Epailla-Iorraila. 3-4'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Epailla-Iorraila. 3-4'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Oillasko-iturri

 

Etxaniz'tar Nemesi

 

Muño baten gañean zeruari irri-parrez duzu Arraiotz. Baztan'go lurralde emean Jaunak eman zion oatzea, ta mende luzetan zeruko pakez gantzutua dugu errixka atsegiña. Eliza gorenean, itzal emanaz erriari; etxeak aren babesean, aurrak amaren baranoan iduri, erregebide-aldeaa zabalduak ezker-eskuin.

        Zorionak antxe bide-du bere egontokia; ta aldia ere, gau-egunen joana begiratu gabe, geldirik duzu mendeen oñean.

        Ain-zuzen, antxe bizi dituzu Goldarazena'tar Andres eta Arribe'tar Anjela, senar-emazte txukunak. Txukunak eta Jainko-zaleak biak. Iru seme zetozkien beren belauneko zitu; baña batezere, alaba aingeru bat zizuten, maitearen-maitez, garia kutxan baño gordeago zutena.

        Jaio zitzaienean, Miren Izar jarri zioten bataio-izen; eta Izartxo, urrea baño ederragoa azi zen guraso-begien pozgarri. ¡Kontu ari iñork ikutu! Begi-lausogarririk etzitzaion erakutsi bear neskatillari; ez belarri-ernegarri txarrik ere aditzen utzi. Gallurreko elur zuri antzo, garbi gorde bear zan gaztea.

        Udaberri bakoitzak bere eder-tantoa ixurtzen zion Izartxo'ri; ta eguzki bakoitzak argia geitzen zien aren begi urdiñei. Ille-mataza orixka, Uzta-erdiko gari eldu-txorta bat antzo, bi aldetara banatua ta bi mototxetan lotua zeraman erakusgarri. Errian al-zan ederragorik? Ez ur-ematekorik ere! Neskatillak amasei bat urte zituaneko, mutil gazte guzien begiak azkuretuak zeuzkan:

        — Ikusi duk Izar?

        — Izar? Iduzki ere ba-duk ure!

        — Damurik!

        — Iretako ziok!

        — Ik erosi al-duk?

        Onelako esanik aski ba-zebillen inguruko gazteen artean. Baña Izar, gurasoen itzalpean bizi zan, eta aren betazalak gazte-esanen lañoak lausotu gabea ziraun. Baranoko erausketen berri, zerion eder-miñik oartzeke, zoragarri azten ari zan lorea.

        Errian, ur-ari mea zeriola, iturri bat ba-zen besteen aitean aipagarri. Ango urak ba-zun berebiziko doaia egarria asetzeko. Ontziak betetzera zijoazen gazteak, an oi-zuten solas-toki aukerakoa. Ollasko-iturri zun izena. Neskatxen otsera, mutil gasteak ere ba-zekiten iturri-aldera egiten. Itz eta irri, iturriak bere ur-txirripa eskeintzen ziei gazte itzontziei.

        Egun artan berandutxo zijoan Izar, sulla buruan zuala, Ollasko-iturrira. Etxeko lanetan amari laguntzei luzatu zitzaion egitekoa, ta ordurako iturritik aldegiñak ziran beste etxetako ur-eramaleak. Makurtu zan, oi-bezela Izar iturritik edateko; ta egarria ase-ondoren zutitu zan sulla iturrian betetzen utziaz. Bat-batean biotzak gorako bat egin zion

        — Izar! —entzun zun bere gibelean—. ¡A! Zu al-ziñen, Xabier?

        — Oraintxe eldu nintzen Elizondo'tik. Otsondo-aldean izan nauzu, ta Oillasko-iturriko ur gozotara urbildu naiz.

        Pegarra (sulla) iturritik kentzera egin zuen neskatxak:

        — Iturrie zure esku duzu. Edan zazu nai bezainbat.

        — Iturritik baino zure pegarretik emanen ba-zenida naiago nuke.

        — Ar zazu dagonetik —erantzun zion Izarr'ek matrail bietan larrosa gorrixka bana sortzen zitzaiola.

        — Eskerrik asko.

        Mutillak sulla berriro iturrian jartzerakoan, arnasa estutxoago zuan..

        — Izar!

        — Ez al-duzu geiago bear?

        — Urik ez; aski edan dut. Baiño urak ixil-kontu bat ernarazi daut kolkoan.

        — Yakin al-diteke ixileko ori?

        — Aldare'ko Ama'ri erranen diot egunen baten. Etorriko al-ziñake nerekin elizara iñor eztagon ordu batean?

        — Ez ote erran-merrana sortaraziko errian?

        — Ixten bat aski dugu. Zeruko Amak bakarrik yakinen du.

        — Noiz?

        — Biar lanetik eldu garenean, an izain nauzu aldare-oiñean.

        — Ta zer egin bear dugu an?

        — Eskari labur bat besterik ez.

        Biaramonean urduri zebillen neskatxa. Xabierr'en ixileko arek artzen zion gogoa. Amaika aldiz nastu zan bere lanetan. Illunabarrean sorotik etxera zetorrela, biotzak jaiki gogorrak zerabilizkion kolko-barruan. An zegon eliza, utzik ordu aretan. Sartu bat egitea etzan pekatu. Errosario'ko Ama, besoetako Seme maitearekin zai zegon illunpean. Etzen iñor agiri. Arnasa eutsika, aldara-oinera urbildu zan. Belaunikatu zaneko, norbait ondoratu zitzaiola somatu zun dardaraz. Illunpea otoitz ixil batek urratu zun aldamenean:

        — Ama! —zion—, erraiozu Izarr'i nik biotzean dudana!.

        Zer gerta zitzaion neskatillari? Mutil bati maite-itz bat esateko kemenik etzuan gazte arek, bere aoz itz auek ixuri zitun

        — Ama! Erraiozu Xabierr'i baietz!

        Odol guziak arpegian zituala, elizatik igesi atera zan Izar.

 

* * *

 

        Udaldia zen. Uri aundietako jendeak itxas-aizea ta mendi-aldea egarri izaten duan sasoia. Baztan'en Elizondo ibar-buru, ta Elizondo'tik urbil Arraiotz. Udaran, eguzkia urregorri dan garaian, Iruñe'ko sendi aberatsak poz dute Baztan'go uriburura iges egiten. Negu luzeko kezkak saiestu ta an dizute, gogo-lasaigarri, egon-leku zoragarria.

        Iruña'ko sendien artean Gantzarain jaunarena ezagunenetakoa zan aldi artan. Urtero Elizondo'ra jotzen zuten Uzta-aldean, eta Dagonillean Ondarrabi'ko itxas ertzera aldatu oi-ziran. Diruz bezain aberats zenitun kristautasunez. Senar-emazteak, iru alaba ta seme bik osatzen zizuten pamili ura, ta neskame-aukeratzen oso arreta aundikoak zenitun. Etzuten nolanaiko neskatxik beren etxean sartzerik nai.

        192...'ko uda artan ere, an ziran urtero bezela, Elizondo'ko uri txanbeliñean Gantzaraindarrak. Ainbeste lagun eta ezagun zituzten udazaleen artean! Alkar biziki agurtu zuten urteroko uda adixkideak.

        Urte aretan Gantzarain'en emazteak ba-zun kezka bat. Urte luzetan mirabe zintzo izana zuten Mari, etxeko alaba bezain maite zuten neskatx ura, esposatzera zijoakien. Neskame berria bear, beraz, eta Gantzarain'en andre Loreti'k, begiak erne zerabilzkin Baztan'go etxetako alabetan.

        Lekarotz, Ziga, Anitz, Arraiotz, Irurita, Erratzu... Uzta-arratsalde luzetan ikusteko, bai erri politak! Legate'ko Gurutze, Otsondo aldeak... begiak ederrez asetzeko, bai toki atsegiñak! Udazaleak errixka ta alderdi aiek miatzeko, egunero ibil-aldiren bat eratzen zizuten.

        Santiago-egunean Gantzarain'dar Tomas, bere emazte ta seme-alabekin Arraioz'ko meza-nagusitan zan. Erri guzia jai usaiz elizan batua zenun. Iruñarrok eztitan zeuden erritarren abesti xamurrak adituz. Itzaldia, egunari zegokionez, Santiago'ren fede ta kristautasuna zabaltzeko lei bizia goraipatzen egin zizun erriko apez jaunak. Gantzaraindarrak meza bukatu-arteko garaia munduaz aztuta igaro zuten.

        Apezak ikusi zitun, eta meza-ondoan, aurreko urtetan ezagutuak zitunez, iruñar-sendiarengana batu zan. Eliz-aurrean poz zan erriko gaztedi ta andre-gizon txukunak ikustea. Loreti, neskatx gazteei begira zegon erne; aietako bat neskametzat erdiets ba-leza...

        Ontan Anjela, bere alaba Izar besotik zuala, atera zan elizatik. Gantzarain'en andreak bereala jo zun begiz neskatxa; bai apezari aren berri galdetu ere. Apezak oso gora jaso zion neskatxaren izakera, ta aren gurasoen kristautasuna.

        Loreti etzan lo egon. Apeza bitarteko artu ta Izar bere etxerako eskatu zien gurasoei. Ez alperrik! Etzegon ama, alaba ura iñoren eskuetan ipintzeko! Izar besteren etxean eta uri aundietako arrixkuetan jarri baño, belaun gorritan ibilli naiago zukean. Loreti etzan atzeratu. Bein da berriz Arraioz'ko etxe artara jo, ta bere etxeko zintzotasuna ta Izarr'ekiko izango zuten arretaz mintza zitzaien onen gurasoei. Apezak ere iruñar-sendiaren eskeari indar eman zion; eta azkenik, etxe ona zala, ba, ta Anjela'k alabari baiezkoa eman zion.

        Izar Gantzarain'en etxen alaba bat geiago izan zan. Aren izakera xotil eta esanekoak, etxeko biotz guziak bereala irabazi zitun. Etzan gutxiago-tarako. Ori bai. Iruñe-ko aundikeriak Izarr'en biotzean Arraioz'ko urruti-miñik etzun itzali. Gurasoen eta etxekoen oroipena, asieran batezere, biotz-urragarri izan zun.

 

* * *

 

        Baña Gantzaraiñ'enean beste etxe bat arkitu zuan. Senitarteko etzanik ezin ziteken esan. Guraso ta semealabak etxekotzat artu zuten mirabe gaztea.

        Ala joan zan negua. Arraioz'ko berri an-emendik jaso oi-zun. Elizondo-aldetik Iruñe'ra dabillen beribillak Arraiotz-inguruko giza-emakumeren bat ekartzen zizuten, eta aien bidez erriko gertari-berri jakiten zun. Udako pozean, negua luze joan zitzaion.

        Urrengo Uzta etzan bereala etorri. Baña alako baten artu zuten berriro Elizondo'rako bidea. Izarr'en biotzak erri-aldeko mendiak agertu zitzaizkionean, bai poz eta ikara! Gurasoak ere zai zeuden eta Elizondo'n beribilletik jetxi zaneko, besartean estutzeko irrikaz zeuzkan ondoan.

        Jaietan etxerako joateko astia ba-zun, eta an izaten zan alaba zintzoa etxekoen beroa artzen. Etxeko orma zarrak, jauregi ederrena baño maitegarriago zitzaizkion. Andres eta Anjela beren alaba ari begira, etziran aspertzen. Iruña'ko egonak alako aide bat erran zion Izarr'i; uri aundietako itxura ta nausitasuna artua zeuzkala, ematen zun. Biotza ala ere, etzitzaion arrokeriz puzten.

        Bereala joan zitzaien Uzta. Egun bat baño azkarrago bukatu zan illabetea. Gantzaraindarrak Ondarrabi'ko itxas-aizea artzera joateko, beren gauzak batzen asi ziran. Izarr'ek agur egin bear zien guraso ta anaiei. Irten-bezperan etxekoandreak gurasoen etxean bazkaltzeko baimena eman zion neskatxari.

        Mai-inguru atsegiña egun artakoa! Seme zarrena, soldauzkatik etorria, alaba maitea amaren alboan, aita ta seme gazte biak itz-jario. Oturuntz gozoa ta laburra eguardi artakoa! Biotzak ixillik trukatu zituzten elkarrekiko burutapenak.

        Elizondo'ra baño len, Ollasko-iturritik txurrupa bat edan nai zukeala, ta ixillekoa biotzean zeramala, artu zun arako bidea. Bakarrik zijoan, eta biotzen aspaldiko itzen oroitza.

        Illabete aretan etzun Xabierr'ik maiz ikusi al-izan. Erri txikietan oro begi oi-dira, ta gazteak etzuten beren ezkutu-gar ura somatzerik nai.

        — Aldare'ko Ama'k dezala! —esan zun nexkak iturriratzean.

        — Arek ekarri nau zuregana, Izar, —zurru-murru batean aditu zun nexkak bere atzean.

        — Xabier! Zoaz fite emendik; ikusiko gaituzte-ta.

        — Aldare'ko otoitz ura berritzen al-duzu, Izar?

        — Egunero, Xabier. Agur!

        Eta igesi joan zan, uso lumatxuri gixan.

 

* * *

 

        Nork eraman zun berri txar ura Ondarrabi'ko itxasertz alaira? Aideak?... Intziri batek?... Maiteak duten ezkutu-ari batek?... Auskalo!

        Baña arrazkero Izarr'en osasunak etzun onik. Gantzaraindarrak neskatillaren osasun galdua ikusita, etzuten pakerik. Xabier gaxorik zaneko albiste txarrak jo zun Izar biotzean. Gaxorik, eta iltzeko gaitzez gaxorik. Mutillaren bizia birietatik zijoan azkar; eta Izarr'ek agur esatera joaterik ez! Barneko itomena ezkuta-bearrak, biziki makaltzen zun Izarr'en osasuna. Andik egun gutxietara Xabierr'en eriotz-berriak zizta zun zorrotz neskatxaren biotza.

        Urrengo egunean etzan jaikitzeko gauza. Sukar bizi batek arpegia irakiten zeukakion; arnasa estu, ta begietan lauso, eguardirako burutik nastua zegon nexka errukarria. Etxekoandreak Arraioz'ko sendiari, estu ta larri, zorigaitzaren berri bidali zion.

        Izar, sukarrez izerdi-patsetan, egarri bizitan zegon. Noizean bein, bere itz nastuen artean, eskari bat aditzen zitzaion:

        — Ura! Ollasko-iturriko ura!

        Etxekoak etortzerako, egarria bukatua zuan Izarr'ek; Xabierr'ek bere ondora eramana bai-zigun ordurako gazte minberatua.

 

* * *

 

        Urrengo urtean, Agorrak 14, Gurutze-eguna Lezo'n. Gurutze-aurrean, erromes anitzen artean, beltzez jantzitako emakume batek kandela bat piztu zuan. Ezpaña otoitz ixilla zerioten. Elizeko eskeintzak bete-ondoren Ondarrabi'ra jo zun. Andrearen begiak etzeuden iñorentzat. Itza ere, agortua zula ematen zun bere agoan.

        Eguerdi-inguruan Gantzaraindarrak udarako artzen zuten etxeko atean jo zun tirriña:

        — Zu emen, Anjela?

        — Bai, Loreti andre. Lezo'ra urteroko eskeintza betetzera etorria nauzu, ta bide batez gure Izar gordetzen dun lurra ikusi nai nuen.

        — Zaude! Gurean bazkalduko duzu, ta gero elkarrekin joanen gara obitegira.

        Etzun Anjela'k bazkari aundirik egin. Bazkal-ondoko egona eginda gero, obitegirako asmoan atera zan ama naigabetua. Gantzaraindarrak etzioten bakarrik joaten utzi. Etxeko guziak Anjela'ri bide neketsu artan lagun egin nai izan zioten.

        Obitegira eldu ziraneko arratsaldea aurreratua zan; eta Gurutze-itzalak lorratz luzea egiten zuten lurrean.

        Amak Izarr'en obira zuzen jo zuan. Gurutze-aurrera eldu zanean, atera zun ezkutu zekarren botillatxo bat. Apez opal-mai-aurrean bai-litzan, itzok esan zitun ben eta ozenki:

        — Azken-orduan bizirik ezin izan zenun ezkeroz, ar zazu il-ondoan Ollasko-iturriko ura!

        Ta au esanaz, pixkaka-pixkaka ontzian zekarren guzia alabaren obi-gañean ixuri zun.

........................................................

        Eguzkiak, otoi ari —¡Amen!— erantzun nai ba-lio bezela, bere azkenengo txingarra Jaizkibel-atzean itzali zun.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.