Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Antzerti—

 

Gaitzetsia

 

Jacinto Benavente

 

euskaratzailea:

Edonor

 

(Iarraipena) (*)

 

(Emakume oro ateraten da)

 

        Eusebio.— ¡ Bai berri dagoela doña Isabel! Nire urtetsuak inguru baditu. Baina ongi erraiten da: ukan zuenak gorde zuen eta zahartzarorako utzi... ba doña Isabel emakume galanta izan da galanten artean.

        Esteban.— Baina ezarri zaitez apur baten, Eusebio. Nolako prisa etorri zaizun.

        Eusebio.— Utzidazu, bada itzultzeko tenorea eta oso ilun dator. Baina zu etzakizkigu lagundu; badatorz gurekin morroinak.

        Esteban.— Errekaraiño gutienez bai; eguratsa hartzea baizik ezta.

(Raimunda, Akazia eta Milagros sartzen dira.)

 

        Eusebio.— Eta zuek erran elkarren artean erran behar duzuen guzia.

        Akazia.— Erran dugu dena.

        Eusebio.— ¡Zure ustea baizik ezta hori!

        Raimunda.— Tira, Eusebio; ez aserrerazi neskatoari.

        Akazia.— Eskerrik asko guziaz.

        Eusebio.— ¡ Zer esker ta eskerrondo!

        Akazia.— Oso polita da edergailua.

        Eusebio.— Topau ahal ukan den itxurarik ederrenetakoena da.

        Raimunda.— Neska laborari batentzat gehiegi.

        Eusebio.— ¡ Zer arraio gehiegi! Tira. Toledoko kustodiak baino arri gehiagorekin nahi nukean nik. Besarkatu zure amaginarreba.

        Raimunda.— Erdu ona, gizona; zeren oso maite ukan behar zaitut daramadazuna parkatzeko. ¡Nire sabeleko alaba!

        Esteban.— Tira! Muxinga asi behar dugu orain...

Begira iezozu neskari. Badago negar utsean.

        Milagros.— Akazia! (Negarrez asten da hau ere).

        Esteban.— ¡Bertzea! ¡Tira, tira!

        Eusebio.— Ez holakoak izan... Negarrak hilentzat. Baina holako ezkontze bat egon, denen gustura delarik. Ia, poztu... eta laister arte.

        Raimunda.— Iankoa lagun, Eusebio. Eta Juliari eztiodala parkatzen holako egun batean ez etortea.

        Eusebio.— Badakizu nola dabilen ikustea dela ta... Burdi bat ipini behar zen eta Berrokales'eko aldapa hori ganaduaren heriotzbide bat bezala dago.

        Raimunda.— Bada, goraintzi asko eman eta obera egin dezala.

        Eusebio.— Zure izenean.

        Raimunda.— Eta ioan, ioan, gaua sartuko zaizue ta. (Estebani.) Asko tardauko duzua?

        Eusebio.— Erran diot ez etorteko...

        Esteban.— ¡Zergatik ez! Errekaraiño ioanen naiz.Ez iguriki apaltzeko.

        Raimunda.— Bai igurikiko dizugu. Holako egun bat emakumeak bakarrik apaltzekoa ezta. Eta Milagrosi berdin zaio piska bat beranduxeago apaltzea.

        Milagros.— Bai, andrea; berdin.

        Eusebio.— Iainkoa lagun.

        Raimunda.— Agur egitera ietsiko gara.

        Faustino.— Nik gauza bat erran behar nion Akaziari...

        Eusebio.— Zergatik eztuzu utzi biarko? ¡Egun osoan solasean etzarete egon bada!

        Faustino.— Bada... Batzuetan eznaizela gogoratu eta bertze batzuetan iendearen zarata dela ta...

        Eusebio.— Ia zer erraiten diguzun.

Faustino.— Ezta ezer... Amak, etortean, bere gauza bat bezala, kutun hau eman didala Akaziarentzat; hango mojena.

        Akazia.— ¡Bai dela polita!

        Milagros.— ¡Bordatu ederra! ¡Eta Karmengo Andre Mariarena!

        Raimunda.— ¡Debozino itzala dio, ukan ere! Emaiezozkizu eskerrak zure amari.

Faustino.— Benedikatuta dago...

        Eusebio.— Tira; Egin zenuen enkargua. Honekin itzultzeko kapaz ziñen eta! Zure amak entzun behar ukanen zituen! ¡Nolako eskasa zaren, seme! Eztakit nik noren izaera hartu duzun...

 

        (Denak ateraten dira. Agertokia, bakarrik gelditzen da istaño batean. Gautu da. Raimunda, Akazia eta Milagros itzultzen dira.)

 

        Raimunda.— Asko luzatu dira; gabaz dihoaz... ¿Zer dinozu alaba? ¿Pozik zaude?

        Akazia.— Ikusten duzu zeuk.

        Raimunda.— ¡Ikusten duzu zeuk! Bada, horixe nahi nuke: ikusi... ¡Batek badakizki zure gauzak!

        Akazia.— Nekatuxe nago.

        Raimunda.— ¡Ukan dugun eguna ona izan da! Bortzetatik gaude zutik etxe honetan.

        Milagros.— Eta etzitzaitzun nehor faltako zorionak emaiten.

        Raimunda.— Herri osoa erran diteke; apaiz iaunaganik asita, zeina lehenetakoa izan baitzen. Eman diot meza bat erran dezan eta amar ogi errumesantzat, denak gogoan ukan behar baitira holako egun batean. ¡Iainkoari eskerrak etzaigu ezer falta! Hor daude posporuak?

        Akazia.— Hemen daude, ama.

        Raimunda.— Bada piztu ezazu argi hori, alaba; ilunpe honek itun ipinten baitu. (Deika) ¡Juliana! ¡Juliana! ¿Nondik ote dabil hori?

        Juliana.—(Barnean eta betik bezala) ¿Zer?

        Raimunda.— Igo ezazu gorantz erratz bat eta batzekoa.

        Juliana.— (Lehen bezala) Berehala igonen naiz.

        Raimunda.—Bertze gona bat ipini behar dut; zeren ezpaitu etorri behar nehor gehiagok.

        Akazia.— Nahi duzua ni ere biluztu nadin.

        Raimunda.— Zu egon zaitez, ezer eztuzu egin behar eta egun bategatik...

        (Juliana sartzen da)

        Juliana.— ¿Hemen garbitu behar dut?

        Raimunda.— Ez; utzi ezazu hor erratz hori. Batu guzi hori; ikuzi ongi eta alasean gorde; eta kontuz kopa hoiekin beira fiñezkoak dira ta.

        Juliana.— ¿Bizkotxu bat ian dezaket?

        Raimunda.— Bai, andrea, bai. ¡Bai zarela txibiza!

        Juliana.— Bai nire amaren alabak gozatu duela nahikoa.

        Ardoa ta gaztaia ateraten ioan zait egun osoa, hemen egon den iende azkengabea dela ta... Egun, egun ikusi da zer den etxe hau orontzat eta baita Eusebiorena, gutietsi gabe. Eta ikusiko da eztai egunean. Nik badakit nork emanen dizun urrezko ontza bat eta nork sedaz bordautako koltxa bat lora eder batzukin, hartzeko gogoa etorten zaizula benetakoak bailiran. Egun aundia izanen da. ¡Iainko benedikatua!, poz aundikoa eta negar aundikoa ere; ni lehena, eztut erranen zure ama bezala, ama batekin ezpaitago ezeren konparaziorik, baina zure ama kendurik. Eta gainera etxe hau niretzat bai bihotzekoa dela, gogoratuaz hil zitzaidan neska, ¡Alaba kutuna! orain zu zaren bezalakoxea zen...

        Raimunda.— ¡Tira Juliana! iasan, guzi hori eta ezezaiguzu bihotzik samurtu, bakoitzak berearekin aski baitugu.

        Juliana.—Eztezaidala Iainkoak laga nehor atsekabetzen... Baina holako egunak eztakit zer duten, dena pilatzen da, ontsa eta gaiztoa, eta nahi ukaiten da poztutea eta itunago ipinten da... Eta ez erran ezer, ezpaitut bere aita aitatu nahi ukan, goian bego. ¡Iainkoarren! Ikusi balu egun honetan! Beretzat munduko gloria zen alaba hau.

        Raimunda.— ¿Eztuzu ertsiko aho hori?

        Juliana.— Ezezaidazu egin errietarik, Raimunda! zakur zintzo bat zehatuko bazenu bezala da ta, badakizu hori izan naizela ni beti etxe honetarako eta zuretzat eta zure alabarentzat; zakur leial batek bezala, Iainkoaren legeaz ian dut beti ogia etxe honetan, munduko ohore osoakin denek dakitenez... (atera egiten da).

        Raimunda.— Nolakoa den Juliana!... Eta ondo dino; zakur bat bezala zintzo eta leial izan dela etxe honetarako. (Erraztatzen asten da).

        Akazia.— Ama...

        Raimunda.— ¿Zer nahi duzu, alaba?

        Akazia.— ¿Emanen didazu komoda honetako giltza? Milagrosi gauzatxo batzuk erakutsi nahi dizkiot.

        Raimunda.— Hor duzu. Eta hor gelditzen zarete, nola dagoen aparia ikustera nihoa ta. (Atera egiten da) (Akazia eta Milagros soruan ezarten dira eta komoda peko kajoia irikiten dute.)

        Akazia.— Begiratu belarrietako hauek; bezuzan eman dizkit... bada, Esteban... orain eztago nire ama; ene amak aita deitu dezaiodala nahi du beti.

        Milagros.— Eta berak ongi maite zaitu.

        Akazia.— Hori bai; baina aita ta ama batzuek baino eztaude... Esku zapi hauek ere berak Toledotik ekarri zizkidan; letrak mojak bordau dituzte... Hauek txartel postalak dira; begiratu zein politak.

        Milagros.— Zein andre galantak!

        Akazia.— Madrid eta Pariseko barre eragilleak dira... hona aur hauek, zein gozoak... kaja hau ere berak ekarri zidan gozoz beterik.

        Milagros.— Gero hau eta bertzea erranen duzu...

        Akazia.— Eztut erraiten ezer. Nik ongi dakust maite nauela; baina nahiago ukanen nuen nire amarekin bakarrik egoitea.

        Milagros.— Zure amak etzaitu gutxiago maite ukan horregatik.

        Akazia.— Eztakit ba nik! Itsu dago bere alde. Aukeratu behar balu ni edo gizon horren artean, eztakit nik...

        Milagros.— ¡ Zer dinozu! Zu orain ezkondu egiten zara eta zure amak alargun iarraitu behar ukan balu, bakar bakarrik utziko zenuen.

        Akazia.— Baina, ¿zuk uste duzu ni ezkondu egingo nintzala nire amarekin bakarrik egon banintz?

        Milagros.— ¡Ene! ¿etziñen ezkonduko? Oraintxe bezalaxe.

        Akazia.— Ez uste. Non egonen nintzan obeto eta goxoago etxe honetan nire amarekin baino?

        Milagros.— Bada etzaude zuzen. Denak dinote zure aita ordekoa oso ona izan dela zuretzat eta zure amarentzat. Hola izan ezpalitz, ikusten duzu, herrietan hitz egiten den guziaz...

        Akazia.— Bai, ona izan da: eztut bertzerik erranen.

Baina eznintzen ezkonduko nire ama berriz ezkondu ezpalitz.

        Milagros.— ¿Badakizu zer erranen dizudan?

        Akazia.— Zer?

        Milagros.— Zuk Faustino eztuzula maite, Norberto baino eta eztaudela oker hau dinotenak.

        Akazia.— Ezta egia. ¡Eztut maite nehola ere! Egin zidan egiera ondoren.

        Milagros.— Bada orok dino zu izan ziñela utzi zuena.

        Akazia.— ¡Bai, ni izan nintzan, ni! berak bidean ipini ezpanindu... Tira, eztut hontaz mintzatu nahi... baina eztute ongi erraiten; Faustino maiteago dut, hura maite ukan dudan baino gehiago.

        Milagros.— Hola behar du. Bertzela gaizki egingo zenuke ezkontzeaz. ¿Erran dizute Norberto herritik ioan dela egun goizean? Eztu egun hemen egon nahi ukan, aurki.

        Akazia.— ¿Zer du gehiago beretzat egun honek bertzek baino? Hona, hau da idatzi zidan azken gutuna, utzi genuenez gero... Nik berriro ikustea nahi ukan ezpaitut..., eztakit zertako gordetzen dudan... Oraintxe bertan zatitu behar dut. (Apurtu egiten du.) ¡Ala!

        Milagros.— ¡Andrea, zelako amorruz!...

        Akazia.— Utsa erraiten baitu... eta erre zatiak...

        Milagros.— ¡Andrea, eztezala argi-ontzia suak hartu!

        Akazia.— (Leioa irikiten du). Eta orain kalera, aizetara. ¡Bukatuta eta ongi egon era dago dena!... ¡Nolako gau iluna!

        Milagros.— (Leiotik so eginez ere). Bai dagoela beldurgarri; ilargi eta izarrik gabe...

        Akazia.— ¿Entzun duzu?

        Milagros.— Kolpez ertsiko ate bat edo izanen zen.

        Akazia.— Tiro bat bezala ta entzun da.

        Milagros.— ¡Nolako emakumea! ¿Tiro bat tenore honetan? Suen batetik abisua bialtzen ote dute, ikusi ezta egiten argirik nehon.

        Akazia.— Sinetsiko didazu izutu egin naizela?

        Milagros.— ¡Nolako emakumea!

        Akazia.— (Bat batean atera arin dihoala). ¡Ama, ama!

        Raimunda.— (Betik). ¡Alaba!

        Akazia.— ¿Eztuzu zuk ezer entzun?

        Raimunda.— (Berdin) Bai, alaba: bidali dut Juliana iakiterat... Ez beldur izan.

        Akazia.— ¡Ai, ama!

        Raimunda.— ¡Zaude isilik alaba! Banihoa gora.

        Akazia.— Tiro bat izan da entzun dena, tiro bat izan da.

        Milagros.— Hola baldin bada ere; ezer txarrik etzen gertatuko.

        Akazia.— ¡Iainkoari ailiotsa!

 

        (Raimunda sartzen da.)

 

        Raimunda.—¿Beldurtu egin al zara, alaba? Etzen ezer izango.

        Akazia.— Zu ere beldurtuta zaude, ama.

        Raimunda.— Zu ikusteaz... Lehen mementuan, zure aita kanpotik den ezkero, izualdi bat hartu badut... Baina eztago hortarako arrazoinik. Ezin iaso izan da ezer txarrik... ¡Isilik! ¡Entzun! ¿Nor mintzatzen da bean? ¡Ai, ama!

        Akazia.— ¡Ai ama, ai ama!

        Milagros.— ¿Zer dinote, zer?

        Raimunda.— Ez ietsi zu, banihoa ni ta.

        Akazia.— Ez ietsi, ama.

        Raimunda.— Eztakit zer ulertu dudan... ¡Ai Esteban bihotzekoa, ezer eztakiola gertatu izan! (Ialgi egiten da).

        Milagros.— Bean iende asko dago... baina hemendik eztiet ulertzen zertaz mintzatzen diren.

        Akazia.— Zerbait txarra izan da, zerbait txarra. ¡Ai, zertaz pentsatzen nagoen!

        Milagros.— Baita ni ere, baina eztizut erran nahi.

        Akazia.— ¿Zer uste duzu zuk izan dela?

        Milagros.— Eztizut erran nahi, ez.

        Raimunda.— (Betik). ¡Ai, Karmengo Ama Birgina! ¡Ai, zelako zorigaitza! ¡Ai, ama gaixo horrek iakin dezanean bere semea hil diotela! ¡Ai, eztut gogoratu ere nahi! ¡Ai, zelako zorigaitza, zelako zorigaitza orontzat!

        Akazia.— ¿Ulertu duzu?... Ene ama... ¡Ama... ama!...

        Raimunda.— ¡Alaba, alaba, ez ietsi! Banihoa, banihoa!

 

        (Raimunda, Fidela, Engrazia eta emakume batzuk sartzen dira).

 

        Akazia.— Baina ¿zer gertatu da, zer? Eraite bat izan da, ¿ezta?, eraite bat izan da.

        Raimunda.— ¡Bihotzeko alaba! ¡Faustino, Faustino!...

        Akazia.— ¿Zer?

        Raimunda.— Hil egin dutela, hil tiro batez herri irteeran.

        Akazia.— ¡Ai, ama! ¿Eta nor izan da, nor?

        Raimunda.— Eztakigu.... eztute nehor ikusi... Baina denak dinote Norberto izan dela; aundiagotzen delarik denoi datorkun zorigaitza.

        Engrazia.— Ezin diteke bertzerik izan.

Emakumeek.— ¡Norberto!... ¡Norberto!

        Fidela.— Etorri dira justiziadunak.

        Engrazia.— Katigu ekarriko dute.

        Raimunda.— Hemen dago zure aita. (Esteban sartzen da.) ¡Bihotzeko Esteban! ¿Nola izan da? ¿Zer dakizu zuk?

        Esteban.— ¡Zer iakingo dut bada! denek dakitena...Zuek etzakizkidate atera hemendik, eztuzue egin beharrik herrian.

        Raimunda.— ¡Eta aita hori nola ote dago! ¡Eta ama hura bere semea eramaiten diotenean, goizean biziz eta ametsez beterik irten eta ikusten duenean hilda dakarkotela eta hain heriotze gaiztoz, hola eranik.

        Engrazia.— Izan denak eztu ordaintzen ezta urkamendian ere.

        Fidela.— Hemen, hementxe bertan hil ere.

        Raimunda.— Nik ikusi egin nahi nuke, Esteban: eztezatela eraman ikusi gabe... Eta alaba honek ere bai; bere senarra izango zen.

        Esteban.— Ez estutu; denerako egonen da astia. Gaur ez mogidu hemendik, erran dizuet. Orain eztu han nehork zereginik justiziak baino; ez medikuak, ez apaizak ezin egin ukan dute ezertxo ere. Ni berriro nihoa harantza guztioi hartuko digute deklarazinoa ta. (Esteban ateraten da.)

        Raimunda.— Zuzen dago zure aita. ¿Zer egin dezakegu bere alde honezkero? Iainkoari otoitz egin bere arimaren alde... Eta gogotik ioaten etzaidan ama gaixo horrek... Etzaitez hola egon alaba, negarrez eta oiuka ikusiko bazindut baino gehiago beldurtzen nauzu ta. ¡Ai, nork erran zezakean egun goizean, hain arin gertatuko zitzaiguna!

        Engrazia.— Bihotza erdibitu omen dio.

        Fidela.— Zalditik oso osoan erori da.

        Raimunda.— Nolako desohorea herri honentzat; eta hemendik irten ere hain barne txarreko erailea! ¡Eta lotsa audiagorako aide artekoa izanere!

Gaspara.— Nehork eztakigu oraindik hori.

        Raimunda.— ¿Eta zein bertze izan zitekean? Orok erraiten baitu...

        Engrazia.— Orok dino. Norberto izan da.

        Fidela.— Norberto, ezin bertzerik izan.

        Raimunda.—Milagros, alaba, irazeki argi hoiek Ama Birginari eta otoitz egin dezaiogun errosario batez, ezin baitezakegu bertzerik egin bere arimaren alde, erregutu baino.

Gaspara.— ¡Iaunak parkatu ukan dezaiola!

        Engrazia.— Autorrik gabe hil ere.

        Fidela.— Eta bere arima neketan egongo da. ¡Iainkoak libra gaitzala!

        Raimunda.— (Milagrosi). Eutsi errosarioa; nik ezin errezatu ere. ¡Ama hori, ama hori! (Errosarioa errezetan asten dira. Oiala.)

 

Lehen ekitaldiaren azkena

 

(*) Ikus asiera «Euzko-Gogoa» 1954'gko 11-12'gnean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.