Orrilla-Lotazilla. 5-12'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Orrilla-Lotazilla. 5-12'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Neskazarra

(The woman who was loved)

 

James Stern

 

euskaratzailea:

Insausti'tar I.

 

James Stern'ek ondua

Insausti'tar I'k itzulia

 

Miss Higginss etxetik joan zanetik urrengo egunean gauza bat bakarrik geratu zan berekikoa: tenis yokorako sare bat. Ned eta Miriam'ek ganbaran arkitu zizuten. Zikiña zerion. Eldu-lekukikoan yarri zuan bere izena gotiko erazko letra aundi galantez: Ethel B. Higginss.

        «Pena da yoan izana», esan zuan Turnbull'en emazteak berebillak zeramalarik. «Zegokion neurri-buruan balio aundikoa zan. Kosta bear zaigu bera bezelako bat arkitzea».

        «Ezkon-miñez diran aur-zaintzalleak gogaitkarri zaizkit», esan zuan Turnbull yaunak.

        «Aurrak buru-belarri maite zizuten», ziardun emazteak. «Garbi asko dago, Bildur nauzu aztu-eziñekoa izango ez ote. Miriam'eri dagokionez batez ere. Ain da biotz bera!»

        «¡Aurrak!... esan zuan aitak ixekaz. «Badakite bost gauza oietzaz».

        «Etzazula orrelakorik esan», ebaki zion emazteak emakume ikasiari dagokionez. «Begi-begiko zitzaien eta geroak esango datorrenarekin zer gertatuko. Naiko nuke etorri aurretik bere ezaguera egin. Iñoren itz-on utsa dala-ta etxean norbait sartzeak baditu bere kalteak. Miss Higginss'en antzeko emakumeak ez dira auntzaren gaberdiko eztula».

        Tunrbull'eri gogaitkarri zitzaion gaia. Itzik ez esatea iruditu zitzaion obekien. Tenis-yokorako sare batez aurrak sartu ezbaziran, Miss Higginss'en izanik etzan agian geiago iñoizkoan aitatuko.

        «¡¡Bere tenis-sarea aztu zaio Haggy'ri!!» zioten aurrak eztarri batez.

        «¡¡Ixillik!», esan zien amak asarre, beatza ezpañetara eramanez. «Izparringia irakurtzen ari da aita».

        «Morning Post» gañetik zitaldurik azaldu zan Turnbull'en burua. «¡Badu etorri garaia zaintzalle berriak!... Orrelako iskanbillarik!

        «¡Baño...», eta Ned eta Miriam'en begiak galdera zeragiten.

        «Noiz dator?»

        «Biar gauean», esan zuan amak.

        «Nola du izena?»

        «Miss Whitmore».

        «Nolakoa da? Zarra al da?»

        «Ezezagun zait, Miriam».

        Turnbull yaunaren ezpañak estu ziran.

        «Utzi emen sarea!», agindu zuan amak zorrozki, «eta zoazte ortzak garbitzera! Garai dala nik uste».

        «Eta guk zer egingo?» galdetu zuan Ned'ek, Miss Higginss yoan zanetik bostgarren aldiz.

        Alde batera utzi zuan Tunrbull yaunak «Morning Post''. «¡Iainkoaren izenean!», ots egin zuan itzak indartuaz. «Ez aldezute entzun amak esana?»

        Aitaruntz itzuli ziran aurrak. Eta geldi-geldi, ixilik, oinpunta gañean ireten ziran gelatik.

        Zaintzalle bat yoan, eta berria etorri arteko epeak, etziran atsegin izaten Tunrbull'en emaztearentzat. Bataz beste, urtearen buruan bi bider gertatzen zan. Olakoetan, aur zaintza bere gain izaten zan. Lan au etzitzation begizko. Larrialde galantak sortzen ziran ontatik amarentzat bai aurrentzat.

        Egunaren buruan irutan ikusten zituan bere aurrak: gosari garaien, Ned eta Miriam egun-on opaka yoaten zitzaizkionean: gero, amaikak inguruan, eskola garaiean —au zitzaion benetan aldazgorako, norbait ikasia aurrez-aurre zeukanean mututu egiten baizan-. Goizero, eskola gelaruntz zijoalarik, galdera berdiña zeragion bere buruari: «Gaur zer esango ote det? Zerbait berria esan bearrian naiz». Ara ordea, lau urteren buruan, gauza berdiña gertatu zitzaion. Begiak itxi eta atea yotzen zizunean, erdoiturik sentitzen zizuan bere burua, eta urteak yoan eta urteak etorri, aurrak eta zaintzalleak galdera berdiña entzuten zizuten. «Zer ari zerate?»

        Irugarren ikustaldia illunabarretakoa izaten zan geienetan, seiak eta zortziak bitartean. Etxean kanpotar bat edo bat zanean, zuriz edo urdiñez azaltzen zan Ned. Oi bezela, «Nola zaude?», galde bear zuten aurrak, eta noizpeinka. «Gabon», esan.

        Orraatik geinentan. Turnbull emaztea bera «igotzen» zan aurren gelara beroiek ikuste-bidez. Ikustekoa zan nola sartzen zan. Iñoren etxean. apain-tokira lijoaken arrotza bezin bildurti eta muxkil. Zaintzalleari agur egiñez gero, garaiari zegokion esaera irtengo zitzaion ezpañetatik buruz ikasi-ta bezelaxe. «Oierako garaia pasia da aspaldidanik.Arin ibilli!»

        Aurrak oieratzekotan zebiltzan bitartean, leiora ingurutuko zitzaizun. baztarren batean zegoan iostalluren bat artuko zizuan, eta Ned'en zabarkeriz edo aurren illea luzegia zala-ta, oar egingo zizuan. Eta noiz edo noiz, orrelakoren bat esango zizuan: «Zer egin dezute gaur?» Azkenik oierako prest ziranean, eta aitzeko berririk ezin zitekenean, exer-leku batean etzingo zan, begiak itxirik eta eskuak magal ganean. Oituraren indarrez aurrak bazekiten zer egin. Bata bestearen ondoren amaren oin ondoan belaunikatuko ziran. Amaren belaun gañean opoak ipiñi, eta otoiketari erasoko zioten itzak arrastaka.

        Bearkizun astun au beteaz gero, zutik jarri, eta aurrak oiera eramango zituan. Une zenbait aurrez-aurre idukiko zizuten, eta zaintzalleari agur egiñez gero, lapur bat bezela irtengo zan gelatik, igeska balijoa.

        Zaintzallerik ezak bazizuan orraatik bere alde-ona Turnbull emazteari buruz. Olako aldietan, etzizuan iñoren begi-zorrotzik sumatzen bere eginkizun orori iritz-bideka. Bere akatsak ordea aragi-bizitan zerakuskin zaintzallerik ezean. Bere aurrekin etzizuan artuemanik, eztare aginterik. Izadiak opa izan bazizkion ere.

        Bere seme-alabanganako zaletasunikezak, iñorenak balira bezela ikuste arek, aurren baitan alako ajolabakeri bat sortu erazi zuan. Etzitzuten beraganako begirapen izpirik. Amaren babesa zer zan etzekiten. Bestaldetik, amaren itz garratzak utsaren ondorengo ziran, eta azken negurri bezela, aitaren izena aitatzeak aurren ixil-aldia baño etzerakarkin.

        Otordu bitarteetan etzituan amak iñondik iñora arkitzen. Baratzera joan eta txoriaren antzera karraxika asi oi zan eskuak abots-zabaltzalle aoan jarririk: «Oa... Oa...» Ondoren ixil-aldia etortzen zan. Deika asiko zitzaizun bakoitzaren izenez: «Ned!... Non zaude?...Miri...am!.» Aurrak entzungor egiten zioten, zuaitz aundi aundi baten gañera igo eta jolasean zebiltzelarik...

        Gauean izaten ziran entzutekoak karraxi eta deadarrak. Garbiketa garaia izaten zan. Aurrak garbiketa-ontzian ikustera igotzen baitzan. Azkenik, bearkizun au Larunbat gauetakoa bakarrik zan. Asieran par-karraxiak izaten ziran, gero berriz, ezin-emaneko eta amorruzko karraxi eta deadarrak. Arpegira esaten zioten karraxibizian iñoiz etzituala iñongo zaintzalleak alako eraz garbitu.

        Emen, eginkizun onetan, aurren larru-gorritasuna aurrez-aurre, azaltzen zan aragi-bizi ama semeen arteko ikaragarrizko esia. Izan ere, emakumearen taiua ikusirik, ikulluan zaldi-morroiena esango zaldi-garbiketan. Amaren igurtziei aurrak arpegi ematen noski buru belarri. Amari berriz, zomorroak iduri bere semeak. Aitaren izena aitatu bear azken-babes beti bezela ¡Aitari egingo diot dei!...» Zigor-kiñuaren ondoren pakea etortzen zan, ixil-aldia, ekaitz-ixil-aldia.

        Ez izan ba arritzekoa, aurrak bai gurasoak, zaintzalle berriaren irrikiz zeuden. Aberastasunari esker al izaten zan eten gabeko zaintzalleen eman ura....

        Miss Whitmore, zaintzalle berria, txiki ta aundiz inguraturik zegoenean arki oi zan bere onetan. Auxe zan bere zerua. Alabaña, etxe artan, ez zegoan iñor prest zerakarzkin oitura ta irakaskintzabideak ulertzeko. Bere antzekorik etzan iñoiz Turnbull'tarrenean sartu! Orixka arpegia, masaillak nabar eta begipean itai antzeko, begiak illuntsu, oso illuntsu, illeak bakan, arratoiaren kolorekikoa esango. Aurrak, lenengoz ikusi zutenean, begi-aundi geratu ziran, arrizkoak zirala esango. Ziñesgogor zitzaien noski aurrez-aurre zeukaten emakumearen tankera. Aurren begiak ziñesgogortasunaren erakuspen ziran. Eta bat batean antxitxinketa bizian irten ziran etsaiak eraginda bezalaxe. Aur-gelara arte etziran gelditu. Iritxi ziranean algarari eraso zioten. Parraren-parrez ler-bearrean zegoan Ned. Bere itzak arnas-estukakoak ziran: «¡Ori dek sorgiña!»

        Gurasoen lenengo oarpena parririzkoa izan zan. Apari garaiean Turnbull'ek oar egin zion bere emazteari esanez. «Geroak esango digu, baña zaintzalle onen tajua etzait batere atsegin».

        Ustegabekoa izan zan aurrentzat Miss Whitmore'n itz-tankera. Onen abotsa zaztada bat zebelakoa izan zitzaien. Trumoi bat bezela irten bai zan eztarritik gizon-batekikoa balitz. Ustegabekoagoa izan zan ordea artu-emanetan asi ziran goiz artako goizeko amaiketan esan zuana:

        «¡Bota ortik liburu guzi oiek!» Eta trumoi antzeko abotsak oiartzun egin zuan gelako ormetan.

        Arrituta zeuden aurrak, emakumeari begirik kendu gabe. Mairen alde banata zeuden, muturik eta mugi ezinik. ¡Liburuak botatzeko alajaña! Begiak aundi-aundi egiñik, bata bestearen babesa nai zizuten aurrok.

        Mai buruan zegoan zaintzallea, Jantzia beltz. Geldi. Aurrei zineskaitz zitzaien ura guzia.

        «¡Tentel alenak!... ¡Liburu oiek botatzeko esan det! Ez aldezute entzun?»

        Poliki-poliki, zertan ari ziran ezjakin, bata bestearen gañean liburuak pillotzeari eraso zioten aurrak.

        Tximista bezela altxa zan zaintzallea. Aurrak atzekarakoa egin zizuten izuturik. Berebiziko bizkortasunez, mai-gañean zeuden liburuak eskuetaratu zituan, Aurren begiak emakumearengan josirik zeuden. Begizko-egiñak ziruditen. Zaintzalleak, banaka-banaka, su-leku itzalira bota zituan liburuak.

        «¡Orrelaxe!», esan zuan Miss Whitmore'k maia liburuz garbitu zizuanean.

        Bazirudien aurrak etzutela ezer entzun, etzutela ezer ulertu. Ikusi zutenaren ondoren arrituta zeuden, arrizko-egiñik, su itzalira begiak zijoazkielarik. Antxe baizeuden itxuragabe pillo-eginda liburu eta paperak. Ara ordea, bat-batean, maillua balitz erori zan mai-gañera zaintzallearen eskua...

        «Lo al zaudete?... Eta berriro trumoi izan zan Miss Whitmore'n abotsa. «Goazen kanpora». ¡Laxterka!» Eta arin eta bizkor ateruntz abiatu zan atea irikirik.

«¡Goazen!», agindu zuan txakurtxo batzuekin ari balitz.

        Aurrak atzetik jarrai zitzaizkion. «Kendu itzazue oiñetakoak!» agindu zuan berriro zaintzalleak.

        Berriro ustegabekoaren aurrean, ulerkaitz zitzaien aurrei aginduaren muiña. Oiñetara zijoazkien begiak. Gero, arrituta, alkarri begiratu zioten. Azkenik, zaintzallearenganuntz joan zitzaizkioten begiak. Erotzat artuko ote diardutenak nola, arduraz eta larri kendu zituzten oiñetakoak.

        «¡Ori da!», esan zuan zaintzalleak mutikoaren besoa askatzeke. «Nola egiten dizute dei? Ned?» Irripar antza artu zuten bere ezpañak. «Tentelkeriak! ¡Txakur bat baziña bezela! Zure izena Edward da: ¡Orain korri!» Eta atzetik balijoazkioke kiñua egin zien aurrei.

        Asieran ziaro bildurturik zebiltzan ibilli. Oin-orpoak min zeragien noski. Bereala ordea, motxal edo beorkumeak balira, korrikari ekin zioten eroaren eroz, adimena lausoturik bazeukaten ere, gorputza ondo olioturik zeukatela adierazi naiez balira bezela.

        Emakumea bakarrik geratu zan aurrak laxterketari eraso ziotenean. Alakoxe aldakuntza egin zan berean: margorik gabeko ezpañak astiro-astiro iriki ziran, begi-illuntsuetan argiaren dizdira egin zan. Par zeragin zaintzalleak... Bat batean ordean, lengora etorri zan, lengora etorri ziran zimur, begi eta ezpañak. Uroldea balitz irten zan berriro zaintzallearen abotsa: «Zatozte bereala!»

        Ezbear baten aurrean bezelaxe tinkatu ziran aurrak lurrean. Izerditsu zetozten. Zaintzalleak goitik bera negurtu zituan. «¡Zaudete ola oiñetakoak jarrigabe! Oiñak sendotu bearrean zerate....¡Eta orain sar gaitezen!»

        Atzetik jarrai zitzaizkion aurrak eskola-gelara. «¡Utzi or oñetakuok!», agindu zuan.

        Piano-gañean jarri zituan Ned'ek oinetakoak.

        «Eta orain», esan zuan zaintzalleak bere maiera zijoalarik, «ikasi dezuten guzia aztu bearrean zerate».

        Baño aurrak exeri-aurre, atea jo zuten emeki. Turnbull emazteaganuntz itzulirik mintzatu zan:

        «Oiñak zendotu bitarte on da aurrak oinutsik ibiltzea».

        Eta ber-exeri egin zan besterik gabe.

        Ned eta Miriam'en begiratuak bidean alkar jo zuten. Aurrak berak izan ezik, iñork etzizuan sumatuko begiratu artan irriparreren argi-izpia. Turnbull emaztea bere onetatik kanpora zegoan. Argiro irakurri ziteken bere arpegian izutasunaren ondorenak. Iñork atzetik zaztada bat egin balio bezela, bat batean itzuli, eta antxintxiketaka irten zan gela ixilletik.

        «Zertan uste dezu ari zirala gaur goizean aurrak eskola-gelan?» Galdera auxe egin zion bazkari garaiean Turnbull emazteak bere senarrari.

        Alakoxe kiñu bat egin zuan senarrak, «badakit nik bost» esan nai izan balu.

        «¡Oñutsik zebiltzan ibilli!... » esan zuan emazteak begiak aundi-aundi egiñik. «Eta Ned eta Miriam'en oiñetakoak piano gañean zeuden. Konturatzen altzera ondo? ¡Piano gañean alajañetan!»

        «Polita gauza», erantzun zion senarrak marmarizka.

        Beste erantzuna nai zizuan noski emazteak. Eta bere leloai iarrai zitzaion: «Utsa ori bakarrik izan bazan Zer uste dezu izan dala zaintzalleak aurrei esandakoa? Aurrak, zionez, ezluteke oiñetakorik erabili bear gogo-duten arteraño. Eta au dana ni ezertarako ezbanitz bezela. Entzun aldezu iñoiz orrelakorik?»

        «Dirudinez, bere itzura nabarmen dan bezela dira ikaragarrizkoak bere esaerak ere. Englanderri guzia zear ez dizute nere begiak emakume berdiñik ikusi».

        Turnbull emaztea etzan aserre. «Koitaduok!... ¡Nere aur kutunok!... ¡Laztanok! Zeñen triste zeuden!...Zergatik maite-mindu ote zan Miss Higginss?»

        Biotzeztitasuna etzan noiznaikoa Turnbull'enean. Alare goxoki erantzun zion bere emazteari: «Oraingoan orraatik lasaitu gindezke. Nere iritziz, ez da iñor gure zaintzalle berria dala-ta maite-miñik izango».

        Ez jakin zergatik. Agian aurrak urtedunak baño gozoagoak diralako, edo oroimenaren aala laburragoa dalako, eta ondoren bezela, giza-artu-emanetan ezikasiak izaki, ez jakin zergatik, baño auxe zan egi-utsa: astearen buruan, aurrekiko edozein zaintzalle baño begiragarriagoa zitzaien MissWhitmore Ned eta Miriam'eri. Ontzat artu zituzten bere zakarkeriak eta bere aginduak: alaxe etxe-aldaketakoa izan balitz edo gurasoak aienatu edo itzali balira.

        Berezko gauza zirudin. Eta alaxe izaki. Igarturik zan emakumeak, trumoi abotsekiko zaintzalleak, aurren eskola ordu guziak gañeztu zituan ordurarte ikasi zitutenari arpegi emanez. Mintzo errez eta garbi, aurrei ezagun zitzaizkien ikasbide guziak goikozberatu zituen. Eta nor bere baitan diran griñak azaltzen zizkien garbiro: neurri-gabeko aberastasun egarria eta abar. Egun batez, «urkoarenean lasto-izpia baño norberarenean aga ikusi bearratzaz» mintzo zitzaien. Eta guzien gañetik auxe marduldu nai izan zuan zaintzalleak aurren baita-barnetan: baditula bere arrixkuak ingelandar jaio izanak.

        Bizkorki jabetu ziran aurrak azkeneko au zela zaintzallearen gai kutunena. Gai onen bidez goxotu ziran ain zuzen ere ordurarteñoko itzminkorrak, eta gaiak berak zeramazkin eskutik portu onera. Goiz batez izan zan lenengo imintzioa: Miss Whitmore bere ikaskizunak eraldatze-zorian genuan noski. Imintzioa gai onexek sortu zizuan: Abenda-Goimallaren Ipuia.

        Zaintzalleak gisa onetara azaldu zizuan: «erri-alde zenbait besteak baño obeagoak diralako oiek, ergelkeri eta tentelkeriak dira». Ara ordea, aurrak arriturik ziralarik, mundua zear ingelendarra bezelakorik ez dala esan zuan. Au esan da bereala, altxa egin zan bere exerlekutik. Irten zan bai, eta liburu batekin sartu zan. Eskola garaiean Miss Whitmore'n eskuetan liburu bat ikustea arritzekoa zan. Ain zan arritzeko, ara Ned'eri liburuaren izena jakin-miña sortu.

        «Ederki dago ori, Edward», esan zion zaintzalleak. «Esan oi da, baño, jakinaia ez da gauza itxusia. Jakin-naia ederra da. Liburu au ere ederra da. Baño ez dut ekarri ederra dalako. Ez dut nai ere itzak ontzat artzea nereak diralako. Alaxe ere, ez dut uste besteak dijoazelako zoaztela eleizara. Nere bizi guzian ez da ezer berririk nere ezpañetatik irten. Au ere egia da. Ara ba, liburu onen egillea eta ni lagun aundiak gaituzutue. Orain dala berreun urte illa izanak ez du nai ezer esan. Nik esan dizuedan ber-bera esan zuan: mundu zabala zear ez dago ingelendarra bezelakorik. Etzazutela aztu. Ontaz gañera, zorion-utsez, sendi aberats eta indartsu baten altzoan jaio zerate. Lenengoa aztu errexagoa zaizute azkena baño. Auxe ver-bera dio nere lagunak».

        Burua goitu eta begiak itxirik, ixillik egon zan zaintzallea une batez, oroimenari zerbait galdezka bailitz. Gisa onetara jarrai zitzaion:

«Aintziñatiko sendi altsu; jaun izan ziran gurasoak eta jaun baitare semeak».

        Irikirik ziran orain MissWhitmore'ren begiak. «Goazen idaztera», esan zuan bat-batean. «Idatzi»...

«Roman - Saxon - Danish - Normal English. ¡Abendaren oñarri, abendaren sustrai!»

«Ederki dago», esan zuan. Nai aldezute nere laguna nor dan esaten? Ez, ez dizuet esango. Bere liburuetako baten izena esango dizuet.» Eta ikusi zezaten, liburu-azala erakutsi zien.

        «¡Robinson Crusoe!», esan zuten aur biok eztarri batez.

        «Zuei ere Defoe jauna ezagun zaizue ari danez», esan zien zaintzalleak.

        «¡Bai orixe!», esan zuen Miriam'ek.

        «¡Bai orixe!», egietsi zuan Ned'ek. «Higg... Miss Higginss'ek liburu ori zigun aukera igandetako lanketa bezela».

        «¡Lanketa! ¡Lankizun!», eta berriro trumoi ziran itzak zaintzallearen ezpañeta. «Jai-egun batek zer dizu berezi, zer dizu atsegin, lanketaz badatorkigu? Gero berriz, Man Friday'ren goraberak irakurtzea zertarako da on, bizi zeraten gisan eta ala bear izan ezkero arrautz pare bat prejitzeko gai ezbazerate?»

        Ned'eri par-algara irten zitzaion itxumustuka. Zainzalleak berriz galdera egin zion: «Zergatik dagizu par, zer dute nere itzak parregarri?» Eta bultzada bat emanez sukalderuntz eraman zizuan. Ned'eri parra zetorkion etorri eta aldi berean izu eta begi-aundi zan.

        «Tira!», esan zion, eta suaren aurrez-aurre jarri zuan. Sukaldariari zatagia eta arrautz pare bat egin zizkion eske. «¡Tira ba, asi! Antola itzatzu arrautzok».

        «Nik ba... ezin... ezdakit...»

        «Zuk ezin, ez jakin», esan zion MissWhitmore'k ixeka gorriz. Eta Edward'en begiak gero ta aundiago ziralarik, arrautzak antolatzeari ekin zion zaintzalleak Gero, bazkal-garaiean, beroiek jan zituzten.

        Eguardia zan. Aurrak berebiziko eztabaida zerabilkiten arrautzak zirala ta etzirala. Garai berean, aur aztarrenik somatu etziteken bazter batean zeuden gurasoak maiean exerita. «Bai aldakizu», esan zion Turnbull emazteak bere senarrai, «sukaldariak oraindik-orain zer esan didan?»

        «¡Badakit ba nik bost!»

        «Izugarria da. Sukaldean sartu da zaintzallea eta arrautz-prejiketari ekin dio».

        «¡Arrautz prejiteka...» Eta Turnbull jaunak izuaren izu patata erdia irentsi zizuan uste gabean. «¡Ero alena!»

        «Baño ez da ori okerrena. Arrastaka eraman ditu aurrak sukaldera prejiketa ikus zezaten. Negar-zorian Ned gizarajoa»...

        Mardul eta tinko irten ziran Turnbull jaunaren itzak: «Aurrak ez dute zer egiñik sukaldean».

        «Orixe bera esan dit sukaldariak ere. Gañera, eskola-garaia zan».

        «¡Erorik ez dut nai nerean!», esan zuan Turnbull jaunak. «¡Bereala irten bearrean da guretik. Gaur berean. ¡Bereala!»

        Aspaldidanik ez bezela, gauean, aurrak garbiketakoan igo zan Turnbull emaztea. Bakarrik, bakar-bakarrik arkitu zituan aurrak pake aundienean jolasean ziardutelarik.

        «Zer da au? Bakarrik?» Eta bere galderak epaillearekikoak iduri, alako par-irriz.

        «Garbiketakoan ez alda etortzen Miss Whitmore?»

        «Ez ba...» Aurrei pundamentu gabekoa zeritzaien galdera ura.

        «Baño ez alda iñoiz etortzen?»

        «Ez...»

        «Begira onera», asi zan ama. Itz oien esanerak zerbait bazizutela berezi eta, aurrak alakoxe begiratua aldatu zizuten alkarren arteko. «Urteetan aurrera zoazte bai....», baño amari itza nagi irtetzen, «gure artean garbiki mintza gindezkela nik uste... ara ba.. zer deritzaizue Miss Whitmore?»

        Ixiltasun aundiena zan erregin. Etzetorren iñundik soñurik. Ned'en begiak erdi-itxirik ziran. Aurrak, zerabilkiten jolasari berrekin zioten.

        «¡Ned! ¡Miriam!», ots egin zuan amak lurra ostikatuaz. «Galdera bat egin dizuet. Ez aldidazute entzun? ¡Utzi geroko jostaketak!»

        Burubera zegoan Miriam. Ned kopetillun. «Ona da», esan zuan arpegia eskuarekin estalirik. «Bai», esan zuan Miriam'ek aopean, «oso ona da».

        «Ederki dago», esan zuan amak bere poza estaltzeko. «Garbi asko dago zuen erantzuteko erak esan nai duana». Aurrei masaillean laztan egin eta «Gabon «esanaz irten zan.

        Urrengo eguna zan. Amaika-amaiketan eskolaratu ziran Ned eta Miriam. Miss Whitmore'ren exer-lekua utsik zegoan. «Aurreratuak gatoz nunbait», esan zuan Ned'ek. Kanpora irten ziran bere zai. Jolasari ekin zioten. Asarretu egin ziran berealako batean. Orma-kontra jarri zan Ned ao-zabalka. «Agian gaxo dago», esan zuan. «Berera nua badaezpada». Miriam jarrai zitzaion «baita ni ere» esanaz. Zaintzallearean gela-ate aurrera iritxi ziran. Bertan geratu ziran adi-adi. Alkarri begiratu zioten. Ned'ek emeki jo zuan atea. Erantzunik ez da, berriro jozuan. Bildurti, gorputzen bat arkituko edo, krixketari rau egin, eta atea zabal-zabalik geratu zan. Gela utsean leio itxiak zear, eguzkia zan etorri.

        Alkarri begira zioten ate-atean. Izuturik zeuden Ao-zabal. «Joana da «, esan zuen Ned'ek aopean. Miriam muturik zegoan.

        Atea itxi, eta norbait esna-erazteko bildur balira irten ziran ixil-ixilik.

        Itz bat gabe jeitxi eta ara onaka ibilli ziran. Eskolaratu eta emendik baratzera joan zitzaizkizun. Muturik zeuden. Kutun zitzaien zuaitzeraño iritxi ziran. Bein ere etzizuten bururik itzuli. Bakoitza bere aldetik, zuaitzarrera igo ziran...

«Koo...eee!»

        Txoriarena nola, alako karraxi bat entzun zan. Ama zan

        Baño aurrak mututurik ziarduten. Negar malkoz bustirik zizkitzuten arpegiak. Min zizuten, aurrak nola oi duten...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.