Euskera
Maite billa
Urruzola'tar Estanisla
Arriturik nengoen. Ametsetan ote nengoen ere begiratu nuan. Ez, bada, esnai nengoan ta eskuan neukan eskutitza berriro irakurtzen ekin nion...
«... Nitzaz zearo aaztuta ote ziñan biotza kolokan neukan. Maite-miñak ba-narama ludi guztia zear ta zu or, atzerrian... Ez al zera oroi izan natzaizula beti zure kutuna, zure maitea... Txikitako lagunak ez gaituzu bada? Zure aurtzaroko lenengo itzak ez al nitun, bada, berotu zure ezpañetan? Ez ote nizkizun erakutsi jolas-itz lenengoak eta maitasun-itzak, urren, gizontzera zijoazenean? A! etorri al ba-zindezke nere bizitza xuxpertzera... Maitasunaren gozoa aaztu ez ba-zaizu iakingo zenukea nun bizi izandu naizen, nun egon nindekean ta nun arkitu nazakezun... Etorriko zatzaidala itxaron dut. Ikusi arte.
Zure maitea»
Ludiak dun azkeneko muturretik zetorren idazkia; Karakas'tik alajañetan. Nundik-nora ote zebillen maite gaxoa! Bere bidera aterako nintzaiola asmo artu nun. Nor joan, ordea? Ta maitale kutuna lenengoz ezagutu nuan errira, menditik ibaira zintzilikatuta zeuden kale zar aietaruntz joatea erabaki nuan; naranja usai ixurtzen duten lurreetatik sagar da gaztain edatzen duenetara...
Ba-ninjoan trenean. Ura biotz dardara Ebro ibai gañean! Ura zirrada Altzazu'tik berakoan...! Etxean nintzan. Oraindik antziñako kale zarrean bizi zan nere sendia. Ba-gendun itzegin bearra ¡ Ta itzegin gendun naikoa. Tarte batean esan nion amari; «Ta... ura?». Antzeman zidan berialaxe. Nere begietara zuzen begiratuaz erantzun zidan:
Aldegiña izan bear dik... Naiko lan kale ontan arki al izatea...
Ez ote? Galdetuko dut.
Atsekabea ager nai zuan begiratua berrirotu zidan amak; bañan naigabean bizitzen oituta dagoanaren leguntasun zerbaitez txukatua...
Irten nintzan kalera. Oni-ari galdezka asi nintzaien:
Olako emakumerik nun bizi dan, bai al-dakizute?
Ez ba... Aditzera ba-degu ederra zala oso bañan nun bizi dan ez dakigu. Ia aurreko etxe orretan galdetu...
Ez nuan aztarrenik atera. Kalea utzita azkenean mendi-gora jo nun. Esnezaleak ziran. Goitik-bera zetorren nexkatxa gazte eder laukote batekin topo egin nuen. Nere arloaz zerbait galdetu bear niela ta esan nien:
Egun on ¡
Egun on ¡ erantzun zidaten.
Ernialdera emendik?
A Ernialde «aldapas» grandes. Hay unos «mendis» muy grandes...
Txaldan aiei galde bear niena ez galdetzeko asmo artu nun. Bañan esan nien:
Zuen jatorrizko izkuntza narraxten dezuten bezela marmita oietan daramazuten esnea ere narraxtuko dezute iru xalburuz...
Guk ere ba-dakigu euzkeraz ¡
Ainbat txarkigo. Igandetan mintzatzeko gordetzen al dezute? Edo erderakadaz mendiak zelaituko dituzutelakoan zaudete...
Itzok esan bitartean aienatu zitzaizkidan. Berriz, gora... Goitik zegoen langa baten gañean emakume bat ikusi nun exerita. Mendiko aizeak ba-zerabilzkion ille luzeak bere aldean egoan luzaka. Biotzean nabaitu nuan zarradak ots zegidan «bera dek! bera dek». Ez dakit lotsaz ala beldurrez zan bañan urduri antzo urbildu nintzaion. Alderatu ordukoxe izkera xamurrenez, mintzatu zitzaidan:
Ongi etorri, aspaldiko ¡
Obeki arkitua, andretxo ¡
Zer esan ez nenkila gelditu nintzan. Begiratu ezti batez esan zidan:
Ezagutuko nazu, noski?
Iduritu arren ez dakit ziur. Zure edertasun ikusita, zure abotsaren eresia entzunda, zure gaztetasun ta trinkotasunaren berezitasuna nabaituta antziñatik billa nabillen nere maitea ote zeran ba-nago. Zu izango zaitut onuntz etorri nadin ots egin didana...
Bai, ni naiz.
Arritu naiz betiko tokian ez arkitzea...
Ez arritu. Eskergabe asko dago gizakumeen artean.
Nik etzaitut bada aaztu. Txikitatik oitu nintzan zure abotsa entzuten. Seaskatxoan nengoanean beti ziñan nere alboko. Zu ziñan ene abeslari, zu ene alaigarri. Alkarrekin jolastutzen giñan, alkarrekin dantzatu txistulariak eun urretxindorren txorrotxioak plaza zarrean edatzen zituztenean. Nere biotzian ta españetan izaten ziñan maite-bideetan beti zoriontsu nebillenean. A, egun aiek!
A, aiek egunak! Amaika bider negar ixuri dut egun aiek oroitzean...
Bai nik ere-esan nion begiak itxaropen malkoz kandotuak-Zu zeran polita! Zu zeran eztia! Alkar maiteko degu. Alkarrekin biziko gera, bakarrik, biok... Nere poza, maitia!
Nerea ere! antzi luze bat egin zuan, galdetzen zidala. Beti, beti maiteko nazu! Orduan, alkarrekin biziko gera?
Baietz esan nion. Ura begiratuaren goxua alkarri egin geniona ¡ Ixiealdi labur baten ondoren, esan zidan:
Auxe zoriona, ene kutuna! Orain ba-noake beste maitale, baten billa...
Txundituta gelditu nintzan. Itztotelka benik, asmatu nun esaten:
Beste baten billa? Nor zaitut...?
Parrez erantzun zidan:
Beste baten billa, bai. Euzkera, ona nere izena... Euzkera!
Euzkera! esan nion bere oiartzun antzo.
Berak jarraitu zuan, arrituaren arrituz mutututa gelditzen nintzaiolarik.
Ezin ninteke zurea bakarrik izan. Askok ez maitearren euzkotar guztiona izan nai dut. Nere edertasunera oartu ez diralako naikoa baztertu naute. Zuek, zuk zerbait ba-dagikezu... Bai, zerbait egin dezakezu nere alde. Menditik jetxi nai dut. Jauregi arroenetara igo nai dut. Mingañak garbitu itzazute; lumak zorroztu. Zabaldu nere izena, guztiona izan nai dut eta.
Ta jarraitu zuan;
Batena ta danena izatea zail dala al derizkiotzu?
Zeruko Ama ez al da zure Ama te guztion Ama? Orobat izan nai nuke, guztion andregaia. Nere pozak ez luke azkenik orrela ba-litz. Ia, zorroztu luma...
Nere txapazko luma...
Txapazkoa edo arkatzazkoa ez dio ajolik. Bitez oiek urrezkoa dutenaren zirikatzalle. Beko, erdiko ta goiko izkera bear, adimenak ala diran bezelaxe. Zuen lanak ikusita jakintsuak esnatuko ba-lira, jantziko ninduzueke bai iñoren aldamenetik lotsik gabe joateko eran.Atera ditzatela jakintsu ta aberatsak adimen-kutxan dauzkaten pitxiak eta goratuko dute orduan nere edertasuna, apainduko naute... ta ainbeste «Miss» dijoazten kaletik barna joango naiz ni ere. Zure mingain ixillak baiezkoa dario; zure begiak ez dakuste ederragorik urrutio... Bai, noski, ba-dagikezu lan nere alde. Maiteño, saiatuko al zera?
Gauz geiago esaten zizkidan bañan gortuta nengoan. Bi besoak buru gañean jasota, lurrera erori nai zuan burua eltzen zuten. Begiak, berriz, bideko arrietan josita nituan. Zer esan ez nenkian. Urrengo egunez ekarriko nizkiola kalean utzi nituan ta euzkeraz itzegiten zuten iru aingerutxo edo... Zer-nolako lanak egin bearko nituan edo...
Burua altxa nuanean galdetzeko, goi xamarrean ikusi nun mendi-gallur aldera ba-zijoala uso...
Euzkera! otsegin nion.
...eeera! zion menditik zetorren otsak.
Ez nenkian mendien oiartzun zan edo Euzkera'ren erantzuna. Jakin miñez berriro ots egin nion:
Euzkera!!!
...eeera! erantzun ziran berriro.
Ta euzkera mendi gaindorretik bestaldean ixkutatu zitzaidan.
Kalera bidea artu nun; orduantxe, oldozkor. Len añian gelditzen nintzan. Ez nenkian mendiz-mendi zebillen oiartzuna zan edo aren erantzuera... Ba-zeritzaidan, aoz-ao esan zidana berritzen zidala: «Saiatuko al zera?». Bañan...
Ametsetan amets zeritzaidana, esnatzean ala gertatu. Iduritzen zait mendiko oiartzunak bakarrik entzuteko ez zidala deitu. Ta «saiatuko al zera?» ori buruan sartu zait emendik kanpo jaurti ezin detalarik.
|