentzat bigantxa bat larratu ezazute.

        Menalk'ek. — Poliu'k berak ere bertso berria: egiten ditu: adarka dakian eta apatxekin ondarr iñarrosten dun zezena larratu ezazute.

        Dameta'k.— Maite zaitunak, Poliu, zure zori bera iritxi beza: eztia biñotsola eta elorri zakarrak amomu (lore bat) bekarkio.

        Menalk'ek. — Babiu gorroto ez dunak, zure bertsuak maita bitza, Mebiu, eta berberak azeriak uztarpera bitza ta akerrak eratsi.

        Dameta'k. — Loreak eta lurrean erne marrubiak biltzen dituzuten aurrok; alde emendik, suge otza belarrean itzalgaizka baitago.

        Menalk'ek. —Etzaiteztela urrutiegi ioan, ardiak: ez urertzean ongi usterik ukan: ahariari berriz, larru-illea legortzen ari zaio oraindik.

        Dameta'k. — Ibaitik aldera itzatzu, Titir, bazkatzen ari diran auntzak; neonek ikuziko (garbituko) ditut guztiak iturrian, garai ditekenean.

        Menalk'ek.— Mutillak! ardiak bildu itzatzute; sargoriak esnea mozten baldin ba'die, lentsu bezela, meter alperrik eskuekin arrapeak lauzkitu dizkiegu.

        Dameta'k. —Ene! Ene! Zeñen argal dagoen ene zezena sapelar gurian. Maitasuna kaltegarri zaie, erabat, saldoari ta suldoburuari.

        Menalk'ek. — Auek ere, larru ta ezur daude, ez, noski, maitasuna dala-ta. Ez dakit noren begiek nere bildots xamurrak zoratzen dizkidaten.

        Dameta'k. — Esaidazu zein lurraldetan ortzi zabala iru ukaiz baizik ikusten ez dan, eta aundi izango zakit Apol.

        Menalk'ek. — Esaidazu zein eskualdetan loreak errege izenekin ernetzen diran, eta zuretzako soilik Philide izango da.

        Palemon'ek. — Ez dagokit zuen arteko auzi orren aundiak konpontzerik. Zu ta au, edota maitasunaren atsegin-atsekabeak dastatu dezazken edonor, txekorraren gai zerate. Orain, mutillak, eten ezazute zuen iarioa, belardiek aski edan baitute.

 

 

IV'gn. Unai-Kanta

Goratzarrea

 

Laugarren unai-kanta onek Bergili'ren poema-artean ots andiena aritxi zun. Olerki au zala-ta Laktantiu eta Augustin deunak ere Iainkook eragindako poeta gurentzat artu zuten Bergili, Mesia'ren iragarletzat. Aipatu Irakasleei iarraituz erdi-mendean ere Kistoren igarletzat aitortzen zuten poema ontan kontatzen dun misteriozko aurraren iaiotza Belen'en sortu Iainko-aurraren iragarpentzat arturik. Egia esan aur miragarri ori zein zitekean iñork ere ez du oraindik argitu aal izan. Ustekizun ugari ialki ditute ortan ibilli diran ikerlariek, batek ere ez, ordea, egiñik eta ziñik. Beraz, Bergili'k iragarri aur arrigarri ori oraindik lañopean datza. Olerki ontako zenbait neurtitz Isai igarlearenekin ere erkatu ditute. Ortik ikus zer nolako igarle arnasa darion. Izan ere, unai-kanta ontan arnas andiagoz ori da olerkaria; txikiak baztertuta, gurenak, garaiagoak abestu nai ditu. Bizpairu irudietan ezik, poema onek ez du bat ere unai kutsurik. Onatx laburpena: 1-3 n.: Garaiagoak abestu bear dituela diñosku, Kontsularen gai ditezkenak; Kontsul ori Polion duzute. 4-17 n.: Aur bat iaioko da; mende berrien iarraikuna astera dioa, urre-aroaren garaipena dator. Igarle antzo, aur iaio-berriaren arrigarrizko bizitzaren izangoa ematen digu. 18-25 n.: Aurraren leen urratsak aipatzen ditu, giza-izakera ondua, ludi noretua. 26-36 n.: Aurra azten da, gotortzen da. 37-47 n.: Aurra gizondu deitekenean urrearoak oro estaliko du, lan bearrik ere ez diteke. Ikuskizun zoragarri au bi neurtitz gartsuz emaitzen du. 48-49 n.: Igarkizunaren azkenaldia, erri-agintaritzen aroa. 50-59 n.: Olerkaria aurrari ari zaio mundu zabalaren poza ikus dezan, eta bere bizi-aldio bear bezin luze nai luke gizuren andi onen aipamenak eta egiñak abesteko. 60-63 n.: Ats-andiko igarkizun onen ondoren, olerkariak arnasa apaltzen du etxe-gertari xalo batez poema bukatzeko.

 

Sikiliko Musak! garaitxoagoak abestu ditzagun, oroi etzazkie eraberean gogoko zuaiztiak eta millazka apalak. Baldin oianak kantatzen baditugu, oianok kontsularen gai bitez.

        Onatx etorria Kumas'ko igarleak iragarri azken garaia: mendeen iarraikun aundia, oraintxe, bete-betean asten da. Orra or Birgina berriz ere, baita Saturn'en iauraldia ere; gizaldi berri bat zeru gaindegitik ialkitzera doa. Lukine garbi: burni-garaia itzali ta urregaraia mundu guztiari ekarriko dion aur iaio-berriari lagundu ezaziozu, zure Apol (anaia) agintari baita. Zure kontsulgoan ain zuzen, Poliu, deduzko mende onek asiera duke, eta zure agindupean Urte-Nagusiak len-urratsak emango ditu. Gure gaiztakeriaren lorratzek ba'liraute, utsal gertatuko dira, lur gainetik beldur oro beteko erauzteko. Aur onek iainkoen bizitza ukanen du: gizurenak iainkoekin naasita ikusiko ditu, bere burua ere bai, eta lurbira paketua arbasoen gandiko birtutez iaurriko du.

        Eta zuri aurra, lurrak, landu gabe, nun-nai untz-alderraia, bas-akara, kolokasi ta akuntu irritsuz naasita, asikin bezela eskeiñiko dizkitzu. Auntzek ere, oldez, errapeak esnez anpaturik etxera eramango dizkitzute, ta abere-saldoek ez ditezke leoi aundien beldur; zure seaskan bertan oparo erneko dira lore biguñak. Sugea ilko da, buita belar zital maltzurra ere: nun-nai Asiri'ko amoma erneminduko da.

        Gizurenen aipamenak eta zure aitaren egiñak irakur al ditzakezunean, eta azkartasuna zer ote dan ikas dezakezunean, zelaiak, ezarian, galburuz orailduko dira; laparrak mats gorrizkaz beteko eta artelatzak ezti-intza ixuriko dute. Alare maltzurkeri zarraren zenbait zantzu or izango dira, gizonek Tetis itsasontzietan zirika dezaten, uriak ormaz esi ta ildoak lurrean urratu ditzaten. Bañan, autatu gizurenak eramateko, beste Tiphis eta Argu bat izango dira: gudu berriak sortuko dira eta Akileu andia arzara (berriro) Troiara igorria izango da.

        Arrezkero, adin sendoak gizondu zaitukenean, bidariak ere berez itxasoa utziko du, eta itsas-ontziek ez dute salerosketarik egingo: lur orok, orotarik ekarriko du. Soroek ez dute eskuarerik iasango, eztare mastiek igitairik; lugin sendoak uztarpetik zezenak askatuko ditu; kolore aizunez artilleak ez du geio iñor atzipetuko; larrean bertan, aariak, masuztaren gorriazkaz edota orikaiaren oristaz larru-illea aldatuko du; bazkatzen ari bildotsek berez gorrimiñez (sandyx) iantziko dira.

        «Laster egizute alako mendeak!» Parkak beuren ardatzei esan die, alabearraren naikari aldakaitzen ariora.

        Dedu goietara zabiltza, —oraintxe duzu garaia—, iainkoen askazi maitea, Iobe'ren luzapen aundi ori! Ikus itzatzu ganga astunaren azpian mundua koloka, lurrak, itsaso zabala ta ortze sakona; begira nola oro alaitzen diran datorken mendeaz. Nere bizitzako azken-aldia bear beste luzatuko al zait eta arnasik aski izango al dut zure egiñak goraipatzeko. Trazi'ko Orpheu'k ere ez nau bertsogintzan menperatuko, ezta Lin'ek ere, naiz batari bere amak lagundu, besteari aitak, ots, Orpheu'ri Kaliope'k, Lin'i Apolon'ek. Pan berberak, Arkadi lekuko, nerekin deman ariko ba'litz, Pan berberak Arkadi iakile, garaitua dala aitortuko luke.

        Asi zaite, aur ñimiño, irriparrean ama ezagutzen (zure amak, amar illabetez nekerik aski iasan baitu); asi zaite, bai, aur ñimiño. Gurasoen irriparrerik ukan ez duena, iainkoek ez dute maikidetzat onesten, ezta iainkosek ere gela-kidetzat.

 

—Iarraitzeko

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.