Idazti Berriak
Arte vasco
A
Flores-Kaperotxipi. Arte Vasco. Ekin Eusko Argitaldaria- Buenos Aires 1954 (330 orrialde).
Bat bederaren irudia omen idaztankera. Ez nun Kaperotxipi irudiz ezagutzen lengo batean berrikari batean ikusi arte, liburua irakurri ondoren ain zuzen. Orra gizon on bat, idazle bikain bat egin nun nere kautan. Bere liburua ere gizon on eta urko-lagun maitari baten uzta umoa da izan ere. Ainbeste ta ainbeste margolari aipatzen ditu «Arte Vasco» ortan, bizi ta illak. Antxe du idazle iator onek, itz eder bat, mintzo bero bat bakoitzarentzat. Kaperotxipi irakurrita ez dala Euskalerrian pintore txarrik, erdipurdizko ertilaririk esan zenezake. Iakiña emen ere ageri da ez dirala guztiak mailla batekoak, badakizki idazle argi onek bear bezala bereizten. Izugarria ordea Euskalerrian sortu diran margolarien samalda, are izugarriagoa Kaperok berak diñona: «Oñatibiak irurogei milla fitxa bildurik omen dauzka Eusko-margolari ta ertilarien edestirako». Ez ote arrigarria? Ba ote zenekin irakurle? Nik ez, egia aitortu.
Museu zoragarri bat da izan Kaperotxipiren liburu eder au. Bat ere aspertzeke, irakurleak ordu goxoenak ematen ditu aren eskutik euskal margolari, eskultore ta dibujularien lanak eta izakerak ikasten. Liburua iarraibide zuzen ta artezen bide ertsietan antolatua ego ez arren, antzetsu ta bikainki osotua dago, eta are atsegiñago gertatzen da irakurpena. Izan ere pintzelez bezin aundi da lumaz Kaperotxipi. Urkola adiskideak diñonez, «aren gogotik berez dario literaturak», eta alaxe da izan ere. Gure margo-eskola inguruko auziak ere azaleratzen dizkigu. Joaristik esanak batez ere, gordiñegiak lerizkioke edonori, Kaperotxipiri ere bai agian, baiña margolari gizabidetsu onek, biguinki ta beraki artzen du Joaristi osagille iauna.
Etzeukan otsa iaso bearrik ere aipatu osagille-ertilariari erantzuteko. Kaperoren liburu ederra erantzunik beteena, okituena, seguruena da izan. Ez dagola euskal pintura eskola egiñik? Euskaldunok ez gerala ertilari, iñoiz ere izan ez gerala? Ez dakit Joaristik zer esango dun Kaperotxipi irakurri ondoren. Nik ez dut besterik bear badala ta badirala sinisteko.
Atsegiñago izango zitzaidan idazti au euskeraz, esan bearrik ez, baiña erderaz ere poxez gaiñezka irakurri dut. Noiz sortu al izango ditugu euskaldunok euskeraz orren liburu atsegin, zirikagarri ta beteak?
Ara Pierre D'Urte'k ia berreun urte t'erdi lenago bere Grammaire Cantabrique'n (1712) ziñona: Eskarak baitu bi dohaiñ: hizkuntza handia da eta eztia, denbora berean harra ta emea. Munduko hizkuntza guziek usantza galdetzen dute bañan beregainki euskerak». Noiz iritxiko ote du gure eleak D'Urte'k ziñon usantza ori, poeta, pintore, ertilari mota guztietakoak erabil dezaten. Ez arritu irakurle, baiña guk, erdel liburuak kritikatzerakoan ere, beti sartzen dugu euskal-eztena ez noski iñor mintzeko, zirikatzeko baizik. Euskera izkuntza andia da, baña beste guziak bezela usantza bear du eta beregainki. Orrela iritxiko gera Kaperotxipirena bezelako idazti zoragarriak euskeraz idaztera.
|