Epailla-Iorraila. 3-4'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Epailla-Iorraila. 3-4'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Antze ta eder

(Iarraipena) (*)

 

Ormaetxea'tar Nikola

 

BEGIZTALDIA (Begiratu soila)

 

Izadiari begira gure kemen guziek ari duten jarduna, soin-jardunaren antzera jo dezakegu. Soin-jardunaren eredua au da: loadar guziak berdin edo beren lanaren ariora joka ditezela, ta batera joka ditezela. Ez uste izan, begiztaldi utsean gaudela, gaiñerako kemenak geldi dauzkagula; orduan ari dira askotan beroenik eta jatorrenik. Bildur litzake, alegia, loadarrak bakoitza bere aldera ta bakarka jokatuko ba lira, ez dagokien eran azitzea, ta gorputzari egokitasuna kentzea. Orobat gure animaren kemenak banaka ari baitugu, errezenera joera aundia baitugu, artara griñatuko gera geiegi; zailena, ostera, azkenlekura bialduko dugu, bearrago izanik ere. Ikus idurimenarekin gertatzen zaiguna. Adimena bera ere, gauzetan elkartasunak eta arr-emanak errez arkitzen ba ditu, okertu diteke, ain eta buruzirietara ere griñatu baititeke. Izadiari begiratzean gure begiztaldi orren eredua au bedi: ezarian jardutea. Edo Leon'ek esaten diguna, «gure kemenak burubidean jartzea, bakoitzari bere alkia ta tokia utziz». Olako begiztaldia egiten zion, naski, izadiari, gizon onek. Anima asetzen zitzaion eta bere buruz gain igotzen, «bere diñako gogoeta goitarrak sortuz». Ordukoak eta oiek dira paperera aldatu bear diranak.

        Izadiaren eragiña askotan sumagaitza dugu ta guri guria, geienez Ispiritu Santuarena bezala; alare guziz bizkorra ta oso betea. Ez uste alako latz-ikara ta sumiñaldi ta zoraldien bearrik dagonik, askotan goi-argi ta goi-bero exkaxagoa baitute. Gertatzen ere da, antze-lana egin zunak, ez argialdian ez egiñera ateratzekoan, olako dardararik senti ez izatea, ta alare irakurtzen entzuten edo so egiten ari danak bai. Onek arek baño argialdi obea izan al du? Ez iñolaz ere; bai bestera. Askotan, zirrara bizkor oiek osasun txarrari edo berezko aulagoari egotzi bear zaizkio. Gure alegiñak izadiaren eragiñari dagokiona egin bear du: ezarian begiratu, eragin ori okertu bage ta aterrarazi bage.

        Adieraz dezagun au mistikuen erakuskizun batez. Ezarian begiratze ori ez da alperr-egona; askotan jardun bizkorragokoa. Garbi dio Santa Teresak «ez arrazoiketara jotzeko; erne egoteko, ordea, Jauna animagan zer ari dan». Au adierazi izan nai dut lentxeago, izadiari nola begiratu ari nintzala: ez bedi arrazoiketa; begiratu soil gozo orren eragina okertu ta galarazi bailezake guregan; begiratua izan ditela, ez arrazoiketa, ez ta alperregona ere. Au bai gure animaren azibiderako bide ederra antze-gai optan. Ola jokatzen ez geralako egiten ditugu ainbeste lan ta makets.

 

 

BATASUNA

 

        Itzuli gaitean berriro arako izar-talde artara, «guziak anaitasunean eta elkarri begira bezala, ta batak besteari argia bialduz, aundi ta txiki, maite-zantzuan ari dira begirapenez, ala esan, eta guziak batera beren argi-izpiak eta indarrak neurriratzen ditute batasun pakezkoan ipiñirik, ezin esan-alako batasun bizkorrean, indar ta zati ta aurpegi bana izanik ere». Au du izkutua Salinas'i musikaz egin zion Oda arek; aren animagan ageri baitira «griña nasiak ezarian ezarian atsedenez; isiltzen ta umiltzen baitira, nagusiena ta animagan jabe dana, arrazoia, bere eskubidea ta indarra artzera igo dedin, eta ikuskari eder onekin biotz arturik, bere diñako gogoeta goitarrak sortu ditzan, eta nolabait bere lenengo jatorriz oroi dedin».

                Torna a cobrar el tino

                y memoria perdida

                de su origen primera, esclarecida.

esaten baitu, Platon-kutsu apur batekin.

        Eta azkenik, lurkoi ta itsusi dan oro, bere lekuan ipiñiz zapaldu dezan. Ontatik sortzen da gogoetaren batasuna, ta naigale lañotsu bat, ondo ezarria alare, ederr aztiaren barnean. Au da lirikaren neurria ta igurtzia, batez ere, zati bakoitza ta banakoa ari baten biltzen dituna; zeaztasunik bein beingoenera ere barreiatzen dan igurtzi leguna.

        Gure animaren goialde ontako naigale au bage, gaiñerako antze-kemenak zuzendu, menderatu ta erakarri egiten ditun naigale au bage, Oda gauza puskakia litzake, orain gerta oi dan bezala. Poesi legun onen izatea, batez ere Jaungoikozkoa balin ba da, gogo dan arenganako naigale aterbagea da. Ta bidean saiestu-iduri egiten ba da ere, zeaztasunetan, iduribideetan eta beste zenbait apaingarritan, ez ditu begiak bere mugatik okertzen, eta gogoeta tinko dauka «adimenak sortzen dunik gaineneko artan, obekienik dagokion artan». Bein esan, apaingarriak oro beste ainbeste maila besterik ez dira, adimena aietan arrimatuz «bere erregin-alkian eseri dedin». Ontatik sortzen ere da kemen guzien berdin-joa esaten zaiona, bakoitza bere burubidean ipiñiz, «ta ezarian mendera ta batera jarriz, «erregin dutenari mirabezkoa egiten baitiote, dagokien eskubidea besterik artu bage, asaldatu bage. Ola erakusten du izadiak, antzelariak ikasi nai ba du. Ez du eragotzi bear ezariango lan ori, izadi jakintsuak legunkiro ezartzen dion naigale ori. Zer indar izkutu ta jator ote du gure animak bere joerari jarraituz, zirikatu ta indarbeartu bage? Ba doa bat mendera argialdi bila, esana dan bezala, ta animak bakartasunean eskatzen dionari leku eman bage, zer-ikusi ta zer-atzeman asten da, ustez idurimen argiz ta margoz aberastuko dulakoan. Giza gaisoa?         Lenengo zer-nolak iduribide, errañu ta abar arkitzean, bear ta bear eratu naiko du antze-lan bat. Bigarren lege au ez betetzeaz gertatzen da gaurko ta betiko ikaskizun ta azibide oker au. Ez dio bere lanari berorik eta biribiltasun aundirik ezarriko. Zer zoraldiren edo ederraztiren aztarren agertuko da burubiderik bageko puskaki oietan, batasunaren bizirik bage, idurimena adimenaz gain jarri-nai orain? Damurik egin dugu amaika olako. Korapilorik ez duten puskakiak? Antze-lan on guzizkoak argatik ditugu ain bakan, beste errietan ere.

        Ez da antzelari bikaiñagoa gauza asko aztarrenatzen dituna; gutxi bederen barrendik suma dituna baño. Ez da Jainkozalego ere gogoeta ugariago dituna, gutxiago rekin aski duna baño. Antze-bizieran, Jainko-bizieran bezala, egi gertatzen da arako S. Iñazioren ua: «asko jakiñak ez du asetzen anima: gauzak barrendik sumatzeak eta dastatzeak baño».

        Irakurrazu erabat, geldiro, «Pakearen Lenenburu» deritzaion jardun aren sarrera, ta an gertatuko zaizu labur nik luze esan dizudana. Oek ditu oñarri: izadiaren ukitu leguna, ezarin ezarian; orri dagokion begiztaldi maitetsua, ez espatsua; ortik sortuko da, ain ederki Leon'ek adierazten digun batasun eta bateratasun ori».

        Ezin-utzia baita, «Artzai» izeneko jardun aren sarrera ere, eman nai nizuke emen:

        «Artzaiek atsedena baitute mendi-bizieran, azi-orrazirik bage, ta an ez baitute saiestu ditzaken gauzar-ik, maitasun bizia ta sarkorra dute. Artako laguntzen die, beti begiak mendi zabalean zeru-lurreri ta sorkaieri begira idukiltzeak, au baita maitasun aren errañu garbi ta egiazkoa, edo obeki esan, ikaslekua. Beren artean adiskide agertzen baititu, ta burubidez, ta elkarr laztandurik, ala esan, bateratasun arrigarrian. Eta batzuk besteen baitara sartuz ta elkarrekin batuz ta artu-emanez elkartze ta arreman orren bidez argitara oi ditute aizea ta lurra edertzen dituten gauzak». Ez al daukazu gogoan lentxeago biurtu dudan zati ua, alegia, «izar-taldeak lerroan, elkarri erantzunaz ta indar emanez, maite-zantzuan ari dirala"? Labur esan: pakea, atsedena, burubidea, batera-joa erakusten digu izadi-eskola onek, eta baita ontaz ongi baliatu diran antzelariak.

        Beste araurik ozta bear litzake iru ok ongi bete ezkero: ortatik letorke kemen guzien azibide bikaiña ta berdin-jo ta batera-jo ori. Iduripenaren dirdaiak zirikatzenago du gaztedia, baña adimenaren menpeko da ori beti, ta bere lekuan egon bear du, ari erregin-lekua ostu bage. Izadiarenganako begiztaldi ori dugu Estetikarik bikaiñena gaur, biar, beti. Orren ukiturik eta argialdirik oarkiro sumatzen ez ba dugu ere, egingo du bere lana gutxienik ustean, eta oso bestetara gaudela etorriko zaigu zenbait aldiz. Urteen buruan ere gertatzen da ori: olako indar izkutua baitu gure animak. Mendira goazenean, goazen bakarrik, eta begiak eta idurimena an emenka jauzika ibili nai ba dute, ezarian egoten asmatzen ez dutela, aldi batean begiak isteak ere lagundu dezake, batez ere aize-otsik, ibai-otsik, itsaso-otsik entzun ba ledi.

        Erdi-sor edo erdi-aztu orri zor zaizkio antze-lanik oberenak. Antze-lanak ortan egiten omen dirala esan izan oi da. Noiz ta nola. Erdi-sor edo erdi-aztu egote ori, antze-lanaren aurreko argialdian bai, bear du, ta ortatik dario eder-lanari bere guritasuna; egitekoan, ordea, adimenaren eragiña ta beste kemen guziena ere bear da, batez ere adimenarena. Bertso-gitea balin ba da, baita belarriena ere.

 

 

IRAKURTZEA

 

        Aurreneko ikaslekua, aurreneko maisua izadia da; baña eder-lanak ikusiz, entzunez, irakurriz, antzerako asko ikasi dezake artarako danak. Irakurtzeaz Kintilian'en onua artu gogoan: «Optimus quisque legendus»; oberenak irakur bitez. Aurrena asti astiro irakurri eder-lan osoa; urrena, zatika aztertu, burubidea ikusi, adimen-idurimenak nola jokatzen diran ikertu; lanak batasunik eta borobiltasunik ba dun begieman. Ongi aztertu ondoan, berriro erabat irakurri aspertu arte, ta egin digun ukitua, zirrara astiro auznartu. Gauzak berak, ona ba da, ortara eragingo digu.

        Ele-ederraz esaten dana, orobat esana bedi gainerako antze-lanetaz. Margo-antze ederrak, mukulu-antze bikaiñak, musika garaia... ikusiz ta entzunez, antze-suma eder-suma, ederr-agoa, landu egiten da.

 

(*) Ikus; «Euzko-Gogoa», 1952'gko. zenbakiak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.