Orrilla-Lotazilla. 5-12'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Orrilla-Lotazilla. 5-12'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Gizonaren zorizkoa

 

Egaña'tar Gotzon

 

Robert Jungk'en «Etorkizuna asi da» deritzan zorizko-liburua arestian irakurria naiz. Gaiaren azalketa argia da, atsegiña, noizbeinka —jakintzaren azken aurrerapenak jalkitzen dituanean batez ere—, siniskaitz-keñuz bekañai goruntz eragiteko gai izanarren. Alaz ere, bildugarrizko benetasun-oñarri gabea danik ezin esan, kezka ta zirrara sortu arteraño bilbea egokiro askatzen bait digu idazleak.

        Liburu ontan, inpernutar antzezketa bai'litzakean, oraindar zibilizaziñoaren ekitaldi dardargarrienetara, soin ta gogoz egillearekin batera agertzen gera.

        Diorama batean bezelaxe, begien aurrez-aurre lerrokatzen dira, mamituak, egi biurtuak, gizonaren adimenak amets eziñen billaketan burutu dituan ezinkizun (?) eroenak, otzikaragarrienak.

        Lertxunkote dalako tokian, mardul eta luzeak, «ziziriko zuzenduak» ikusten ditugu. Ziziriko zuzendu oiek, 130 miletara goratzen dira, eguratsari gañartuaz, itzal eta otz-tegietaraño. Lurretik zuzenduak, eta lurtarrakin arremanetan etengabe, irtendako leku berberara itzultzen dira.

        Muoc Lake'n, Mojave lekaroan, egazkin azkarren irterara garamatzi idazleak. Egazkiñen ordualdiko abiadura 500 km.'tik gorakoa da, eta munduari bira-biraka lurrartu gabe, aidean irraidaka bi egun eta geiago egatu ditezkenak dira.

        Lertxunaga deritzan eskualdean, atomuaren uria ikusgarri zaigu, loro zurrun esiz gordea, gain batean ezarria, dorre goitiek inguratua. Ametsezko erria dirudi, erreflektorien begiek gabaz zaindua, guzia —egun argia dirudila—, argi zuriz bildua. Ta egun argiz, bertako bizilagunen betarte itunak ikustaturik, usnagarri zaigu burnarizko esi-barrutian ezkutatzen dan inpernu-izkillu baten bildur illuna.

        Emen, egilleak, Richland'eko aurrai, baita gizonai ere, konta oi zaien «Gizon zuria» izendatzen duan edestia jalkitzen digu. Antxiñako bildur-ipuien edeskera berria da, oraindar edeskera jatorra.

        «Gizon zuria», gai radiegikor zatia bere etxera eraman zuan gizon baten edeskun deitoragarria da. Gizon orrek, gai radiegikorraz bere sendiko guziak kutsarazi zituan. Guraso ta seme-alabak gaxotegiratuak bear izan zuten; soñeko ta errediak erre zizkieten; etxea ere suntsitu zieten. Ta adurkeriak, jaioterritik erauzi ta erbestera, urrutira, uxatu zituan etxe artako guziak. Auxen da «Gizon zuria» dalako edesketa.

        Araneta'n, egilleak atomu-bonba'ren lerketa ikustarazten digu; munduosteko ikusketa dirudi. Ango odeitzarraren edadura gaitza, berorren argi zurien eta itxukorra, eta ango eztanda ta dunbots dardargarriak! Guzia galtzea dijoakigula dirudi, lurra kizkurtzera, barrunatzera, ondoratzera.

        Beste kapitulu batean, lekaroan ondarperatutako gai atomutarren kondarraz mintzo zaigu. Kondar edo zaborkeri atomutar oiek, milla ta milla urtetan radiegimena galduko ez duten kondar radiegikorrak diranez, irratasunen erio-arrixkua etengabe berekin daramate. Ziñez, zati oiek, kondar oiek, inpernuko zatiak dira gure gaurko aro aurrendu onek etorkizun-gizonai utzita onakoxe oarraz: «Arrixku-tokia. Ez gero aurrera jo».

        Aruntzago, garai artako bizitzaren beste zenbait aspektu ikustaraztera garamatzi idazleak; ta Izadia derrioreztua ikusten degu, indarkatua, beartua, lauskitua; ta jakitarauzko bidez, beiaren ernaltze artifiziala ikusi ezezik, ollo-sortzea ere ikustarazten zaigu. «Garun elektroniku» dalakoaren gelgaiak begi aurretik pasarazten zaizkigu, eta euria eta elurra artifizialki eragiñak mara-mara lurreratzen ikusten degu. Gure artean oraindik errogatibak egin oi ditugu euri-eske; an, Ameriketa'n, bidezko dan diru zerbaiten bitartez, Krich jaunarenera joatea naikoa, bere jakite-bidez euria naiz elurra zelai egarrituetara erori dedin.

        Liburua itxi bezin laster gure aurreneko nabaipena zabalgarria da. Lokarrazi gaituan zoramen edo aztikeri batetik esna-berriak gerala deritzaigu; edo-ta urrutiko ludi batetik zear egindako bidaldi luzearen etxeratzea. Huxley'en mundu zoriontsua, egitazkoa biurtzen zaigu emen, eta idazlearen ikusketan bezin atsegiña da. Amets txar batean bezelaxe, or ageri zaizkigu ikaragarrizko makinak, almen ezagugabeko suak, billaketa larrienak, erotasunak.

        Olakoetan, joera irrikagarriena zelaietara iges-egitea da, mendietara igotzea, gizonetatik eta tramankuluetik urruntzea, eta baita «giza-makina» (homme-machine) diranetatik aldegitea ere, bizitzaldi ontan gizon eta makinak bat egitera datoz-eta; aize zabalean arnasartzea, zeru ta zuaitzak begiztatzea, eta aberak eta Jainkoa'ren izakiak Jainkoa'k egin zituan bezelaxe ikustea.

        Orañarteo oro irudimenez ikusi ondoren, gure burua gogarketa lasaiean asten da, mundu berri orrek eta beragandik ondoretu ditezken arrixkuak gure gogamenari auznar-gai ugaria damaiote-ta. Larritasunak artzen gaitu, antzematen bait diogu aipatutako guzia alboratzeko, guregandik aztantzeko egingo dana alperrekoa izango dalako, aurrera egin bearrak ezerk etengo ez dulako.

        Gogai onen azpian, munduarenn aurren egunetatik gizonari eragiten dion kezka kendu-ezin batek biotza ozkatzen dio, eta kezka orrexek egin-bidera bultzako dio zalantzarik iñor bai?, munduaren azken egunerarte.

        Kezka auxe zeraman Colon'ek bere oial-ontziekin urandi-zear itxasoratu zanean; izan ere, txikitandik ametsetan irudimenera zitzaizkion Indi miragarrietako irudi zorakorrak urduri jartzen zuten.

        Zorizko-zale guziak. Colon'ek izandako kezka ber-bera dute bultzagarri. Zorizko-lei orren azkureak eraginda urrutietara joan zitzaizkigun, lemaz, arpoiaz naiz gurutzez, gure eusko abendaren zenbait gizon bulartsu. Odolean darama gero euskaldunak itxasora-griña. Ta Amerikak arkitu ziranean, urre-zarparen billa euskaldunakin batera ainitz europar itxasoratu zizaizkigun urre orrexen dirdira zutela erakarle.

        Kezka auxe izan dute bultzagarri, aro ontan, Everest gallurrera eta ludi-buru izoztuetara joan zaizkigun gizon kementsuak. Everest gallurrak eta ardazpuruaren ikutu-naiak gizonik asko zoratu ditu eta amaika trajedi ere sortu dizkigute txango malkar oiek.

        Ardazpurura-ibilgoak eman digu une edo momentu aundi ta ugari: bañan zenbait uneren artean bat izan degu benetan aundia: Scott kapitanaren azken une aundikitar ura, oroz gain eder, ziñez gizon umanta baten une bikaña bere, azken mezua idazteari ekin zionean. Bere lagunak galduta, ludi-buru-buruan bere aberriaren ikurriña goratu ondoren, antxe dago bakar-bakarrik, lumari lotuta, ikurriña lagun uts, gu'ri lurtarroi burura eta biotzera zetorkionaz gutun xamurrena egiten. Une bikaña benetan!

        Bide orrek ondamendira garamala esan dezaka norbaitek; baita-erantzuten diet nik txepelai aurrera-zale diranen izenaz, aundietasunera eta ezilkortasunera ere. Nolanai ere, gizonaren asmo goitarra beti salbatzen da.

        Kezka auxe da (lurralde guziak ezagutu ondoren) goruntz, eguratsgaña'runtz gizona bultzatzen gaituana, ixilpekoak estalgetzera; kezka orrexek itxasoaren sakonetaraño eraman du gizona «gauza berriak» ikustera, itxas-sakongune itzalenen arkanuak azterkatzera, irudi mamutsu itxuragaitzekoak lo dagiten zulogunetara.

        Gizonaren ausartasunak ez du dagoaneko Erkul'en zutarri geiagorik. Gure giza-gogoaren ezin-egonak berritasun eta zorizkoetara bultzatzen gaitu. Zergatik ote? Gure giza-kezka edo ezin-egon orren azpian irrikitasun aundia estalirik daramagulako: zorizko-zaletasuna.

        Azken arkikunde aundien erotasunean, babel-dorre zarraren mitua berrizten dala dirudi. Zer besterik da ba, aruntzagoko joera ori, ito ezin degun irrika ori, gorago igo nai ori, gordegaillu guziak lortu-naia, gai-ez dan dorre berri bat eraikitzea baizik, ortziraño mail-mailka gure buruak jaso eta izar kiñulariak ikutu ote ditezken saioa baizik?

        Urrutizkiña, irratia, egazkiña, telekuskiña... ez ote ditugu ba zeruramaillik sendoetakoenak baizik?

        Bide ortatik, atomu-bonba arkitu degu, baita idrojenuarena, eta bonba almentsuagoak ere lortuko ditugulakoan gaude, ditekena baldin ba'da, eta ditekena ba'deritza.

        Eguratsari gaña artu diogu uste ez genduan goieratik, eta itxas bera burgildu gera joranez, iñoiz ezagutu ez diran sakonetara; altxor izkutuenak urrenez urren estalgetu ditugu eta estalge-bideak etzaizkigu itxi.

        Elezarrean bezela ondamendira ote goaz? Agian, ametsan ikus bezela gure salbaziora? Ixilkai auxe Jainkoa'rena da. Bañan aruntz edo onuntz, batera naiz bestera, nai ez degularik ere, ala bearrak eraginda, taigabe goaz. Salbatuko gera ala ondatuko gera, bañan alperrekoak dira gure aurrera-bidean gelditu nai gaituztenen oiuak, zoztorrak zein aundiak diran bide-erakusle antzo datozkigunen oarrak.

        Bearbada, kezka onen azpian lei ixil bat ezkutatzen da; agian, ainbeste lanen io-mugatzat zorionari besterik ez dio gizonak jarrai; ba'liteke auxe izatea bai, ondo-ondotik, munduaren aurren egunetik gizonari mugitzera eragiten dion bultzakada: zoriontasunaren billaketa, ots, pakearena, lekaroetako izpilluketa (!) bai litzakean, egarriaren ezegai litzaiguken ur-osiña eskurakoi edo eldu-laster degula irudituarren, beti igesi ta igesi dijoakiguna.

        Nolanai bañan, gure giza-izatea biurria da, egin-zale, asaldari, matxinzale. Degunaz, soin aldetik etsiarren, gogoak aurreruntz bultz egiten gaitu.

        Onenbestez, gaur artekoaz alegia, alki gera bai; alki izateak ordea, erosobera biurtu giñuzteke, eta erosotasun egonegiak errexkerietan itoko giñuzteke. Erosotasun geldoak, zabarregiak, gure gogo-kezka zapalduko ba'ligu, abere-maillan laister gure buruak narrasturik ikusiko genituzke.

        Gure izangoak aurrera eragiten digu. Erabakiz eta bipil ar dezagun ba aurrera-bidea, ortan datza-ta gure trajedi ta aunditasuna.

        Sormena arrotuaz eta adimena zorroztuaz, jakin-zaletasunak egoak emango dizkigu, dakigun eta ez dakigun bitarte illunaz gain, gizon geran aldetik, dagokigun mugarako egatu gaitezken.

        Babel-dorre zarraren kondar artean, naspil aundienean, guretzako gelditu zan zutik naiaren aunditasuna.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.