Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Euskera arriaroan

 

Etxaitar

 

Lenen gizabideko itz batzuen azterketa (1)

 

Gure endaren jatorrizko izena eta euskal-mintzoa arri garaitik datorkigula ikusi ondoren aitz aboskiak osatutako itzak darakustenez, aztertu ditzagun orain, euskoak beren lenen oñarritzat erabilli zituzten itzik nagusienetako batzuk, geiagorako betarik ezpaitugu ematen itzaldi ontarako erabakitako epeak.

        Atal onetan, itzez-itz Kanpion'i jarraituko gatzaizkio bere burutapen eta irizpide batzuk sendotuz batzutan eta berari aitzi sortzen zaizkigun aburuak agertuz bestetzutan.

        Arestian aipa bezelaxe, lenen, euskotarrak erabilli zituzten tankera guzitako itzak aztertu nai ba'genitu, ez genuke sekula amaituko gure arloa, ta itzaldi onetan aldia esituta degunez, labur-zurrean aditzera eman bear Arriaro'ko euskoak erabilli zituzten itzik nagusienak ikusmenaren eragiñez. (2) Euskal-gizabidearen lenen-oñatzak xeetasun geiagoz ikas nai lezakenak irakur beza Kanpion jaunaren «Los Orígenes del Pueblo Euskaldun» deritzan liburu bikain-bikaiña. Asi gaitezen.

        Lur.- Euskal-itz garbia ote degu? Keltar izkeretan antzekoak ba'ditugu: lar, lair, ler, lawr. Nere iritzean ordea euskal-erro garbiak ditu itz onek. Lur, ene ustez legor, lehor, lior'en laburkizun besterik ezpaita eta legor'en itxorkuna berriz, loi-igor edo loi-agor. Itzez-itz «barro seco».

        Aize.- Kanpion'ek, gerkerazko aer' etik sortua nai luketenai ortzak erakutsiz, ats aliento jotzen du beronen jatorritzat. Ez ote biok sorterro nagusiago batekoak?

        Su.- Itz au, Kanpion'en ustez zur (madera)'ren senide da. Alabaña, itz erakuntzari begiratu ezkero, ba'dirudi, zur 'eksu 'tik bear dula jatorri eta ez su 'k zur 'etik. Baña, gizonaren eskutan sua zura baño berriago izaki. Alkarren aitziko arrozoibideok Kanpion'en ustegaia beia joazten dute. Ene ustez, zur 'en bigarren osakina ur (agua) da. Egur (leño)'k ere azkenaldi berbera du, baña, zer esan nai ote dute z ta eg askin-erroak?

        Ur.- Itz au garrantzi izugarrizkoa degu euskeran itz osakiñetan eta tokizenetan erroak noranai zabalduak baiditu.

        Kanpion'ek zabalki aztertzen du lau galdegai auek egiñaz:

        1).- Ur 'ek ez ote du izkiren bat gibeletik?

        2).- Bigarren izkia ots bigunekoa ote du beti?

        3).- Gaurko r ori ez ote beste konsonante baten aldakuntza?

        4).- Ur 'en aboskaia (3) u al-da beti?

        Lenengo galdegaiari erantzunaz, iturri ta euri itzak gogora ekartzen dizkigu. Ba'dirudi itz oiek ur sustraia dutela, baña, ala ta guziz ere i izkia dute eraskin. Ez ote zan beraz, urri edo uri ur 'en lenen aboskia?

        Bigarren galdegaiari erantzunaz, ura ta uretan esaten dala gogorazten digu, baño baita elurra eta elurretan ere ta zalantzarik bage elur 'en bigarren osakiña ur da. Berebat beste itz batzutan: Urrilla (Octubre), «mes de las aguas», Urrotz (agua fría), Naparroa'ko iria, len aipatutako iturri t.a.

        Irugarren galdegaiari erantzunaz oar au egiten digu. Zenbait itz eta tokizenetan ug ageri zaigu errotzat ur 'en ordez. Alaxe: Ugata (Ur-ata) «anade silvestre», ugarri (ur-arri) «guijarro», ugabere (ur-abere) «nutria», ugalde (ur-alde) «riada» ta abar. Tokizenetan Ugarte (ur-arte) «entre aguas», Ugarana (ur-arana) «valle del agua», Ugao (ur-ao) «lugar del agua». Ugalde (ur-alde) «junto al agua» t.a. Kanpion'en iritzean ug ur baño zarragoa da. Ene ustez ur da zarrena, iturri, euri, elur, zur eta olakoxeko lenen itz batzuk darakuskigutenez. Ug, itz elkartzeak ekarritako emetasun legea besterik ez derizkiot.

        Laugarren galdegaiari erantzunaz ur 'en aboskaia sarri i biurtzen dala dio. Irizpide onen sendogarri bi itz oek aipatzen ditu: aintz-ir, «laguna» ta zingir, «pantano» Muxika'tar Serapio ere aburu ontakoxea genun. Orra, beronek bildutako itz sorta bat letra truke onen azalgarri: Ibai, «rio»; igari, «nadar» (Bizkaia'n uger egin); igel, igarabi, «rana»; idoi, «lodazal»; idol, «diluvio»; irakin, «hervir»; ito, «ahogarse»; itoi, «gota de agua»; igara, «aceña» t.a.

        Aryotar izkuntzetan bi bakarrik dira euskerazko ur 'ekin oskidetasun dutenak, eiretarren «sur» eta bedatarren «surâ».

        Aran.- Erderazko «valle», «vega», esan nai du itz onek. Kanpion'ek diñogunez, kimritar izkeran itz onek mendia esan nai omen du. Sanskritar izkeran berriz aranya basoa, oiana, omen. Neri, berdintasun au alabearrezkoa deritzat. Aran 'en ara euskal-erroa argi ageri da. Zer esan nai ote du Araba, Aralar, Araotz. Aramaiona, Aramaitz, Aramotz eta ainbeste tokizenetan ageri zaigun ara onek? Geienak «planicie», «meseta» edo olako zerbait ote dan derizkiote. Aran ara-un, «espacio de planicie» ote?

        Naba.- Oihenarte'k dionez «naba aboskia mendieri urbillik darraikion ordeka zabala da».

        Naba izen onek garrantzi aundia du guretzat Euskadi'ko zatirik nagusiena izandakoa itz ontatik sortu baita. Naparroa etzan noski bere sortaroan Erregeri guziaren izen, oraiñaldian bezelaxe. Biana'ko Erregeseme-Nagusiak dionez lenen-aldiko Naparroa eskualde oetxek osatzen zuten: Goñi'ko Bortzerrieta, Yerri, Lana'ko ibarra, Amezkoa, Gabil-ibarra (orain Gesalatz), Kanpetzu, Beruetza eta Otxaran. (4) Beraz, lentxe esan degunez, naba 'tik, naba-ar (napar) sortu zan, «natural de la llanura» eta emendik Napar-oa, «región habitada por los naparres».

        Zelai ta soro.- Gipuzkeraz lenegoak «prado» eta baita «llano» ere esan nai du, bigarrenak berriz «heredad». Naparro-Lapurditan berriz alderantziz erabilli oi dute. Zelai ene ustez zala-gai (zalai, zelai), «materia de pasto» izan daiteke. Soro 'ri laterazko jatorria erantxi nai izan diote batzuk. Lateraz solum esan oi da «suelo», «tierra» eta soro'kin antza baldin ba'du itz onek Bizkai'ko solo 'kin areago. Alabaña, ain jatorri berrikoa izan ba'ledi itz au areago. Alabaña, ain jatorri berrikoa izan ba'ledi itz au ez dut uste tokizenetan alako indar eta zabaltasunik euki lezakenik. Goguan euki gañera usairik zarrenetako atzizkiai atxikirik dijoala askotan. Solaun, Solano, Sorarrain. Soroeta, Sorakoitz, Sorabilla, Sorazu, Soltxaga t.a.

        Mendi.- Ots-kidetasunak eraginda laterazko montem 'etik artua dagola diote batzuk. Kanpion'ek ederki dionez, arritzekoa litzake ots onen eskean auzora joan bearra, erromarrak etorri aurretik uneoro erabilli bear zuten itza izanik. Gañera, laterazko «montem»etik artua ba'lego, monti-mondi-mundi litzake ber etorkia euskerara. Saia gaitezen itz onen euskal-sorkuna billatzen. Bidaso'z andikoek mai (mesa) mahaian esaten dute, beraz, bi itz oien artean main ere ba'dago. Men ez ote apika main 'en aldakizun? Ortaz, men-di «conjunto de mesas» izango litzake. Ez noski etxetan darabilzkigun maiak. Ene ustez euskeraren aintziñaroan main, mai, mendi-bizkar edo «meseta»ri esan bide zitzaion. Etxeetan darabilgun maia aren irudipenez erantxitako esanai berri duzu noski.

        Muru, muño.- Erderaz, «colina», «cerro». Erdaratikoen susmo artzen die Kanpion'ek. Moiros baita latera zarrez, mur eiretar eta kimritarrez, mura doitxera zarrean, muras lituaneraz, mura sanskritoz.

        Aryotar usai bizia dunik ezin uka. Alabaña, ene ustez muru ta buru alkarren senide dituzu eta ontaz eukal-jatorri garbikoa. Muño «muru-ño» izan liteke, au da muru txipia, danok dakizutenez-ño atzizki ñarrogille baita.

        Itsaso, itxaso. Itz onen jatorria nere iritzean itz-aso da. Itz edo iz uraren kideko izena da itz askotan dakusagunez. Iz-otz, «hielo» (lit. «agua fría»), iz-erdi, «sudor» (ura erditzea esan nai ote du?), izpazter, «costa», iz-pura, «agua corriente», iz-urde, «delfin» (lit. cerdo de agua), iz-toki, «pantano», «cenagal», iz-oki, «salmon» (uretako ogia ote?). Iz-arri, Getari'ko itxas-arkaitz baten izena, Iz-aro eta Iz-pazter Bizkai'ko ugarte eta erri baten izenak.

        Aso ostera, orain illozturik egonarren, atzizki aundigille ote zan edo nago. Buraso (orain, guraso geiago esan oi da) buru aundi edo nagusi ez ote? Eta burasoak buru nagusiak ditekenez, itxasoa ur nagusia ez ote?

        Eki, eguzki.- Egunaren argia damaigun izarraren izena adierazteko bi itz ditugu euskeran, nun-naiko eguzki (beronen aldakizun emexka batzukin) eta Zuberoa'ko eki. Zein da biotan zarrena eta zein da bakoitzaren itxorkuna?

        Eguzki ta egun itzak aztertuz biok erro baten jabe dirala argi dakusagu. Erro au egu da.

        Eguzki 'ren itxorkuna geroko utzita, aztertu dezagun lenengoz egun'ena.

        Egun ene ustez eki-un(e), ekun aurrena, egun gero. Erderaz, «espacio o intervalo de sol» esan nai luke. Kanpion'ek, itz onen jatorria eki-dun ote zan dio, baño nere iduriz euskal-izaerarentzat gogortxoa da sorkun au. Ekidun 'etik gañera ekun (egun) baño edun errezago sortuko litzake. (5)

        Eguzki, eki'ren aldean itz berri duzu. Auxen da nere ustez bere etorkia: egun-ki, egu-ki, egu-z-ki. Eguzki 'ren ots-eztigarri dala derizkiot. Adibidez, aditz-jokotan, beraren erakuntzak diñogunez aurrean d-it-u-te eta gogortasun onen eztigarri d-it-u-z-te biurte.

        N itza ots-legez z biurtzea are ba'liteke baño nekazaderitzat. Adigarri bakar bat gogora zait n s'era etorria eta berau ezta oso segurua orrela danik, alegia, adiskide, euskalari batzuen esanez adin-kide, «iguales en edad».

        Kanpion'en etorkia baztegarri deritzak, z ori gaikin (instrumental) baiderizkio, arri-z-ko- zur (e)-z-ko. gogoz-ko bezela.

        Baztergarri iritziarren, Darrigol'ek iguzki' ri eman zion itxorkuna aipa nai dut, burutsua danik ezin ukatu baiditeke: ikus-ki «lo que sirve para ver».

        Beraz, azterketa, labur ontan ikusi degunez ekik eman zion sortzea egun 'i eta egun 'ek eguzki 'ri.

        Izar.- Azterkaitza, dio Kanpion'ek eta ezta gezurra. Kanpion'en egizko itxorkuna, diz-ar, «piedra brillante» baztegarri etsitzen dut.

        Ar eskierki argi 'ren erro da, bañan, zer esan nai du zeatz-meatz ar onek? Ene ustez ar auxe gar «llama»ren aldakizuna da.

        Ona, susmo onen sendogarria. Zuberotarrek, ozkarbiari, «cielo raso», «sereno»ri alegia, zohardi esaten diote zohar lenen zatia ez daiteke izarra beste gauzik izan, -di atzizkiak «conjunto» esan nai baitu. Zohar ta izar itzak ongi aztertu ezkero aldakizun emeak dirala dakuskegu, bien osakiñak berdiñak baitira. Lenengoak, bigarrenak gorde dun i askiña galdu du eta alderantziz, bigarrenak, lenengoak gorde dun o gibel izkia galdu du eta batez ere bigarren onek h ats-eragingarria gorde digu. Beraz, har, gar emetua degu.

        Lehen erroa berriz, gure ustetan izo degu, i izar'ek ematen baidigu ta o zohar 'ek. Izo au ez otu izu, «temblor» en lenen soinkera? Ala ba'ledi izar 'en itxorkuna «llama temblante» izango litzake eta argi (har-gi) gar-ki «materia de llama». Gure uste-gaiaren agiria auxe da:

        1) Izogar,

        2) Izohar

        3) zohar, izar.

        Beste bi uste-gai ere igaro zaizkit buru xaxpiki ontatik izar 'en itxorkunari buruz, bañan, onen aldean motelak diranez eta astia neurtua daukagunez bazterretsi bearrean gera.

 

Iarraitzeko

 

(1) Ikus «Euzko-Gogoa» 1954'gko 8-9-10'gn. banakoak.

(2) Gogo eraginezkoak aztertzea txit jakingarri izanarren, bazterretsi bearrean gaude.

(3) Enaiz iñondik ere itz asmatuzale; alabaña, bearrak batzutan artara bultzatu nau. «Vocal»esateko Bera-Mendizabal'ek dakarren «gedin» itza besterik ez nun ezagutzen. Egia esan, kimika-lantegian eratua dirudien itz motel, bizigabe eta burugabe au erabilli baño naiago nuen argi ta garbi «bokal» ezarri. Itz au ordea gogorra eta euskerak soiñeratu gabea izaki. Itz berri bat asmatu bear ontan, iztegira jo nizun eta «vocal» en mugarrikizuna (definizioa) zein dan ikusi. «Abotsa erauzi utsez oguzten dan izkia», diño. Beraz, vocalak, abotsaren gaiak ditugu eta onetxegatik aboskai asmatu dut. Gaizki ba'dago bazterretsi zazute bildurrik gabe.

(4) Ikusi, Arturo Campion'en «Nabarra en su vida histórica», «La Baskonia antigua y la moderna Nabarra» ataleko 44'gn. or-ald.

(5) Euskal-izaerarentzat gogortxua esan dut eta ala da. Egun itza zar-zarra deritzat. Eneolitos aldikoa nola-nai eta eztut uste aldi artako euskaldunak dun irugarrengo aditz-jokoa n alkargarriarekin itzen osagarri erabilli zezaketenik, ezpaitzait iduri euskerak berezko ta jatorrizko dunik aditz-jokoak itz osagarri erabiltzea. Oitura oni askoz berriago derizkiot, esango nuke, kistar-arotik edo geienez milla bat urte lenagotik onerakoa. Euskaldun itza bera ingurutsu ortakoa da noski.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.