Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Irakurlearen Txokoa—

 

Irakurlearen txokoa

Eskutitz, Galde, Iruzkin ta Berri

 

Emen natorkizu, irakurle, urte berriaren besotik kantari ta iauzkari zurekin itz-aspertutxo bat egitera. Gaiak iñoiz ez beste, mota guzietakoak gaiñera, geienak pozgarriak ala ere. Emen negurik ez dugu, baiñan ondo dakigu, neguak, batez ere ilbeltzak elurra mara-mara ez-ezen kaxkabarra zirti-zarta ekartzen dula. Elur ixillak, alako pake-giro goxoa gure gogoetan zabaltzen du, kaxkabar zaratatsuak aldiz urduritasuna ta kaxkarrekoak ere bai, aterpetik landan arrapatu ezkero. Guri ere kaxkabar pixkat eldu zaigu, eta ortik asiko gera lurrin-ontziak gerorako utziz. Ez dezazutela uste, Buda gizenen antzera beti lurrin-goxoa usnatzen egotekoak geranik. Urbillenetik asiko naiz, Mexiko'tik:

        Maitasuna dala-ta.— Asiera polita ezta? Ikus dezagun emakume euskaltzale iator batek diona. «Zuen aldizkarian Orixe dator alako bakan xamar. Ez maitasunaren aurka, baña bai maite-gaiak beti lizunkerizkoak bai'liran. Zergatik gai ori «Euzko-Gogoa»n erabilli ez? Damu da bere «Euskaldunak» poeman ez erabillia. Nik uste berriz, orixe dala eusko-bizitzaren betegarria. Zertako lirakez bestela gure baserriak? Utsik eukitzeko ala maitasunaren kabi izateko? Ta maitasuna zapuztia Jaungoikua Bera zapuztia dala deritxot. Ez bakarrik guraso ta anai-arreben arteko maitasuna, baizik giza-emakumeen artekoa ere. Avila'ko Teresa'k emakume-maitasunez maite du Jaungoikoa. Garra ez ete dogu lizunkeriagaz naasten? Orixe'ren iritxiari estutxu deritxot. Eusko-idazle guztiak ola pentsatuko ba-leuke, nora juango giñake? Eta berak (Orixe'k alegia) ain zoragarri idazten. Orixe irakurtea, egia diñotsut, erriaren mamiñ-mamiñean sartuta euskeraz entzuten egotea da.» Nik zer nai duzu esatea. Orixek berak erantzungo dizu egokien. Aolku bat, ala ere. Aterkia iriki ezazu, baezpadan.

        Tolosa'ko gurasoak, zertan gera? Nundik, eta Castellon'dik izan ditugu zuen berriak. Gure irakurlearen itzak ordea, Euskalerriko gurasoentzat idatziak ere badira. Ona emen: «Il onen 3'gn. bidali nuen Arrasatera urtesaria. Bizimodu errexa ez dago sendi bat iru semetxoekin asi bear danean, baiña euzkerak merezi du ainbeste neke. Au, ta umetxoei gure izkuntza erakustea. Tolosaratzen naizenean ta ango negargarrikeria ikusi, poz pizka bat ba-damaidate auxe esaten didatenean: «Ezin omen dugu iritxi gure umeak euzkeraz egitea... ta ara balenzianoak zeiñen ederki egiten duten.» Guraso guziak zu bezelakoak balirake, Valenzia'n eta mundu guzian ere euskaldunen seme-alabak euskeraz egingo lukete, zer esanik ez Euskalerrian. Ez al zerate lotsatzen Euskalerriko guraso aul eta makalok? Aurrak ere burutik-bera pix egiten dizuten guraso endekatuok? Ez gero neri kalerik ez eskolarik aipatu. Zuek, eta zuek bakarrik zerate gure izkuntzaren ondatzalle, etxean ere agintzen ez dakizutelako. Ez txaldanak izan.

        Auzi zarrak.— Orra Bizkaitik: «Euzkadi», «euzko», «euzkeldun» itzen «s» edo «z» tzaz darabiltzuen auzi ori ez da bape begiko. Itzorkunari barik oiturari begiratutekotan, azkenengo 50 urtetan itz orreik askoz geiagotan z'gaz idatzi diriala autortu biarrian zagoze, egi-zale bazarie eta ez zital. Beraz, zeuek atara dozuen lokarri orregaz urkatuta zagozela, ta, «z» gaz idaztera, beartuta ta iñor baiño lenago zeuek: Zaitegi, Orixe ta zeu». Eztabaida au aspaldi erabilli zuten gure aldizkariaren orrialdeetan, eta orduan ere ezitzaidan atsegin izan. Gezurra dirudi, baiña letratxo bik, euskeraren izangoa ia galzorian iartzen digute. Euskalzaindia sortuz gero, izkuntz-gaietan Euskalerriko agintari bakar bezela sortu ere, aren esanetara makurtu giñan gu, beingoz beintzat euskaldunen artean ain ez-oitua dan menpetasuna erakusteko.

        «Euzkeriaren batasuna edo batasun gurie ez dabe askok txartzat artzen baño asko ez dagoz gipuzkeraz batasun ori egitekotan. Emiegia dalako. Beste batzuk, batasuna lortu biar dala ta ez egin. Ta lortuko dala ez «du» ta «ditut» ta gipuzkeriak ipiñiaz, euzkelki guztiak alkar aituteko bidian ipiñita baiño. Orretarako euzkeriak euzkelki guztietan daukozan itz guztiakaz egindako euzkel-iztegi bat biar dala, ta aurreko orrietan aditz ereduen aditz-jokerta osoa. Beste batzuk lapurtarrez egin biar dala batasun ori. Azkenez, ez gitxik, euzkelki guztiak aituteko bideak egin biar diriala, baña bakotxak bere izkelgiz idatzi bear dabela. Olantxek izan zala gerkarren artean sortu zan elerti gorengoa. Alexander andi ta Aristotel'en egunetan gerkel-batasunera jo zala (koine), baña gerkarren elertiak porrot egin ebala.» «Ainbat eritxi ta batez be ainbat eritxi erre ta aserrekor, mingarri dira euskera maite dabenentzat». Ez dira akats gutxi Bizkaitik ezartzen dizkigutenak. Ain zuzen Euzko-Gogoak alegiñak alegin ditu «ainbat eritxi erre ta aserrekor» baketzeko ta batzeko. Gure aldizkariaren io-muga batasuna izan arren, arrerarik amultsuena ukan dute izkelgi guztiak. Ez diogu iñortxori aterik itxi. Batasuna iristeko biderik erosoena. Eta zerbait iritxi dugu. Bizkaiera ta gipuzkera orain ogei urte baiño batuago ta urbillago, elkartuago dabiltz. Zerbait bada.

        1954'gko azken zenbakian iaurti genun oiuak izan du erantzunik. Gure aldizkariaren inguruan gertatuak eraman gindun iragarki hura ezartera. Zertako aldizkaria agertu, Euskalerrian sartuko ezpada? Gertu geunden bertanbera uzteko, idazle ta irakurleak biderdiratu zaizkigu ordea: «Ez gero orrelako erabagirik artu, jaunak, pentsau be ez olakorik, arraiopola!! Orain itxi? Orain? Bide-zabalera etorri garanean? Orrelakorik ezegaitik be ezin egin daikezue. Zuzen ezin bialdu ba'daitake beste bide batzuk artuko dira. Adiskideok, entzun gauza bi edo beste: Ezelan be ez dozuela argitaratzen itxi biar aldizkaria. Jarraitu dagiala Euzko-Gogoak orain agertzen da lez». Beste askok ere, gauza bera adierazi digute, beraz naiago izan dugu neke-lanez inguraturik aldizkaria argitaratzen iarraitu. Lenago Bizi...

        Aitorkizun samiña.— Arregi-tar Errupin'ek Argentinatik: «Beste gauza bat oso gogoan euki bear deguna, eunetik larogeitaemeretzi (90 %) analfabeto gerala euskeldunen artean (euskeraz itz egiten degunok) euskera gaietan. Guk ere urte talde bat daramazkigu burruka ontan eta zeozer ikasi dugula uste dugu. Alperrik da iñun diran itzik gogorrenak auei esatea, baiña larogetaemeritziko talde izugarri ori nola ietsitzen dugun saiatu bear gera, eta euneko bakartxoak (1%) saiatu ere, noizpait samalda ori gureganatzen ote dugun. Euskeraz eskutitzak idazteko zaletasuna zabaltzea, beste bide anitzen artean onenetako bat». Orretarako Buenos Aires'ko Euskaltzaleak eskutitz norgeiagoka bat antolatu du aspalditxo, lenago antola zunaren antzekoa. Orduan idazki geien artzen zituna zan garai, oraingoan talde askotakoak dira: erabaki epearen barnean, bat, bi, lau, sei edo geiago idazki egin litukenak irabaziko du saria, bakoitzak bere maillan. Ezin ukatu gure arteko abedegabeak (analfabetoak) gutxitzeko bide egokia danik. Baiña izurri orren aurka bide guztietatik jo bear dugu. Zergatik ipiñi ez Euskalerriko errietan euskeraz irakurtzen eta idazten, bederen, ikasteko gelatxoak edo diranak diralakoak? Orra Euskalerrian egin diteken lan garrantzitsua. Oraindik badira gure erritarren artean euskeraz eskutitz bat ere ezin ditekela egin uste dutenak. Zertako kendu ez itsu orien begietatik ezkata kaltegarriak? Ez dugu euskal abedegaberik gure artean laketu bear, ez iñola ere. Zuen zai gaude, irakurleak, izurri ilgarri ori gure artetik kentzeko bide berriak ikasteko. Kuku euskal-abedegabeak!

        Bukatzeko... «Zueik gazteok, gogor ari zerate, eta ori da beiñengoa» Altube iaunak Pabetik. «Caracas'tik lagundu nai genioke beorrek merezi duan bezela. «Euzko-Gogoa» rekin egin duan lana sakonenetakoa da eta ezin genezake galtzen utzi. Caracas'ko euskera ikasleen bidez egin nai degu lan beorrek bear dituan arpideak batzeko». Ugalde'tar Martin'ek. «Euzkoa euzkoarentzat zuritzalle izatea, nire ustez, parregarri litzake. Yainkoaren aurrean diotzut. E. Gogoa'k aztun dan baiño urre geiago aldin dula. Alegin guziek gutxi izango dira alako zeingiak ditun aldizkaria eusteko. Osoro darakurzkit eta uzkurtzaletasunez zaitzen ditut zure aldizkaria-ren zenbaki guziak, beraiek nire euskel-irakasletzat etsirik» Garriga'tar Gabin'ek Buenos Aires'tik. «Aldizkaria beti mamitsu dator eta nabar, sakon ta sarkor, txalo-joka diñotsuet. Oin gauz pikainik ezta argiratu euzkeraz, ez eta idekorik ere. Ala nola oraiko auetan goresten oi den Axular eta beste gongo idazlien lana, omena ta aintza eraikiko zaio, ta ez gutiago, «Euzko-Gogoa»-ren gizapikuen eri ere. Ta Euskalerriak izanen dizue ain legezki artze dezuten gorasarrea». A. iaunak Naparroa'ko Iruñatik. Milesker biotzetik.

 

 

Berriak

 

        Oargui 'ko Sariketak.- Oargui'k bere sariketa egin zigun. Gazte-talde eder batek pozez bete giñuzen. Badatoz ondorengoak Euskerari aizemanaz, Jainkoari Esker. Urkixo Muntegiak bere itzala eman dio sari-banaketari. Mitxelena ta Arrue jaunak maiko zirala sari-banaketa egin zan.

        Lenbizi Zaldua jaunak Urkixo-Muintegiko jaunei eskerrak egin zizkien batzaldi oni eman dioten itzalagatik. Gero Txillardegi'k Oargui'ren lana adierazi zigun. Sarituak ere aitatu zizkigun. Ona emen oien berri:

        1º mallan.- 1º saria (Orixe'ren «U.G'ko Meza Bezperak») Berazaluze'tar Sabin'i. Onen lana: «Kierkegaard'eren azia Unamuno'gan lore». Phiplosophi gaia noski. 2'en saria: (Milla euskal-olerki eder) Guarronetxena'tar Peru'ri. Onen lana «Lili garbiaren intziria».

        2'en mallan.- 1º saria: Elosegui'tar Alberta'ri. Onen lana olerki-bildumatxoa. 2'en saria: Garixo'tar Fernando'ri. Onen lana «Elur-maluta» ipuia.

        Lenbiziko mallan sarituak Gernika-aldeko prantziskotar gazteak ditugu. Arantzazun ditugu biak. Bigarren mallako sarituak donostiarrak ditugu, eta euskaldun berriak biak. Gaur mutil ditugu euskeraz.

        Saritutako lanez gain, beste idazlan aitagarriak ere gelditu dira diru urrikeriz saritu gabe. Oien artean goraitapenez agergarri auetxek: Urrutia'tar Joxe'ren «Problema Kritikoaren erabakitzea»; Txillardegi'ren «Urruti miñ»; Arakama'tar Ander'en «Kurtzipizio gaiñean»; Morga'ren «Eratik gaiera»; Arrumuño'ren «Gizonaren ezken yo-muga»; Etxebeste'tar Iñaki'ren «Illezkortasunaz»; bilbotar Aresti'tar Gabirel'en olerki-sailla.

        Zarrok bildur giñan gazterik ez ote genun ondoren. Baiña bildur oeik joan zaizkigu. OARGUI'ko lagunak su berria dakarkigute gure arlora. Bilbon ere, aditu dugunez, oso ederki ari zaizkigu gazte sail bat. Poz gaitezen beraz, beti negarrez ibiltzeke. Gure alegiñak ez dira onuzkero aizetan galduko. Baditugu jarrailleak. Besoak zabalik artzen ditugu euskal-sukalde beroan. Amillaitz.

        Bizkai'ko goterkian eliz-batzarra (sinodoa). Ala iragarri du ango gotzaiak. Ezin uka eliz-batzar orrek ondoren andienak ekarriko ditula Bizkaiko gogobizitzarako, baita euskeraren bizitzarako edo eriotzarako ere. Erne euskaldunak eta Bizkai'ko abade jaunak. Etsaiek gure oitura on, euskera ta euskal-kutsuko edozeren aurka batzarre ortan iaiki ditezke, Bizkai'ko Euskalerria itotzeko, eta goterki-legez ito ere. Ez orrelakorik onartu Abade iaunak, euskal-abadeok batez ere, eta ez itxi batzarre ortan gure izkera ta oituren aurka diteken legerik onartzen. Erne, berandu baiño len!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.