Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Gizonaren aske izatea

 

Antxeta

 

Era batez, askatasuna, zentzudunai emaniko almena besterik ez da. Gizakiak, berorren laguntzaz, jo-mugen lortzera egokien zaizkion bideak auta ditzake. Aundizka, bizitzaldiko eta eriotz-osteko gorabera guziak diogun ontan koka oi dira. Eta, orrela, askatasuna, bai eragitera eramaten gaituana, bai ustezko ezin-egiñak gañartzera garamazkiana, nolanai uler dezakegularik, gizonekin bat egiñik arkitzen da. Askatasun ezaz, gizonen on-egiñak ez lirake sarigarri, ez-eta txarr-egiñak zigorrgarri; itz batez, izaditarren artean gizonari audien izatea damaion almena askatasuna da.

        Pilosopi-maillan, askatasunak ez du dan-ezeren murrizterik baiesten. Gaiñartu eziñeko esi edo langa bakar bat besterik ez du: odei-gaindiko indarrai amor-eman eta burua makur-bearra; makurrketa, Goi-ontasunaren eta, ondorez, zentzudun azkenaren adierazgarria degu. Amor-egitearen esi orrek ez digu bañan askatasunarik ukatzen, sendoago baiesten baizik, sari eta zigorrak, on-egin eta gaizki egiñak mugatzen dizkigu-ta. Beaz, lenik, askatasuna gure-gurea egiten digu, on-egiñak sarigarri eta txar-egiñak zigorgarri izan ditzagun.

        Bañan (eta au degu bearrenik), buru-makurtze eta menpetasuna eska oi digun lege goitar orrek, iñungo jaun edo nagusirik —goiena dalarik ere— almendu ez du, indarkeri bitartez men-egitera iñor beartzeko. Kristo'k berak, gizostearen gorrotoa indarrez ixillarazteko ikasleen nai utsari onatx nola zien: «Zer ba, orrelakoak gertatzerik nai ezik, nere Goi-Aitak ez ote zidan aingeru-andanak igor al izango nere buru alde jarri zitezen?»; eta ikasleai bein baño geiagotan onen antzekoxeak esaten dizkie.

        Bidezko eta zentzuzko danez, Kristo'k indarrean egiñiko kristaurik ez du nai. Gizonen azken-ona lortzearren ere askatasuna ukatu dezaigunik etzaio atsegin. Izan ere ala bear; bestela, eragabeki, Aita'k egiña ukatzea litzake. Eta Aitari buruz, zein egoki ta tajuz mintza zaigu Anselmo Deuna diogunean: «Naiz ta ezinkizuna dala jakin, askatasun gabeko gizona egin al izateak beste eragabeko ezinkizuna lekarrkiguke: Jainko berberaren lur-jotzea».

        Diogunak, askatasunaren jatorria dan-danez oroitzekoak dira; eta askatasunez gañera, eraso eziñeko lege-eskubideak eta gizonen nagusi-mailla. Geure buruen aske-izatea doai ta almen yaukala degu.

        Askatasunaren alde egitea, eta begiramenez artzea guzioi dagokigu, gizon-mailla berari, askatasun deritzan pitxi eder orri zor bai diogu; au da, eta ez besterik, gizonari gizon izatea doai ta almen yaukala degu.

        Askatasunaren alde egitea, eta begiramenez artzea guzioi dagokigu, gizon-mailla berari, askatasun deritzan pitxi eder orri zor bai diogu; au da, eta ez besterik, gizonari gizon izatea damaion gaitasuna.

        ERRI-ASKATASUNA.— Erri-askatasuna, goragoxe aipaturiko askatasun berbera degu, ots, gizon bakoitzaren aske-izatean datzana eta erriak eratzen duten gizaki-batzari edatua.

        Erria, bere-berez sortutako gizaki edo zentzudun-batza da, gizakiak izan ezik erriak ez bai du izaterik; alaz ere, erriaren izana ez da gizakiak eragiña.

        Berezko batza dan aldetik joka-bide ta jo-muga bere-bereak ditu, izadiak zerik bate-bear ez dunik egiten ez du-ta. Erria baña, nortasun gabekoa da, ots ez degu nor, gizaki batza dan aldetik baizik. Beraz, oñaze ta pozak ateman ditzaken erririk ez dago; sarigai edo zigorrgai dan erririk ere ez. Poz eta oñazeak, txarkeri ta on-egiñak, erria eratzen duten gizaki bitartez ulertu bear dira; erria, bere berean saritua izaterik ez du, bere-berean zigortua izaterik ere ez, gorputz edo gogo gabea danez oñaze ta poz argarri ez bai da. Orrezaz gañera (gizonak, nolanai erlijiodunak diralarik zerbaiten etorkizunak itxoten du), erriak lur-bizitzaldi onen ondorengo gerokorik ez du eta ezin izan ere.

        Ur gardenean ondoko arri ta ondarrak ikusi oi diran bezin ongi dakusgu gure oraiñarteko esanen sustraia. Beraz, ezpairik gabe esan dezakegu, erriaren elburutasuna ez dala bere-berean jo-muga, bidea baizik; eta bide ori ez dala erri berberaren otseintzarako eta on-bizitzarako egiña izan, erriaren osagarri diran gizakientzako baizik.

        Dioguna aintzat arturik, erria, berak dakarren berezko bide bezela ar dezakegu (eta berezko esate orrek giz-gaindiko jatorria baiesten digu) azkenak irixteko lagungarritzat gizonen esku-mende ipiñia. Onela, erri-askatasuna, baldintza edo egin-bear pilla besterik ez degu, erria osatzen duten gizakiai azkenaren bete-bearrak, lurrekoak ezezik lur-gaindikoak ere, egin-bidean ipintzen laguntzeko.

        Eta, norbere buruaren askatasuna noraezekoa dala lên esanik daukagunez, erri-eskatasunaren elburua ondoren datorkigu: zentzudun bakoitzaren askatasuna egin al izan ta babestu, eta bertan-bera itzuli ez dakigun etengabe bizitzaldi osoan arnas-eman.

        Eusko-erriaren askatasunaz mintza geralarik, euskotar guzi ta bakoitzen askatasunaz mintza gera. Euzkadi'ko seme leialak norbere buruaren askatasun zabalenean bizi ditezen. Bañan, euskotarren askatasunak, norberetua, zabaldua, babestua ta aldeztua bear du izan; ontarako zuzentasun guzizko lege egokiak betozkigu bitarteko lagun dagozkigun askatasunak burutzerik izan ditzagun; agintalmena ere begokigu gaitua, lege-ausleak jo ditzan, eta oiek eteneko pakearen baretasuna lengora dezaigun; erri almena ere bego gaitua, arrotzen sartu-naiak debekatuz, dagozkigun askatasunak aldeztu dezaizkigun.

        Diogunak bañan, Euskotar-batzak egin-bidean ezin sartu izango ditu, berorrek bear beste askatasun-jabe ez dan artean. Eta onen ezaz, Euzkadi, legeak ezin emanik, beso-motz zaigu.

        Noizpait, askatasunaren eguzkia betorkigu gure eusko-lurrak argitzera.

        Gure-gureak aldezteko ezin ezer sortu bizi geralarik. ondoren dijoazkigun egi merdulen itzak gure gogoetan josi ditzagun:

        Euskotarrai aske izatea dagokigu. Bañan, au, Euzkadi askatuan, utsik, iritxi dezakeguna da.

        Geure buruen askatasunak, utsik, katerik gabeko eusko-batzan loretu ditezke.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.