Yakintza
Platon eta Parmenide-ta
Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin
Etengabe aldatuaz doazen zer guziak iduria dute ta ez izana, ta sorgin-zurrunbillo ortan aldakaitzaren oiala gora iasorik sor ta lor iraun zun Platon'ek. Asmabide orren tontorrik garaiena ideakiko bere aburuan ageri da. Betiko idea aldakaitz oriek, gogozkoak dira, gure bururakizunen egitamu bete, eta gure atiñaren benetako kizun gerta oi dira. Onbera utsa ez da lekutzen, adibidez. Erabateko ederra beti berdin da, len, orain ta gero. Emengo beste edozer on, eder, edo zuzen, idea orien iduri utsak dira, ta idea orien kutsua artzen duten ezkero, gertakizun utsen ugolde oparo ta ondatzaille onen uberka zabalean, muger aldakaitz ta gogorra ateman bear dugu, betiko idea aiek, arean. Sutarriotan orubeak atera ta gure iakintzaren iauregi ederra eraiki al izango dugu. Oraingo alde ta aldi ta beste saietsetatik berez-bere zer guziok betikoaren argitan edo sub specie aeternitatis ezagutzera iotean, ustekabez edo oarkabean, beste irakasle ospatsu baten bideak barna io zun Platon'ek: Parmenide, Elea'ko irakasle bizkorraren bideetan barna, ain zuzen ere.
Platon iaio baiño menderdi lenago ortxe-antxe, ta Sokarte gazte gordin zalarik, Parmenide Atenairatu zan, ta ango iaiburuetan, ain zuzen ere. Parmenide irurogei ta bost urteko gizona omen zan, Platon beraren aitorrez. Bere bide-lagun Elea'ko Zenon ikasle mamitsua omen zun: erakusmeneko gizon eder-eder ta atsegin atsegin onek, gizabidean ibiltzen bazekin, noski. Elade'ko gizon azkarraren berebiziko eredua, benetan. Berrogei urte besterik ez zitun, ta garai artakoen iritziz, garerdiko gizona ez zan oraindik, gazte gordiña baizik. Gizontasuna, ordea, eztago gazte-zarrean, esan oi danez. Dagoneko entzute andiko gizona zan Zenon azkarra. Gaztea izanik, antzetsua baitzan benetan zirtolari hura, ta zimardikak iaulkitzen mutilla. Zearka ta bidez beste aldeztu zun Parmenide'ren irakatsia, ab absurdo, alegia. Irakasleari orpoz orpo zerraion ikasleak. Atze bete gazte-taldeekin zebilen Zenon, non-naiko gazteei atsegin bait-zaie elexuriketan ari izatea. Egia esan, Zenon'ek motz ta zorrotz egiten zitun korapillo-matazak arilketan, entzute bizkor atzarriak burmuiñak urtu bearrean ari ziran, eta txil egiten zuten azkenik. Ez da arritzekorik. Aristotel, Leibnitz, Newton ta.a. darda gaiñean erabilliak baititu, arrezkero. Izan ere, gure adimena argala bait-da. Gauza berberaxe bat eta bestea, berdiña ta ezberdiña, egonean eta ibilian ari zala egiztatu nai bait-zun Zenon'ek.
Zenon'en berri Platon'ek azaltzen digu bere «Parmenide» elkar-izketa iakingarrian. Besterik ere badugu: «itz-lauz» Zenon'ek berak ondu zun lanaren zenbait atalek iraun dute gureganaño. Aren irakatsien zain eta muina auxe bide duzu: ikusi edo somatzen ditugun gertariak berez-bere dirala esatea ezinkizun litzake erabat. Begiz ikusiak edo belarriz entzunak egiarik ba ote lezake? Buruz ta adimenez egiztatu-eziña dugu, beintzat. Gertaririk argi ta garbienak oiñarritzat arturik, orixe irakatsi zun, edota, ala uste edo uste-iduri zun, beintzat. Ustea, ordea, ez da iakitea, erdia ustela izan oi bait-da.
Ibilli dabillena non-nai arki dezakezu: itsasoko olatuak barna doan txaluparen brankari begira ezaiozu. Erakleito'ren ikaslea besterik ez dala Zenon uste izango duzu, nonbait. Aren orpoz-orpo doala, alegia. Erakleito baiño urrutiago doa Zenon, ordea. Dana ibilliz ibili dabil: demagun. Zerbait ibiltzea, ordea, ezinkizun dugu. Ibillean dabilenari begira iarri gaitezen: ez-ari ez-arian, egonean dagola begitanduko zaigu. Ez al da bitxia?
Ibilli dabillena alderik alde dabil. Zeatzago esan. Alde bateko tinirik tini dabil. Tarte bateko tinirik tini, alegia, ta ala muga-bageko tai-bageraño. Eztago norarik. Ortik dator beraz, egonean egotea. Beti ibilli dabillena betiko egonean billakatzen da. Adibidez, etenbage arian ari dan ekaitz-erauntsia, goitik beraño erortzen dan dorrea, uztaiak iaurtitako gezi beldurgarria, adimen utsaren begiz egonean egon daudela begiztatzen zaizkigu. Arrezkero turtube astiroa, naiz-ta geldien dabillen aberea izan, Akileu oin-arin bizkorrenak ezin lezake atzeman ahal. Demagun: turtubeak irten zun tokira, Akileu elduko ba'litz, beste nonbait litzake turtubea, ta gero, Akileu bertara eldu baikoz, turtubea beste nonbait litzake, ta onela gertatuko litzake beti. Dana dala, adimen utsez ezin adierazi diteke nolatan atzeman lezaken. Onelako amaika igarkizun bazitun Zenon'ek. Ale-zorro batek, lurrera erortzean, zaratarik aterako al luke, ale batek eta bakoitzak zaratarik aterazten ez dun ezkero? Areago oraindik; ibilli dabillen zerbait nola gelditu diteke? Igikuna bera nola geldierazi diteke? Nola asi liteke? Igikunik ez da, arrezkero, edota, utsa da, ta iaun ta iabe dirudina, utsa da, naiz ta ahal aundiko zerbait iduri izan. Ikus ditekena ta ezin ikusi ditekena, egia ta gezurra bi dituzu erabat.
Ageri danez, bular sendoa, arnasa ona, gerri biguna ta beso biziak zitun Zenon'ek, adimenaren lurrak oro txistean nai zirrian laiatzeko. Aren aoari maltzurkeria zerion eta aren mingaiñak zimarkuak apaintzen zitun. Uste ustebagean ateraldi zorrotzak adierazten ez baitzan aketza.
Iakintzaren landarea erroz-gora ta zain-itzuli ta aize-bolada gotorrak tutorretik atera zorian iarri zun Zenon'en eragitez. Ondamena sostean etorri zitzaieken gizonei ta nora bage lur-iota bat-batean lotu zitezken. Bearrik, iakite sendoaren su-txingarrak auspean zirauten, eta goriki aizatuko zitun Aristotel'ek ta geroago Akino'ko Toma gurenak. Elade'ko zenbait gizon birtxin, sakerre ta itz-ontziek giza-adimenaren osasun eta osotasuna lorrindu zezaketen. Oraindik, ordea, iakintza pizoialetan zegon. Geroago, garako emakumea egitean, orribiko eginda agertuko zaigu, baitik bat, Aristotel'en garaian.
Zenon'en garaian, ordea, giza-gogoari biurriki kuku-egiten dizkion benetako korapillo zaillak, edo, zimardika utsak, gazte azkar aren itzetan eze sortzen ziran. Aldi, alde ta gaiaren inguruan eraiki oi diran auziak ere gordin eta iori iaulkitzen zitun gazte lotsagabe ark.
Alabañan, magalpeko ikaslearen ekiñaldi arroak on aundia egin zion Parmenide'ren irakatsiari, zer-dana baizik ezpaitzun onartzen onek. Igikunik ez izanik, atiñez ikasi dezakeguna orobat ezabatua zun. Zer-danak margorik ez du, ezta tankerarik ere, ta aztatu eziña da. (To eon, what is, das Seiende, ce qui est, zer-dana).
Iñorengandik ikasia zun Parmenidek asmo au, naiz ta gero bere egin erabat. Xenopane'gandik, alegia, Iaungoiko aunitz iauresten zituten garai artako eladetarrek. Erritarrok bere esanetara erakarri nairik beuren gogoko ta antzeko iaungoikoak sorterazten zitutela esaten zien: iainko oiek gizakume utsak omen ziran, edo gizakume iduri ziran. Bere-onelaxe, zakurrek edo zaldiek zeruetara begira al izango ba'lute, bertan zakur baten edo zaldi baten irudia egotziko lukete. Iaungoikoa eztago emen edo or, Iaungoikoak ez du lenik edo oraiñik. Alde ta aldiaren mugak oro gainditu bear ditugu, baita gure oldozpen guzien mugak ere, Iaungoikoa azaltzeko. Bera ba-da alde ta aldi osoaren barna. Mugatua ta mugatu bagea, iduria ta izana, balizkakoa ta noraezekoa, aldikoa ta betikoa bi dira, izan ere. Arrezkero, alde ta aldiakin ezin diteke bat egin Iaungoikoa. Benetako izatea Berak soil-soillik du, ta Bera, non-nai ta noiz-nai da. Ba-dala badakigu, zer dan esatea baiño errezago da zer ez danik esatea. Bein zakur bat iotzen ari zan Pitagora-zale bateri auxe esan omen zion, aren lepotik parre egitearren: «Ez ezazu io, adiskide laztan baten gogoa da-ta».
Xenopane'ren ikasle izana zan Parmenide, Iesukitoren aurreko 540'garren urtean Elea'n iaioa zan. Elea'ko iakintzale-ikasguaren adierazle oberena bide duzu. Irakasle zurrian, Elea'ko irakatsiak oro batu ta tankeratu zizkizun eta bikainki egin ere. Adimenez, sakon ta zorrotz, ta, gogoz, zindo ta aitorseme izan zan: «Parmenide bezela izan da» esaten zan eladetarren artean, norbait goraaipatzeko. Parmenide'k bere aburuak iz-neurtuetan ondu zitun; ontan, aldiz aurrena dugu. Lenagokoek iz-lauz azaldu zituten beren asmoak, Anaximander'ek, Anaximena'k, Erakleito'k t.a. Parmenide'k ta Enpedokle'k idatzi zuten iz-neurtuetan.
Zabalerik zabalera gauzak ikusten ditugu ludian barrena: oro nahas mahas, alegia. Gauzok iakintzaleak lerro-lerro iarri nai lituke, nolabaiteko batasunean, batez beste. Mailla berdiñeko ez izan arren, dana eraz ikusi nai luke.
Arri gogorrean, eta bustin biguiñean antze oneko gizon esku-egokiak burutu zutena gogoan dute iakintzaleek. Inguruan zabaltzen dan ludia gure adimenak argituko ba'lu, agirian agertzen zaigun naspilla kirian-kirian erazturik ikusiko genuke. Ortarako, ordea, bear dan gaindegitik begira bear genuke.
Dakigunez, gaztetandik iakinai zeatza zenun Parmenide. Batasunaren zur ari zan. Ludi agerian diranak oro ukatu, izpitzatu ta ezeztaturik soil-soillik, batasun ori iritxi zitekelakoan zegon. Gure soin-gogoetan, izarretan, lur azalean edo barnean gertatzen diranak oro ezagunak ba'genitu, labur eta motz mugatuak izanik, bene-benetan zerdan bakarraren buruz-buru ta mokoz-moko ezagutuko genituke, non-nai, noiz-nai ta bat-bera izaki.
Zenon'en egiztabide zearrez ludian ageri diranak oro ezabatu eragin al izango ba'genitu, «bat bakarra» litzake, izan ere. Esan eta aipatu oi danik ez litzake, ezago «askarra», naiz ta esan ta ustez alderantziz izan, Elade'ko uri ta muiñorik ez lirake, ezta zu ta biok, ezta Parmenide bera ere.
Alako zerbait baietsi zun Parmenide'k Elea maiztererri berri, dirdaitsu, urduri ta zaratatsuan.
Parmenide'k berak ondu-neurtitz zailletan azaldu zitun bere asmoak. Olerki orren zenbait atal soillik eldu zaizkigu (Mullach I, 114 t.a.), Alexanderi'ko Kelmen'i eskerrak. Dirudinez, bi ataletan sailkatu zitun bere aburuak: a) egiarekikoak, aurrenean, ta b) ustearekikoak, bigarrenean iarriaz.
«Atozea, esateko dizkitzuedanak aditu ta ikasi itzazute: benetako ezaguerara doazen bi bideak zeintzu al dira? Bata zer-danarena, ba-da; ta ez-danarena, ez da. Ustearen bidea, egiaren bide atzetik doa. Bestea, berriz, ez-danarenik ez da. Ez-dana ezagutzerik ezin diteke, ortarako biderik ez izaki. Ez danik iñori azaltzerik ezin diteke; ber-beraxe baita oldoztea ta izatea, «to gar autó noein estin te kai einai». Eguna bioa ta gaua betor, non asi, araxe noake berriro». Parmenide'renak dira itz legor ta zaillok. Edea baiño zaillagoa zan aren idaztankera ta gelatsuko abarkak baiño igarragoa. Alare, iarrai dezaiogun beraren azterkizun gogorretan, aldapa gora.
Ageriko aldakuntzetan eta aldaketa-iduripean zerdana ezagutzen du gure adimenak. Biotatik bat da egia, ordea. Zer ori ba-da, ala ez da, besterik ez da. Ez danik ezin daiteke izan, ber-bera bait-da zerbait oldoztu ta zerbait ori izatea. Ez danik ezin baititeke buruan irauli. Zerdana onartu bear, beraz.
Zer dana, ordea, bakarra da. Zer-dana ba-da, dana beraz. Zer-dana ez-danak soillik banatu, bakandu ta ugaritu lezake; ez-danak, ordea, utsa izaki, ezer ere ez dezake banatu edo berezi. Aldakaitz da. Ez-dana utsa bait-da. Ez-danik ezin gertarazi diteke egundo. Aldakuntzok, berriz, auxe dakar noraezean: orain bertan ez dana gertarazten astea, arean. Betiko da, edo sortarazi bagea, alegia. Zer-dana ezin baitezake sortarazi ez-danak, utsak utsa baitakar. Areago oraindik: zer-dana ezin lezake sorterazi danak, dana bait-da. Danak ez du asierarik, ez azkenik, beraz. Egia da: berberaxe bait da zerbait oldoztu ta zerbait izatea: dana oldoztu diteke; oldozten dana, beraz ba-da. On-bera. Zer-danak bere bait-du dana. Gaikiz aisfera biribil, sendo ta asken bagea da: Aren erdi-tokia non-nai legoke, aren lerrobillik iñon ere ez.
Orixe duzu lurbira zabala: bakarra, betikoa, aldakaitza: bakarra ta dana batera. Bertan ez da sortzerik, ez ausiabartzik, ezta igikunik ere. Gauzen kopuru aundia ikusi dakusgu, eta aldaketan gaiñera. Zer guztiok zertu, sortu, azi, ta iltzen ikusten ditugu. Ba-diralazkoa ta ezdiralazkoa somatzen dugu. Aldakuntzok, ordea, gizakume ilkorren iduri uts, edo amets zoro edo lillura besterik ez dira. Gor, itsu, zur eta arrituen erokeriak dira. Dana dala, amets zoro oriek badute onturre, erri xea ametsok baitarabilte.
Iaungoikorik ez du aipatzen Parmenide'k: alabañan, aren esana benetako Iaungoikoari zuzen eta bidez egotzi dezaiokegu: «ez da izan, ez da izango, orain dana beingoan bait-da». Non du okerrik audiena, ordea? Bururakizuna zer-dan egiten dizu, ortxe du okerra.
Arrezkero, amaikatxo alegin ta lerren egin ditu giza-adimenak dana bat eta bakarra gertarazteko. Nork bere burua urkatu bear ba'lu ere, egingo luteke, bat eta bakarra gertarazteko. Adibidez, indutarren amets zoroak auxe opa zuten eladetarrek baiño lenago ere. Geroago kistarren asmotara ere, Kisto'ren Antz-bideak bat orren billa diardu: «Guziak bat iñori ba'zazkio, bategana guziak ba'dakarzki, ta bategan guziak ba'dakuzki, orixe biotz-egorrik ta lainkoagan narerik bai-dagoke. Egia zeran Iainko orrek, betiko maitasarrez zurekin bat nagizu» (Kisto'ren Antzbidea, 10'gn. or. Olabide'ren itzulpenean).
Kistarrengandik alde ere ala iardun izan dute, adibidez, Spinoza'k: onen irakatsietara, naturaren altzo utsean murgilerazi bear du nork bere burua, bere biziko azkena ta xedea iristeko. Descartes, Malebranche, Leibniz, Berkeley iakintzaleek ere orren billa ari ziran «gauza guziak Iaungoikoagan ikustea» opa zutenean.
Gatozen Platon'en asmoetara. Parmenide'ren aburuak eziñak ziran. Platon, ordea, neurritsuago duzu geien bat. Zer egin al zun bere Platon'ek, Parmenide'gandik ietsi ta iesanda? Bi aburu onegandik artu zitun, nonbait. Zer-dana ta iduri duna mokoz-moko daude, baita iakitea ta ustea ere buruz-buru daude. Imakikan daudenok adierazteko argi ta illunaren irudipean azaltzea Parmenide'gandik datorkio.
«Ederki, ba, (Sokarte'ri esan-erazten dio «Politeia»ren boskarren idaztian) iakitearen kizuna zer-dana ba'da, ustearena, zer-danaz besterik ote da?
«Bai, besterik da,
«Beste zer ori ez-dana ote? Edota, ez-dana ustearen kizun izatea ezinkizun ote? Irauli dezagun buruan: uste bat dunak, ez ote du zerbaitetzaz? Ala, zerbaiti buruz ez dan usterik izan ote diteke?
«Eziña!
«Beraz, uste bat dunak, zerbaitetzaz al du?
«Baiki.
«Ez-dana, ordea, ezer ez da, zeatz esateko, utsa da.
«Bai, noski.
«Beraz, ez-danaren buruz da noraezean ez-iakitea ta zer-danaren buruz iakitea.
«Bene-benetan.
«Ustearen kizuna, beraz, ez da zer-dana, ezta ezdana ere.
«Ez, ain zuzen ere.
«Ustea ezin liteke izan, bada, ez-iakitea, ezta iakitea ere.
«Antza ez.
«Beraz, oietatik alde ote dago? Ta iakitea baiño argiagoa ote, edo ez-iakitea baiño argiagoa?
«Anitz ta agitz geiago, erantzun zun.
«Bion tarteko ote da?
«Baiki.
«Bata ta bestearen tarteko zerbait al da ustea, beraz?
«Ala da, nonbait.
«Zerbait ba-dana ta ez-dana bat batera arkitu ezkero, ordea, zer ori zer-dan utsaren eta erabat ez-danaren tarteko litzakela, alde-aurrez ez al dugu esan, ala? Ta iakitearen ezta ez-iakitearen ere kizun ezin izango litzakela, ez-iakitearen ta iakitearen tarteko agertuko litzaken almena baizik?
«Izpidez esan zenun erabat.
«Ederki, ba; tarteko almen ori ustea deritzaguna dala ikusia dugu, orrezkero.
«Bai, noski.
«Dirudinez, zer-danaren ta ez-danaren kide dan hura arkitzea soillik peit zaigu, ta zeatz ta meatz itz egiñik, ezpaita zer-dana ezta ez-dan utsa ere. Arkituko ba'genu, ustearen kizuntzat iritziko genuke zuzen ta bidez, ta ertz azkenak almen azkengoentzat eta tartekoak almen tartekoarentzat iarriko genituke. Ez al dugu iardun bear onelatsu?
«Baiki.
«Ori ezarrita gero, itz egin beza, erantzun bekit sakerre bikain orrek, Ederra beragan dunik ezpaitu sinisten, ezta ederrarekiko idearik ere, beti beraren gan diraunik, gauza ederren samalda besterik ezpaitu onesten ikuskizunzale orrek, ederra bat bakarra, zuzena bat bakarra dala ta orobat beste tasunetan esaterik ezin bait-du iasan. Erantzuidazu, ots, adiskide on orrek, gauza eder oien artean ba al da bat, alde itsusirik ez dunik, eta gauza zuzen artean, ba al da bat alde okerrik ez dunik, ta gauza guren artean, ba al da bat, alde gaiztorik ez dunik? Ta onela bestelakoetan.
«Ez, erantzun zun, noraezean gauzok itsusi dirudite beste bati buruz, ta berdin gerta oi da esan dituzun besteotan.
«Ta kopuru bikoitzak, bat eta bikoitz bezela onartu al ditezke?
«Ez.
«Ta gauza andi edo txikiak, arin edo astunak, alderantziko izenak baiño areago izen oiek irabazi al ditute?
«Iñola ere ez, esan zun, bat bederak biak batera izango bailituke beti.
«Ta gauza kopurutsuetako bakoitza ez dana ote, zer-dana omen dan baiño areago?
«Bazkarietan tartetzen diran elkar-izketa zimardikak dirudite oiek, edo xaguxarra ioten dun irenaren aur-igarkizuna, igarri ezazu zertaz edo nun io dun galdetzen dute nean: Gauzok bitara artu bai-ditezke, ta ezin ditezke asmatu egi-egiaz, izanik ezta ez-izanik ere, ezta bi biok batera bai-liraken ere, ezta ez bata ez bestea ez izanik ere.
«Ba al dakizu, erantzun nion, zer egin gauza oietaz ta zer-danaren ta utsaren arteko baiño obeki non ezarri? Utsa baiño illunagoak ez izaki, utsa baiño areagotzat ezin ditugu adierazi, zer-dana baiño argiago ez izaki, zer-dana baiño areago diranik ezin baitugu adierazi.
«Ote dan ba, esan zun.
«Auxe aurkitu dugu, bada, nere kasa: ederrarekiko ta beste antzeko tasunei buruz gizosteak dituten mota askotako ideak erabat zer-danaren ta utsaren arteko unean dabiltzatela, nolabait esateko.
«Ala da.
«Alde aurrez, ordea, ontan bat-etorri gera, ots, alako zerbait arkituko ba'zenu, ustearen kizuna litzakella, ta iñola ere ez, iakitearena; bi ertzen artean igerika diarduten gauzak atzematen ditun tarteko almena hura bait-da.
Atal urduri ta zoragarri ontan Platon'en aburu kutunenak labur-zur arki ditzakezu. Parmenide'ren eragitez auxe uste zun Platon'ek, baiña, ederragotuz. Zer-dan bakarra Bat da, arean; Askarra zeatz ta meatz esateko, ez da, izan ere, naiz ta noiz-nai ta non-nai gure begiek, belarriek, idurimenak besterik uste izan. Egiaz dana, bat da, baiña, bere baitan atal asko edo ditu; ain zuzen ere, Platon'en aburuz, benetako zer-dana erabateko bata ideatan lakaintzen da, ta banaka banaka geroago ta argiago, urte luzeak zear autematen ditugu, laztanez aztertuz. Bata bestearen atzetik agertzen zaigu Parmenide'ren ol erantzian (tabula rasa).
Platon'ek, bere asmoen arauz, bataren argi motel eta zuria obetsi arren, ludia ez du eritziko margul, ezpaita itsua. Bizi, ñabar, ximen ta izpildun agertuko digu: Parmenide'k, ordea, ikusi-eziña obeki ikusteko begiak ertsi nai zitun. Platon'ek berriz, zirrikitu bereziak zear ludia ikusi nai izan du.
«Orain, berriz, (Politeia'ren VII'gn. idaztian dionez) gure gizatasuna, gizabideak argitu izan ala ez, irudi onen arauz iduri ezazu: arpe antzeko lurpeko tegi batean zenbait gizon iduri itzazu; argiari irikitako ataria, aurrekalde luze osoan zabaltzen da. Aurtzaroz gero, an dira, aztal-lepoak uzkalduta, tokiz ezin aldatuz, ta aurrekoa besterik ezin ikusiz, buruari atzera eragitea kateak eragozten baitie. Atzekaldean, ta zertxobait gorago su irazekiak diz-diz dagi; su ta atxilotuen tartean goi aldera bide bat doa; bidearen barrena arresi txiki bat iduri ezazu, txerpolari itz-iarioek euren ta ikusleen bitarteko eraikitzen dituten olen antzera ta oien gaindik beuren izukariak ikusi uzten ditute.
«Ori guzi ori ba-dakust, ark esan zun.
«Arresi txiki ori barna, edotariko lanabasak daramazkiten gizon batzuk iduri itzatzu, arresitik zerbait gorago; giza-irudiak ta arrizko abereak, zurezkoak, tankera guzietara, ta bere izanez, batzuk izketan ari dira, bestetzuk txintik ez dute ateratzen.
«Orra esan zun, iduri bakan bat, ta zenbait atxilotu bakan.
«Oiek gure antzeko dituzu, iardetsi zun.
Orra Platon ta Parmenide nere begietan alkar iota.
Iardunaldi au bukatzerakoan, gure erriko atso zarrak bezala esan nai dizut:
Esanak esan barkatu,
Ate ondoan sakatu.
ERABILLI-IDAZTIAK
Burnet, «Early Greek Philosophy», 1948 London.
Schwegfer, Filosofía Griega, Buenos Aires 1945.
Walter Pater, Platon y el Platonismo, Buenos Aires 1946.
Dominguez, Historia de la Filosofía, Santander 1949.
Klimke, Historia de la Filosofia, Buenos Aires 1947.
Gomperz, Pensadores Griegos, Buenos Aires 1951.
Mullach, Fragmenta Philosophorum Graecorum.
|