Yakintza
Platon eta Eraklito
Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin
Bururik ez ta txapela nai, ari omen naiz urliaren iritziz, to bururik eztuenak txapel bearrik ez omen. Euskeraren etorkizuna dala-ta, burua galdurik dizut nunbait. Baliteke. Arrezkero, buru-bagea beti leen-lerroan, buruduna beti azkenean, gure erritarrek diotenez. Oraingo euskal-idazleok euskera zernaitarako egokierazi nai dizugu. Naiz ta gai sakonenak izan euskera garbiz irauli nai genituke. Ez dugu egon nai ortzak izerdi ta esteak igari. Urliak auxe ziraustan: bertan bera utzi ezaiozu gai zaillak euskeraz irauli nai izateari neurdin gauza garbirik ez duzu egingo. Aragia gazitu ez danean usteltzen dan bezela, bereonelaxe gure idazle aunitz otzitu, nagitu, nasaitu, ta maskartu egin dira aldiotan. Baitik bat gai berri ta zaillak euskeraz emateko. Ez da arritzekoa, aldizkariak oro tutorretik iñausi baitizkigute damurik. Gure euskaltzaletasunaren enborra usteldu ez dedin, nonbait, edota izerdiak gora egin dezan, emen dugu maskal-adar bat sendorik eta garabetean, gure aldizkaria, alegia. Ostoz ta liliz kunkuin bedi, igali ederrak ekarri ditzan: ez al dira berandu-markolak eta arberak izango, irunako eta ibarbeltzak baizik. Gure lurren zabala malkartsua da, noski, auzokoena, berriz, zelai-zelaia. Alare, idaztortzak alper eta geldi egonaz ez ditezela galdu ta erdoitu. Zertan ari ditugu aspaldiko Lekuona, «Amilgain», Larrakoetxea, Erkiaga, Manterola, «Ereño», Tapia-Peruarena, «Otxolua», «Abaraska», «Zaizuri» ta abar? Oien amaikatxo idazlan sakon eta eder irakurriak ditugu bearrik. Loak arturik al dauntza? Alakorik ezin siñetsi. Oien lan ederrak atsegiñez argitaraziko genituke noski baiño noskiago. Besterik ezean, or dioakizue lan gordin au, gai berriak irauli nairik. Berez gai zarra izanik berriaren axkurea ta kilika nabaituko duzu, euskeraz irakurtzean. Idazle ikasiok begi argiz onetsiko al dute. Biotzez eskeintzen diet.
Iakintzaren alorrean ez duzu atematen aldaketa zakarrik, ez eta bizidunen artean ere: aspaldidanik esana duzu, «natura nihil facit per saltum», ots, naturak ez dizu ezer egiten iauzika, eta iakintzaren edestian ez duzu erabateko asierarik. Eguzkitan erreriko ogirik ez dugu iaten. Arean, bulko edo asmo ezein baten asiera zedarritu al izan arren, gizon iakintsuenek irakatsiaren aldez aurre erein zan goiz-azia azaleratuko dizute, baldinbait ere.
Gure gogoaren azterrenik xeenak aldiaren eta giroaren bearra du burutua izateko. Ezaguera utsaren asi-masiak berak neke andia oi dakar; aldi ta neke arego bear ditu iakintza garaiak. Belar askok bear asko.
Iakintza ez zan bat batean sortu Elade ederrean ere, esaterako. Alde aurrez ditugu ango olerkiak: orietan arkitzen dugu iakintzaren goiz-azia.
Eraklit'ek argi ta garbi esan zigun panta rei, dana ixurka ioan doa. Asmo onek berriaren berriz beraren aldikoak erabat zotukatu zitun. Biotzondoko aundia egin zien. Zer dala-ta izan genun garaille Eraklit? Asmo berriaren erroek garai artako giza-gogoetan lur apatz eta gizena arkitu zutelako, nik uste.
Iakintzaren erabateko asmatzalle Platon izan zala uste-iduri dute ainitzek. Egia esan: iñolako indar berria erauntsi zion iakintzari eta guzion begi-betegarri azaltzen zaigu aren iakintzaren alor zabal eta zoragarria: liliz ta arnari umoz okiturik, alegia. Iakintzaren alorra zabalagotu eta ildo berriak urratu zizkizun. Ori ezin ukatu. Aren aldean aurretikoen alegiñak utsaren urren zenitun. Platon kementsuago, bizkorrago ta liluragarriago zaigu, noski. Giza-gogoaren argi-urratzean, eguzkia bezin aundi ta eder agertzen zaigu Platon. Alare, egiari berea zor diogu. Platon alorreratu zanean, eleketa luze ta lipizta gogaikarriz aunaturik zeutzan gizon ikasi guzitsuek: atergabeko kalaka gogorrez eltzagorturik zeuden. Amaika targo elkarren aurka iardunak ziran orduko; leikide bakoitzak bere uzia zizun. Izkera bera ur-ardoturik zegon eta adimenaren bideak oro urraturik ageri ziran. Arnas artzen zuten atsa bera ke-kio urriñez lorrindurik zegon; ondalan-zarpillez ondaturik, arean.
Adibidez, «Timeu» deritzan elkar-izketan bertan ludiaren asierarengaz ari danean, ustekizun berriaren asmatzalle zurrian ez du bere burua andi egiten: azalkizun berriaren asmatzalle baiño areago azalkizun zarrak iaulkitzen ari dala ematen du: bata ta bestea bereizteko enuxu-banuxu dabil eta ara ta ona zealdoka iardun ondoren, iritzi zarrak aztertu, txonpelaka aztatu, ta gero, egokien deritzana aukeratzen dizu. Bertan ludiarekiko asmo zarren bilduma-edo arki bide dezakegu.
Era bertan, «Parmenide» elkar-izketa irakurri duzuneko, Platon'en gogo argian iakintzarekiko arloak oro erabakirik zitula uste izango duzu noski baiño noskiago, eta metapisike auzi guziak aren batean kabi egin zutela deritzakezu. Alare, egia esan, Iakintza bilbe orren ari zear eta zutak ikusten badituzu, iakintsu zar eta egonarritsuen aztarnak arkituko dituzu, iñola ere.
Iakintzaren iauregi zarra lur-iota zetzan; ango arri landuz, ordea, iauregi ederragoa sortuko du Platon'ek gure gogoen betegarri. Zarren gala beretzakotu zun zor eta lor oien aztarnak non-nai ageri dira. Ez, ordea, iauregi zarretako arri landuak arri berrien artean sakabanaturik bezela edo, bere iauregi ikusgarria eraikitzeko darabiltzin arrietatik gora lengo biziaren aztarnak erne izango bailiran baizik.
Erro sakon, mamitsu ta tinkoak ditute aurreragokoen ustekizunetan Platon'en irakaskizunek. Sokarte duzu beraren irakasle urrena: berau bizi bizirik duzu orrialde geientsuenetan zirtolari. Elade'ko beste irakasle zarragoetara berebat io bear duzu, Platon zain eta muinez ulertu al izateko. Ioni ta Itale zarreko iakintzaleak ere ezin ditukezu arbuiatu. Ango ikasgu zarretan asmo berriak arkitu baitzitun Platon'ek. Areago oraindik io bear izango duzu, olerki zarren seaskara, alegia. Olerkari zarren aldia laño dago: laño ori urratu ta egearen billa aien alegiñak dituzu aurrenengo iakin-iardunak.
Platon'en bulko ta izkera berak lengo lanen aztarnak agertzen ditute. Bestalde, zenbaitetan gure garai ontako iakintzari aurrea artzen ba'dio, beste zenbaitetan mundu zar, eder eta zoragarri baten ondar artean gautzala begitandu oi dugu. Eztizut bapikatu nai. Platon'ek berriaren antza izan-arren, ez duzu berrengan erabat berririk arkituko. Asmo berau bestetara esango dizut: buruen buruko idazleetan gerta oi danez, berri dirudin bera zarra duzu orobat. Eun baten ari zutak eta zearrak dirudite, lenago ere erabilliak dituzu, ordea, beste zerbaitetarako. Berririk ezer ere ez duzu, bizia dakarren sorburua baizik. Itz oituenak berriai elkarturik esan nai berria irixten dute: kera berria dute, besterik ez.
Itza bestera dezagun: elerti ta iakintzarekiko edozein aburu irutara aztertu diteke. Platon'en irakatsiak «Politeia»n edo «Erkalean», adibidez, egitzat onartu edo gezurtzat ukatu ditzake egungo egunean iakintzaleak: bide ontara nork bere asmoen arauz ebatzi lezake giza-gogoaren ekarria. Bigarren bidea zabalagoa duzu, ots, or-an-emen barreiatutako egiaren apur bereiziak aukeratu opa ditu. Irakurriaren irakurriz nork egokiena onartzen du. Bide ontatik io zuten III'garren gizaldian Alexanderi'ko Platondarraioek, adibidez Plotin'ek-eta. XV'garren gizaldian Florentzi'ko Platonzaleek, ots, Platon, Besarion, Pizin, ta abar, bide au barna ari izan ziran Platon azaltzen. Onelakoetan maiz egia da gure erritarren esaera: aukeraren amukera azkenean okerra.
Oraingo aldiotan beste bide berriak barna lo dute iakintsuek: guzion irakasle Hegel duzu, nolarebait. Oriei iarraiki, irakatsi zarrak adibidez, Platon'en «Politeia» edo Erkala sortu zan saietsetan ezarri bear duzu, al duzun beste: alegia, garai artako gizarte ta iakintzaren saietsak oro aztertu ta arako iakintzalearen aikoa atera ezkero, aipatu irakatsiok zain muiñez ulertu al izango ditugu.
Norberaren antzera, aldiak oro badu bere gogoa. Aldi batean sortutako edozerk bere kera berezia du: garatzak dirala-ta, iazkera dala-ta, ekanduak dirala-ta, elertia ta iakintza dirala-ta, antzeko izan oi dira. Urlia noiz iaio izan dan bearrezkoenik dugu aren iardunaren berri zeatzago ikasi dezagun; eta urli orren ikasiak, bizi izan ditun gertari aipagarrienak, izan ditun lagunak, askatu bear izan ditun korapilloak, erabaki bear izan zun auziak, bizi izan zan eguaroak urliaren ezaguera sakona gureganatuko digute.
Arrezkero, Platon'en irakaskizunak ikastean alde onak onartu ta okerrak astandu egiten ditugu. Ortarako, ordea, eskualdeka ari izan gabe, aren asmoak alik eta zeatzenik irauli ta astendu egin bear ditugu. Asmo oiek, berriz, erabat aztertzeko, aren aurretik Elade'ko iakintza-alorretan ildoak urratzen eta aziak eizara ereiten ari izan ziran iakintsuen berri ikasi bear eta aldi bertan arekin batera auzolanari ekin ziotenen berri izan bear, Platon zain eta muiñez ezagutu dezagun.
Platon'en «Politeia» edo «Erkalea»ren atarian bertan auxe autematen dugu: aren bulkorik beiñenak aurre-aldiko iakintsuengandik datoz alde-aldera. Bearrik ere, aurre-aldiko iakintzaleak ongi ezagunak ditugu, aien berri beste iturrietank ietxirik. Elade zarreko gizoste birtxin, betargi ta dirdaitsu artetik gizon ezein batzuk alde egin eta iakiñaren gaiñean burmuiñak biurritzen asi ziran iakintzalabakiak eta otadiak okuntzartuaz. Ain zuren ere, alai ta baikor laneratu ziran gizonok, giza-gogoaren goiz-urratzean iduri. Azken urteotan, Platon'en irakatsiak geroago ta geiago aztertuz, aldez aurretiko iru iakintsuen asmo ta itzak berak arkitu al izan ditute, Platon'en idaztien irazki ta belbean bertan, «Erkalea»n baitik bat: oiek dituzu irurok, arean. Zenbaki ta eresiaren iakintza asmatu zun Pitagora zarra, Elea ikasguko buruzagi Parmenide, ta «betiko iarioa» irakatsi zigun Eraklito. Naiz ta azaletik eta zatika izan, iru irakasleok ezagunak ditugu. Dana dala, ezaguera orri ertzak atera ditzaiokegu. Platon'en idaztiak areago iratiotu ta azterturik, iru irakasleon benetako eskuartea auteman dezakegu.
Eraklito'k itz lauz idatzi zizun bere iakinbidea. Ordurartekoek bestetara egin zuten, itz neurtuetan idatzi zizuen, alegia. Itz-lauz idatzi arren, iduribide eder eta ximenez iantzita datorkigu Eraklito. Naspilla eta illuna duzu aren idaztankera, naiz ta sarkor, zirikagarri ta antzi-ezin izan. Itz-lauz idazle-zurrian, Platon'en guraso edo duzu. Asieran Eraklito'zale porrokatua izan baitzan Platon; gerora, ordea, aren arerio gorri billakatu zan. Areago oraindik: etsaigo ori apetaz ta burutaldiz gorpiztu zizun Platon'ek. Berrogei urte-edo Platon iaio baiño lenago illa zan Eraklito.
Etxe-zarreko aitor-seme au iaiotzez ta gogoz andiki zenun. Elade'ko eguaro dardaragarri ta eragiñean, biziaren aldarte-aldaketak asmaketan iarri zan. Iardunaldi ori etzan izan beraren onerako: axal-apaiñetan bizitzerik ez zun al izan. Negar-ontzi zeritzaten. Elade erriz ta izatez aldaketan ikusi zun Eraklito'k. Areago. Goiz-goizetik gizaiakintza bera eten bage aldaketan oarrez ta arretaz sumatu zun.
Alde aurretik loretu ziran Elade'ko zazpi iakintsuak. Danaren gai beiñena aztertu nai zizuen. Ura omen zan izatea zuten guzien len-gaia eta azkena, Mileto'ko Tale'ren iritziz. Auzi berau arildu nai zun Anaximander'ek eta mugagabea edo apeiron omen zan gauza guzien asiera ta azkena.
Anaximena'ren ustez, ordea, egurats bizitua zan zer guzien asiera ta azkena. Beiñolakoen irakaskizunok sapuzturik ageri ziran. Lengo sapa andia mertzildurik ageri zan.
Gaiñera, Epeso'n, non-nai bezela, gorabera andiak izan zituten aberats okitu ta andikiek. Oietariko andiki ta arro zenun Eraklito bizkorra.
Aterbageko aldaketa ikusgarri ortan, auznarrean lotu zan Eraklito, eta oldoztuaren oldoztuz gaztetan zarturik eta margul ageri zan. Arrezkero, baranokoak oro izozturik ikusi zitun. Xalo ta egitia izaki, itzetan arroegi azaldu zun bere burua. Gizabar xearengandik alde iarri zan, bereiz ta iaukal oldozteko ta Elade'ko udaberri betean buru argiz oldarka mintzo izan zan. Ain zuzen ere, inguruan ditunak oro azaleratzen ditu oiu dagialarik: «panta jorei kai ouden menei», dana ioan doa ta ezertxok ez dirau tinko.
Zer guzien len-gaia ta azkena beti bizitan dagon sua da: su ori aizetara garretan dago ta dardarka. Suaren baitako indarrez dana eraldu ta eraldatu oi da lurbiran ta zer guzien zaiña ta muiña gertaraztean duzu. Arrezkero, dana ixurka doa. Adimen bera da su ori, betiko adimena, logos alegia. Beraz, non-naiko era aldaketok lerroz lerro gerta oi dira. Ioana ioan, etorkizuna etorkizun, oraingoa da gure ta ez besterik. Oraingoan ere uraren antzeko gera: ura bezela linburtzen gera. Gure bizitzak ur lasterrak bezela doaz. «Ezkera bein ere ur batetan bietan sartzen. Ur laster bera iñork ere ez du bietan igaro. Uraren izena beti da bat; ez, ordea, ura, beti ioan baitoa, eta beti aldatuaz, ezta bein ere lehena. Ez eta, bada, gu ere; beti baikoaz ta beti aldatuaz, ezkera bein ere lehenak» (Axular, GERO, 31 g. orrialdean; Seneka'gandik ieixten ditu Axular'ek, asmoz, ordea, oldozpenok Eraklito'renak dituzu erabat).
Andikiak zenitun Platon'en gurasoek. Ogei urte zitularik, Kratil irakasle zula, iakintza eta ele-ederra ikasten asi zan. Bestela baitakoan mintzatzen Sokarte'ri entzun zioneko, ele ederra bertan bera utzi ta berak idatzi antzerkiak surtara iaurti omen zitun, Sokarte'ren ikasle izateko. Zortzi urte anditan aren ikasle mamia izan genun. Irakaslea ilda gero, zenbait ostera egin zitun Megare, Oigito, Kirene ta Sirakuse zear, iakin-gosea berdindu nairik. Azkenik, Atenai'ko Akademei baratze atsegiñean irakasten asi znn. Sokarte'ren antzera, erriz, onez ta gogoz Atenai len goratu nai izan zun. Iardunean, elkar-izketaz iardun oi zun bere irakaslearen eduz: ikasleen atsegiñarren, izkera ximen, txotil eta garaia zerabillen eskuarki, iduribide ede ta ipuiak naste.
Zer zeritzan Platon'ek Eraklito'ri buruz? Platon'en aburuz, ixurka doanaren ezaguera ezinkizun gertatzen da. Iduria du ta ez izena beti aldatuaz ari danak. Alde ta aldi igeskorrean dabillen gizona «gauza guzien neurri» gertarazten da. Noraezekoa, aldakaitza, nai ta naiezkoa ta betikoa du gaitzat iakintzak: aldakorra, oraingoa, balizkakoa ta badaezpadakoa iakintzarekiko abagune ta bide daiteke soillik: adiskide ezein baten lira ikustean, oroimenean lotan zetzan aren arpegiaren irudia iratzarri oi danez, emengo gauza-eder bat ikusi-ala, betiko ederraren idea idaroki oi dit, eta ala bestelakoetan ere. Idea oiek iaiotzetiko ditugu guregan; arrezkero, sutarria iota txinpart-iario agertzen danez, somagarri baten ukaldiz birpiztu oi dira ideok gure baitan, Platon'en aburuz. Platon iakintza-alorrera zaneko, Eraklito'ren aburua ageri zan nor-nai ta zer-nairen iaun eta iabe. Ustekizun guziak ar-iota zeuntzan. Egia esan, Elade'k ekarri dizkigun esku-erakutsi iaukalak aren aiurri egon-eziñari zor dizkiogu, baldinbait ere. Platon'ek bere erritarren artean lanari ekin zionean, ordea, tasun eder ori keri itsusi billakaturik zegon. Ele-eder, antze giza-gogo ta erri-arazoek lorrindurik zeuden. Erri-goraberetan ukalondo andia zutenak edo zerbait zezaketela ziruditenak ipurtarin ari ziran. Ibilliaren ibilliz gurpillak txautu ez zitezen neurri baten bearra zuten. Orixe uste ta orixe egin zun Platon'ek. Egon-ezin ori galgarri zeritzan Platon'ek. Alare, bizirik ez du izaten egonean egon dagonak. Iaungoikoaren atsa ibilli oi dabil etenbage. Platon'en ustez, ordea, gure oker guzien iturburua duzu ibilli bear ori. Aldakaitzaren alde ari izan zan beti gure Platon. «Politeia» edo «Erkalea»n, adibidez, erri aukeratua aldakaitz iraunerazi ta ertsi nai izan zun, araupean zeatz ta meatz, gogor eta gotor. Gaizki eratutako errien abaro ta iges-leku.
Elade erriaren batasuna endaz, izkeraz, iaurespidez ta iolasetaz tinkatu zan, Grote'ren iritziz. Alare, batasun ori beti aul eta erren ibili zan. Erabateko batasuna, ordea, Alexander aundiak iritxi zun, eta onek ere markets. Aotik sudurreraiñoko astirik gabe, berri billa ari baitzan eladetarra. Alakoa zan ariurriz, izan ere. Egonarririk ez zeukan. Berri-nai itoa. Non zer berri ari zan. Bien arteko egoteke nor bere buruaren iaun eta iabe zan. Abaguneren ezaguera zorrotza izaki, poliki ustiatu oi zun. Ekiñaren ekiñez biderik bidarte zebillen, nondik nora ez zekiela. Lurrez lur ere ortarako egokitua zegoen. Izaro sail kopurutsua eta izpazter zabala mendi-besanga larrien artean. Errixka bakoitzean iruzpalau milla bizi-lagun, nor bere buruaren eskuko. Alare, Platon'en iritziz, menditarteko Lakedemoni ibarrean kokaturik bizi zan erria zenun indarraren iturri eta Elade osoaren osasun eta ogasunbide. Aren gutarra ta uzia auxe zan. Elade zarra zarrago ta zalago egitea, alegia. Aren egon-eziña geldi-erazi ikasiaren ikasiz ta irakatsiaren irakatsiz. Orixe izan zun io-muga. Azibide auzietan, antzearekiko iarduaaldietan, eguneroko ariketan, iakiñaren gaiñera edo oartzaka orixe opa du atergabe.
Orra Platon eta Eraklito aldean iarrita, azal-azaletik bada ere.
Erabilli idaztiak
Dionisio Dominguez, Historia de la Filosofía, Santander 1949.
Federico Klimke, Historia de la Filosofía, Editorial Labor 1947.
Walter Poter, Platón y el Platonismo, Emecé Edits. Buenos Aires 1946.
Axular, Gero, Zarautz 1954.
Wildelband Wilhelm, Historia de la Filosofía, I, La Filosofia de los griegos, México 1948.
|