Euskera
Itxasoko arraiñik oberena
Artzai
Lengoan gure itxas-ertzean nintzan. Illunabarra zan. Oi danez, eguzkiaren sartze zoragarria. Beredin gizakumezko itxasoan eguzkiaren etzatea ikustearren soil soillik zetozten. Izketan iarduki bide egiten zuten. Izpazterreratu-ala, isil-mixilka lotzen ziran guziak; aurrez-aurre itxasoa eten gabe margoz aldatzen. Nire urbillean bi itxas-gizon ixillik gelditu ziran itxaso zabalari so ta so. Urte zamaz makoturik, bekokia zimur, begiak ñir-ñir luzaroan ixilik zirauten bata bestearen ondoantsu. Gero batek lagunagana biurtzeke auxe soillik esan zun: «Begira!»... Hura entzun genunok bekoz beko begiratu genun urrutiruntz... Biotz barnean zaztada andia somatu zun ikusle bakoitzak. Eskua beteko batela etorri zetorren sartzen ari zan eguzkitara, argitan blei-blei. Ume sostorrak eta andre eragiñak pozarren izkolaka aita edo senarraren txalupa ezagutu zuten, begiak txokartu bage. Gezu batean, an ikusi nitun zenbait txalupa arraiñez iosita.
Berealakoan, itxas-ertzean ikusi nun arrain-kopuru aundia! Izpazterrean ikusi dezakezu epail-garagarril artean bokarta; garagarriletik urril artean egalaburra; azillean eta lotazillean orratza ta txitxarrua; udara guzietan txardiña. Ta urtean barrena, otarrain, kolaio, legatz, izokin, bixigu ta abar.
Nere kautan auxe galde egin nun. Zein ote da itxasoko arraiñik oberena? Iainkoa lagun, nork iakin? Iaungoikoari belarria tira ezaioak. Urliren gardiz legatza, sandiaren ustez makallua, berendiaren iritziz otarraiña, Elurmendi zanaren aorako kolaioa; berak idatzi baitzun:
«O pixepel...
«Kayeko kale medar, itzal,
kopet goibel...!
Ikus litezke or ugari
kolaio zarrak, leioari
erantsi-eta, iltzetik zintzil,
zintzurki latzaren txastari.»
Kolaioa, ordea, arrain zakartzat daukate askok, merkea dala-ta. Olakorik! Legatza bezelaxe gelditzen da gatz-emaille esku egokiaren eragiñez. Ara nola: larrua kendu ta garbitu, zati me-meak ebaki, ta gatza eman; gero ogi urunetan eta arrautz gordiñetan igaro ta olio berotan prejitu. Limoi zatiz apainduta ontzia maiera eraman eta ez du iñork esango arrain merkea danik.
Natorren arira. Zein ote da itxasoko arraiñik oberena? Iñoren esanetara egon nai bagenu, bat etortzea ezinkizun litzake. Alaxe, gure erri danak erantzun bitxi bat bakarra eman dio galdera orri. Ahal dana itxasoko arraiñik oberena. Ez al da erantzun bipilla? Oberik nai ba'zenu, ioan eta billa.
Itza bestera dezadan. Gure idazleen artean maiz entzun oi da galdekizun au: zein ote da idazlerik onena? urliaren iritziz erri-idazle gorriena. Kirikiño, adibidez. Sandiaren ustez tartekoa, Lizardi, esate baterako. Berendiaren gardiz, ikasiagoa, Eguzkitza, arean. Mordoilloena ala iatorrena obea? Irakurle bakoitzak, nork bere aoa izan, ordea. Euskalkiz euskalki, zein ote oberena? Gipuzkera, bizkaiera, lapurdiera, zuberoera? Eztabaida onek eztu azkenik izango, baldinbait ere. Euskalduna euskaldun daño, ortan ari izango da, etiketan, alegia. Geroago ere bai, nik uste. Buru ainbat aburu izango ditugu beti. Norbera bait-da bein. Beste erantzunenik ez ote dugu? Baietz uste nik. Orra otz ta motz erantzun: ahal dana euskal idazlerik oberena. Gisa bakoitzak baditu bere zaleak eta ialeak.
Gure burua erretzeko egur billa ibilli bearrean, nork bere gaiean, euskeraz ahal dezakenez idatzi beza. Irakurleak berebat, alegiñak egin bitza idazlearen euskera bere egiten: odolak burua artu bage, egonarritsu, areago ikasi nairik. Arian arian euskera osotua iritxiko dugu. Areago oraindik. Zuretako buruz gaiñeko liraken lanak, bestearendako eroangarriak gerta litezke. Itxuak ikusgura, errenak ibilgura, gorrak entzun gura izan arren, bein ikusi, ibilli ta entzungo omen dute, ta ala ustz. Ori ere gerta diteke, izenak ezpaitu egiten izana. Dana dala, erabil dezagun euskera zernaitarako ta geroak esango du nor ibilli dan zuzenen. Bestalde, euskera erabilliago ta naiago. Orixe somatzen dizut nere baiean. Euskerak egin baikaitu euskaldun, ez beste ezerk.
Geiegi lekaimetako artoa ere txarra omen da. Eskerari buruz, orrelakorik ezin dezakegu esan. Alik eta geien euskera erabilli, aztertu, ezagutu bear dugu. Gogoa dan tokian aldaparik ez. Eusko-gogoa gure barne-muiñetan mardul, sendo ta zindo ba'genu, beraz, non-naiko aldapak ordoki egingo genituke.
Luzaroan egon izan gera oiñezkorik nai ez, zaldizkorik etorri ez. Paparrean migura, gure euskera, neska-zar bat bezin etsia ta antzu izan dugu. Egiñetan eder, eta itzetan lander omen giñan eta erabat zabarturik egon izan gera, euskera birgaztetu ta orribiko egin eziñik.
Azken garai ontan uste ez bezelako euskal-idazti erauntsia sortu zaigu bearrik. Orixe opa genun biotz-biotzez. Orain, ordea, irakurlerik ez omen dugu damurik. Zertan ari gera euskaldunok? Gure erria lo-zorrotan loak arturik datza. Bestalde, oso atzeratua dugu zoritxarrez. Euskeraz abede-gabekoak dira geienak. Erri osoari euskeraz irakurtzen irakatsi bitartean, zerbait ikasiak ez ditzagun bertan bera utzi. Baserritar eta arrantzaleen gaiak ez ditugu aski, gure euskera tontorrik garaienetara iasotzeko.
Oraindik, ordea, gure arteko euskaldun ainitz lozorroan loak arturik dauntza. Oriek guziok iratzarri bear ditugu, euskeraren alde iarri ta euskeraz ari ditezan. Urliaren ustez, ortan ari izatea alperrikako lana dugu, basamortuan oiuz aldarrika ari izatea bezainbat. «Euskera ikasi bear dala, euskera izan bear dala gure izkuntza bakarra, euskera ta euskera... euskaldunari esatea, alperrik esana da»... norbait orren iritziz. Berendiaren gardiz, euskeraren alde ari geranok «ez gaituzu euskaltzale buru-erabakiz, sentipenez baizik, eta sentipen ori Iainkoak eman digu nai ba'dugu ta nai ezpa'dugu. Beraz euskera «sentitzen ez dutenei pakean utzi».
Okerrean daude aurreko euskal-idazleok erabat. Nik, beintzat, iñoren lanak irakurri, auziaren saietsak oro azter-tu ta gero, erabakia artu nun zain eta muiñez euskera ikasten iartzeko. Nere aurtzaroko euskera landu al izan nun arrezkero. Buru-erabakiz, ta gogo osoaren erabakiz ontaratu nintzalako. Burmuiñez soilik erabaki aundirik ezpaita artzen, buruz ta biotzez baizik, txinatarrek diotenez.
Beraz, euskera iraunerazi, edertu ta zabaldu nai ba'dugu, ekiñaren ekiñez, ontan ari izan bear dugu, euskaldunak oro euskeraz lanean beartu ta noraezean ortaratu artean. Ta gure ekiñak baduke bere etekiña, Iainkoak onez.
|