Elerti
Aldi Erdiko edesti-idazleak Parantze'n
Udalaizpe
Gurutzedunen zeritzan gudu gurenak edestiaren sortzea ekarri zun. Aipagarri dugu Anburtsi'ren poema. Gudu gurenen edesti oni beste batzuk aurrea artu zioten. Batez ere Vilhehardoiun, Novara, Joinville, Froissart, Chastelain eta Comines'ko Iauna aipatu ditzagun. Beraz, aldion aldiak deskakenez, aldi erdiko edeslariok azalduko dizkitzut.
Vilhehardouin Geoffroy. Vihehardouin zeritzan iauregian 1.150 garrenetik 1.164 garren arterañoko urtietan iaio eta 1.213 garren urtean-edo il zan. Gudu gurenean gudari izana zan. Guduketan bakarrik etzun iardun, ordea. Geznari zurrian ere igorria izan zan.
Ioan-etorri aundia du Vihehardouin zaldunaren edestiak. Ez-arian eta ez-ustean itz lauz idazten iarri zan, eta bestela-baitakoan zarragoen esakerak, kutsua ta eragiña bere idaztira birraldatu zitun. Ekiñaren ekiñez zuzen doa bere elburua. Gezur-edergaillurik ez darabil; aipatzen ditun itzaldiak berak, mamiz beintzat, esanak izan ziran eta alik eta zintzoen idaztira aldatzen ditu. Ikusi zitun eskualde berriek arri ta zur eginda utzi zuten.
Azaltzen dun bide-aldia gurutzedunen laugarren gudua duzu: 1202-1204 garren urteetan izan zan: bertan izan zenun Teobal, Naparruko erregeen arbasoa (ikusi A. de Lizarra, Los Vascos y las Cruzadas 66'gn. orrialdean). Villehardouin'en azalkizuna 1198 gn. urtetik 1207 gan. urteraño edatzen da.
Iainkoarenganako zaletasunez asia zuten gudu ori: Venezi'tarren buruzagiak, ordea, mozkin irabazi galez bestetara eragin zion: irabazten zituten lurraldeen erdia beretu nai zun buruzagi orrek, alegia. Lur gurenetara ere ez ziran eldu, ordea; Konstantinopolin abarrakitu, atzeman, lapurtu ta besterik ez zuten burutu. Venezi'tarren asmo oien bururik ez buztanik ez zizkizun ikusi gure edestilari onek. Orregatik-edo, irakurgaia gogatsuago ta ernegarriago idatzi zun. Ikusterrean zeukana azaldu zun. Zaldun eta gudarien bekaizkeri ta gixakeriak andi-andirik ageri dira. Erroma'ko Elizpuruaren esanetara onezkoak egin ta adiskidetu egiten dira zaldunok. Ogei milla gizon oldartu ziran Konstantinopoli'ren aurka ta uriburu au aldezten irureun milla gizon omen ziran. Alde ederra dago sortzalde ta sartzaldekoen artean. Sartzaldekoek ekiñaren ekiñez etekiña ta urre ta zillarkiak besterik ez ditute lapurtu nai.
Gudu ortan berak ere esku artu zun ezkero, ainitzetan eskualdeka ari zaizu ta maiz alderdikeri-zale. Gertariak oro, ordea, xaloki ta zeatz-meatz azaltzen ditu ta idaztankera kementsu, lasterra, laburra ta zaintsua du.
Villehardouin'ek urratu zun ildoaren barrena ioan zan Novara edestilaria ere. Gudari deunen ioan-etorriak idaztankera xalo ta bakunaren bidez iakin-erazten dizkigu. Bidenabar, aldi erdiko epai-arau berarizkoak oro argi ta garbi azaltzan ditu. Adibidez, iaun eta menpekoen eskubide eta eginbideak, ekanduaren indarra, lege ta errioldearen ezagubidea danez, ta abar.
Joinville Ion? (1223-1319?). Gutxi gora bera urteotan iaio ta bizi izan zan. Aldi erdian Prantzi-ko edesti-idazle aipagarria duzu, nonbait. Koldobika-k eraiki zun gudu gurenean eskudun izan ondoren, errege orren iauregian luzaro bizi izan zan. Arrezkero, «Koldobika gurenaren edestia» xaloki idatzi zizun. Bere burua ta bere idaztankera egiti, kirmen eta garden azaltzen ditu. Gizon zuzena zan eta erdipurdien etsai miña. Biotzetik gaiñezka zeriona idatzi zun. Alare, Villehardouin aiñakoa ez da idazle zurrian. Errien gora beren berririk ez du, gudarienik ere ez. Burmuñetan asmo ta uste aundirik ez zerabilzkin, beraz. Aurrekoaren samarra ere ez da: ezpaitu aren idaztankera bizkorrik. Badu, ordea, antzea gizonen ariourria azltzeko. Ta izkera bera Vellehardouin 'ek baiño egiñagoa du, izan ere.
Froissart Ion. Edestilari au 1.333'gn. urterontz Valenciennes'en iaio ta Chimay irian 1410'gn. urte intera il zan. Aren gaztaroaren berri aundirik eztugu. Aurtzaroan-edo, umezurtz gelditu omen zan. Aide batek bere babespean azi ta ezi omen zun. Gero, apaiz-ikastaroa bete izan zun arren, etzan apaiz egin. Bere isiari iarraiki, Parantze guzitsua arakatu zun, Beaumont Ion iaunaren babesean. Iaun babesle au il zanean (1356), Inglaterra'ra ioan eta urgazle zanaren illobak txeraz abetaldu zun. Arrezkero, Españi, Itali ta Flande zear ibilki, bere edestian aipatzen ditun gertari ainitzen lekuko gertatu zan. Bere aldiko gizaseme ospatsuenak ezagutu zitun eta aiekin aremanak izan zitun. Orregatik-edo, aren edestiaren gaia oso ernagarria bide duzu. Aro hura ezagun nai dunak orain ere ikasgarri ta iakingarri izango du aren edestia.
Bere gaztaroan maite-olerkiak idatzi zitun eta andere andiki bateri eskeiñi zizkion, maite-miñez iota beraren zur baitzebillen.
Alabaiña, aren idazti aipagarriena beraren edesti-idaztia duzu. Bertan XIV garren gizaldia azaltzen dizu, eun urteko gudua ardatz izaki. Gertariak aipatu ondoren, gizakumeen ekandu ta baltzuak ebatzi oi ditu. Iaiotzez adimen bizi, zorrotz ta oartua zizun. Edozer bere buruz ikusi ta ikertu nai dizu. Tai bage zertzeladen txordoketan diardu aiolatsu.
Gaiñera, egiti duzu erabat eta gertarion berri edan dun iturria aitortzen du eskuarki. Noiz-edo-noiz, ordea, batez ere bere adiskideen berri ematekoan eskualdeka ari izaten zaizu. Baita gizakumeen izenak eta gertarien toki ta eguna aipatzean ere, maiz uts egiten du. Arrezkero, aren izena ez zaizuke egoki egiztabideren bat argitzeko. Elerti-zelaian berriz, zutik dirau oraindik. Idaztankera zaillu, ugari, ta ñabarra baitarabil. Aren edesti-atalak irudimen kementsuaren zantzua azaltzen digute, eguzkitan blei-blei baitagerzkigu. Egiaren egarri ito-eziña zizun. Bere edestia idatzi ondoren, berriz ere okerrak zuzendu ta utsuneak betetzen ari zala baitakigu.
Ageri danez, aurrekoen aldean Froissart besterik duzu. Edestilarien lanbideari zain ta muin lotu zitzaion. Bizialdirik geientsuena ortan erabilli zun: idaztiaren gaiak andik eta emendik bildu, bear ziranez antolatu ta deztera-arriz zorroztu oi zitun. Beti non zer berri ari zan. Guduetan ibillitako zaldun eta gudarien aoetatik berri iakingarriak iaso zitun. Froissart izatez ta gogoz bene-benetako edestilari iatorra zenun, izan ere. Aitorren aoz auzi oro erason oi du. Baitik bat gizarteko alderik dirdaitsuenak begiz io zitun: aberats okituak, zaldun bizkorrak eta maitale limurkariak. Aundimaundiok ziran aren irakurle, oien biotzondoa ustu baitzun oiak zurietan. Guduetako egitsariak eta zaldunen egitekoak goraipatzen eskua galdu zun. Etorkizuneko gudariei lengoen ikasbide argiak erakusten dizkie ta gauza izaten irakasten die. Dirdaitsu ta zeatzameatz azaltzen ditu oien ekitekoak. Ikustekoak dira, benetan! Gudarien ukaldiak zenbatu egiten ditu ta oien lekaioak entzun-erazten dizkigu. Ango orro ta marruma ozenak! Alazean dauden zelaietatik lerroz lerro gazapean txairo ioan doazen gudalosteak erakusten dizkigu ta guduaren zain eta muiña berpizterazten digu. Gudua zenun XIV'garren gizaldiko iainko txikia. Bizkor garaiak bear dute izan Froissart idazlearen gizakumeak: bizkor garaiak edozertarako, naiz ta ez uretarako ez sutarako zan. Eta bere buruei zu esaten diete aitor-semeek baita lapurrek ere. Ez ditu bereizten mausariak eta zaldunak, beraz.
Andikien idazle izaki, erri-abarrarekiko sorgor da eskuarki. Ez-ikusiarena egiten du erri xeari buruz. Ez du aintzakotzat artzen erri xea. Guduen ordainbearra bai, erri-abarraren lepora egozten du; berezko ta bearrezko deritza, gauzak dakarrena bailitzan.
Okerrik nagusiena auxe du, alegia. Erabateko edestilari izateko ez zun izan gaiok bereizteko ta ebazteko senik. Oi ez bezelako gertari arrigarrien keru gaiztoa zizun. Siñesperaegi izan zan, nonbait. Eskura ditun berriak aukeratzako mutilla ez zan izan. Gertarien bata besteko iasoa eztaki neurtzen. Gertarien ondorenak ere ez ditu ikusten ezta elkar-erazten ditun txibista edo aririk ere. Gertari dirdaitsuak lausoturik eta balditurik uzten dute. Iazotakoaren neurria artzeko, aren dirdaia ta zarata aski ditu. Azala besterik ez du ikusten: mamia, ordea, ez du txastatzen. Gizakumeak eder edo itsusi-erazteko aski zaio izenondo bat. Gizakumeen eskutuko biotzondorik ez du sumatzen. Bizi zan aldiko gizonen ariurri sakonik ez zun uler al izan.
Chastelain George (1405-1475). Louvain'eko ikastetxe nagusian ikasi ondoren, Ona zeritzan Pillipa Borgoña'ko dukearen akuran iarri zan. Inglaterra ta Parantze zear bere nagusiak txango-lagun izan zun. Bidaide au iaunari begiko ta maitegarri izan zitzaion. Arrezkero, beraren lepora eginkizun garrantzitsuak egotziaz, babeskindari, aolkulari ta azkenik bere edestilari izendatu zun. Gaiñera, leporatu zizkion gezna zaillak urguri ta ongi bete zitun. Orrela, dukearen entziterik biziena iritxi zun. 1455'gn. urtean Chastelain'ek eskatu zion zar-saria oparo eman zion. Karla beldurbagea ere aita bezin esku-zabal izan zitzaion.
Chastelain edesti-idazleak Karla beldurbagea ta batez ere Pillipa ona biotz mamiz maite zitun ezkero, noizpeinka ao beroz goresten ditu: alare, iñoren alde ez diardu ta iteratsu ebatzi oi ditu. Beraren idazti aipatuena «Cronique des choses de ce temps» 1474'garren urteraño-edo eldu zan.
Comines'ko iauna (Clyte Pillipa). Comines iauregian 1445'gn urtean iaio ta Argenton gazteluan 1509 gn. urteko Urrilaren 13'an il zan. Bederatzi urtez umezurtz geldi ondoren, 1464 garren urtean Karol beldurbagearen peko bere burua utziaz, azibide ta ezibide sendoa izan zun.
Peronne'ko elkar-ikustearen ondoren, XI gn. Koldobika'k bereganatu nai izan zun: 1472 garren urtean antxiñako iauna zapustuta Parantzeko erregeari atxiki zitzaion. Urliaren ustez, Karol'ek eman zion matralleko batek eragindako amorroz artu bide zun erabaki berri au; baiña, bestalde, Koldobika ta Comines'ko iaunaren gogo-asmoak idekotsu ziran, nonbait. Arrezkero Comines'ko iauna aolkulari begikotzat izan zun. XI'gn. Koldobika 1483'garren urtean il zanean, iaurri-batzarrean esku artu zun; errege-semeen alde iotzearren. Beaujeu anderearen aurka iarri zan. Orregatik atxilotu ta ogei ta zortzi illabeteko epean giltzapean baituta izan zuten. Oien ondoren, bakaldun iarraikoak abegi txeratsuz atotsi zun. Lorena'ko Renato dukeak, ordea, errege-iauregitik berriz oildu zun. Ordun Borbon gudarozte-buruaren babespean gelditu zan; urte beteren buruan baiño lenago ere bertan bera utzita, beste iaun batzuen menpera io zun. Guztiok saldu ondoren, matxiñadaz erria lardaskatu ta gain-bera irali nairik ari zala VIII'gn. Karol'aren aginduz atzeman eta burnizko gereta baten ertsi zuten. Geroenean, agintarien batzarreak amar urte eperako atzerrietara iraitzi zun: gaiñera, beraren ogasunen laurdena izun zurrian kendu zioten. Epai zorrotz au ordea zor eta lor ez zuten bete: nolareibaiteko apukoz batzarrea zuritu egin bide izan zun. 1493'garren urtean, beintzat, Seslis'ko itunaren lekuko ageri da eta urrengo urtean Itali'ko guduan izan zan. Arrezkero, ordezkari bezela Venezi'ra igorri zuten. An, ordea, oi zan trebe ez zalako azaldu-edo, erregearen aurrean zun izen ederra itsusiz galdu ondoren, Argenton iauregira aldendu ta bertan il zan.
Comines'ko iaunak idatzi zun «Memoires» oroigarriak, alegia, beraren aldiko idaztirik ospatsuena duzu: idazti orri esker, edestilariaren aipu ederra iritxi zun.
Aipatzen ditun beredin gertarietan berak ere esku-artu zun-arren, iñoren eskualdez ez du agertzen bere burua. Bidegabekeri makurrenak iaulkitzen ere, aren pake-giroa ez oi da artegatzen, orren ekuru duzu, izan ere. Ez zun bere edesti-idaztian asmo oker eta zitalik nahasi, ezta marrorik ere. Iauntxoen ederra irabaztearren limurkeriz ez zan mintzo izan, ezta mozkin-galez ere. Beraren edestiaren atalik ederrena, XI'garren Koldobika'ren berri dakarren atala duzu, aurki.
Gertarien guna ta giza-biotz alozen ikararik ariñena ere agerreraztea gogoko zaio. Froissart idazlearen alderantziko duzu. Gertari dirdaitsuak itzuri-ta, gertariak oro elkarrerazten ditun eskutuko aria arkitzea ta azaltzea atsegingarri egiten zaio.
Katoliku zintzoa ta Iainkozale iatorra zenun. Arrezkero non-naiko gertarietan Iainko onaren arreta berezia ikusi oi du.
|