Yakintza
Euskal-mitologiaren ikaspiderako
Barandiaran'tar Joxe Mikel
euskaratzailea:
Andima
VI.-LURREKO NUMENAK AKERBELTZ. (*) Gorago aipatu ditugun lurpeko numenen agerkizunen artean badira izen bat eta irudi bat eginbide ta sinisbide ez gutxi ta garrantzitsuenak ingurubildu ditutenak. Akerr'engaz ari gera.(26)
Numen askoekiko ezaugarriez landa, esaterako lurpe-eremuetan bizi, beste guzien buru izan, ekaitzak sortu t.a., AKERR'ek baditu osakuntza-almen bereziak baita eragin onurakor bat ere aren babes eta zaipean ezartzen dituten abereen gain; eragin ori aker biziaren irudipean betetzen du.
Etxe askotan ukulluan azten dute aker bat abereak gaizotu ez ditezen. Aker onek beltza bear du, Akerbeltz, alegia.
XVI ta XVII garren mendeetan ain ots-andia egin zun euskal aztikeriak, lurpeko numen zahar onen irudia geienbat nabarmendu zun. Euskal-mitologi barrutian iraitzeko gertakizun bat baizik etzitekean nunbait, errialde guzietan garai artan barreiatuta zebiltzin sorgin-ipuiez puztu ta antua. Ipuiok are bizikiago zirakiten orduko iakintsu, inkisitore, auzi-iaunen buruetan eta fede-auzietan, Sara ta Zugarramurdiko baserritar xaloenetan baino. Ala ere maiz aipatzen dira Akerbeltz, eta sorgin-biltzarretan nagusi bezela agertzen zan Akelarre.
Akelarren iauresten zuten Akerbeltz (ala zan otsa beintzat) astelen, asteazken eta ostiraletan an biltzen ziran sorgin-eme ta arrek. Dantzan egiten zuten; dirua, arrautzak eta ogia akerrari eskeintzen zien. Auzi-agirietan egozten dizkien eginkizun eta siniskeri aunitzetatik, kristau-erlisioaren aurkako ixilpeko igikun edo mugimendu bat zala uste diteke, baita garai artan, Euskalerrian onartua zan giza-legearen aurkakoa ere.
Sorgin-batzarrak egin oi zituten zenbait toki aipatzen ditute: Zugarramurdiko Akelarre, Larrune, Jaizkibel, Irantzi (Oiartzun), Pullegi, Mairubaratza (Ameztoi'ko leenbaratz edo cromlech). Mandabiitta (Ataun), Mañariko Akelarre, Garaigorta (Orozko), Petralanda (Dima), Eperlanda (Muxika) Abadelaueta (Etxaguen), Urkiza (Peña-cerrada) eta abar.
Zugarramurdiko Akelarre, Akelarre-lezea deritzan leize-agoaren aurrekaldean dagon zelaitxo bat da. Uste danez, toki artan eta leize artan biltzen omen ziran antxiña, sorgiñak oro. Leize-sarreran, lurretik zertxobait gora leio baten antzeko zulo bat arkitzen da. Dioenaz, deabruaren alkia omen zan, eta an atosten (artzen) omen zitun sorgiñak aker irudipean.
Eguzki-aldetik badu beste sarrera bat zabalagoa, sorgiñen-lezea deritzaiona. Erriko agureak antolatuta, zerimoni iator bat egiten dute emen erri-pesta-buruetako laugarren egunez (Andre Mari Iasokundekoz). Ortarako, agureetako bik, ahari bat edo bi erosten ditute eta aipatu egunean, goizetik, leize barnean iltzen ditute, eta an bertan pizten duten sutzarrean gerren batean erretzen ditute. Erriko agureak, eguerdian, arpean biltzen dira, aragi errea, ogi ta ardoarekin iateko. Bakoitzari dagokiona ordaintzen dute. Ondoren, eskuetatik edo zapi-bitartez elkarri eutsika lerro luze bat egiñaz, leizetik ateratzen dira. Apaiz-etxearen aitzinera eldu-ala, dantzan egiten dute, gero, Sokadantza erriko enparantzan.
Abereen zaindari ta sorgiñen buru bezela egertzen zaigun Akerbeltz numena, baliteke kristau-aroa baiño lenagoko pirenetar numen Ahersbelste 'ren senide izatea. Sacaze'k «Inscriptions Antiques des Pyrénés» (Toulouse 1902) deritzan liburuan, 432'garren orialdean au dio numen ortaz: «D'apres un linguiste, Aherbelste signfierait bouc dans son radical, et noir dans sa terminaison».
VII.-LURREKO NUMENAK. ERENSUGE. Herensuge izenarekin deitzen diote Zubero-garaian, suge itxuradun lurpeko beste numen bati, noiztanka bere zulotik ateratzen omen da, garrez inguraturik ortzea igaroteko. Ezaugarriok, gorago aipatu dugun Sugaar'en ideko egiten dute numen au. Beraz, Azkoitian Maju deritzaion Mariren senartzazkoarekin berdiña da, baita, Iaun Zuria Bizkaiko lenengo Iaunaren aita zan XIV'garren mendeko «Culebro» edo Deabruarekin ere.
Herensugek ordea, dagozkion elezar-barrutian nunnaitiko tema berriak bildu ditu. Euskalerriko zenbait arpetan bizi zan, izugarrizko ipui-suge bat omen zan. Urrengo izenok ditu: Erensuge (Sara ta Zugarramurdin), Herensuge (Ezpeleta), Errensuge (Kamun), Hensuge (Liginagan), Herainsuge (Ezpeletan), Edensuga (Saran), Edeinsuge (Donesteben), Edaansuge (Uhart-Mixen), Egansuge (Errenterin), Igensuge (Zaldibin), Iraunsuge (Ataunen), Sierpia (Lekeitio ta Zubirin), Dragoi (Arrasaten), Ersuge (Otxandioko eskuidaztian) eta Lerensuge (Esp.). Aren egoitza aipatuenak urrengoak dira: Azalegiko-leizea (Ahuski-Mendin), San Mikel Aralarko arzuloa, Baltzolakoa (Dima), Orduñako Arkaitza eta Kristoren-zelaixa (Montekristo) Arrasaten. (27)
Erri batzuetan uste dutenez, Herensugek zazpi buru ditu, beste batzuetan diñoenez, bakar ba.
Zuberoa'ko Alzai'n darasatenez «lehen Azalegi'ko karbian bizi zen Hensugia. Atsarekin biltzen zutian mendietako abereak eta iaten. Alzai-Zaroko kuntearen semiak, zitala eman zion. Herensuge sutan iarri zan eta itsasora egaldatu garrez inguraturik, igarobidean oianetako pagoadar gallenak isatsarekin moztuz».
Ezpeletan diñoenez, suge au, zazpigarren burua sortzen zaionean, garretan iartzen omen da eta Itsasgorrietara egaldatzen omen, etzaldera alegia, an murgiltzeko. Aizea barna dioanean izugarrizko otsa ateratzen omen du.
Aralarko leize-zuloan, Kristoren-zelaixa eta Orduñakoetan bezela, giza-aragiz alatzen omen zan. Aralar'en Mikel Doneak il omen zun, Kristoren zelaixan Arrasateko norbaitek, eta Orduñako Arkaitzean aingeru batek.
Elezarretan bildutako gai auek, idazle zenbaitek apaiñagotu ta zabalagotu ditute, Agustin Txaho'k adibidez «Le serpent du Valdextre» (Biarritz entre Les Pyrénés et l'Océan, 176 or. Bayona), eta Juan E. Delmas'ek bere «Guía histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya»n (Bilbao, 1864).
VIII.- EGUZKI-NUMENA (28). Eguzkiak baditu euskeraz zenbait izen: eguzki Tolosan; iguzki, iuzki Saran; eguzku, Erronkarin; ekhi, Liginagan; iki, Bardosen; euzki, Bizkaiko erririk geienetan.
Ataunen euzki deritza eguzkiaren argiari eta euzkibegi izarrari. Berastegin «Jainkoaren-begia» deritza.
Santa Clara ere erizten die erri batzuetan, Ondarruako bertsu ezagunaren gisara: «Zeu zara Santa Clara, euskeraz argia».
Etzatera dioanean, agur esaten diote toki zenbaitetan. Bergara aldean, Eguzki amandrea badoia bere amangana, esan oi dute, egunezko izarra lurraren galtzarrera dioala adierazteko. Beraz, eguzkia, lurraren alabatzat daukate.
Mañariko inguruetan Andre Mari dala diote eguzkia, ots Amabirjiña. Lenago ordea, Andre Mari deituran, inguru aietan lurra izentatzen zuten agian, Mari numena, oraindik Gipuzkoako ta Naparroako erri batzuetan gertatzen dan lez.
Amandre eguzkiari, bedeinkatu, santu izenondoak ezartzen dizkie: Eguzki santu bedeinkatua, zoaz zeure amagana, esaten die Errigoitin sarkaldetik ostentzen danean.
Berezko zenbait almenez gaindi, eguzkiak badu beste bat, gauez lurgainean dabiltzan iratxo kaltegarriak bere agiz aizatzekoa. Sorgin mota zenbait, balin eguzkiaren argiak euren lanbide ezaugarriez erantzi gabe ukitzen baditu, zurrun gelditzen dira. Lamin batzuk ere, gizonengan dauzkaten indar eta almenak galtzen ditute, eguzki-erraiñuak ikutu-ala.
Lamin batek Mondarraingo leize-aoaren aitzinean urrezko orrazia utzi zun. Artzai batek artu ta eraman zun. Lamiña atzetik zioakion maldaz bera, bere orrazia eskatuz; esku-eskuan zedukan ia, osertzean sortzen ari zan eguzkiaren leen-izpiak artzaiaren iantzia ikutu zunean. Orduan lamiñak ari: Eskerrak emaitzok Iuzkiari, eta arpera aldegin zun.
Uda ta Negu-burukoak.- Siniskizun eta rituak.- Euskal-asmoen barrutian eguzkiak daukan gurentasuna bide dala, ez da arrigarri indoeurparren arteko eguzki-mitologiari dagozkion siniskizun eta aunitz oitura, eguzkiari burozko euskaldunen uste ta itzetara ere aldatu balin badira.
Izan ere, udaburuko iai batzu eguzkiaren benetako kultu edo iaurespidearen agerkizunak dituzute. Donibane goizean eguzkia dantzan iekitzen dala diñoe; goiz artako bustialdi ta garbiketak onak omen dira urte osoan eritzeki irauteko; elorritxuri, lizar abar, (...), ira-loratua t.a. leio ta ateetan ezarri ezkero, tximistarekiko babesgarririk ziurrenak omen, baita Donibanez atarian iraurtzen dituten belar eta loreak ere. Donibanez bildu lorak tisanan artu ezkero, ezin obeak omen zenbait eritasun sendatzeko, eta abar. Oitura oien taldekoa da Donibane bezpera gauez etxe-aurrean eta bidegurutzetan suak pizteko ekandua ere; aipatu suaren gaiñetik iauzi egitekoa, azaleko eritasunik ez ukaiteko; senide guziak batuta suaren inguruan erloiu-orratzen ariora ibiliz otoitzak esateko oitura; su aietan piztutako belar pilloak arloetara eramatekoa, iratxoak aizatzeko eta uztak izurri ta erietatik gordetzeko; Donibane-arbola enparantza erdian landatzeko ekandua, iabeak iñola ere eskatu ezin dezakena naiz ta aren gogoaren kontra lapurtua edo artua izan; Donibaneren ermita batzuetara ioaten diranek izkaroz (erromeruz) ta lili-pitxiz buruak inguratzekoa; aritz-enborreko akaletik, etena dutenak sendatu ditezen igarotzekoa ta abar.
Neguburuari beste ritu batzu dagozkio, oraindik Euskalerrian bizi diranak, moteltxe badare. Orietakoak dira urte-zaharreko suak; «gabonzuzia» edo supisguan eguerriaroan pizturik dirauen subilla; aipatu subillaren gainetik igaroaziz etxeko abereak garbitzekoa; sendiburuak gabon-ogia onestekoa eta Gabonzarrez, amabiak iota, aurreneko euriak biltzekoa.
Oboak, suastikak, kardu-lilia eta beste ikur batzu.- Euskalerriko arri-lanetan maiz agertzen dira eguzkia irudi diruditen ikur zenbait, eguzkiaren kultutik sortuak agian; ikur oriek obo bakarrak, erdibaten inguruko obo askoak, lerro zuzen eta kakotuzko gurpilla, bosertzeko edo pentalfa, suastikak, arrautz-iduriko ikurrak, larrosandiak e.a. dituzute.
Aipatu arri-lanetatik zaharrenak erromarren garaikoak dira. Alakoak dituzute Urbina'ko il-arriak, arri onek lerro-kakotuzko gurpil bat du irarririk. Kanpetzu ta Gazteiz'ko Institukoak larrosaundidunak dira; Iruñako Komptos Kamaran dagoen tetraskeloa eta Santakara'ko artitza larrosandidunak, eta abar.
Naizta edesti-garaian aipatu ikurrak apaingarritzat, soilki, erabili izan, noiztanka eguzkiaren iruditzako ere erabili ditute gaur egunean ere. Ezin gentzake bestela ulertu ere, gurpil, obo, larrosandi irudiok, t.a., illargiarenakin ageri diranean, edo arekin bikotean, ala nola erdi-mendeko arrilanetan eta oraingoetan ere.
Ezpai gabe, ertilariek, eguzkia idurikatu nai izan zuten, noski, Laburdi, Zuberoa ta Benaparroako illarrietan oboak irarri zitutenean. Irudi auek, sarri, agi oi danez, illargiarekin bikotean ageri diranean, eguzkiari dagokion tokian daude, izar biok argi idurikatuta ikusten ditugun arri-lanetan bezelatsu, Endaiako arrizko gurutzean, esaterako. Arri-lan guzi auek XV, XVI eta XVII garren mendekoak dira.
Euskalerriko beste alderdietan ere, irudi berdiñak ageri dira illarri eta obietan. Argiñetako (Elorrio) illarrietan ere, eguzki gurpillak ikus ditezke. Aezkoan, etxe baten ate-giltzarrian, bost-ertzeko izar bat eta illargi erdi bat aldamenka ageri dira: azpian 1561 irakur diteke.
Berriagoak dira ateburu, ta leio-buru ta azpietan, baita sukaldeetako labetxoetan irarrita ageri diran irudiak, Iholdi-aldean usu arki ditezkenak. XVII ta XVIII garrenekoak dira. Irudi oiek, batzutan, elizetako sakramentu deunaren erakustokiarenakin ordezkatzen ditute, euskeraz iduzki-saindu.
Euskal kulturaren barrutian edota euskal ustebide iatorrean, zein ote dan galde diteke, eguzki ikur orren aldin eta zentzu egiña.
Maiz, irudi auek apaingarritzat soil erabiltzen ditute: orixe da, izan ere, sinbola edo ikur guzien zoria. Bañan noiztanka «iduzki-saindua» renakin aipatu irudiok ordezkatzeko oiturak, euskal-ertiko eguzkiaren ikur edo sinbolai zentzu guren edo done bat ematera garamazki.
Ezaugarri orien zentzu doia ezagutzeko ordea, gaur ere euskal baserritarrek etxeko atarian ipintzen ditun eguzki ikurren bereiztasuna ezagutu bear dugu. Kardu-liliaz (Carlina acaulis) ari gera. Aunitz izen ditu, aien artean eguzki-lora, eguzkiaren lorea alegia, eta eguzki-ezaugarritzat askok atean ezarten dute, iguzki-sainduaren, larrosandiaren edo eguzki-gurpillaren irudiari berez dagokion tokian ezarri ere. Gaurko euskaldunak, gaiñera, eguzkiaren ezaugarri edo ikurtzat artzen duten ezkero, eguzkiari dagozkion alegizko edo mitu-eginbearrak bete bear ditu nunbait ere. Uste danez, eguzkiak iratxoak eta arima kaltegarriak aienatzen ditu, baita sorgiñak eta lamin-mota batzu ere; kardu-liliari ere almen edo indar berberok egozten dizkie. Orregatik atean iltzatzen dute, iratxo kaltegiñak, sorgiñak, aidekoak, ekaitz eta tximistaren numenak sar ez ditezen.
Ialki ditugunetatik ageri da beraz, eguzki-ikurraren izate donea eta zentzua ere, kardu-lili-, larrosandi, kako-gurutze eta abarren irudipean.
Eguzki-mitologitiko ustekizunetan dute sorrera nunbait, gure egunetaraño eldu diran beste oitura auek ere: etxeak sortaldera begira egitekoa; oitura onen aztarnak oraindik ere arki ditezke Sara, Ataun eta beste tokitan. Artzai-txabolak ere eraberean egitekoa, ots, E-W, burua sartzaldera eta oiñak sorkaldera. Eneolitosko trikuarrietan ere, oitura berbera arkitzen dugu, beste errietako siniskizun eta eguzki-mituen arabera.
Datorren banakoan azkena.
(*) Ikus «Euzko-Gogoa» 1954'ko 9-10 eta 11-12'gn. zenbakiak.
(26) «Eusko-Folklore» 2'gn. sailla, 6 z.
(27) José Miguel de Barandiaran, «Elezar (Euskal- mitologiako atalak). Herensuge». (Eusko-Jakintza'n, IV idaztia, 259 orrialdean. Sara, 1950).
(28) J. M. Barandiaran. «El Hombre Primitivo en el País Vasco», 62/85 orrialde.
|