Orrilla-Lotazilla. 5-12'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Orrilla-Lotazilla. 5-12'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Olerti—

 

Bizi nai

 

A. Salbatore Mitxelena

 

(Lenengo saria)

 

Irugarren aldia

 

Post tenebras spero lucem (Yob. 17, 12)

 

Ataurreko

 

Obe izango zan, bearbada, poemaren III zati au I ta II'kin argitara izan ba'litz. Yendearen gogoko izango zan, eta lozorroaren ernarazgarri. Zer esanik ez, berriz, poemaren oro-tankerak asko irabaziko zula gain-soiñeko onekin.

        Artarako, banun gobernuaren edo gobernutar baten baimena. Baiña, damurik, ez nintzan ausartu. Gaia arriskatua zalakoz, esamesak eta agian salatak ere sortu zitezkela-ta, ez zitzaidan zuzen iduritu baimen-mesedea egin zidanaren agintea ta uste ona kolokaraztea.

        1949 ezkero («Arantzazu» argitara zan ezkero, alegia) yendearen suminkortasuna apur bat baretzen doala ematen du, ta salatari-arriskua zertxobait urritzen, setakeriari artu diogun nazkari eskerrak. Ala uste dugu, edo uste nai beintzat. Arrezkero, sortu dira euskal giro nabarmeneko beste libururik. Oientzat ortan ez da muziñik izan, zorionez. ¡Ez al da izango BIZI NAI onentzat ere?, irrikaz galdetzen nun nik, itxaropenari leioak zabalduz.

        Bestalde, berriz, zenbait adixkidek ez ninduten pakean uzten. Amar-amabin bat kopia atereak ba omen dituzte, nere ezyakiñean. Tai gabe eskatzen zidaten Ibar'ek bein idatzia: «nik esan bear ba'nu, e'tzenduke luzaroago izkutuan eduki bear, poemaren saillik deigarrien dezun orixe». Berebat, Prantzitik ibilli naizeneko udara ontan berotu didate kaskarra, lengoz gaiñera.

        Orrenbeste igurtzi ta loxintxekin, azkenean, abio artu dut eta, bildur-zalantzak astinduz, emen natorkizu plazara... ¿Zezen ala toriatzaille? Nik al dakit, geroak esango. Nere gogorako, orratio, ez bat eta ez beste. BIZI NAIk, gutxienik orixe gogo dizu. Zezenketa. Ta geienik orixe bildur: adarra yoko ote dioten.

        Sinistuko al didate, susmo txarrez nondik arrapatuko letozkidaken eta beti izaten diran irakurle aiek ere. Nik ez dut eman iñortxori miñik eman nai izan. Orregatik karlistetako gerratean tinkatu da BIZI NAI, ia geiago luza gabe gure egunetara, gaurko sentipen larrienak antxe asabenakin kokatuz. Bitara yarriak datozen gaurko euskal partiduen batasuna bidegurutze artantxe bakarrik topa eta kanta bait-diteke. Arabera, egiñala guzian saiatu naiz iñor ez minberatzera, arloa txirristagarria izanagatik.

        Dasagun: egon diteke emen ikuspegi okerra. Egon diteke maitasun geiegiaren lillura, atsekabe aundiegiaren itxumena; edo, baita, zirritu bakarretik dakusanaren ertsikeria. Baiño ez, arren, iñorenganako iguin, iruzur edo beste orrelako txarkeririk. Nolanaire beintzat, barkakizun ditezela, maitasun geiegiak lekartzen ajeok.

        Euskaldun ilzoriok gure gauzei ta pertsonei zor diegun onginaia ta laguntza, ori baitipat erabilli ta auspotu bear dula derizkiot gaurko literaturak, politika oroz gaiñetik, euskaltasunari eutsi nai ba'dio. Batasuna billa ta ez alderdikeria; alde bat eta besteko utsegiteen barkapena erein eta ez kontrako etsaikerien zabalkunde zalapartatsua. Bi aldetarako partiduak daukagu ortan zer ikasi, ta zer damutu. Adibidez, zenbait abertzale ez gaitezela billakatu aberri-ausle, arrazaren izanari alderdiaren izena obetsiz edo lenetsiz. Ein ontan ere, egia bait-dugu arako ura: quod caesaris, caesari; quod dei, deo. Euskalerri lenago, barruko edozein alderdi baiño.

        Iltzen dagon amari laguntzeko ordua, seme aserratuak adiskidetu bear dute ta beren arteko liskarrak aztu. Iñoren utsegiñak gogoratzekotan, norgereak aitor. Gero, dana galdutakoan, errezena bait-litzake Pilato'rena: eskuak garbitu ta auzoari kulpa.

        Besteak beste, neri Isaias'ena eskatzen zidan barruak: gurutzera eraman duten Baten eriotza aldarrika. Eta Yeremias'ena: intziri-mintziri illeta yo, pesimistegi naizela dasatenei entzungor.

        Pesimistegi! Ta ez dizut ukatuko arrazoi-erdi, adiskide. Neu ere irrikitzen nago, irrikitzen, beste zerbait alaigarriago egunen batean antolatzeko. Alare, nik zuri ta zuk neri, arrazoia erdibanatzea duguke zuzenena.

        Tori lenbizi zuretzat. Neroni ere tristura galanta ematen bait-dit, poemak onen larri buka bearrak, noiz eta orain, Arantzazu eliza-berriz yazten ari zaiguneko ontan. Oraintxe aurki izango dugu Arantzazun, Y.1., iñoizko basilika ederrena, lenago erroiztutako txikiaren lekuan eta ordez. Eta praille kantauriarrok ez dugu nekerik barkatuko, alegin guzian saiatzen ari gera, orain arteko elizatxoaren arnasa ta euskaltasuna berri onek ere oiñordetu ta luza dezan itxaso ta legor, izate ta erti, erliyio ta yakite.

        Sorterriatzaz ere tori nai duzun aiña arrazoi, ta bat. Urtetik urtera kaleak edertzenago, biztanleak ugaritzenago, bizikera yasotzenago, fabrika-olak lan geiago, kirolketan nagusiago, kanpotarrengandik txalo areago....

        Baiño, ez uka... erdera ere yabetzenago. Bat bezela bestea. «Amaya da asiera», dasaigu Billoslada'k VIII garren mendetzaz; giño ontan, gaurregun alderantzira bildurretsi bearra genduke: «asiera da amaya». Euskoterriaren asiera, Euskalerri zarraren amaia; Arantzazun ere basilika berriaren asiera guk ezaguturiko elizatxoaren amaia izan dan legetxe. Datorrenari, ongietorri; baiño diyoanaren azken-agur orrek ez dit batere pozik ematen. Are poz gutxiago, berriz, lur-ematerakoan zenbaitzuk egotsi nai dizkioten birauek eta dongetsiek: ots, erdaldundu izan geran neurrian «zibilizatu» izan gerala, alegia, euskera bai-litzan yakiterako oztopo.

        Ondo poliki azaldu zidan bein gure Iratzeder mistikoak: «zeruan, zeruan erdietsiren dugu elkargo ederrenean gure Eskualherri». Esan zunaren ezpaiñetan, bai zoragarri ateraldia! Baiño arkeradunon oronaiak, baezpadan..., aita-gure'koa amets eta gogo: «zeruan bezela lurrean ere».

        Milla bider lasaigo biziko giñan. Ez giñan ain aguro gaztezartuko; erriz-erri gabiltzala euskeraren atzerapenak aztertzean, ez genun naigabea naigabearen gain pillatuko; baldin, biotzari beingoan tiro bat emanda, euzkaltzaletasun ori utzi izan ba'gendu, zenbaitzuk, euskaltzale izenekoen artean bertan ere, egin duten bezela: mingaiñez goraipa ta praktikan ostikoka uxatu, alik eta urrutien. Zeuk topa ditzazkezu, irakurle maite, amaikatxo guraso, oso euskaltzale arrandiz eta arpegiz aurrei irakasteko lain ardura artu nai izan ez dutenak.

        Ta gero, oietxek etorriko zaizkizu esanaz, pesimistegi zerala, beren aspaldiko axolakabeak iltzat emana iltzen dagola izuz diozulako. Bai bizkorrak azalzuriok. Gu gizajo gu, sentipena ezin itoz oraindik biotzarekin pentsatzen dugun Kijote ez bestelakuok. Biotza igo zaigu nunbait burura; argatik gauzkate erotzat.

        Azalkerian, itxurakerian, itxurakeri ortan, yo bear dugu gure nai ta ezin'aren etsairik txarrena, ta gaurko gizadiaren minbizi zabalena. Itxura gorde ezkero, gaiñerakoak ez bide-du balio eztul bat. Ederrik ederrena dedilla ataria, naiz sukaldean eltzeak oliorik ez. Zurigorria dezala sagarrak azala, naiz barrutik arrak yana egon. Yakintsuarena egin, naiz ez izan, Zintzoarena egin, españi-zale edo euskaltzale'arena egin, naiz kontrako senti. Ori da buruz yokatzea. Ori, gaurko mandamentu bakarra. Itxura, itxura. Ez dago itxura bezelako mutillik, ez bestalako garaipide edo «éxito»rik, ez politikan, ez ertiketan, ez erligioan. Ta, «amen-yesus» darantzu mundu guziak bere kolkorako. Ume gorriek, begi bat iriki orduko, ikasia dute filosofi orren protxua ta bost. Ta zuk ezetz diozula, irakurle? Erruki dizut. Aurki ipiñiko zaituzte zu ere «asto txuri baten gaiñean», gurekin bat geiago Santa Ageda'rako.

        Nere baitako Santagedan, orratio, ez da berealakoan «amen-yesus» ori errezatuko. Euskerak kilo gutxi irabaziko dula nago izun-arau ortako errebero-aparrarekin, urrezko katilluan edanagatik.

        Gagozkion zintasunari. Zintasuna euskaltzalean. Zintasuna ertigintzan ere. Gatozen, bada, orain ertigintzara. Zintasunik-eza pekatu aundixkoa bait-dugu arlo ontan ere.

        Zenbait estetika-liburuk dasaigute, gaurko ertigintzaren krisi ezaguna (musikan, margozketan, irudigintzan, elertian, zernaitan) teknika geiegiagatik dala, teknika geiegiak gotargia presatzen eta itotzen dulako dala. (Ez teknika ta ez eze gabeko zenbait erti-izeneko berrikeri aztu ezkero), egi derizkiot baiña ez zuen esana. Ez dago teknika geiegirik, bere yomugatik okertzen ez ba'da. Yomuga edo eginkizun ori betetzeko, ordea, leio-kristalaren gardena bear du teknikak naiz estiloak: eziñikusiago ta ordun obe. Etxebarrutik kanpora begira gaudenean, tarteko daukagun leio-kristala badanik ere konturatzen ez ba'gera, ordun da leiarra bere eginkizunean yatorrena, oberena, miragarriena. Orrela bear du ertigintzak. Orrela santutasunak. Orrela benetako politikak ere, Sorterriaganako maitazarrean ziña izan nai ba'du. Ezin ikusiago ta obe.

        Ez esan, bada, gure yendeak teknika zaillik ez dula nai euskal-liburuetan. Zailla ez-ezik zaillena, teknika gorena, eskatzen digu idazlarioi: norgere burua zearo izkutatzeraiñokoa; ezeren lausorik, trabarik eta aldapagorarik gabe, gotargiari (ta irakurleari) bidea errezten ta argitzen diona. Ar zagun lege: ez nekeak eman irakurleari, baizik norberetzat artu idazle bakoitzak, ariketa geiegirik ez dun ori lortu arte, lanaren lanez eta abildadez.

        Gure artean oraindio askotxo dira, artikulu, bat, aisa ulertzen dutenean, arintzat, illauntzat yotzen dutenak; eta ulertu ez ba'dute, edo beintzat nekearen nekez zerbait ulertzera iritxi ba'dira, ordun ua sakon, ordun ikaragarri, egundoko! Orrela pentsatzen dutenek, berak bai al dakite gaixuok, noraiñoko kaltegarri zaizkigun. Bi gauza bait-dira, oso bi, illuntasuna ta sakona. Oso bi, klarua ta ariña. Milla bider errezago bait-da illunki idaztea, zoli ta gardenkiro baiño. Oiartzun-sagardoaren dirdai-barbarra zolia lausotzeko aski dugu edontzi edo baso zoldatsua ez garbitzea. Edota, edontzi zikiña zikin eskeintzea ote dugu, ba, ain zuzen, ertigintzaren meritu gorena?

        Gorendu bai, ari dugunez gorendu ta yaso ta aberastu dezagula gure idazketa gaurko ertikera berriaren moldera ta maillara. Baiña ez dezagula galdu. Bilintx baten biotz-ixuri aratza. Otaño'ren unkigarrizko zer ura, bertsolarien berezko etorria ta gatza, larpurtarren edersena ta eufoni dalako ori. Arrese-Beitia'ren arnasa ta galda, ta, gaiñera, gaiaren «piper» pixka edo deigarria. Bestela gure erria lengo maixu erdi-maillako oekin geldituko zaigu aurrerapenik edo obemiñik gabe; edota, au makurrago, idazlarion buru-yimnasi biurri nabarmenari igesika, erdal liburuetara yoango zaigu, badoakigunez, ejito'tarren tipula billa... Petierunt panem et non erat qui frangeret eis. Aitor zagun norgere errua, besteenak besteentzat utziz; eta auznar, Bidasoz onuntzakuok beintzat, Aleixandre'ren irakatsi ua, euskaldunontzat ezin obeto datorren akarra ta golkua: «erriarentzat idazten ez dun idazlea suizida bat da».

        Ta aski dut onezkero. Estetika-gaiok, eta estetika uts ez diranok, «Au ta ura» liburuan sakontxoago zedarritu ta erabilliko dizkizut patxara zabalagoz. Liburuxka onen neurri txikiari ez dagokio itzaurre luzerik eta bai, onako agoni-deadar etengarriari zintasunezko mindura, mindura ixil eta egikorra.

        Ez nintzaizun ausartuko, irakurle anai, geure arteko akatsok aitatzera, premizko iruditu ez ba'litzaida. Neu bait-naiz kulpadun, beste edozein ainaxe. Ezin txuritu dut neuk nere burua, batzuentzat errikoiegi ba'naiz besteentzat gorenegi omen nabil-eta. Bi oartxo eman nai nizkizun itzaurreon, soillik: zergatik berandu ta zergatik ain negarti datorkizun BIZI NAI, alegia, ta luma igesi yun zait esitik kanpo. Ta bi oartxo okin, arren bat ere bai irarri nai nun. Irarria dut baezpadan: ots, ez dezala iñork artu edo salatu alde okerrenetik onako euskaltasun apolitikoaren garraztasuna ta asaldu urduria. Iñoren kontra ekin bearrean negar ixillari damaion olerkariak (eta olerkariarekin, batez ere Erri gaixo onek) beti merezi bear digu, arrazoi ez ba'da re, beintzat kupira.

        Erri gaixoagorik!... Iparragirre batek eraman nai izan zun mundura bere oiñazea: e'tzioten ulertu, arlotetzat yo zuten. Santa Kutz apaiza, Zumalakarregi... saia ziran alegiña bere alde; batak atzerrira iges egin bear izan zun ta besteak guduan yautsi. Usanditzaga, Abandotarra, Lizardi, Loramendi... danak gazterik il. Yesukristo antzo. Lurrean etsaia gaillen; eta goien zeru goibela ixil. Eliz-yerarkiak, aldiz, bekoskoz. Lau aldiz guduari itsatsi; ta lauretan eskumuturrak zirgillatuago. Yabetasuna galdu ta erritasuna zabartzen. Illobi-zuloak dagozkio, berriz, nunaitik zemargarri. Itxaropen bakarra Andra-Marigan dakuskiot soilki. Ogei urte ontan entzuten nagokio Mendi Santuon:

 

                Baiña zugandik alde

                biotzak ezin du;

                zuregana diyoa,

                zugan bizi nai du...

 

        Bizi nai du! Gaurregun Arantzazura erdaldunik gutxi doakizu, turista antzo ez ba'da. Ara digozen erromesak arrazaren ondakiñak dituzu: nekazari, arrantzale, langille yende, ta olako ezandizkiak geien bat. Ta, zer nai duzu?, oien aboan deadar orrek, BIZI NAI orrek, negargura eman izan dit neri, ta poemagille sentiaraz niñun...

        Kristoen eraille yudutarrei berai beti zillegi izan zaie illeta-eresia, Yerusalen zanaren muralla zarrean burua etzanda. Eta Arantzazuko praille gizajo oni, eroetsi bati, olerkari miñeritu bati, ez al zaio utziko, gure ta aurrekoen malko-zapi izandako basilika xar erroiztu ontatik erostari, negar yotzen euskal-agoniari buruz?

        Ta bitartean, ez dut aztu nai, Goliat zankarra menderatzeko Dabid txikiari indarra eman zionaren itxaron-itza: beati qui lugent quoniam ipsi consolabuntur...

        Gaur negar darigunok kanta dezagula biar, garaipenean, poz.

 

 

Sarrera

 

        Norrnaik antzematen du, Arantzazuk eta Euskalerriak bost mendeotan alkarrekin izan duten zorikidetza ta ar-emana:

        Seaska berean ikusi zuten Egunsentia, alkarren eskutik eraman Eguerdiko garaipidea, ta illunabarra yo ere aldare berean yo zuten.

        Illununabar ori, III aldi ontan.

 

Gora bioi eta aintza

neurri berdiñean...

Emeretzi garrengo

gizaldian gera.

Karlatar gerrateak

dute emen sarrera,

amaika aintza zabalduz

ta amabi galera.

 

Ta Arantzazu, beste euskal

gauza askon antzera,

(¡su emanda oraingoan!)

bein-berriz lurrera...

 

Ta arekin batera

Euskal-Eguzkia re

yausten Sarkaldera!

 

Guruzpide yo genun

euskal-edestia.

Emen, gurutzetuta,

azken-oparia.

Gogaiez ta lerrenez

bai miragarria!;

argatik ondorenez

ain negargarria...

 

Erliyioz batera

Lege zarren alde

or ikusiko duzu

Euzkalerri trebe,

Karlos'en izenera,

beste inoiz baino re

dun guzia emanaz

bizia utsi arte.

 

Heroe goren antzo

bere kondairaren

illunabar gorrian

sukarrez ta lerden,

or miretsiko ere

odolgabetutzen...,

aldiz Arantzazuko

etxerretzearen

San Yoan su din orrek

diola argigiten.

 

Gure Euskalerri eta

gure Arantzazu:

zori berak beinbeti

ziñuzten uztartu.

Lau mendeko aundiak

batean laztandu;

ta orain etsai berak

azkenik ondatu.

 

Gora bioi eta aintza

neurri berdiñean,

erori bait-ziñaten

bizi ainbestean:

dinki, zintzo ta aundi,

alkartasunean,

asmorik yatorrenen

aldare berean!

 

1

Illunabarra

...Arantzazuk

 

        1834 urtean gertatu zan Arantzazuk ezagundako erreketa donge ta izuena. Torrea bakarik gelditu zan zutik. Beste gaiñerako guzia, kizkalduta, lurrera... Eliz-komentuakin batera aspaldiko leiñargi ta ospea ere antxe eten...

        Orduko ondamena, kanta-kontari, bertso-errezka auetan.

 

Amaika milla gizon

zitula berekin,

Rodil an irauli zan

beingoan Oñatin.

Yeneral gogorra zan

bere ustez beñipin,

oillo utsa izan-arren

neurtzeko iñorekin.

 

Oilloa gudan eta

agintzen kirtena,

ezin makurragoa

eman zun ordena:

«erre egin bear zala

Arantzazu dena,

ezer barkatu gabe,

alik laisterrena».

 

Lege zitalagorik

ta dongeagorik

ezin irten ziteken

iñoren abotik.

¡A ze kontu zorrotza

onezkero, orratik,

biur bearko zion

Yaunari argatik!

 

Irureun gizonezko

liberal-taldea

presta zan igotzeko

Aloña-aldea.

Ikus ezkero aien

birau ta lerdea,

zer asmo zeramaten

sobra zan galdea.

 

Milla zortzireun eta

ogei ta amalaua.

Ta dagonillak eme

-zortzigarren gaua.

Bela beltzai utzirik

yo dezaten kua-kua,

obe genu al ba'litz

ixildu lotsa ua.

 

Gaueko ordubatetan

tiro bat yaurti zan.

Arantzazu osoa

dardaraz yarri zan.

Ezaugarri zutenez,

an abitu ziran

erregarriz bustitzen

eliz yira-biran.

 

Praille gizaraxoak,

Rodillen aginduz,

Imayiña artuta

Oñatira iraduz,

baioneta artean

lapur batzun tayuz,

euri-yasa azpian,

izuaren izuz...

 

¡Andra-Mari gaixoa,

gaizkin bat bai'ziña

tronutik yaurtitako

gure Erregiña!:

nola etsiten duzu

olako destaiña,

gaillendu gabetanik

Rodillen iraiña?

 

Goizeko lauretako,

oro su ta gar zegon

komentu ta eliz

zalaparta biziz,

txinparta-soiñu izua

noranai zabaliz,

Aizkorri-zerra argituz

gorriaren gorriz.

 

Orma koru ta aldare,

urre ta argiontzi,

makulu ta apaingaillu,

liburu ta idatzi...,

suaren yan-bearrak

oro zun irentsi;

edota maldan-bera

amildu ta autsi.

 

Ez dana; bazan zerbait

artean txit lerden.

Torrepunta bakarrik

zutik gelditu zen,

etzatera ziyoan

Eguzki zarraren

aintzazko azken-printzak

tentetuz edaten...

 

Oñatiar zintzoak,

al bezin aguro

sua itzali nairik

eldu ziraneko,

dana galdua zegon,

txigortua oro,

egur ta arri lurrean

ke beltza yario.

 

Alako salkeria

ezin eramanik

negar egin omen zun

Zumalakarregik.

¡Ta aren begi ta biotz

ondrauetatik,

Baionatik Bilbora

negar Euskalerrik!

 

Praille gizaraxoak

katigu-modura

Bitoritik aruntza

Ezpañi-barrura...

Ta Andra-Mari gaixoa?

Bidaurretan ura

itzultzerikan gabe

tronu kizkaldura.

 

Ez Ama ta ez praille,

ez otoitz, ez kantu,

arri-pillo bat baizik

e'tzan Arantzazu.

Lau mendeko aundia

orra dana galdu.

Galdu dei ura ere:

«ermita eidazu...»

 

Zegamarrak bakarrik

urteroko legez

yarraiko zuten ara

igotzen erromes.

Naizeta Ama Biryiña

an bertan egon ez,

fede eman oi zioten:

eliza altxa baietz...

 

Baiñan, ai! galbururik

ez dizu galtzuak.

¿Ze lore eman dezake

udazken antzuak?

Gerrate ondorengo

Euskalerri iltsuak

nondik osa antziñako

eliz ospatsua?

 

Illunabar beltzena

Aizkorrin gainbera

yausi zan Arantzazu

dana estaltzera.

Eliz, yayera ta aintza

erabat lurrera...

¡Lurrera aundi-izanaren

oroitzapen bera!

 

Puxketaka, bat emen

ta gero bestea an,

yasoko zan berriro

al zan ainbestean.

Biryiña ta praille ere

itzuliko...Baiñan

¡zer zan Arantzazu ura

lenaren aldean!?

 

Arrezkero zatozen

erromes gaurkoa:

ez uste Arantzazu au

duzula lengoa.

Argandik sortutako

kimu apaltxoa

besterikan ez duzu

orain onakoa.

 

Illunak ta ezyakiñak

oro zun itzaldu:

gaubiyili, kofradi,

elezar ta kantu.

Bizkai, Napar, Lapurdik

«beren» Ama aztu...

¡Rodilek su emanda

dana, dana galdu!

 

... Torrepunta bakarrik

gelditu zan lerden,

ondakiñen artetik

Adio esaten,

etzatera ziyoan

Eguzki zarraren

leiñuzko azken printzak

tentetuz e-da-ten...

 

 

2

Illunabarra

...Euskalerriak ere

 

        Pakerik txarrena obeago, gudarik onena baiño. Bai enetxoa. Egi orren barrunbe tristea euskaldunok ondo re ondo ikusia dugu. Guretzat gudak ez du sekula ezer onik ekarri, galera ta ondamendia baizik. Kalatarren gerrateak gutxiago; ordutik gure illunabarra...

        ¡Ai gerratean sartzen dan Erria! Maldan-bera errekara amildutako sagarño-alea bezela da: ez da geldituko itxasora-arte... eriotzera-arte.

 

¿Noraiño oa,

sagarñoa,

zugaitzetik yaulkita

maldan-bera iraulka?...

 

Xurrumuruka

baxterrik-baxter

errekaldean erreka.

Zer lan ari dun

kantari doa

gainbera xalto-xaltoka:

 

—«Nere uretara

yausten diranak

—lore naiz osto naiz ale—

ez ditut uzten

itxasoraiño

nerekin eraman gabe,

izanarekin

izena ere

gezaletan galdu arte...

 

Gogoan artu,

zatozten danak;

aurretik yakin zazute.»

 

¿Noraiño oa,

sagarñoa,

zugaitzetik yaulkita

maldan-bera iraulka?

 

(1) «Harmen artzera deitu ninduen

gazterik zorte etsayak...»

 

Ala bear-ta sartu ginduten

zoritxarreko guduan.

Sartu ginduten,

promes ta iruzur,

bultzaka itxumustuan.

Ez besten batek guk baiño gogo

geiagon izan ez ba'zuan.

Madarikatzen ez gera aspertzen

arrezkerozko damuan.

 

¡Zoritxarreko gerratea, bai!

gaitz danen iturburua,

tresna batzuen gizengarritzat

inpernuak asmatua,

Erri gaixoen ondagarrizko

Mari-Gaizto'n zartaillua:

¡gure amorru guzia iretzat!

¡beti madarikatua!

 

Egirik ba'da, egia auxe:

e'tzuan nai Euskalerrik

ezergatikan iñolaz ere

iñortxorekin gudarik.

¡Sartu ginduten!...

Gure gaitz danak

ordutik datoz ta andik.

«Auzoan iltzen duten txerriak

etxean koipe gutxi dik».

 

Siniste ez dunak entzun, bestela,

Errenderin Xenpelarri.

Berak emango, zinki ta zorrotz,

gure yokeraren berri.

Aren bertsoak or yungo dira

aboz-abo, erriz-erri.

¡Euskalerria duzu orrela

zizuna senti ta aldarri!

 

        — Ez naiz ni gerraren zale

        baizik pakearen alde.

        Zeinek nai duen galde;

        berari tira alde

        bala bat sartu buruan.

        Aspertuko da orduan.

 

Yakin: ez gera gerraren zale,

baizik pakearen alde!

¡Yainkoak eman digunarekin

danok dezagula Pake!

¿Zertan liskartu gerra-aitzakian

auzo larrutzen tai-gabe?

Yarkitzekotan, ez beste ezerri:

¡gerra gerra'ri guk ere!

 

        — Iya guriak egin du.

        Badegu zeiñek agindu.

        Ez oraindik umildu.

        Alkarrengana bildu.

        ¡Gerra nai duen guziya...

        ¡berari kendu biziya!

 

Atzo eskale zetorkiguna

gure etxeko atera,

orain izkilluz arronkan dator

eusko-lurraz yabetzera.

Pakea austera datorren orri

erantzun bear bezela;

bein ta betiko morrontzapean

lotuko gaitu bestela.

 

        — Gu gera iru probintzi.

        Lengo legerik ez utzi.

        Oyeri firme eutsi,

        naiz anka bana autsi.

        ¡Jayoko dira berriak!

        ¡Gu gera Euskal-erriak!

 

¡Zutik guziok!, ¡yeiki armatan

armatan datorrenari!

naizta soroak sasi biurtu

ta etxeak sutan kizkali...

¡Euskal-Pakea ta Lege-zarrak

saldu baiño len «beltzari»,

il edo bizi azkenera-arte

ekin!, eraso!, ez etsi!...

 

        ¡Amaika amaren ume

        dolorez aziak

        eraman bearko ditu

        oraingo auziak!

        !Illak illagatikan,

        aurrera biziak,

        al duten guziak,

        eukitsu-ezeukiak,

        ama etxean utziak,

        gerra au irabazteko

        lau probintziak!

 

¿Noraiño oa,

sagarñoa,

zugaitzetik yaulkita

maldan-bera iraulka?...

 

(2)«Urrundu nintzen, herri alderat zuliz usu begiak».

 

        Partitu giñen erritik

        adio triste erranik.

 

Gazte talde piyoa

—alkandorak txuri—

gerratera an diyoa

erritik itzuri...

Azkeneko muñoan

izkuta baiño len,

agur bat auzoari

geldi dira ematen.

 

Batek:

    Ene ballara maitea,

    nere poza ta aldarea.

    mendi sendoen magalgoxoan

    zerura-beira gordea.

    Adan ta Ebe'n paradisua

    ote zeikean obea?

    Ezagun gabe zugan dazagut

    gure Euskalerri betea,

    ta zugan yotzen,

    Yainko onak digun

    onginaiezko parrea.

Bigarrenak:

    Ene ballara maitea,

    ene xokondo emea!

    ¡Zein ederra zan atseden-orduz

    malda ortan etzatea,

    ikusmiratuz egon nagian

    zure zelaien berdea,

    zuri esanaz, lilluraz zoro,:

     «nerea zaitut, nerea»,

    ta itzemanaz naikorik-gabe:

     «zurea nazu, zurea»...

 

Irugarrenak:

    ¡Oi lur, oi lur, lur gurea,

    Ama Lur, ain ongillea,

    asaba zarren ezur ta izerdiz

    mendez-mende'ko ondarea:

    zugandik gatoz, zugana goaz,

    amasabel, lur donea;

    ta zuk, mundutik iraitzientzat

    beti zabal aterpea...

    Ilda re zugan bizi gaitezen

    poz dut, ez bildur, iltzea.

 

Lenengoak:

    Agur, bada, agur, malkoz,

    bear bada sekulakoz.

    Gogoz kontrako alabearrak

    deitzen digu gudurako.

    Ezin itzeman zugana berriz

    ote geran biurtuko.

    Utzi, zaiguzu Agur esaten

    bearbada sekulako.

 

Bigarrenak:

    Agur!... Ta aldi berean,

    gudarakuok batean,

    fede eman nai dizugu, fede,

    Yaungoikoaren aurrean:

    ¡ilko gerala zu utzi baiño len

    arerioen menpean!

    ¡Gurea izango zerala ¡o bai!

    biziko geran artean!

 

Saillean danak:

    ¡Agur!... Ta aldi berean

    fede guziok batean:

    ¡gurea izango zaitugu ¡o bai!

    biziko geran artean!

 

...Alkandorak txuri ta

eskuan pardela,

mamu gaizto beltz batek

tirata bezela,

beinola abia ziran

ta izkuta berela,

danak damuz, ez gutxi

negar zeritela...

 

Errekak eta ibaiak

zuzen itxasora...

Bidexkak aien alboz

albo mendiz-bera,

gero kamio bakar

batean galtzera...

¡Gizatalde mardul oik

nora doaz, nora!?

 

Noraiño oa,

sagarñoa,

zugaitzetik yaulkita

maldan-bera iraulka?...

 

(3) «Alferretan dut geroztik deitzen iguzkiaren argia».

        Illunak yan dun errixka batean, nunbaiteko etxebarrutitik emakume-abotsa entzuten da, minduraz eta itun:

 

Yunak yun.

Yadanik ez aien zai egon.

Illak il...

auskalo noiz nola eta non.

Galduak galdu...

Alabearrak irentsi ditu

bazterren baten,

ez aintza, ez illeta, ez omen,...

¡gure onenak!

beti gurekin bear zutenak.

 

Yunak yun: illak il:

galduak galdu.

Atarramentu onik

geroz ez dugu.

Ai alarguna,

bai beltza zure etorkizuna!:

ukullua uts...

ume txikiak txit gose ta zurtz...

Goldea, berriz,

erdoiak yaten, itzai gaberik...

 

Illak il. Okerrena Bergarakoa.

Irabazi ustetan galdu gudua.

Ai Euskalerri,

salkeri aundienen martiri:

¿zertan ixuri

Zumalakarregin odol ori,

gaur gertatzeko

Espartero batek salduta preso...?

 

Illak il.

Dagoneko oro alperrik.

Yun zan Eguzkiari

ezin austerik.

Illuna dugu...

Etxe-barrura, enetxook, bildu

Itxi ateak;

sar ez ditezen sakamanteak.

... Or atarian

«beltzak» pasako lapurkerian...

 

4) Solferinoko itxuak

 

Harmen artzera deitu ninduen

gazterik zorte etsayak;

Urrundu nintzen, herri alderat

itzuliz usu begiak,

itzuliz usu begiak,

 

¡Zorigaitzean baitut ikusi

Solferinoko egia!

Alferretan dut geroztik deitzen

iguzkiaren argia,

iguzkiaren argia,

 

Nihoiz enetzat ez da jaikiren

goizeko argi ederra,

Zeru gainetik nihoiz enetzat

dizdiraturen izarra.

dizdiraturen izarra.

 

Bethiko gaua, ¡gau lazgarria!,

begietara zait jausi;

¡Ene Herria, ene lagunak

nihoiz ez bear ikusi...!

¡Bethiko gaua zait jausi!

 

 

Eusko negarra

 

        «Un peuple qui s'en va»

        Adio baten tristura somatzen zaio Euskalherriari, bere erritasunaren udazkeneon. ¡Amaika gauza eder bait-badoazkio billuzten, erabat suntsitzen!

        Mundu arrotzean arrotz, bere burua aldeztu eziñik, espetxe batean bezela topatzen duzu gaixoa, katigu ta ilzori; urkamendikoaren antzo daukazu, bizia zintzilika duela zenbaitzuen eskutik..., Jaungoikoaren borondateari belauniko.

 

Atsekabearen berri

        iñork ongi ote daki?

        Ni emen nago, gaixo au!

        probaturik ongi,

        emanaz milla gorantzi

        gazte-denborari...

 

 

        ADIO

 

Euskalerriak dario.

 

                Igesi

zenbat gauz eder doazi,

                Ezaren

illobi beltzera zuzen,

                egundo

geiago ez biurtzeko,

                sekula

il bear ez lutekela...

 

                ¡Antziña!:

—gure iñular sorgiña,

iraun-arazi eziña...—

                bazuaz

zure printzak itzalduaz...

 

                ¿Zergatik

ez edan zure argitik,

bizi gaitezen lengotik?

                ¿Zergatik

ez ibilli zure eskutik

                bein-beti,

eten ez dedin leiñargi?...

 

                Adio

Euskalerriak dario,

                Zugana

luzatuz bere yorana.

                Bai, arren,

utzi Adio esaten.

                ¡Adio!

¡Adio bai sekulako!

 

Mendien apaingarri

ok ziran zugaitzak:

lizar, pago ta intxaur,

gaztain ta aritzak.

Sartu ziran beingoan

piñu beltz arrotzak.

Arrezkero mendiak

erderaz zebiltzak.

 

Intxaurraren zura zan

oiak egiteko:

lizarrarena, berriz,

katedraletako.

Piñuena, ordea,

esan zertarako?

— Baitipat, ildakoen

zerraldotarako...

Aritz, lizar, pagoak:

agur sekulako!

 

Elezar eta ipui,

koplan naiz kanta-zar:

aiton-amonen autan

ziran zeru-izpar,

ta illoben gogoetan

ametsezko izar...

Laratzak berak ere

aiekin ze sugar!

 

Bestelako ederra

orduan bizitza

kantuz

ziyoanean

zerura otoitza..!

¡Bestelako gozoa

sukaldean poza

aiekin pixtutzean

otordu bakoitza!

 

¡Adio, kanta-zarrak

ta ipui aspaldiko:

agur sekulako!

 

Eliz-arlosapean

eortzitako illak;

galtzara-ertzetako

ermita ixillak;

Batzarretako lege

zabal ta gurpillak;

yolas tolesgabeak;

oitura sotillak...

 

Ta Gabonzar'etako

gure Olentzaro;

ta pelotari txuri

'en «Abe-Mariko»;

ta gaillur bakoitzeko

gurutze zurezko;

eta burruxa beltxak,

ta gonantx gorrixko...

 

¡Gure erritasunaren

ezaugarri oro:

agur sekulako!

 

Zuek, ai!, batezere,

mendi-gurutz deunak,

babeseko errien

zaindari onenak,

asaben sinismenak

jarri zinduztenak

eta orain bakantzen,

jausten zoaztenak!:

 

¡Ai Errien adua

bai zoritxarreko,

zuek gabe beiñola

ba'ditezke tinko!

Dongeki erortzen dan

gurutz bakoitzeko,

jausten bait-dira ere

birtuterik pranko!

 

¡Mendi-gurutzetxoak:

agur sekulako!

 

                ¡Antziña!

—gure iñular sorgiña—.

                Adio

Euskalerriak dario

                zugana

luzatuz bere yorana...

 

Adio orretxen tristura dizu

EUSKAL-DOIÑUEN barrenak.

Gorde eziñezko ituntasuna

baitare kanta alaienak.

«Babiloniko ibai-ertzetan

nola ixildu arrotz-penak?»

Iltzera doan abenda baten

zotiñak dituzu denak.

 

Pestaburua. Dantzan gazteak

yantzi gorri-zurietan.

Plaza betea bri-bri zoratzen

eguzki-izpi alaietan.

Danen gainetik danboliña ari

doiñurik bizkorrenetan...

Entzun zaiozu. ¿Ze esaten dizu?

¿Alaitasuna?, ¿benetan?

Aitzitik, Eusko-Negarrak negar

txistuaren ezpaiñetan:

—«Ortzetan dizut irria baiña

nigarra bi begietan».

 

Dantza lotuan urrengo txanda

moda berrien arira.

Neska-mutillak artan leiatsu

mozkorki jira ta bira.

Buka orduko, gero illunez

bina-binaka mendira...

 

Txistuak negar azken-saioan.

doazen aiei begira,

gogoa miñez luza ala luzez

lengo antziña garbira...

 

...Ta Anyelus'eko dardarepean

izarñoen intzirira,

oitura zarren ondrautasunak

negar arekin batera:

 

«Bazterretik bazterrera

au mundu alda-bearra!

Eztakienak esan lezake

ni alegera naizala.

Ortzetan dizut irria eta

bi begietan nigarra».

 

                Adio

euskal-ertiak dario,

                Lenera

luzatuz bere yaiera...

 

AMA ALARGUNAK alabatxoaren itxaropenarentzat ez dakus argirik lurrean, zeruan soilki baizik:

 

Beste bateko iñularretan

maite nunen itxasoa,

txalupak mugan lepoa.

arraiz beteta azaldutzean

txalupak mugan lepoa.

Arrantzalea nuen senarra.

arrantzalea gajoa.

Itxas gaizto orrek irentsi didak:

gaur diat nik gorrotoa.

 

Alabatxoa mendi-gainetik,

aitatxo noiz itzuliko,

itxasori begira dago

egunargitu duneko.

¿Nik nola esan itoa dala,

galdu dugula betiko?

Ta alabatxoa zai ta zai dago

aitatxo noiz ikusiko.

Bedeinkatzen dut, Yaungoiko ona,

bedeinkatzen zure eskua.

Bakar-bakarrik eskatzen dizut

senarrarekin zerua,

noizbait berriro bildu gaitezen

beko famili osua...

¡Ongi zaude bai noiz ikusiko

aita-zai, alabatxoa!

 

GORULARIAK:

 

— «Gazte irule guti

da Euskalerrian.

Bat ez dugu ikusten

kiloa gerrian».

 

¡Antzinako amonen

biotzeko ona!

Erregiñen pareko,

aien dintasuna...

 

Kiloa gerrian ta

euskera aboan,

Aitor'en belauneko

seaska-ondoan,

¡aien patxara eta

ardura gozoa

billobai erakusten

zarren errezoa...

 

Aztuko ditun-arren

gizaldi gazteak.

enetxuok ez aztu:

¡aiek bai Andreak!

 

Gazte irule gutxi

gaur Euskalerrian,

euskera aboan eta

kiloa gerrian,

iruten dakitenak

bi gauzok batean:

lenarekin oraiña

goru bakarrean.

 

                ¡Antziña!,

           iraunarazi eziña:

                bazuaz

        zure printzak itzalduaz...

 

BERTSOLARIAK ditugu oraindio gure erriaren maixu ta igarle. Amaika aldiz aldarrikatu izan duten egia, onakoa. Egizu kontu, erri azitxo batean ari dirala.

 

— Ona bi bertsolari

balkoitikan emen

plaza betean zaudetenoi

koplatzen.

Bildur nago alare

ote diguzuten

ari degun erdirik

batzuk konprenitzen.

Erdera gizentzen,

euskera baztertzen,

oiturak zabartzen,

sinismena aitzen,

genun dana galtzen...

¡Orra Euskalerria

zertaratu den!

 

Baserritarra kalera

au ta ori erostera.

— «Egunon Yaunak.

Aspaldi-partez

emen natortzu ostera».

Kalean, baiña, ezpain gorriek

lotsa mintzatzen euskera.

Ta dendariak:

— «Izketa orrekin

zoaz zere basartera».

 

Uxo zuria, errazu,

nondik ibilli zera zu?

Kaleetako portu-ateak

elurrak itxi dizkigu?

Beak utzita, baserritara

deitu bear izan duzu?

Gaixo ori, sartu zakigu,

pozik artuko zaitugu.

Baserririkan dan bitartean

izango duzu ostatu.

 

— «Yaulierra, othoi, beha:

egidazu plazera,

zu ¡othoi! yoan bear zitzaitzat

ene adiskidetara

ea zergatik ekarri nauten

illunpe triste huntara.»

 

«Zirgilluak anketan,

lepoa zepoan,

presondegian antxe

negarrez nengoan,

illa iduri baiñan

bizirik doi-doian...»

 

¡Zer egin dugu gaiztorik

orrela gu presatzeko?

¡Zer dala-ta gorroto ori

euskaltasunarentzako?

¡Gure eskolak, gure elizak

zergatik ez geuretzako?

 

— Yaulierra, ate oiek

zergatik ez irikiko?

(Yaulierrak):

— Irikitzerik ez dago

ez ba'da urkaberako.

 

        Ni zertako mundura etorria nintzen?

        Orai nere oinetan tonba dut ikusten...

 

        Au da urkamendiko

        aizearen otza!

        Yentearen aurrean

            nik daukodan lotsa!

 

Oitura zan urkabera igotzen zanak itz bi esatea, barkazio-eske badare. Onotx emen Euskalerriak darizkionak, il-aurretik, dardaraz eta kupigarri:

 

Patu gogorrak agindu ei du

desegin nadin lurretik.

Ona ni emen, gaizkille antzo,

urkamendira igorik,

il edo bizi nere zoria

zuen eskutan zintzilik...

 

Batzunbatzuen irri ta algara,

geienen antziz nasirik,

entzuten nago, begira dauden

aurreko yendeengadik:

askok kupira, batzuk ixeka,

iraiña ere ez gutxik...

 

¿Zergatik, baiña, batzu orien

«delenda est» deadarra?

¡Orren gaiztoa izan ote da

zuen Euskalerri zarra?

 

¡Gaitz egin ba'dut, barka idazute

¡arren, nik zuei bezela!

¡barka idazute, ta utzi bizitzen!

¡Yainkoak nai du orrela!

 

... Zuk erabaki, ene Yainko ona;

ona auzpez zure epaipean.

Zuk nai duzuna gerta dedilla

nerekin gaur urkabean.

Zuk nai duzuna, nai duzulako,

nai duzun ordu ta eran...!

 

¡Il bear ba'dut, il nadiala

guzien barkapenean,

guzien maitasunea,

ta...zure ongi-naiean!

 

¡Bizi izan naizen bezela il ere,

bai... zure ongi-naiean!

 

 

Bizi nai

 

        Erdalkeriaren laiñoak itotzen dauka Erria. Ito-bearretik igeska, urtero eta euskal-seme geiago igotzen dira Aloñako Zaindariarengana.

        biotzak ezin du;

        — «Baiña Zugandik alde

        Zuregana diyoa,.

        Zugan bizi nai du».

        Eta danak, arren baiño arren, biotz batez, gauza bera eskatzen diotela esango litzake: Lazaro'ren miraria!, berriztu dezala Euskalerriarekin...

        Berriztuko ote?

 

¿Egokitu al zaizu

Aizkorri-gaiñetik

eusko-lurra ikustea

laiñoz estalirik;

laiñoz lau probintzitan

errekalde guzik

baiño mendi-gailurrak

eguzkiz yantzirik,

salbo ba'lira legez

ito-bearretik?

 

Bein egokitu neri.

Talde bat ginduzun.

Igo giñan orduko

artzai baten lagun,

begi-miña zorroztuz

galdegiten genun:

— «Nun da gure Gazteiz?

Gure Tolosa nun?»

Terralak galerazten;

ta ai!, ezin ezagun.

 

Ogei ta bat garrengo

gizaldi orretan

askok galdeko dute:

— «Euskalerri nun dan?

Bera mireste-arren

gatoz urrundikan...»

Ta guk erantzun bear:

— «Bai, emen izan'tzan.

Baiñan erdalkeriak

yan ta irentsi zuan».

 

— «Euskalerria irentsi,

alako eredua,

yundako gizaldien

erliki santua,

mundu guziak beti

anbat maitatua...?

— «Maitatua len, baiño

gaur, gerok galdua,

erdalkeri-laiñotan

orra estaldua!»

 

— Beintzat, artzai on orrek

esaiguzu arren

mendi zuti oietan

zer duzun nabarmen?

— Urkiola arakoa...

Aloña or barren...

Ernioko gurutza an...

eta Aralar emen...

¡Fedea dakust soillik

laiñoz-gora gaillen!

 

Ta artzaiaren begitan

bi malkok tirtiri

zerakusten miñaren

neurri eta larri.

Gero bakar-izketan

sorgor zun yarraiki:

— Mendi oitara argatik

ainbeste euskalki

digoz erromerian

laiñoari igesi...

 

¡Menditar santutegi

guretan gurenak,

Andra-Mari ta Mikel

ta Antonio'renak,

onda-bear ontatik

zutik zaudetenak.

aditu zuek enda

gaixo onen arrenak,

bestela ito gaitu

erdal-ondamenak!

 

Ezin-aztuzko mendi

beste zuek ere:

Begoña ta Itziar

eta Guadalupe,

ta Loyola gaineko

Izarraitz, ta Arrate...

Laiñoari igesika

gatozkizute eske:

¡arraza ilzoriari

eutsi zaiozute!

 

Nun dan Euskalerria

ez galdetu emen.

Aizkorriko artzaiak

min du erantzuten.

¡Orra or lanbropean

azkenetan, iltzen...!

Azken-agur mintsu bat

bidali. Ta goazen,

goazen gerau laiñoak

yo gaitzan baiño len.

 

...Ta artzai zarrak, gidari,

Aizkorritik-bera

Arantzazura yetxi

ginduan berela.

 

Erromes-talde beltza

zegoan, ain zuzen,

Andra-Marin oinetan

arren baiño arren...

Ta artzaiak auxe esanaz

an utzi ginduen:

— «Nun dan Euskalerria

galdetzen zenuen?

¡Bizi dugun apurra

orra, begira amen!».

 

Eriotzari indar-apurrak

beingoz makurtu aurrean,

Naufrago batek ezin laguntza

larrigo eska zeikean...

orain izkuta orain azaldu

enbata aserre artean

galtzeko dagon arkaitz soillera

noizbait igeri eltzean.

 

— «Baiña zugandik alde

biotzak ezin du,

zuregana diyoa,

zugan bizi nai du!»...

 

Erri oso bat, laiñoari iges,

bizi nai orrek bultzata,

non tinka aingura lurmen dagerren

Arantzazura igota,

salba lezaken Zaindariaren

oiñetan dago a... rren... ga,

bere etorkizun deseginkorra

Aretxen esku yarrita.

 

Erri oso bat. Naparroakin

laurak bat'ean alkartuz

aratutako erromerien

gerra-ondoak darakus,

artzipezago bakoitzetikan

txango ugariak bialduz.

¡Gerra-galduen oiñazepeko

batasun ura non ikus!

 

Antziñatik, urrun abotsak:

 

Zeru-deiaren adira

eldu ilzoriok Mendira,

biziberritu ginduan Ama

'ren Aldare nagusira!

¡Bizi naiaren itxaropenak

emen lurmentzen bait-dira!

 

Ta, aldiz, beste bateko galtzara urratzalleen pake-miñak ere:

 

Erdi-Aro laiño dago,

ez eguzki, ez izarño....

¡Yo argiñak, yo gorago,

laiñopea astintzeraiño!

 

Arantzazu argiz dago,

ez gandu eta ez laiño...

¡Goazen danok, igo ta igo

Amagan bat dagiguño!

 

Yaunkote'peko lanbrotan berriz

datzan ibarretik iges,

Mendi Santuko eguzkitara

gatozkizu bizi-naiez.

Gure Bizitza ta Itxaropena

zeran bakarra zeranez.

¡eutsi ta salba gaitzatzu, Ama,

zure arantz orren babes!

 

Erri oso bat...Bai al da auzorik

igorri oi ez dionik

bat edo beste sema-alaba

urtero, premiz beterik?

Badira urteak larogei erri

pasiak diranak andik...

Ez da irakurtzen danen begitan

eskari larri bat baizik:

 

— ¡Arren, arren, Andra-Mari,

¡Noe'ren arka zu guri!;

¡¡luza zaiguzu bizia!!

¡pena da ola iltzia!!.

 

Ezin eraman euskal-fedeak

Arantzazu yaso gabe.

Beltzen zuziak barka ez ba'zun

ez orma eta ez abe,

e'tzan etsiko berriz berria

eregi arte goi ta be.

Lei orren galdan ler-zori, orra

Bizkaiko bular ta labe:

 

— «Geure Ama Birjiña

Arantzazukue,

baltzak erre dotzue

zuri komentue.

Baldin geratzen ba'da

Bizkayan tellarik,

e'tzara zu egongo

komentu bagarik!».

 

Bai yaso ere. Ez noski lengo

aunditasun bikain artan.

Baiñan orma soil xaxtar aietan

lengo Ama gordetzen zan.

Koroatua gaiñera orain,

eta ZAINDARI-izenean...

...Baiña, arekin bat, enda ilzoria

yaso gabe etsiko zan?

 

¡Jainkoak nai du! deitu omen zun

Kardaberaz gurgarriak.

¡Jainkoak nai du! berriztu gero

Bizkaitik Irakasliak.

Ta aren atzetik aupa batean

zutik abenda guziak:

¡Jainkoak nai du altxa dezala

burua Euskalerriak!

 

Ordun Bizkaiko mendietako

gudaldi ikaragarriak.

Ordun batzuen iraiñak eta

besten odol-ixuriak,

ordun espetxetako martiri

ta etxetako antziak...

(Ez nik, geroak yuzga ta kanta

ditzala oiek guziak).

 

¡O Euskalerri, gure, Euskalerri,

milla bider txit gajua,

amiltegitik amiltegira

obiraño irauldua:

ez Gernika'rik, ez euskerarik,

gaiñera izena iraindua....

¡ez izan nunabit zu bezelako

ondrauntzat mundua!

 

Ondamenaren obi-ertzetik

luzatuz beso-begiak

Erri gaixo onen Amaganako

deiak, bai kupigarriak!

Presondegitan egonak, eta

gudatean elbarriak,

alde bateko naiz bestekoak...

eskari bera guziak:

 

— ¡Arren, arren, Andra-Mari,

¡Noe'ren arka zu guri!;

¡¡luza zaiguzu bizia!!,

¡¡pena da ola iltzia!!.»..

 

        Ortikan zaude Euskalerriko

        seme gaixoen begira;

        gaur zure seme oien kontrako

        etsayak ugari dira.

        Zugana gatoz, Ama maitea,

        zure majntupe argira.

        Ixuri zazu zure indarra

        euskal-biotzen erdira.

                     (A. Arana. S.J. 1881)

 

        Premiyetan zeudela

        gure aurrekoak,

        zabaldu ziyezkatzun

        gozoro besoak.

        Bearrean ba'ziran

        lengo gurasoak,

        ez gaude gutxiago

        seme oraingoak.

        ¡Arantzazu-mendiyan

        zaudean Birjiña,

        guri lagun nayean

        zerez etorriya,

        euskaldun jendaren

        ongille Mariya,

        izazu gaur ta beti

        gutzaz errukiya!

                      (Orkaiztegi, 1881)

 

        Arantz artean zaude

        arantza gaberik;

        arantz artean nabil

        arantzaz beterik.

        Nere negar-bizitzaz

        izan zaite erruki.

        Arantzan zauden orrek

        lagun, Ama, neri!

                        (Omaetxebarria. 1930)

 

        Zu zaitugu guk, Ama,

        euskaldun erriyan

        laguntzalle onena

        premia guziyan.

        Ekaitz gogor artean

        ta larri aldiyan

        zenbat gorde dituzu

        itxaso erdiyan!

        ¡Salba gaitzatzu, bada,

        oraingo larriyan!

                        (Arrese Beitia. 1881)

 

        Zure errukizko begiak, Ama,

        arren itzuli izkidatzu.

        Samiñez dagon biotz gaxoa

        gozatutzen badakizu.

        Ama zera-ta, semien alde

        zuk zer egingo ez dezu?

        ¡Gure samiñak gozatutzeko

        zaude bai or Arantzan-zu!

                        (Arruti. 1918)

 

Euskera-mota guzietatik

eskari bera Amari:

— ¡¡Luza zaiguzu bizia!!

Euskalerria oso-osorik

naikorik-gabe da an ari,

bere betiko bizi-naiean,

aldarri eta intziri:

— ¡¡Luza zaiguzu bizia!!

¡¡pena da ola iltzia!!

Eta Amak ere besoetako

Seme guzialtsuari:

— «Maite dezuna gaixorik dago»;

¡¡luza zaiozu bizia!!

¡¡pena da ola iltzia!!

 

... Berrituko ote, Lazaro'rekin

gertatutako mirari?

itxaro orretxek Euskal-Fedea

dauka an auzpez otoilari:

Begira dago gertatuko ote

yesusen «¡Yeiki!» itz ori...

 

  (Yon, Cap. XI)

  Lazaro gaixorik zegon...

  Marta, Yesus bazetorrela yakin orduko, bidera irten zitzaion. Martak, beraz, Yesusi esan zion: Yauna, zu emen izan ba'ziña, nere anaia e'tzan ilko... Yesusek diotsa: Piztuko da zure anaia. Martak erantzuten dio: badakit berpiztalditan piztuko dana. Yesusek esan zion: Piztea ta Bizitza Ni naiz. Nigan sinisten duna biziko da, il ba'da ere; eta Nigan sinistuz bizi dana ez da sekula ilko. ¿Sinisten al dezu au? Bai Yauna, —erantzun zion— sinisten dut Zu Yainko biziaren Seme mundu ontara etorria zerala.

  Jesusek:

  — Sinisten duzu?

  Euskalerriak, ao-batez, biotz-batez:

 

                  —Bai, gure Jesus!

¡Sinisten dugu! Orixe bait-da

lengotik iraun diguna.

 

Orretxegatik, antzi ta negar,

gatoz erreguz Zugana.

Sinisten dugu Zu zaitugula

Yaungoiko eta gizona,

oraindañoan eutsi gaituna,

eta piztu gaitzazkena...

 

¡Orain ta beti...., il edo bizi...

sinisten dizugu dana,

diozuna..., daikezuna...!!

 

... ta (Yesusek) oiu egin zun ozenki: Lazaro, atoz kanpora !Ta bertan yeiki zan illa, esku-oiñak lotuta eta arpegia miesaz estalita. Yesusek esan zien: ASKA ZAZUTE TA YOATEN UTZI...

           ¿...?

 

Ta Euskalerria zairen zai dago

berriztuko ote itz ori..

 

BENEDICTA, iñularrez

 

          Erio-agiñean datzan Erri gaixo onek, Arantzazuko elizkizunetan gogokoena Benedicta dizu. Bedeinkatua Zu!: esan gura dio nunbait Amatxori bein ta berriz, iltamuan.

          Doakabeak ez daki, etorkizunak magalean zer dakarkioken: eriotza ala pizkundea. Baiño il bear izanda re, itz oekin il nai duala esango litzake. Bedeinkatua Zu!

 

Dulun... dulun...

Ai-Marikoa Arantzazun.

Itun-itun

illuna dator edonun.

Ta urrun-urrun

eusko-iñularrak darantzu:

                         Bedeinkatua Zu!

 

Itxaspean

deika antziñan aritzen zan

kanpairikan

ez dantzugu yadanikan...

¡Galdu ziran

gure ametsak uiñetan!

 

Zure arran

orren deia bakarrikan

(Talan... talan...)

entzun-iruditzen zaigu.

                         Bedeinkatua Zu!

 

¡Ain pozgarri

zaigun zure txilin ori

¡ai! ez bedi

illuntze ontan itzali,

bait-dirudi

Ai-Marikoan Matuti... !

¡Andra-Mari!,

izana gure Egunsenti,

Zu zaitugu

iñularreko Illargi.

                         Bedeinkatua Zu!

 

¡Oi Zu, oi Zu,

Eguzki yunaren musu

ta erraiñu!

Aren argitan argitu

nai gaituzu

ta Aren itxarotan poztu...

 

¡Oi Zu, oi Zu,

iñularreko Arantzazu!

                         Bedeinkatua Zu!

 

Azkena

 

1948

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.