Epailla-Iorraila. 3-4'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Epailla-Iorraila. 3-4'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Bergili'ren Unai-kantak

(Bukolikak)

 

Virgilio

 

euskaratzailea:

Ibinagabeitia'tar Andima

 

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k lateratik euskeratuak.

 

VII'gn. Unai-kanta

Thirs eta Koridon'ena

 

— Iarraipena

 

Serviu'k ziñonez, unai-kanta au osorik ietzi omen zun Bergili'k Teokrit'en idilietatik. Egia esan, olerki ontan ere, besteetan bezelotsu, aipatu olerkariaren kutsurik ez du palta, baditu ordea, zenbait eskena bizien artetik bizi-bizirik erauziak diruditenak, batez ere sarrerakoa. Poema ontan olerkaria amebe-eraz ari zaigu. Amebe-kantua, gure bertsolariena bezela, iru lau neurtitzezko ahapalditan egin oi zan elkarri erantzuka; emen lau neurtitzezkoetan ari zaizkigu olerkariak. 1-20 n.: Melibeu'ri gilloriak (mirtuok) zaitzen dagola, saldoko akerrak iges egiten dio; billa ateratzen da ta Daphni arkitzen du bidean, eta Koridon eta Thirs'en artean bertsu-dema astero dioala adierazten dio; aurrenez zalantzan dago Melibeu zer egingo ote dun, lanean iarraitu ala bertsu-demara iaun. Lana baztertu ta bertsu-demara doa. 21-36 n.: larre-iainkoei gora-dei dagie bertsolari demazaleek. 37-68n.: bakoitzak 'bere maitemiñak abesten ditu. 69-70 n.: Koridon ateratzen da garai.

 

 

VII

 

5        Melibeu'k.— Beiñola, gorosti arantzatsu baten itzalpean exeri zan Daphni; Koridon eta Thirs'ek beren abere taldeak bildu zituten; Thirs'ek ardiak, Koridon'ek, berriz, esnez anpatu auntzak; biak garerdian, biak Arkadi'tarrak, ein bateko kantariak eta erantzuteko gertu.

10        Toki artan, gillori xamurrak otzetik babesten nengolarik, nere saldo'ko ordotsa, akerra alegia, aldendu zitzaidan; orduntxe Daphni aternan nun. Ark, berriz, ikus ninduneko: «Zatoz lasterka Melibeu» esan zidan; «zure akerra eta auntzak ere iarei daude, eta astirik baldin ba'duzu ar ezazu ementxe, itzalpean atseden. Larreak barna onuntza etorriko zaizkizu edatera zezenak; Minkiu'k, emen, bere ugertz orlegiak kaiñabera xamurrez zedatu ditu, eta aritz gurenak erlauntzak bezelako durundia dagi».

15        Zer egin? Ez zeuden nerekin Alkip ezta Philida ere, errapetik erauzi bildotsak tegiratzeko; eta norlenka aundi bat zan Koridon eta Thirs'en artean. Aien iokoagatik nere zereginak baztertu nitun. Beraz, biak asi zidan bertsu-deman, aldizka; Musek aldizkakoak nai zituten. Orratx Koridon'enak eta Thirs'ek ialkiak, urrenka.

20        Koridon'ek.— Libetros'ko Ninphak, nere maitariak! Emaidazute, arren, Koduru kutunarenak bezelako bertsuak kantatzeko argia (bertsutan Phe busi ere urbiltzen zitzaion); edota, guziok egin bait dezakegu ainbeste, lerrondo guren ontatik nere txirul ozena eskegiko dut.

25        Thirs'ek.— Artzaiak, sor-berri olerkaria untzorriz apaindu ezazute, Arkadi-tarrak, Koduro'ren meakak bekaitzez apurtu ditezen; edota neurriz-goitik goraipa ba'nindeza (Koduru'k alegia), bas-akaraz bekokia esi ezadazute, mii gaiztoak, olerkari daitekenari, kalterik ekar ez dezaion.

30        Koridon'ek.— Onatx zuretzat, Delie, (Diane), basurde-buru au eta basauntz urtetsuaren adar-abartsuok Mikon txikiaketz. Iñoiz al ba'nenza, ordea, atxurdin landuzko irudi bat ukanen duzu, zutik eta purpurazko koturnoz iantzita.

35        Thirs'ek.— Aski zaizu Priap, kaiku-bete esne eta olata auek (libum) urtero itxarotea: baratz txiro baten iabole zaitugu. Oraiñarte, gure ahalaren ariora, marmorezko egin zaitugu; artaldeak iaioparriz ugaritzen baldin ba'dira, urrezko eginen zaitugu.

40        Koridon'ek.— Galatee, Nerine'ren alaba, Hybla'ko elarra (thymum) baiño neretzat goxoagoa, kigneak baiño zuriagoa, untzorri-zurbilla baiño ederragoa; zezen bazkatuak (gizenak) itasketara datozkeneko, Koridonez ardura balin ba'zera, etor zaite zu ere.

        Thirs'ek.— Ni, ordea, Sardoni'ko belarrak baiño garratzago izango al nazaizu, gorostia baiño latzago, (itsasoak) iraitzi aloka baiño ezesgarriago, egun au urte osoa baiño gogaikarriago ezpazait! Zoazte tegira, zoazte bai larratu zezenok, lotsarik ba'duzute!

45        Koridon'ek.— Iturri orolditsuak, loa baiño belardi guriagoak, eta zuk, itzal bakanez gerizatzen duzun gurbiz orlegia, babes ezazute berosapatik ene artaldea; or-or dator uda kixkalgarria eta aienetan antutzen ari dira ninikoak.

50        Thirs'ek.— Baditut emen laratza eta ler-abar guriak; emen, sutzar batek, atergabeko kez, abeak bezten ditu beti; emen, otsoek ardi kopuruaz edota ibai lasterrak urertzetaz bezin kezkati gaituzu Borea'k dakartzin otzetaz.

55        Koridon'ek.— Zutik daude gaztaina lakatzak eta orreak (iuniperi); igaliak zuaitzpean an-or sakabanaturik datzate; oro dago irriz, baña Alexi ederra mendi auetatik ioango ba'litz, ibaiak ere legortuko lirake.

        Thirs'ek.— Elkor dago soroa; belarra egarriz iltzen ari da aize gabe: Liber'ek mats-aienen itzala munoei ukatu die; gure Philis datorkenean, baso osoa ezetuko da eta Iupiter'ek euri ongarria iariongo du txurrustan

Koridon'ek.— Alkide'k lertxuna maiteen, Iaku'k matsondoa, Venus ederrak gilloria eta Phebu'k ereiñotza; Philis'i ordea, urretxa atsegiñen; eta Philis'ek (urretxak) maite dituken bitartean, ez du mirtuak urretxik garaituko, ezta Phebu'ren ereiñotzak ere.

65        Thirs'ek.— Lizarra oianetan ederren, lerrondoa baratzetan, lertxuna ibaietan, izaia mendi garaietan: Likine eder, ni ikustera maizago etorriko ba'zintzakit, lizarra oianetan, lerrondoa baratzetan baño areago ziñate.

70        Melibeu'k.— Ara, auxe gogora zait: alperrik ari dala Thirs garaitua. Orrezkero, Koridon, Koridon da Suretzat.

 

 

VIII'gn. UNAI-KANTA

Damon eta Alpesibe'rena

 

        Zortzigarren unai-kanta au Polion'entzat idatzi zun olerkariak Portiarrak garaitu ondoren gurenda ospatzeko Erroma'ra etorri zanean. 1-13-n. Iakingarrienetakoa da. Polion berberak eskatu zion nonbait Teokrit'en bigarren idiliaren gisa antoletzeko. 11-12 neurtitzetatik egeri denez. Bi kantutan bereizten du olerkariak: 17-61 n. Damon'en kantua. 64-109 n. Alpesibe'rena. Biak maitemiñez etsita daude, maitariek utzi bait ditute. Damon'ek maita-gaia ezin menperaturik bere burua amiltzea erabakitzen du maitearen azken opaz. Alpesibe'k ordea, aztikeriz, sorgiñ izaki, maitaria (Daphni alegia) bereganatzen du. Zeatz-meatz aztikeriak aipatzen dizkigu Bergili'k Alpesibe'ren maitegar eroarekin naasita. Kantu bakoitzak amar ahapaldi ditu.

 

 

VIII

 

5        Damon eta Alpesibe artzaien kanta emaztea goaz; bigantxa, aien demaz, miretsirik zegon, belarra aztuta: aien kantu otsera lakoinak (linkeak) ere arriturik lotu ziran eta ibaiek beren ubideak aidatu zituten. Damon eta Alpesibe'rena esatera goaz.

10        Timabe-mendiko arkaitzak gainditzen, edota Iliri'ko itsas-ertzean ari zeran ori: iñoiz ukanen ote dut zure egiñak goraipatzeko aukerarik? zure olerkiak —Sopokel'en koturnuaren diñako bakarrak— lurbira zabalean barreiatzerik emango ote zait? Zu'gandik asi naiz, zu'gan bukatuko ere dut. Ar itzatzu zure aginduz asi ditudan bertsu auek eta utzidazu zure (garondoan) ereñotz garaile-tartean, untz-abar au ezarten.

15        Gaueko itzal-ozkirria zerutik ietsi zaneko, —belar gurian intza artaldeen atsegin gertatzen danean—, oliondozko makil batean agondurik onela asi zan Damon:

20        Sor zaite egunaren aintzindari Lukiper goren, Nise nere emaztearen zoritzarreko-maitasunaz atzipetuta deitorez nagolarik, iainkoei (aien lekukotasuna ezertako izan ezpazait ere) nere azken orduan mintzatu nakien.

        Ene txirula, asi zaite nerekin Menali'ko bertsutan.

        Menal-mendik beti izan ditu baso ozen eta lerrondo iztunak; beti entzuten ditu artzaien maitemiñak, eta Pan'en seskak ere lenengoz mintzarazi zitun.

25        Ene txirula, asi itzatzu nerekin Menali'ko bertsuak.

        Mopsu'ri Nise eman zitzaion; zer ez dezakegu maitariok itxaron? Gaurgero zaldi ta griphoak elkartuko dira, datorken mendean, berriz, orkatz izutiak eta zakurrak edaska batean eradango dira.

        Ene txirula; asi itzatzu nerekin Menali'ko bertsuak.

30        Zuzi berriak gertu itzatzu Mopsu: emaztea dakarkizue: intzaurrak barreia itzatzu, senar, Hesper'ek Oeta uzten baitu (arratsa dala esateko).

        Ene txirula, asi itzatzu nerekin Menali'ko bertsuak.

35        Dagokizun senarrari elkartuta, oro nardatzen dituzuna, nere txirula gorroto duzuna, baita nere bekain illetsua, bizar luzea eta auntzak ere; iainkoa gizakiekiko arduragabe uste duzuna!

        Ene txirula, asi zaite nerekin Menali'ko bertsutan.

40        Gure esi artean (esparruan), txikiña, intzez buztitako sagarrak amarekin batzen ikusi zindudan (neu nintzan zuen gidari); amaika urtebete doi, amabigarrenean sartzera nioan; orduko, abar auskorrak lurretik atzeman nentzakean; ikus zindudaneko galdu nintzan; eta zernolako zoroaldiak io nindun.

        Asi zaite, ene txirula, Menali'ko bertsutan nerekin.

45        Oraintxe dakit maitasuna zer ote dan; arkaitz latzen arteko Tamaru edo Rodope edo lur-ertzeko Garamates; aietan sortua dirudizu; aur ori ez da gure ariko, ezta gure odoleko ere.

        Asi zaite, ene txirula, Menali'ko bertsutan nerekin.

50        Maitasun ankerrak, umeen odolez eskuak orbantzen irakatsi zion ama bati; ankerra izan ziñan zu ere, ama; ez ote ama baiño ankerrago aur gaizto hura? Gaiztoa, baiki, aurra; ankerra zu ere ama.

        As zaite, ene txirula, Menali'ko bertsu enekin.

55        Gaurgero, otsoak igesi bioaz ardien aitzinean, arte-latzak urresagarrak bekarzki, eta lilipa altzondoan garatu bedi; millazkak anbar lodia ixuri bezate; ontzak, kigneak baiño areago bitez; Titir, Orpheu bedi, ots, oianetako Orpheu, Arion bat izurde artean.

        Asi zaite, ene txirula, Menali'ko bertsu nerekin.

60        Oro, itsaso gerta bedi! Agur, oianak! Mendi gaineko ikuspegitik uin artera amilduko naiz, ilzter dagonaren azken-emaria ukan dezazun. (Aski ene txirula, Menali'ko bertsurik.)

        Onela Damon'ek. Zuei Pieridarrak, Alpesibe'k iardetsiak esatea: orok ezin dezakegu oro.

65        Ekardazu ura, eta opalmai au galartsu biguñez ingura ezazu, izusta (verbena) guriak eta kedats (intzentzu) arra erre itzatzu, ene maitearen zentzua aztiketaz gal-eraztera saia nadin; sorginkeriak, ez emen besterik peit.

        Ene aztiketok; ekardazute Daphni uritik etxera.

70        Aztikeriz, illargia ortzitik erauzi diteke; aztikeriz, Ulise'ren lagunak antzaldatu zitun Kirke'k: azti-kantuz ibarreko suge otza lertzen da.

        Ene azti-kantok; ekardazute Daphni uri etxera.

75        Zure inguruan, iru margoko ari auek, banaka iru aldiz, biltzen asiko naiz opal-mai billaldean; eta iru bidar, zure irudia ere opal-mai inguruan daramat: zenbaki ezak iainkoari atsegin.

        Ene azti-kantok; ekardazute Daphni uri etxera.

        Lotu iru korapilloz iru margoak, Amarili; lotu lenbaitlen, Amarili, «Venus'en lokarriak lotzen ditut» esanaz.

80        Sugar ber-berak lokatza gogortu ta ezkoa biguntzen ditun bezela, nere maitegarrak egin beza Daphni'ren baitan. Iriña iraurri eta ereiñotzak pikegarrean kixkal itzatzu. Dahpni gaiztoak erretzen nau eta nik ereiñotza Daphni'ren ordez.

85        Ene azti-kantak; ekardazute uritik etxera, ekardazute Daphni.

        Basoak eta oian sakonak barna zezenaren atzetik nekaturik dabillen bigantxa, gau berantari iges egitea oroitzeke, zingirako urbelar orriñetan galdua erortzeko; alako maitasunak ar beza Daphi; neri ordea, ez bekit hura sendatzeko ardurarik.

90        Ene azti-kantak; ekardazute-uritik etxera, ekardazute Daphni.

        Onatx, gaizto ark, arestian utzi zizkidan ondakiñak, bere maitasunaren baituran, orain nik, ate-subillean bertan, zuri damazkizut lur. Baitura auek Daphni erakar bear didate.

95        Ene aztiketak, ekardazute uritik etxera, ekardazute Daphni.

        Belar auek eta itsasoan bildutako zital auek, Meri'k ber-berak eman zizkidan, ugari sortzen bait dira itsasoan. Auekin maiz ikusi dut nik Meri otso biurtzen eta oianean izkutatzen, baita arimak obi sakonetatik ilki erazten ere, eta ereintzak auzoko soloetara aldatzen.

100        Ene azti-kantak: ekardazute uritik etxera, ekardazute Dapni.

        Eramaizkitzu, errautsok landara, Amarili; lats lasterrean zere buruaren gainetik iraitzi itzatzu, atzera begiratzeke. Oiekin makurtuko dut nik Daphi hura ezpaita ez azti-kantuz ez iainkoaz arduratzen.

        Ekardazute uritik etxera, ene azti kantak, ekardazute Daphni.

105        Ikus: errautsok astiro batzen ari naizen bitartean, opalmaia berez gar dardaritsuz inguratu da. Onerako bedi! Ez dakit zer dan, noski, baiñan Hilax zaunka ari da ate-subillean. Egia ote? Edota maitariek ametsetan ari ote gera?

        Ater zaitezte, ene azti-kantak, ater zaitezte dagoneko: uritik datorkit Daphni.

 

 

IX'gn. UNAI-KANTA

Likida eta Meri-rena

 

        Lenengo unai-kantan bezela, lurrak kendu zizkiotenean ukan zun naigabea berrizten du bukolika ontan Bergili'k, elkar-izketa nare ta baketsuan. Indarrez lurrak kendu dizkioten lurjabe apalaren etsipena alegia. 1-16 n.: Meri agure zurra ta Likida bertsu-zale gaztea arkitzen dira: zarra arriturik dago gazteak Menalk'i (Bergili bera) gertatua ez dakilako. 17-50 n.: Artzai biok Menalk goraipatzen dute eta aren zenbait neurtitz gogorazten ditute. 51-67 n.: Meri'k, oroimenak uts-egiten baitio, ezin du areago abestu; Menalk'ek berak, datorkenean, bere olerkiak abestuko ditula diño.

 

 

IX

 

5        Likida'k.— Norat zaramate oiñak, Meri? bide au dioan urira ote?

        Meri'k.— Oi Likida, gaurdaño bizi bear izan dut (olakorik ez nun iñoiz uste) nere landatxoaren iabe dan arrotzari entzuteko: «Auek nereak dira; utikan lengo lugiñok (iabeok) ».

        Orain, etsiturik, goibel, zoriak oro itzulazten baitu, auntz-auek —onik ez al dute izango—, bialtzen dizkiot.

10        Likida'k.— Baiki; nik ere entzun nun; muñoak apaltzen eta goldera emeki makurtzen asten diran mugatik ibai eta pago-urtetsuetarainokoak (orain abarrakituak), zure Menalk'ek gorde ahal izan zitula bertsuei esker.

15        Meri'k.— Entzuna zenun, eta ala zun otsa; baiña, nire olerkiak, Likida, Kaoniko usoek arranoaren aitzinean baiño almen geiagorik ez dute Marti'ren iskillu artean. Gorosti gainetik eta esker-aldetik, edonolako auzi berriak mozteko belatxinga batek adieraz ezpazidan, ez zure Meri zaharra ezta Menalk ber-bera ere, ez zitezkean bizirik.

20        Likida'k.— Nola izan diteke ain gaiztagin? Zure solas ederrak zurekin batera galtzeko zorian izan gera, Menalk! Nork, orduan, Ninphak kantatu? Nork lurra belar loretsuz apaindu ta iturriak itzal ozkirriz iantzi? Edota gure atsegin dan Amariligana zinoazela, zuk iakiteke, irakurri nitun bertsu aiek?: «Itzul nadin bitartean (bidea laburra baita), larra itzatzu auntzak, Titir; eta larratuta, eradan itzatzu, Titir, eta kontu ardiak aker-bidetik eraman, adarka egiten bait du (akerrak).

25        Meri'k.— Are obeki, oraindik borobiltzeke Var'i abesten zizkion neurtitz auek: «Baldin Mantua gelditzen ba'zaigu —zoritxarrez Keremonatik urbillegi dagon Mantua—, zure izena kigneak izar gaindegietara kantuz iasoko dute Var».

30        Likida'k.— Zure erlakumeak ez al dira Kirno'ko aginondoetara urbilduko! Eta zure beiak erratza larratuz errapeak anpatuko al ditute.

35        Alare, esatekorik ba'zenu, asi zaite. Pieridarrek egin ninduten olerkari; nik ere baditut olerkiak; neri ere, olerkari deitzen didate artzaiek, ez diet geiegi sinisten, ordea; oraindik ez dut uste Vur edo Kina'ren beteko naizenik; kigne zolien artean kuatuz ari dan antzarra bezelakoa naiz.

40        Meri'k.— Nik ere, Likida, oroipenak iraultzen ditut ene batean, oroit-araz al ba'nentza; ez duzu gaiñera ez-ezaguna olerki au: «Zatoz ona Galatee: zertako uin artean iolastu? Emen istatsua da udalena, lurrak nola-naiko loreak ernerazten ditu ibai ertzeetan; emen lertxun-ondo txuria zintzilik dago leize baten gain-gainean, eta mats-aien astiroak itzalpeak bilbatzen ditue. Zatoz ona; utz itzatzu olatu eroak arkaitzak astintzen».

45        Likida'k.— Eta gau zoardi batean, kantuz bakarrik ari ziñala entzun nizkitzun beste auek? Eresia gomutan dut: itzak oroit al ba'nentza!: Zertako antziñako izar-mordoen zantzuen sorpena begiratu? Onatx Dione'tik ialki Kesar'en izarra, uztak igaliz bete ditzaken izarra, eta eguterako mats-mordoak margoztu. Txerta itzatzu, Daphni, udarondoak; ilobasoek bilduko dizkitzute igaliak.

50        Meri'k.— Adiñak oro darama, baita gogamena ere: oroitzen naiz, aur nintzanean nola egun osoa kantari ematen nun eguzkia ostendu arte; orain, be rriz, neurtitzak ahantzi ez-ezen, aotsa ere iraultzen ari zaio Meri'ri; otsoek aurrenik ikusi zuten, nunbait, Meri. Bañan oriek (bertsuak alegia) maiz ber-esango dizkitzu Menalk'ek.

55        Likida'k.— Ene irrika luzatzeko erasiak... Ikus: ur-zelai-zabala ixillik dago zure zai; aizearen zurmurra ere atertu da. Onatx gu biderdian Bianor'en illobia agertzen asi baita. Ementxe, lugiñek orbelak iraurtzen dituten toki ontan, abestu dezagun Meri; laga ementxe auntzak, urira iritxiko gera-ta. Gauarekin euria ere etorriko zaigulazkoaren kezkaz ba'geunde, kantari ioan gindezke, (ariñagoa egingo zaigu bidea): kantari ioateko, zure lor au neonek iasoko dut.

65        Meri'k.— Etzazula areago erasi, aurra; eginbearra oraintxe bete dezagun. Are obeki abestuko ditugu olerkiak, hura datorkenean (Menalk alegia).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.