Elerti
Villon eta Etxaun
Udalaizpe
Euskal ele-ederreko Villon omen dugu Etxaun, Lhande'ren iritziz.(1) Bi-biok zertan diran kide ta zertan diran banaka ikusi dezagun, iraizean bada ere.
VILLON (1431-1436). Etxe beartsuko seme zan. Bear gorrian eta ubarraskian negar mingotsez azi ta ezia izan zan. Erri-xearengandiko semea izaki, berakin batera zekarkin bere olerkera berezia. Txakurrak ere bere atarian indarra du. Alperrikako gai utsak utikan astanduta bere bizitzaldiko biotz-zirradak ixuri zitun bere izneurtu beroetan. Iaiotzez Montcorbier Pantzezka zeritzan. Bere babesean artu zun Villon'go Gulielma kaloniguak, eta arekiko «ama baiño eztiagoa» izan omen zan. Ari esker ona erakustearren, Villon bir-izena bere egin zun olerkariak. Beraren gaztaroa aro erdiko ikaslearena izan zan birtxin, zaratatsu ta biurria. Iakintza-irakaslearen maillara iritxi zan bearrik, bere izena iñongo ezertan itxusitu bage. Damurik Sermoise Pillipa urliarekin eztabaida bat egokitu zitzaion eta burrukan asi ziran. Olerkariak minki zauritu zun bere etsaia ta Paris'tik iges egin bear izan zun. Urtebete osoan andik alde iraun zun. Arrezkero aren buru gaiñean orekan izan zun zoritxar beltza. Aldi ontan idatzi bide zun «Petit Testament» (Ilburuko txikia) olerki idaztia.
Olde bageko makur ark bide zuzenetik alde iarri zun gure olerkaria. Sasibidean sartu zan, arrazkero. Bizitzeko lain eskuarterik bage ta bear gorrian izaki, soiña ta oiñaren alde lan eginbearrean, lapur-talde bateri itsatsi zitzaion lagun zurrian, burua atera nairik. 1458'gn. urteantsu zintzil egiteko zigortu zuten erri-agintariek, eta zigorraldi ori bete ordez erbesteratu egin zuten. 1461'garren urtean Meung-sur-Loire irian, Orleans'go Gotzaiaren baitegian bilurturik ageri da. Bearrik urte bertan XI'garren Koldobika bakaldun-alkiratu zan, eta txangoan igaro zan urietan zeuden giltzapetuak oro askatu egin zitun. Arrezkero Villon olerkariaren aztarrenik ez da ageri baztarretan
Auxe bakarrik dakigu: «Grand Testament» (Ilburuko andia) olerki-idaztia, 1489'garren urtean argitarazi zuteneko illa zan, antza. Meung'go giltzapetik ateratzean ondu zun bigarren idazti ori.
«Ilburuko andia» deritzan olerki-txortak iñolako izen ederra ekarri zion Villon aipatuari. Gaiz bestelakoak dira oso olerkiok. Baditu gordiñegiak, baditu ariñak, baditu gorgotsak.
Geienetan oroipen itsak ditu olerki-gai. Utsaren urrengo bizikera izan baitzun, utsa ta utsalak alperrik galdutako urteak ta lorrindu zitun alde onak biotz erdiragarriz deitoratzen ditu. Nontsu ditu aspaldiko adiskide atsegin, ao-eder eta maitalari laztanak? Nontsu dira beiñolako elurrak? Neskatx eder eta gizakume ospatsuak aize zirimolak irauli egin ditu. Arritzekoa, benetan! Bizikera makur eta itxusi aren oroigaietatik olerki iaso, uren eta sendoak ateratzen daki. Gogoz zindoa zan, noski. Bere erria maite zun maite. Bestalde, Iainkozale miña ta elizkoi sutsua zan: amaren eskez Andre Mari'ren opaz ondu zun olerki baitarakoia duzu lekuko.
Aren asmo ta burupide zindo ta bizibide makurraren arteko osin sakona biotz erdiragarri zitzaion erabat. Barruko arrak zimiko egiten zion, eta berriz ta berriz garbaitu egiten da, kistar onari dagokionez. Ogen beltzetan murgildurik bere burua ikusten du, ta bestalde, kistar on izan-naiak biotza zulatu egiten dio. Orixe duzu bereizgarriena aren olerkietan.
Egitia duzu bere nekeak aitortzen. Idaztankera zangarra ta zaintsua du, zakarregi billakatzeko neurrian; berezko etorri aundia lauegi gertarazteko giñoan. Galbear oriek itzurtzen ditu, ordea, egiaren egiz ta biotzondoaren biotzondoz. Ots berekia du eskuarki, ta orrelakoak ez da entzungo luzaroan.
Erabat esan: bere aldiko olerkaririk bikaiñena izan zan. Olerki asko ez zitun ondu, baña, buruen buruko olerkari zala argi ta garbi erakutsi du. Aren itz-neurtuen zaiñak odolez ler-zorian dirudite. Irardausi aundiko esakera laburra darabil; aren buruan dizdiz egiten zun argia, zoragarria da izan ere. Baditu itz-neurtu tinko-giarrak. Adibidez «Ballade de pendus» (Urkatuen leloa), «Je mors de soif aupres de la fontaine» (Iturri-ondoan egarriz itotzen nago), «Des dames du temps» (Beiñolako andereak), dituzu Villon'en olerkirik irakurgarrienak. Aoa beteko olerkiak dira, noski. Bere gogoaren barrena aztertu ta azaldu zun, olerkari bikaiñak bezela; besterik ez du opa ao oneko olerkari izaki. Gizon zanez, ez dugu goragarri, noski, olerkari zanez, bai ordea. Gaitzak txurtenean iota, gorabideak zear ekiñalean ari izateko gai zan. Villon aragikoia eriotzaren ustekizunak ikar-ikaraz lauorritan laztuta iartzen zun: gezu batean, ordea, biotzondorik aratz ta samurrenen gamak artzen ditu. Olerkari zar onen bekokia eriotzaren odei itzalak zartez inguratzen dute, ta beteko goiznabar berriaren argi zirrinta lenengoak odeiok urratzen ditute. Ederbera ba'zera, zarrada bizia nabaituko duzu biotzean, ugaldeka ~ta saraka eder-izpiak baitarizkio.
ETXAUN'ek (1786-1862) aurtzaroz gero illargia labe gaiñean ikusterik ez zun izan, adur gaiztokoa izaki. Zubero'ko Barkotxe'n iaio zan. Aitak begitan artu zun yaio zaneko, beraren antzik ez zula-ta. Bere amarik iñoiz ere ez zun aiputan artu bere olerkietan. Aitari buruz garratz ta latz ari da gure olerkaria; «Ezpeinintzeion aski jiten zeiztan primajen».
Etxean gurasoen maitasun berorik izateke, guziekiko gibel-beldurti, zakar eta gogor izan bear. Gaztaroa ere illuna izan zun, berberaren aitorrez:
«Ene gazte denbora ez ene lagunena bezela:
Hurak libertitzen eta ni nigarrez ardura.»
(«Bi berset dolorusik»)
Baserriko garate batean asi omen zan ikasten: otoitzak, Jaungoikoaren aginduak, kristau-ikasbidea euskeraz, ta irakurtzen eta idazten pantsezez, alegia.
Gazte gaztetanik maite-mindu zan eta Jauregiberribarra auzokoa omen zun neskatilla laztana. Bestelako alabearra! gurasoek eta aitabitxik, eta auzokoek ez zuten onartu maitasun ori ta mutillaren zai ziran nondinaitik kuzkuzka.
«Izterbegiak zaudelarik eia nun sarturen nintzan
Bena eni ororen gati, ni maitiaren lekian»
(«Ahaide delezius»)
Begi txarrak iota zegon Etxaun damurik. Maitasun ori zala-ta ondorengoa kenduko ziotela eskeiñi zioten gurasoek. Gurasoekin onezkoak egin nairik, buruz gaiñeko lanetan murgildu zan:
«Azi bear nun phuntin, lanin nintzan asi,
desprumit nentzan lotsaz, naiz aita trenderazi,
osagarria, hari kausitu naiz, benin galerazi».
(Ahaide delezius)
Alperrik izan ziran egiñalok! Aitabitxiakin burutu eziña izan zun: aren esanetara aitak zoatzi zion ondorengoa, emaztegai beartsuakin ezkondu nairik ba'zegon. Etsi-etsian iarri zan olerkaria:
«Entzun nianian eguzaitak aita bildu ziala
Bere irur etxaltez ene desprimutzera,
ullan jarri nintzan fi gaizto egitera.»
(Bi berset)
Aita bere artan zegoen, eta bere «maite fidel ezagutia» zapuztu bearra izan zun: Etxaun'ek iñolako biotzondokoa egin zion «Urzo apal bat» olerkian agertu zunez.
Atsekabe min oien oroiz, neke beraren lorrez lur iota, bere etxea madarikatu zun olerkariak:
Jinkuak maradika beza Gaztalondo Topetia
Bai eta neskatilla prauetan amodio ezartia.»
Seme nagusiak bere emaztegai beartsua bertan bera utzi zueneko, neska aberats bat begiz iota zun Etxaunia' ko etxe-iaunak, Aritxabalet apaiz ospatsuaren illoba, alegia, ta Garazi Pelento zeritzan, 23 urteko neskatillak. Erriz 1808 gko. Uztaillaren 26'garrenean ezkondu ziran eta elizaz biaramonean. Egia dio olerkariak:
«Ogei eta bi urtik bete egunin,
emazte bat artu nin ene zorigaitzin;
erraiten ahal beitut zerekin zeitan jin,
ene urka bilurra gorderik altzopin.
Etxaun'ek etzun maite bere emaztea ta onek ere beste norbait maite zun ixillean, olerkariaren ustez. Emaztea urtebete zarragoa izaki, ta aitak aukeratua: orra bere zoritxarren iturburua.
«Jakin nianin zer nian erosi
Nai uken nian bortxaz kunbertirazi.»
Nolatan eztakigu. Indar edo egin zion, nolarebait zentzarazteko. Etxe berrian liskarra sortu zan. Andreak irabazi zun auzia ta bi illabetez giltzapean euki zuten, emaztearen maite-berria etxean izaki.
«Bi illabetez egon niz presu, ene emaztea gati
Hura xalantareki etxean; ni ain nintzan jelosi.»
( «Ahaide delezius»)
Arrezkero, bein baiño geiagotan giltzapean egon bearra izan zun emaztea zala, ta ez zala. Alako batean, emaztearen bizibide gaiztoa atari zabalean argitu zan. Olerkariak eupada egiten dio apaiz osabari:
«Musde Aritxabalet, Jaun erretora,
Etzunin edukiten ogendant iloba:
orai sogin izozu hor duzula proba!...
makaleren sarjant zerbutxatu zirela!»
Giltzapetik irten ala, esku-arrautza egitea erabaki zun. Gau batean, etxe ondoan kukuka gelditu zan, Egipalia auzoko leikidearen zai. Gau illunak lausotuta, erruduna il bearrean, Etxegoieniako semea il zun damurik ez-iakiñean. Labur eta zorrotz dio:,
«Bestek eraman dik hik bear kolpia».
Asarre iraun zun olerkariak leikidearekin: adiskidetuko da oilloak arrautza beltza egin orduko, ta ala dio:
«Bena kupera diok orano artzia».
Ain zuzen ere, beste bein izterbegi gorrotatua buruz buru arkitu ta il egin nai izan zun; suiskillua ernaldu zun bota naiean. Berun-ezkurra ez zan atera, ordea. Atzemanda gero, epaileak galde egin omen zion: «Zuk iltzea nai zenun, gero?» Olerkariak erantzun: «Bai, etzukezun bekatu». Arrezkero bi urte edo amar urteko giltzapean ukan zuten.
Berriok ezpain-belarri ikasi ditugu ta oraindik badira beste zenbait ere. Auxe erakusten digute guziok. Etxaun'ek bioztoi ta biotz-bera izanik, zoritxar beltza besterik ez zun dastatu al izan bizitan. Aitak beraren oldez bestera ezkon erazi zun. Anaiak erbestera eroan zun. Emazteak ziri ederra sartu zion. Aita-amagiarrebak oztopo zitun edozertarako. Semeak berak, bere ondorengoak, eguneango ianaria ukatu egin zion. Egia esan, saiets beltzotan poz-argi izpirik ez zun arki al izan, eta lur iota, olerkari minbera indarkerietara oldartu zan, besterik ezean.
Aurrerantzean norabage alderrai bideari ekin zion. «Ahaide delezius» olerkiak garai artako bizibidea erakusten diigu. Giltzapean eta sabaietan ikara egon ondoren, etxean sartu al izaterik ez zun izan. Erbestera io bear beraz:
«Etxaun, nausi famatia, galdu duk libertatia,
eta orai duk tristezia, hareki ezin-bestia.
Ire izterbegiek aisa goihera die irria.
Amuinak bear duk ebilli, edo artu pelegri bidia.»
(«Ahaide delezius»)
Bi urte Españan igaro zitun bear gorrian. Garai ontan Galizia'ko Jondone Yakueren elizan izan zan. Bere etxean sartzeko alegiñak oro alperrik izan ziran, ez zuten onartu ta errukirik bage atea ertsi zioten, ta berriro erbestera bearrean izan zan. Bi atorra zulatuak iaso zitun emaztea gandik, giro otzen berogarri. Eskean Erromara bidean ekin zion, biotza dardaraka, miñak koloka: kristau onari zegokionez, goraintzi egiten die etxekoei:
«Adio erraiten deizut pena gei artia,
beno orai zitudano, zu ene kontsolu guzia!
Zortzi urteren erraiten deizut biotz-minez adio;
aboro bizitzen ezpaniz, Josafatera attio.
In-kas eta bizitzen bagirade biak mundin'orano,
Algarreki izanen gira Jinkuak berez artino.
Adio erraiten deizuet, ene aur doterik gabik,
Ene suberte malerusak, trixti, hola ezarik;
Ar itzatzie, ene gisa, pazentziareki kurutxik;
Zien salbamentia etzaz txerka, imita Jesus-krist.
Adio erraiten dereñat, ene alaba bakotxa;
etxen eduk ezan usatu diñan konduta,
kuñat kuñater eman beria, aurrer Jinkuen kreinta
senarraren un izan eta zaharrek errespeta.
Kantore horik untu ditit Uñurritzeko bortian,
Errumarat abiun nintzalarik, hoiek ezari eñian
Il banendi ere holako bidaje luzian,
Ziberuan kanta ditzatzien, ene oritmentxian.»
Erromarako ostera onen ondoren, Idarroki'n, Igelu'n, Uñurritze'n eta abar artzai ari izan zan. Luzaroan iardunbide ortan ari izaterik ez zun al izan: bizibide latz ortan ari izateko agure zarregia izaki. Arrezkero, beko errietara ietxi ta kristau-ikasbidea aurrei erakusten ari izaten zan auzorik auzo, aur artean, izneurtuak esaten. Garai ontan, ezteiak zirala-ta, oturuntza ederrak zitutela-ta, nonbaiten iaiburuak zirala-ta dei egiten zioten bertso berriak egiteko. Aberats ta aundikiek berek aintzat zuten Etxaun bazkaldar izatea. Karrikaburu etxekoek adibidez.
Bere bizialdi azkenean, bere errira zan. Aitortzera ioan omen zan ta aitor-ordaiñez elizkoi izneurtuak ondu bearra lepora omen zion aitor entzuliak. Alabañan garai ontan ere, ezin burutua izan zun bizpairu apaizekin, «Musde Tiraz» eta «Barkotxe'ko Eliza» izneurtuetan erakusten digunez. Amabostero Iaunartzen omen zun aldi ontan Sarranze'ko elizan, egun oroz ere artu omen zezakean beraren aitorrez. Izneurtu guzietan Iaungoikoarenganako biotzondo bikaiña ageri, du. Il baiño lentxe etxean onartu zuten: bertan sukaldeko zizailluan etzanda, bideetarako zerabillan buruzian bilduta, 1862'gko ilbeltzaren 17'garrenean il zan.
Egitan ziñak eta miñak ikusi zitun gure Etxaun'ek. Ametsetan, ordea, eder, gaitzok eraginda deitore aitor egiten zunean, larru gorritan erakusten zun bere gogoaren osin beltz edo urdiña. Zoritxarroi esker, euskal-ele-ederreko olerkaririk berekiena gerta zan.
Zertan dago tankera bereizgarri ori? Aldez zorrotz ta zangar duzu, aldez etsi-etsian latz ta garratz. Bere atsekabe miñak azaltzen mutil ikaragarria duzu, ta ziri-neurtitzetan txapeldun. Aren esanera labur, zeatz ta zirtoz iosia duzu. Itz oskide ez oituenak atsegin zaizkio. Bitara sailkatzen du beraren olerki sailla Onaindiak. Ziri-olerkiak eta negar-olerkiak. Lenengoak, batez ere gaztetan egiñak dituzu, sarkor, ezten antzera, zimikoi barne kezka lez, gori, burni bizi bai-litz. Bigarrenak gizon umotuarenak dira, baiña, zotin garratza dariotenak, itz ta esakera uzu ankerrez iosiak. Len-begi-klizkaz ezagutu diteke aren idaztankera: labur, ebakin, bizkor, txau («Milla Euskal Olerki Eder», Onaindia 421'g. orr.).
Arrezkero, antzeko dituzu nolarebait Etxaun eta Villon: bi-biok zoritxar beltzak erabilli zitun bizitan eta bi-biok zoritxar beltzotatik olerki ederrak atera zituten bearrik. Urtez agitz zarragoa Villon, bere erriko olerkiaren asieran, ordea. Oraingoagoa gure Etxaun, bai au ere bere erriko olertiaren asieran-edo, agertua. Euskaldunok Europe'ko errien artean zarrenetarikoak izan-ari atzeratuenak baikera aldiz aldi.
(1) Pierre Lhande et Jean Larrasket: Le Poete Pierre Topet dit Etchahun et ses oeuvres, Bayonne 1946.
|