Yakintza
Euskal-mitologiaren ikaspiderako
Barandiaran'dar Joxe Mikel
euskaratzailea:
Andima
V. LURREKO NUMENAK. «MARI». Arbasoen arimen inguruan saldoka mitologi-irudi ageri dira, gutxi-asko aiekin zerikusi dutenak; geienak, aiek bezela, lurrari lotuak. Numen ta izenak dira, zerbaiterako tema ta irudigaiak: tema batzu iatorrak, geienak, ordea, mitologi ta kultura arrotzetatik ekarriak, Euskalerriaren edesti-bidea barna aldika girotu ta egokituak. Onatx numen zenbaiten izenak, eginbide ta ezaugarrien arauz sailkatuta:
Sorgin. Belagile, Sorsain. Lamina, Lamiñaku, Lamia, Amilamia. Sindu-Maindi, Maide, Mairi, Intxixu. Ientxu, Ireltxu, Iritxu, Idittu, Iditxu, Iruztargi. Inguma, Gaizkiña, Gaixto, Aideko, Galtzagorri. Basajaun, Basandere, Alarabi, Tartalo, Anchi, Gizotso. Odei, Mikelats, Frakazar, Eate, Ereete. Erensuge. Sugaar, Sugoi, Culebro, Maju. Txaalgorri, Zezengorri, Beigorri (abere irudiko numenak). MARI, Yona-gorri.
Mari'ren izenak. Mitologi-izaki auen ezaugarriak ez daude ondo mugatuak, eta emen izen bati dagozkionak, aratago beste bati dagozkio.
Bada, ordea, numen bat, eginbear eta ezaugarri geienak bereganatu dituna. Beste numen guzien burutzat daukate. Oraingo bere izenetan zarrena MARI dula dirudi. (19) Itz onek andre esan nai du toki batzuetan, beti darama izen-lagun bezela, erri bakoitzaren ustez agertu oi dan leize edo mendiren baten izena.
Basoko Mari-e, Urdiain'en. Aldureko Mari-e. Txindokiko Mari-e, Amezketan. Puyako Maya, Oiartzun'en. Mari Munduko, Ataun'en eta Beraztegin. Mari-e Labako, Izpasterren. Mari Muruko, Elduayen'en. Mari-mur (Mamurr), Leitzan. Marije Kobako, Markiñan. Mariarroka, Olazagutian. Mariurraka, Garay eta Berrizen. Andre Mari Munoko, Oyartzun'en. Andre Mari Muiroko, Arano'n. Muruko Damea, Ataun'en. Aralarko Damea, Amezketan. Putterriko Damea, Arbizun. Illunbetagainako Dama, Lakuntzan. Beraingo Lezeko Dama, Lakuntzan. Aketegiko Damea, Zegaman. Anbotoko Dama, Zarautzen. Amuteko Damie, Azkoitian. Arrobibeltzeko Andra, Azkainen. Anbotoko Señora, Ayan, Aretxabaletan eta Gipuzkoa ta Bizkaiko beste erri askotan. Anbotoko Sorgiña, Durangon. Aketegiko Sorgiña, Zegaman. Arpeko Saindua, Bidarrai eta Naparroa ta Laburdiko erri eskotan. Gaiztoa, Oñatin. Sugaarra, Ataunen. Iona-Gorri, Leskun'en. Dama ta Hechicera, D. Pedro Kondearen «Livro dos Linhagens»en (XV'garren mendean).
Orra, numen onen zenbait izen. Guk ordea, labur MARI, deituko diogu. Orrela deitzen zioten Urkiolako artzaiek Anbotoko mendiaren oiñean dagon Zabalaundi ibarretik mendi artako leze-zulo bat erakusten zigutenean: «ara or Marijen kobia».
Dirudinez, izen onek, noizbait, emakume ere adierazi zun, edo bear bada, erri geienetan ondoan ezartzen dien andre, dama, señora. Itzok erabilli izan ditute, beintzat, numen ori izentatzeko. Ataun'en oraindik ere, maiz darabilzkite urrengo esakerok: or da marie! (ori da izateko andrea!); ez da mari txarra oi! Bear bada, Maria kristau izenetik sortu zan; ala ere, ezin dezakegu baztertu beste nunbaitetik sortu zitekelazkoa. Iakingarria da MAYA ere izentatzen dutela Mari'ren senar Maju'rena gogorazten digu, eta eusko-mitologiko beste numen batzu Mairi, Maide, Maindi, Mairu dirala, azkeneko au, moro erdel izenaren kidekoa bada ere geienetan.
Izen oni darraizkion izen-ondoak, erriak numen ortaz zedukan aburua erakusten digute. Andre Mari izenak, Amabirjiñari ematen zaion izen berbera ain zuzen, argi asko erakusten digu zeiñen andi ta gurentzat zedukaten Mari euskaldunak. Arpeko saindua'rena ere agurgarri ta lotsa andikoa da. Ez, noski, urrengo gaitz-izenak: Gaiztoa, Sorgiña, Hechicera t.a.
Sugaar izena, suge arra alegia, Mari Munduko eta Anbotoko Dama'k adierazten duten egurats-fainomenu berbera izendatzeko darabilte Ataun'en. Antxiña, baliteke Mariren senarra izentatzeko erabiltzea ere, Azkoitiko Maju ta Dimako Sugoi'en zentzu berean. Erensugea'k ere, agian, beste ainbeste adierazten du, Sugaar deritzan egurats-fainomenua azaltzeko darabilten ezkero.
SORGIN deitura ez da arritzeko Mari'ren izenen artean. Ain zuzen, Sorgin bulkoaren sareartean atxikita dabiltza, Europa'ko folkloaren, elezarretako edo antxiñako mituak, XVI'garren mendean Euskalerrian egin azti ta sorgiñen otsandiko auziek erakusten digutenez.
Mari'ren itxurak. Mari emea dala ageri da ipuietan, euskal-mitologiko numenik geienak bezelatsu.
Maiz, andre apain baten itxuran agertzen da Mari, urrezko iauregi bat eskuartean dakarrela, Durango'ko elezarrean bezela. Era berean agertzen zaigu Elosu, Bedoña, Azpeiti, Zegama, Errenteri, Azkain eta Laskun'ekoe ere. Azkeneko erri ontan, gorriz iantzita, ordea.
Amezketan bildu ditugunetan, lau zaldidun gurdi batean eserita doan andre baten itxuran igarotzen da ekaitzaldietan odeiak barna.
Zaldibin sua darion emakume baten itxuran ikusi dute. Bedoñan, berriz, garrez inguraturik eguratsean arat zerua barna ioaten ikusi dute.
Errexillen diotenez, gar-iario dioan emakume baten itxura omen du, noiztanka erratsak naiz kateak tatarrez eramanki; ateratzen dun zarataren arauz, alegia.
Oñati ta Zegama'ko ipuietan, ahari baten gaiñean dabillen andre bat.
Azkoitin, burua illargiz inguraturik zeraman emakume aundi bat bezelakoa ikusi zuten.
Garagartzakoek diotenaz, egaztiak bezelako oiñak ditun emakumea omen.
D. Pedro Kondearen «Livro dos Linhagens»en, berriz, auntzaren oiñak ditu.
Auzan (Baztango mendia) akerraren itxuran agertzen da.
Aranoko ipuietan zaldiarenean.
Oñatin, berriz, bigantxaren irudipean ikusi zuten. Zegamar askotxok belearen itxurapean ikusi zuten Aketegiko leizean.
Orozko'ko siniskizunen ariora, Itziñe-mendiko Supelaur leize aundian bizi omen da, ta antxen agertzen omen dira saldoka Mari ta bere lagunak, sai edo arrranoen irudipean.
Oñatiko beste ipui baten, aurrekeraz emakume antza dun zugaitz baten irudipean agertzen da; beste batean diotenez, alderdi guztietatik garra zerion zuaitz baten itxuran agertu omen zan.
Eskoriatzan, aize-bolaraz ezagutarazten omen da, noiztanka.
Durangoko ipui batek dionez, odei txuri bat bezela agertzen omen da sarri. Orobat diote Izpazterren ere. Ostarkuaren antzean ere ikusi dute noiztanka. Oñati, Segura ta Orozkon suzko bola baten antzean ikusi dute.
Sarri, suzko itai baten itxura artzen du, Ataun, Zegama eta Ganboako Zuatzun darasatenez.
Zaharburuko aitzuloan (Bidarrai) arri biurturik ikusi diteke, giza bizkar baten iduriko, ortxe-antxe. (20) Dana dala, elezarretan artzen ditun itxura guziok gorabera, Mari emakumea da,
Iize-itxurak lurpeko eremuetan artzen ditu Mari'k, geienbat. Baita andik landa ere, lur-azalean eta ortzia alderik-alde igarotzen dunean.
Beraz, lurpekoei dagozkien elezarretan agertzen zaizkigun zezen, ahari, aker, zaldi, suge, sai t.a., abere irudiak, Mari eta bere menpekoen itxurapenak baizik ez dira, erria ren ustez munduko gertari edo fainomenu guzien sortarazle diran lur-numen edo indarrak.
Ipuietan ageri diran elkarren arteko antzaldaketak, ustekizun au sendotzen dute.
Mari'ren egoitza. Mariren egoitza lurpeko eremuetan dago. Eremu auek, ordea, lur-azalarekin bide bereziz elkarturik daude. Aipatu bideak, aitzulo ta leizeetara dioaz. Orregatik, Marik, toki orietan egiten ditu bere agerpenak beste edonun baiño maizago. Marik bere burua argi erakusten dun mendi, aitzulo ta leizeen izenak erriak aipatzen ditu. Ala ikus diteke: Gorbea, Orduñako Aitz, Oiz, Mugarra, Aizkorri, Aralar, Ayako Aitz, eta Ory mendietan: Baltzola, Supelaur, Atxabi, Sarrimendi, Marijen Kobia (Anboto), Gabaro, Kantenzar (Jemein), Otoyo, Damazulo (Ispazter), Bizkaiko artzuluetan; Kapildui, Okina eta Zaldiarangoetan Araban; Garagartza, Kutxeberri, (Eskoriatza), Etxorrotz, Gaiztozulo (Oñati), Aketegi, Sagarzulo (Ataun), Agamunda (Ataun), Ustaatsu (Ataun), Iturriotz (Ataun), Ubei (Ataun), Murumenui, Marizulo (Aralar), Txindoki, Azarizulo (Ametzkoa), Olenoi (Beizama), Otsabio (Lizartza), Leizazulo (Lizartza) Gipuzkoa'ko leizeetan: Odebe (Altsazu), Udabe, Beraingo-leze (Burunda), Mugiro, Akelarre (Zugarramurdi) eta Auza'koetan Naparroan; Arrobibeltz (Azkain), Lezia (Sara), Faardiko Lexarrigibela (Ahuski), Lezenobi, Beli, Azalegi eta Otsibarre (Camu) Laburdi-Zuberokoetan.
Geienen ustez, Mariren egoitza aberaski apaindurik dago, urre ta arri-pitxiz gaiñezka. Aketegi leizeko oeak urrezkoak dirala diote Zegaman.
Zenarrutzako ipui batean diotenez, atxillo ukan zun norbaiti Marik eskubete ikatz eman zion, eta leizetik ateratzekoan urre diztiratsu biurtu zitzaion.
Otxabioko leizean (Lizartza) urrezko txekor bat omen dago eta Zarautzen darasatenez Marik urrezko arilkaian ariltzen omen du. Amezketan ere orrelako zerbait diote, ots, Aralarko Marik urrezko arilkai bat daukala.
Arrobibeltz-leizeko Andrea urrezko alki batean exerita dago eta erri artako elezarrak diñoskunez txekor gorri bat agertzen omen da leize artan.
Bestetara gertatzen da Zarautzko ipui batean. Mari sarri erakusten dan Anbotoko leizean urrezko diruditen gauzak omen daude, kanpora ateratzekoan, ordea, abarustel biurtzen omen dira.
Mañarin diotenez, Mari bizilekuz aldatzen omen da; zazpi urtez egoten omen da Anboton, zazpi Oiz'en eta zazpi Mugarran. Amezketan uste dutenez, Aralar'en egotaldi batzu egiten ditu, beste batzu Aizkorrin eta Murumendin.
Era ortara, erri bakoitzak, inguruetako leizeren baten urrenez urren egoten dala Mari uste dute, andik bere ibillaldi ta lanak egiteko.
Mariren senideak. Euskal mitu aunitzetan Mari munduko numen guzien erregiñatzat artzen dute.
Azkoitiko ipui batetik ageri danez, Marik, Maju deritzan senarra omen du, eta Mariren antzera agertzen omen da. Numen biok elkartzen diranean izugarrizko euri-iasak eta kazkabarrak egiten omen duti. Baliteke Maju ta Goierriko Sugaar bat izatea. Bakan baizik ez da ageri euskomitologian. Zumaiako erri ipuiak dionez, ostiral oro, arratsaldeko ordubietan Mari ikustera ioaten omen da.
Lope Garcia de Salazar'ek bere «Cronica de siete casas de Vizcaya y Castilla» (1454) liburuan aipatzen dun «Culebro» XV'garren mendeko txerrena, gaurko Sugaar bera da nonbait: «Mundakan bizi zan errege-alaba batekin batu omen zan, eta Bizkaiko lenengo Jaun izango zan aur bat erdi omen zun». Izan ere, aipatu liburuan Lope Garcia de Salazar'ek dionez, Eskozi'ko errege baten alaba bere mirabeekin Mundakara iritxi zan «eta bertan kokatu omen ziran eta an zegola Bizkaian Sugaar (Culebro) zeritzan txerren batekin (etxeko jauna berau) ametsetan lo-egin omen zun: izorratu zun onek, eta errege alaba aurdun gertatu zan eta seme bat egin omen zun gizon eder eta lazo (soin-itxura) onekoa izango zana, eta Iaun Zuria deitu zioten, erderaz Don Blanco»...
Sugoi. Baltzola-leizeko (Dima) Sugaar'en izena da. Au ere Bizkaiko Jaunen iatorriaren elezarrari atxikita dabil. Ataun, Ordizia, Arano ta beste zenbait errietako ipuietan diotenez, kristau gazte bat Marikin maitemindu omen zan eta ezkondu. Zazpi seme ukan zituten. Semeok etzituten batiatu, Mari Kristau ez baitzan. Bein batez, Senarrak, elizara eraman nai izan zun Mari semeekin batera. Orduan (Mari), garrez inguraturik Murumendiko aitzetara egaldatu zan, au zion bitartean: «ne umeak zerurako, ta ni oaiñ Mururako», eta mendi artan dagoen aitzulotik bere antxiñako egoitzan sartu omen zan.
Erri-ele au, XVI garren mendearen asieran Don Pedro de Barcellos Kondeak bere «Livro dos Linhagens»en Bizkaiko Iaunen iatorriaz bildu zunaren aldaketa da. D. Diego Lope de Haro'tzaz ari dala, urrengo au dio: «D. Diego Lope de Haro eiztari trebea zan; bein batean, baxurdea noiz etorriko zai zegolarik, aitz baten gaiñean zegon andre baten abestia entzun zun oso argi: arenganatu-ta, guztiz ederra zala eta txit ondo iantzita zegola ikusi zun, eta bertan isituki maitemindu zan, eta nor ote zan galdetu zion; eta arek andiki arteko emakumea zala esan zion: Lopek aldiz, andiki arteko zan ezkero eta bera ere lur aietako laun, elkarrekin ezkondu zitezkeala esan zion, andreak ala nai ba'zun: eta emakumeak baietz, balin iñoiz ere «aitaren» ez zula egingo, itz ematen ba'zion; itz-eman zion eta elkarrekin ioan ziran. Andre au guztiz ederra zan eta gorputzez ondo egiña, auntzarena lakoxe oin bat zeukan, ordea. Luzaro elkarrekin bizi ziran, eta bi semealaba ukan zituten, semea Iñigo Guerra». Eta D. Pedro kondeak urrengo au geitzen du. Egun batez D. Diego'k emazte ta seme-alabekin iaten ari zala, ustegabean «aitaren» egin zun eta emazteak, bat-batean «iauregiko leiotik alaba artuta iauzi egin eta mendietara ioan zan; arrezkero iñork ere ez ditu ikusi, ez ama ta ez alaba». (21)
Badira Mariren bi alaba aipatzen dituten elezarrak; beste batzu egoitzan lagun egiten dionaz ari dira, eta azkenik, bi seme ere izentatzen ditute: Atarrabi eta Mikelats, bata ona eta beste au gaiztoa.
Erri irudimenean Mari ez zaigu aurkezten numen edo iainkoki bakar bat bailitzan, numen-aizpa batzu bailiran baizik. Markiñan, Kanterzarko koban agertzen dan Marije Kobako, Anbotokoaren aizpa dala diote, eta noizik bein elkar ikusten ere dutela.
Tokien arauz irudiak ere ugaritzeko erri-ioera ezaguna da, Andre Mariren deituratatik ageri danez. Erri-ele batzuek Arantzazuko, Lierniako ta Antiguako Amabirjiña (Zumarraga), aizpak bailiran aurkezten dizkigute eta ez Amabirjiña bakarraren agerpenak bezela. Esakera da: «zazpi aizpatxo dira euskaldun Birjiñak». (22)
Aipatu elezar eta siniskizunetatik eratzi ditekenez, Mari ta alegiazko bere senar Maju edo Sugaar, arbaso ere badira, Bizkaiko Iaunenak diran ezkero.
Mariren atxillo. Marik bere menpean dituen zenbatu ezin-ala numenez gaiñera, neska atxillotu bat agertzen da aren egoitzan. Ipui batek Irabi (Amezketa) basetxeko alaba dala dio: beste batzuetan, ordea, Iturriotz (Mutiloa), Zumaia, Zegama, Orozko, Palasio (Abadiano), Bixiñaga (Aramaio) erri edo basetxeetako alaba dala diote.
Neska atxillotua ere, Mari deritza. Etxekandrearen eta atxillotuaren izenkidetasunetik nunbait, bi nor orien egitekoen naspilketa sortu da, batari zegozkion egiñak besteari egotziz. Bein baiño sarriago neonek ere, bi oien egiñak naasi nitun, «Mari o el genio de las montañas» deritzan lantxoan batez ere. «Homenaje a D. Carmelo Echegaray» liburuan argitaratua. Baiña bakoitzaren mituak, obo berezietan mugaturik dabiltza, eta ez da komeni naasterik. Elezar batzuetan txit garbi berezirik ageri dira bi nor auek eta bakoitzari dagozkion mituak.
Batzuetan, Mari atxillo, lurpeko eremuetara daramate beraren amak egin promes edo aginduen bat betetzeko. Sarri-auzoko (Berriz) emakume batek Mariburrikari alaba emateko promes egin omen zun, eta agindua betetzearren, numenaren leize-urbillean dagoen Sarrimendi larrera bialdu zun beiak bazkatzen. Orduan ark, neskatxari eldu ta bere egoitzara eraman zun.
Beste batzuetan, amak egin birao edo madarikua dala-ta, atxillotzen dute. Amezketako Irabi basetxeko neska bat zan. Bein batean bigantxa gorri bat paltatu zitzaion. Amak Mariri esan zion billatzeko, baña Marik etzun nai izan. Orduan amak biraokatu zun esanaz: «Galtzagorrik eramango al au, ekartzen ezpadun». Eta neska, billa atera zan. Bei gorri bat agertu zitzaion landan. Berea zala uste izan zun Marik, eta arengana urbildurik isatzetik eldu zion. Txerrena zan bei itxurazko ark, lasterka bizian Larrunarrin (Aralar) dagoen Txindokiko leizera eraman zun Mari.
Zegamako basetxe batean orduak eta orduak ematen zitun neska batek illeak orrazten, eta aserre bizitan iartzen zun ama. Egun batez amak, biraokatu zun esanaz: «milla tximistak eamango al aute!». Eta bat batean alaba suntsitu zan. Aizkorriko leize-zulo baten ondoan zegoen artzai bati giza ezurruts baten itxuran agertu zitzaion, amak iaurti zion biraoagatik atxillotuta zegola esan zion. Mutiloan ere orobat diote. Artzai batek ikusi omen zun argi-erlantza bezala leizean sartzen. Aipatu neskatxa zan.
Ipui batzuetan ez da ageri ez biraoarenik ezta promesarenik ere. Mari leizera urbiltzen zaion neskaz iabetzen da. Anbotoko Marijek, Markiña ondoan dagoen Gabaroko leizera eraman zun artzai-neska bat. Luzero iraun zun leizern ardasketan. Guziz ondo azi zun eta azkenean, urre zati hat emanda, etxera bialdu zun.
Bidarraiko neska bat Euskai (23) mendin artaldea bazkatzen zegon. Egun batez, etzan geiago agertu. Gau batez ordea, argi-erlantz bat agertu zan eguratsean, izar bat bezelakoa, Zelharburu aitzetara zoana, eta ango leize batean sartu zan. Artzai-neska, leize-barnean arkitu zuten auzoek arri biurturik. Arrezkero Arpeko Saindua deitzen die.
Mariren ezaugarri ta arazoak. Zegaman diotenez, maiz agertzen omen da Mari leizeko sukaldean, sutondoan eserita, illeak orrazten. Oñatin ardasketan ikusi dute. Beste askok leize-aoaren ondoan eserita, eguzkitan illeak orrazten. Goiatzen diotenez Mari Muruko bere egoitzaren sarrera aldamenean, eguski danean, arilketan egoten omen da, baita zeruan ekaitz-odei beltzak diranean ere. Ganboako Zuatzun berriz, urrezko ariz aipillak egiten omen ditu ari-mataza ahari baten adar-artean iarrita, Anbotoko leizean. Aketegin asteazkenetan gobara egiten dula eta ostiraletan ogia erre. Leizearen urbillean agertzen odeitxo batek iragartzen ditu Mariren zeregin auek. Ispazterkoek, Otoyon odeiren bat ikusten dutenean «Marik labea piztu du» esaten dute.
Oñati ta Aretxabaletan darasatenez, Mari Anboto-mendin dagonean euri-iasak egiten omen ditu, Aloñan dagonean berriz, legortea. Orozkon, aldiz, Supelaur'en dagonean uzta ugaria biltzen dala.
Mari ekaitz-gille. Oyartzuarrak diotenez, Trinidademendin eta Aralar'en sortzen omen ditu. Zegaman eta Goierriko errietan, Aketegi edo Murumenditik bialtzen omen ditu ekaitzak. Aranon Mugiroko artzulotik bialtzen ditula diote; orduan Mari, zaldi baten itxuran, aidean ibiltzen omen da. Añdureko Marik Aralarko leize batetik ekaitzak ateratzen ditula uste dute Gorritikoek. Leizan, berriz, Maimurren-zubitik aize-zurrumilloak Maimurek sortzen ditula uste dute. Araban Oikinako lezetik aize ta ekaitzak ateratzen ditula diñoe. Errioxan Urbiongo putzutik datozela esan oi dute. Leskun aldean, berriz, Anie muturreko Andrea dan Iona-Gorri'k bere egoitzatik bialtzen ditula. Tolosan, zalpurdi batean iarrita, ekaitzaldietan eguratsa zear pasatzen omen da Mari, eta odeiak ere berak zuzentzen omen ditu. Marik bere burua erakustea aski, ekaitz aundi bat izateko.
Marik, berarengan sinisten dutenak saritzen ditu. Eskoriatzako Aitztxorrotz'tik igaro bear zuten bidari batzu, bat batean, bidearen azkenean arkitu omen ziran. Uste osoa Mari'gan iarri zutelako noski.
Marik, deitzen dietenei, erantzuten die. Iru bidar iarraituan «Aketegiko Damea» ots egin ezkero, oiu dagionaren burugainean kokatzen omen da, Zegamako ustez.
Zenbait bearkizunetan Mariren gana ioaten ziran galdezka, eta aren erantzunak egizko ta onurakorrak gertatzen omen ziran. Ola etzebilkiola-ta, Iraetako olagizona Marigana ioan zan. Marik esan zion nola konpondu zezakean, eta olagizonak laster ipiñi zun ola lanean. Onelako zerbait Zubillagako olan ere gertatu zan eta Anbotoko Mariri eskerrak lanean iarri al izan zun.
XIV garren mendean ere Mariren gana ioten zuten aipatu «Livro dos Linhagens»en ageri danetik. Orra an irakur ditekena: «Luzarogabe, aipatu D. Diego Lopez, mauruei kalte egitera ioan zan: atxillo arrapatu zuten eta Toledo'ra eraman. Naigabe aundia ematen zion Iñigo Gerra bere semeari, aitaren atxillo bear onek, eta lurralde aietakoengana etorri zan, aita nola leozpetik atera iakitera. Etzekitela nola, erantzun zioten angoek; mendira ioan zedila eta amari (Lope'ren misteriozko emaztea, Mendiko Andre hura) aolkua galde zezaiola. Zaldi gaiñean ioan zan, eta arkaitz baten gallurrean arkitu zun ama, eta ark semeari: «Iñigo Gerra nere semea, urbildu akit, ondo dakit bada, zertara zatozen». Urbildu zitzaion eta amak: «Aita nola leozpetik atera galdetzera zatoz». Orduan, mendian barna iarei zebillen zaldi bati «Nabar» (Pardal) otsegin zion eta aoko bat ezarri. Zaldiari indarrik bat ere ez egiteko esan zion semeari, ez zelatzerakoan, ez askatzerakoan, ezta iat-ematen ematean ere, ez perratzerakoan. Zaldi onek bizi guzian iraungo ziolakoa ere esan zion eta iñoiz ere ez zala burrukan sartuko garai ateratzeke; zaldi gaiñean iartzeko eta egun berean Toledon izango zala aitaren baitegiko atetan: an zalditik ieisteko, eta korta batean arkituko zun aitari eskutik eldu, eta arekin izketan ari bailitzan, zaldia zegoen ateraño eramateko; zaldi gaiñean biak iarri zitezela eta beren lurraldean izango zirala gautu baiño len. Eta ala gertatu zan».
Izadi almenen gaiñetiko Toledotik Bizkairañoko D. Diego'ren toki-aldaketa Mariren zaldiaren bitartez, Dimako elezar batean lekuturik arkitzen dugu egun: mauruen garaian, Baltzola'ko koban bizi zan Sugoi'ek Iturribeitia basetxeko gudari bat Dimara ekarri omen zun.
Mariren iaurespidea. Mariri urtero emarien bat egiten dionak, ez omen du bere soroen gaiñean arri edo kazkabarrik erortzen ikusiko, Kortezubin diotenez. Egin zezaioken emaitzik ederrena, aker bat leize-zulora eramatea omen zan. Elezar askotan ageri danez, aipatu aberea atsegiñenik omen zitzaion Mari-ri.
Ayako ipui baten edasten dizkigute Anbotoko Mariren leizera artzaiek egiten zuten ibildeun baten gertariak, ez arri ez ekaitzik artaldeetara eror ez zekien.
Beste elezar baten ariora, Mugirotarrek, Maiatzaren Vgarrenean, erritik urbillean dagoen Mariren artzulora ioaten omen ziran, eta apaizak leize-sarreran meza ematen zun. Ez ori bakarrik: meza-garaian Mari arpean arkitzen balin bazan, urrengo urtebetean ez omen zan arririk (kaxkabarrik) lurralde artan erortzen.
Isasondoko apaiza zazpiurtero igoten omen zan Murumendira, Mari agertzen dan leizearen atarian meza ematera.
Arpeko Saindu'ra (Bidarray), urtero, erromeri bat egiten dute Trinitatez. Beteri naiz azaleriren bat daukatenak otoi egiten diote an iauresten dan artzai-neska arrituari, eta estalagmitazko irudi aren gainetik erortzen dan urez sendatzen omen dira. Done dalazko irudi aren aitzinean erretzeko, iauresleak argizaria eskeintzen dute eta leizean bertan uzten ditute diru ta gurutzak ere, aipatu irudiaren opaz.
Kristautasuna baiño len ere, oso zabaldurik zegoen leizetan dirua uzteko oitura, toki artan bizi uste zuten numenaren opaz. Euskalerrian, Isturitz eta Santimamiñeko leizeetan erromatarren diruak arkitu dituzte. Beraz, Zelharburuko leizean egun iauresleak egiten dutena, ientilaroko oituraren aztarna besterik ez da.
Gure erriko beste tokietan ere, orrelako zerbait egiten dute, ez, orrea, leizeetan, eguzki argitan baizik. Aralar'en, artzairen batek ardirik edo galtzen dunean, Dirua eskeintzen dio Mikel Deunari eta Iltaratza zelaiko Amabirjiñaren-arria deritzan arkaitzaren gaiñean lagatzen du. (25) Bizkaiko Iaunek, XIV'garren mendean, Busturiko arkaitz batean bei-altzarrak uzten zituten euren aurretiko Mariren opaz. Ala dio beintzat D. Pedro Barcellos Kondeak gorago aipatu liburuan: «Bizkaian zioñen eta oraindik diñoe, Iñigo Gerra'ren ama dala Bizkaiko sorgin eta aztia. Bizkaiko launak Busturi deritzan errian arkitzen diranean, etxean iltzen dituten bei guzian altzarrak opariz eskeintzen dizkie, arkaitz baten gaiñean egunero utziz; biamonean ez dute ezertxo ere arkitzen. Orrela egingo ez balute, kalteren bat ukanen omen lukete, egunez edo gauez, eskutariren baten gan edo naigabetuko lituken zerbaiten gan. Bizkaiko Iaunek orrela egin zuten beti, Iban Otxolua (el tuerto) zeritzan Iauna il arte; baten batzuk, oitura ori baztertu nai izan zuten, bañan gaizki billakatu ziran».
Marirekin nola ari bear dan. Marirengana zerbait galdetzeko edo ikustera soilik, dioanak, urrengo zerok bete bear ditu:
1.Iketaz mintzatu bear zaio.
2.Sartu dan bezelaxe lezetik irten bear du, ots, barnera begira sartu bada, barnera begira irten bear du bizkarka ibiliz. Baldinkizun au illen baten arima agertzen zaionak bete bear dunaren antzekoa da; ark ere arimaren bekoz-beko bear du.
3.Mariren egoitzan egon bitartean, ez eseri.
Mariren aginduak. Numen onek, gezurra, lapurreta, arrokeria, antukeria, eman-itza iatea, urkoei lotsa-zaltzea eta ekkarri ez laguntzea gaitzesten ditu. Oietako batean uts-egingo lukena, utsaren gai berean zigortua ere litzake, gezurgaian gezurtia, arrokerigaian arroa. Esana da, Marik bere aletegiak «ezagaz eta baiagaz» betetzen ditula, ots, dana ukatu ta eztana baiesten dutenen itzekaz. Artzai bat artaldeak zaitzen zebillen Murumendin. Alako batean, egarri izan zan eta iturri billa asi zan mendia barna. Leize-ao batera urbildu zan eta bertan, neskatilla oso apain iantzita ikusi zun. Neskak galdetu zion: Zeren billa zabiltza gizona? Egarria asetzeko ur billa nabil. Ura? Sagardoa ez ote? Bat batean, neskatillak, pitxar eder bete sagardo aurkeztu zion eta edateko eman. Dastatu zuneko artzaiak esan zion: Ederra sagardoa. Nungo sagarrekin egiña dago? Montes Ikaztegieta iaunaren ezak eman sagarrekin erantzun zion leizeko neskatillak sagar aiek zirana ukatu zulazkoa adieraziz. Ona atsotitz batek diona: Ezai emana, ezak eraman. Ezai eman, egiaren edo elkarrekiko betebearren aurka uts egitea da geientsuenik.
Mariren egoitza ukatu-eziña da. Mariren arpean deitu gabe sartuko edo ango zerbaitez bidegabe iabetuko litzakenak zigorra duke laster buru gaiñean. Anbotoko leizearen ondoan zegon urrezko txanbil bat ostu omen zun mutil batek, gau artan bertan eraman zuten eta betiko suntsitu zan. Eiztari batzuk arriak iaurti zituten Oñatiko Gaiztozulon: andik ialki aize-bolara ta odei batek, bat batean lurrera bota zitun. Otzibarreko arpean, emakume batek, urrezko orrazia lapuctu omen zun: gau artantxe soroa arriz iosita agertu zitzaion.
Zigorrak eta aharoak. Marik, sarri zigortzen ditu utsegiñak, gaizkilleei barne-kezkak bialduz. Baita gaizkilleen zerbaitetzaz iabeturik ere. Artzaiak balin badira, ahariren bat kentzen die.
Marik errien gaiñera igortzen dun zigorrik sonatuena iñetasia da. Berberak edo bere seme Mikelats'ek ekaitzak lurpetik iraizten ditu, eta berberak edo bere menpekoek, ibarrik ibar, mendirik mendi eramaten ditute.
Elezarrek diotenez, leize-zulo batzuen aoan mezak atera ta aharoak egiten omen zituten antxiña arri-erauntsiak eta beste kalteak alderatzeko.
Ekaitza, eragotzi ezin baldin bada, alderatu diteke beñipeiñ, azti aieru (imintzio) ta errezuz. Ipiñazarko (Zeanuri) gizon batek, ekaitza urbiltzen ikusten zunean, ezkerreko eskua uztai-bedarrez (Rumex crisus) inguratzen zun eta eskubiarekin nundik ioan bear zun ekaitzari erakusten zion. Ziñoenez, orrela iristen omen zun auzo artatik arri-erauntziak beti baztertzea.
Azti-indarren iabe dirala uste dute zenbaitek eta ekaitz-numenei (Mari ta aren menpeko Odei ta Eate'ri) esakun oitu batzu zuzentzen dizkie arri-erauntsia nun iaso edo nun iaurti bear duten esanaz.
Tximista eta oñazkarra Mariri dagozkio edota aren bidaliei. Etxean tximistarik erori ez dedin, ezkaratzean aizkora bat ezarri oi dute zorbatza gora begira duela, Ekaitz-numenak iaurtitako arri leundu bat (neolitosko aizkora) dala uste dute tximista. Gernika aldean tximistari oñeztarri deitzen diote, oñeztu-arri. Neolitos garaiko arri edo aizkora ori, tximistaren ikurtzat daukate, etxea tximistatik eta aren kalteetatik zaitzeko. Arrizko aizkor ia ez-ezaguna baita, galtzairuzko aizkora erabiltzen dute tximistaren aurka.
Mariren sinbola edo ikurra igitaia (sega) da. Iakiña da, suzko igitai baten iduriz ortzea igarotzen dula Marik zenbait elezarrek diotenez. Orregatik lantailu au ere, tximistatik babesteko erabilli oi dute, eta ekaitzaldietan ataurrean, makil baten puntan ezarrita, etxean tximistarik erori ez dedin ipintzen dute.
Mariren inguruan esan ditugenetatik argi ikus diteke numen au beste guztien erdi-leku ta mitu geienen io-muga ere dala. Ala ere aren zenbait ezaugarri ta aribideei begiratuki (lur-numenen eta indarren gain daukan jabetasuna, baita lurpeko gertari edo fainomenuekin bat egiñik dagolako ere), lurraren ikur (sinbola), agian lurraren nortasuna dala esan dezakegu.
Iarraitzeko
(19) J. M. de Barandiaran «Mari o el genio de las Montañas» (Homenaje a D. Carmelo Echegaray deritzan liburuan Donostia 1923).
(20) Ibidem.
(21) J. M. de Barandiaran, Die praehistorischen Höhlen in der baskischen Mythologie («Paideuma»n, II idazt. 1-2 zenb., Leipzig, 1941).
(22) E. F., LXXIII z. 1-2 orri.
(23) Iuskai eta Iuskadi ere baderitza.
(24) E. F., 2'grn. sailla (Ikuska'n).
(25) E. F., XXXI z.
|