Yakintza
Euskal-mitologiaren ikaspiderako
Barandiaran'dar Joxe Mikel
euskaratzailea:
Andima
IX. ILLARGIA EUSKO-MITOLOGIAN (29). Illargiaren izenak: illargi, iratargi, iretargi, idetargi, illazki, argizai, goiko, tokialde bakoitzaren ariora.
Illargi izenak (illen argi omen zenbaiten ustez), zenduen arimei argi egiten diolazko ustekizunetik du bere sorrera. Argizagiak bai, «iarleku»an zenduen arimei argi egiten diela sinisten dute, eta argizari da, ain zuzen, illargiaren izenetatik bat. Bestalde, baliteke idetargi, idetargi izenek, Bizkaiko elezar batzutan ageri diran ireltxu, iritxu, iruztargi eta idittu'renekin gau ñumenak guziak zer ikusirik ukaitea. Izkuntz ikerpen auek ordea, ez digute eskubiderik ematen gure mitologi-barrutirako ondoren ziurrik ateratzeko.
Illargiak zer ikusirik baduela ildakoen arimen etorkizunari buruz, ilgoran iltzen diranek zori-obea ukanen dutelazko ustekizunak sendotzen du. Zenduen arimak izendatzeko erabiltzen dan argi itzak ordea, ez da ageri illargiarenakin zer ikusirik ote dunik.
Erri-abestietatik ageri danez, illargia emea da. Eguzkiari bezela, amandre deitzen die. Sorkaldeko mendietatik agertzen danean Ataun aldean urrengo au esaten die: Illargi amandre, zeruan zer berri? Iñoiz, lurra dula ama ere entzun dugu (Mañarin).
Gurentasunik ere badu, bada toki askotan, Iainkoaren aurpegia bailitzan aurrai erakusten die, eta beste batzutan «Agur erregiña» edo salbe bat errezatzen die agertzen daneko.
Illargi-gora-berak, almen bereziak ditute landare ta abereeñ gain, beste lurralde askotan bezela.
Arra omen, ilgoran iaiotzen dan aberea, emea, ilberan sortutakoa.
Ilgoran moztutako zuaitzaren zura (izpera garaian ala obe) erretzeko egokia omen, ilberan moztutakoarenak, berriz, ez omen du bestearen bero-indarrik.
Garia, artoa et lusagarrak ugari biltzeko, ilberan erein bear dira. Ilgoran erein ezkero, landara geiago azten omen da, ale txikiago ta urriagoa ematen omen du ordea. Ala ere kalte au gainditu liteke izpera (maria-bera) garaian erein ezkero.
Etxegintzarako naiz egurrezko lantailuak egiteko zuaitzak ilberan moztu bear dira.
Asteazken eta ostiraletan moztu zugaitzen zura, ilberan moztutakoarena bezelakoa gertatzen omen da, bañan aipatu egunok, beste zeretako, ilgoraren indarra dute.
Sorgin ta intxixuak, ostiraletan bereziki biltzen dira.
Ostiralez, illargitan eta bide-gurutzetan erre bear dira sorgiñen azti-tresnak.
Beraz, ostirala (asteazkena ere bai agian) illargiari eskeiñitako eguna da. Egun ortan zenbait eginkizun betetzea ez da on, ezta iaiegunetan ere. Adibidez, lan aundiren bat asi, artaldeak mendiratu, ezti-orraziak soatzi, morroi edo neskame berriak etxean artu.
X. «URCIA», ORTZI, OSTRIA EDOTA ORTZI-IAINKOTUA. (30) Oraiñarte laburki azaldu ditugun eta euskal-mitologiaren zatiak diran siniskizun, izen, mituen samaldan, naizta iatorriari atxikita egon, beste errialdetan ere idekoak dituten zenbait gai ageri dira erlisio askotako ustekizun bereiziei dagozkionak, indoeuropearrenei batik bat.
Badira gai batzu, ordea, urbil urbilletik indoeuropar mitologiari datxizkionak. Ortzi iainkoari, ots, zerusapai iainkotuari dagozkionak batez ere.
Kompostela'ko XII'garren mendeko kodizean datzan Aymeric Picaud'en bide-idaztiaren arauz, aldi artan, Euskaldunek «Urci» itza zerabilten Iainkoa adierazteko. Egun erabilli ez arren, aipatu itzaren aztarrenak beste zenbait itzetan arkitu ditezke; ostria, zerugaña Ataunen, iurtz, ortz edo ost, zeru-sapaia adierazteko izen antolaketan erabiltzen diranak. Orietakoak dituzute geroago aipatuko ditugun tximist, oñeztu eta trumoiaren izenak, eta iakingarri bezin ernegarri diran urrengo auek: uztadar, uztargi (Oiartzun), Ustruku (Dima), Ostrigu (Abadiano) eta ostilika (Ataun) erromako-zubia adierazteko; orzargi eta orgaizki (zeruko argia), orzondo (egun-urratzea), ozkorri (eguantza), ostebi (zeruko euria), oskarbi (zeru garbi), ospel (zeru illun) azaltzeko, eta abar.
Dirudinez, euskaldunek izen bakarra erabili baldin bazuten Iainkoa ta Ortzea edo zerua izentatzeko, azken au iainkotzat zeukatelako zan nonbait.
Zerua iainko biurtze au, indoeuroparren erlisioko leen-ustekizunei dagokio. Naizta Urcia eta gaurko Ortzea (trumoi) bat izan, askotxok nai luketenez, ezlitzateke indoeuropar eta euskaldunen ustekizunen arteko lokarria etengo, ariandarren arteko Dyéus (zerua) ere, trumoi eta tximistaren numenekin idekotu baitzan.
Kidetasun au, indoeuroparren artean bezelatsu, euskaldunen artean ere gertatu zan, aiek bezela, zeruko-argiari (ariandar iainkoa), asteko egun bat, osteguna alegia, eskeiñi ziotenean; orzegun, ostegun zeruko eguna, eta eguen (zeruko argi edo eguzkiarena), indoeuroparretan egun orri dagozkion izenak oiñarritzat artuta antolatuak dirudite.
Beraz, Ortz, Ost, Ortzi, Urtzi edo Egu zeritzan iainko bat, zerua naiz zeruko argiaren nortasuna, euskaldunak iauretsi zuten indoeuropar kulturarekin artuemanean bizi ziran aldameneko errien eragitez.
Urtzi, Ortz edo Ost zeru-iainko zarrak, ekaitzak eta sortzen zitun trumoiaren eta oiñeztuaren euskerazko itzetatik ageri danez. Orra trumoiaren euskal-izenok: osti, ostots (Ost'en zarata), ostroi, ortots, ortzantz (Ortz'en durundia), ortzi, ortzirt, tortziri, iurtziri, ihurtziri, yurtziri, gurtzuri, iñusturi, yusturi, yusturi, yostoi, iñustexi, iñusturi, ihugi.
Ona emen, tximist eta oñeztuarenak: gorago aipatu trumoiaren berditsuak dira zenbait, besteak, aldiz, lenengo itz-zatia berdiña dute soilik: yusturi, iñusturi, iñastura, iñestura, iñizitu, oñestu (oñeztu), oinetsitu, oñestua, oñesitu, oñeztarri (Tximista: oñeztu ta arri), oiñestarri, oñaztar, oñazkar, oñaztura, oñeztargi (oñeztu), ozme (tximista), ozpiñarri (ozpin trumoi eta arri tximista), tximist, tximistarri (tximista), ihuigi (tximista).
Tximistaren zenbait izen, ozme, ozpinarri, oñeztarri ta txtmistarri, Thor'en mailuaren indoeuropear mituari eta Iupiter'en gezienai dagozkie, Euskalerrietan txit ezaguna. Arri berezi bat dala uste dute tximista (neolitosko aizkora edo suarrizko aiztoa) lurrera erortzerakoan zazpi estadi lur barnean sartzen edo ondatzen dana. Urte bakoitzeko estadi bat igotzen omen da, zazpi urteren buruan lur-azalean agertzeko. Arrezkero, iasoko lukenaren etxea tximistatik babesteko indar berezi bat omen dauka.
Beste toki batzuetan, ordea, tximista borontzezko zerbait dala uste dute, are bestetzuetan, burnizkoa. Etxea tximistatik zaitzeko, ekaitzaldietan aizkora sorbatza gora begira atarian ipintzeko oraingo oitura, antxiñatean arrizkosai zieten itzalaren ondorena duzute, eta izatez goitiko almenen iabe ziralazkoaren ustekizunarena. Galtzairuzkoak baiño len, borontzezko aizkorak bete zituten noski, betebearrok. Zabalaitz (Aizkorri)'ko lezearen sarreran, borontze garaiko aizkora bat arkitu zuten lurrean sartuta, sorbatza gora begira.
XI. AZKENA. Mituetan agertzen zaizkigun lagun edo notiñak, gizonaren logika bideari datxizkie, nolarebait mundua ta ango gertariak azaltzeko.
Pirene'ko erri zarraren irudi-iauregia eraiki nai lukenarentzat, euskal-mituak arri bezela gertatu ditezke. Idaz-saio labur ontan, euskal mitologiko ustekizun zarretan erne gaiak baizik ez ditugu bildu. Ez, ordea, guziak. Aztertu gabe utzi ditugu, Basaiaun, Maide, Intxixu, Ireltxu, Odei eta Inguma'ren saldoetakoak, zipatu sailletako gairik geienak ara ta ona zalantzan baitabiltz irudi aien artean, edota edasi ditugunen tematikan naasita. Gaur, auek ere, barreiaturik eta puzkaturik dabiltza, elkarren artean ikustekorik ezpailuten, aspaldi urratutako sistema baten atalak bailiran. Orregatik ain zuzen, zail gertatzen da mitologi-sistema tinko ta gotor bat berreraikitzea.
Goragoko atalburuetan iaso ditugun ekaiak ala ere, euskal tradizinoan sendetsitakoak dira eta Euskalerrian edapen audiena iritxi dutenak gaiñera.
Gaurko euskalduna gai eta nor auetaz ari danean, Kristautasuna sartuz gero suntsitu mundu batetzaz bezala ari da. Azken mendeetako ibai azkarrek sakonki ezin naasi izan dituten urgune batzuetan ordea, aski tinko diraute antxiñateko aztarnok.
Zamakola'n (Dima) antxiñateko iratxoak kristau-ermitetako kanpaiak aizatu zitutela diñoe. Sara'ko nere lankideek berriz, mundu zaharra menderatzen zuten lurpeko iratxoak, elizak eta ermitak eraiki ziranean suntsitu zirala ziñoen.
Kristautasunaren sarrera eta onen ondorengo ientilaroko mituen suntsipena, Euskalerrian zabal dabillen elezar baten gun ta mami gertatu da. Aurtzaroan maiz entzun nun Ataungo ipui zarrak diñonez, ientillak Argaintxabaletako munoan, Aralar-mendin, iostatzen ari ziran, sortaldetik odei argi bat zetorkiela ikusi zutenean. Zekustenakin beldurtuta, agure iakintsu bati otsegin eta toki artara eraman zuten odei miresgarri hura ikusi eta aren esanaia azaldu zezaien. Eta agureak esan zien: «Kixmi iaio da eta gure endarenak egin du: aldameneko amildegitik iaurti nazazute». Kixmi, agurearen izkeran tximiñua zan ientillan arteko Kistoren gaitzizena. Orduan, odeiak atzetik zerraikiela, sortalderuntz lasterka abiatu ziran ientillak eta Arrastarango zelaitxora iritxi ziranean, bat batean, arri aundi baten azpian ondatu ziran; arrezkero arri au Jentill-arri deritza. Urte asko geroago Aranzadi ta Eguren iaunekin ikertu nun trikuarri edo dolmena da. Orra nola amaitu zan ientil-aroa (31).
Astiro baizik etzan kristautasuna gure artean sartu eta etzitun zearo erauzi al izan antxiñako erlisioaren aztarnak. Maiz, era zaharrak onartu zitun gogo berri batez iazteko, goragoko ataletan ikusi al izan dugunez. Ala ere, gogoz artu zuten euskaldunek erlisio berria, eta mendeak mende, erlisio ortan zintzoki iraun dute aren aginduak biotzonez betetzen, gaurdaño alegia. Oraintxe asi dira oikonomi, gizarte ta politika bizi-modu berrien eragiñera, irudi berriz antolatu barrutietan sartzen eta aeiei darraizkien bizitzarekiko uste berriak onartzen, kristau erlisioaren gaiñean eraikitako antxiñako bizimodua baztertuz.
Andima'k itzulita
Guatemala'n Azillak 6-1954.
Amaia
(29) J. M. de Barandiaran, El Hombre primitivo en el Pais Vasco, 85 orr.
(30) J. M. de Barandiaran, ibid. 79-82 eta 86-89 orrialdetan.
(31) Aranzadi, Barandiaran, Eguren, Exploraciones de nueve dólmenes de Aralar guipuzcoano (San Sebastián, 1919).
|