L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957. Orrila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Idazti Berriak—

 

Gure patroi aundia

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

I. N. Manzisidor. - Gure patroi aundia. Donostia 1956.

 

Oraingo ontan ez dizut esango zure liburua irakurri ez dudanik, ez orixe. Ordurik goxoenak eman ditut irakurtzen. Ez nolanai, sakonki baizik, orrialde bakoitzak darizkin eztiak ondo miazkatuz. Iñaki deunaren bizitzak irakurri izan ditut orain baiño len; asi Ribadeneira'netik eta Artetxek idazti zunaño. Bi oen artean Dudon, Astrain, Casanovas eta abar. Baita euskerazkoak ere; Apalategirena, Agirrerena eta batez ere Aita Kardaberaz euskaltzale porrokatuarena. Baña egia aitortu bear dizut, ozenki aitortu ere: ez al duzu nere aitor au geiegikeritzat ioko. Zurea bezelakorik bat ere ez dut irakurri. Zure liburutxoan beste guztietan baiño askoz ere geiago ikasi dut Iñaki deunari buruz, gaiñera, santu andi au, beste liburuetan baño ortzargi, eskurakoi ta adiskideago agertu zait. Euskeraz idatzita dagolako bear bada? Baliteke...

        Baña zuk alako giro atsegiña ezarri diozu zeure liburu arrigarri orri, eta ez da errex eskuartetik uzten bein irakurtzen asi ezkero. Orixe gertatu zait neri; asi nintzan eta ezin utzi. Are geiago. Bigarrenez irakurri nuen lenengoz baizen gartsuki ta zaleki. Egia zenion Iñaki deunaren bizita novela bat zala zenionean. eta zuk idatzi duzuna eleberri ernegarriena bezin atzarri irakurri dut.

        Benetan arrigarria darabilzun izkera. Ez duzu malkarrik arkitzen euskal-bidean. Ori etorria! Ori egokitasuna. Eta guzia, erritik ertetzeke. Ikasbide ederra euskera zarpail eta gogor bat darabilgunontzat, niretzat batez ere. Ara! inbiriz erretzen nengoen zure jario ozkirria asto egarberak errekako ura baiño gogozago edaten nuenean! Nork lemakit gure Mantxi'ren errextasuna... eta Euskalerri dana liburu miragarriz beteko nuke!

        Doai andiak dituzu historirako. Zergatik ez duzu idazten Xabier'en bizitza eder bat? Orra gogoz eskatzen dizudana. Ondo dakit, orain, urte guziko santuen bizitzakin lo ta ke ari zera la lanean, baita lenengo iru-illabeteetakoak irarkolaratu dituzula ere! Lan ederra ari duzuna, eta ori neonek dakit iñork baiño obeto.

        Ez utzi zeure euskal-luma iator ori erdoitzen, ez iñola ere. Ondo ezagutzen ditut euskal-idazleen naigabeak, samiñaldiak. Ala bakarrean ari bearra... garratza da gero. Gure lanari bizpai ru txorok baizik ez diote gorarik ematen... Ceienak bertan bera uzten dute... Samiña benetan idazle batentzat batez ere asko or ikusten ditugunean erderazko liburu iñozoenak ere atergabe goraipatzen. Ez dago ortarako eskubiderik.

        Ziur ziur nago zure liburuak arrerarik onena izango duela gure Euskalerri maitean bear bezelako propaganda egiten baldin badiozu. Eta merezi du. Euskal txoko guztietan sartu bear luke, eta ala gertatuko dala nik uste. Argi erakutsi duzu gure izkera ere zerbaiterako badala. Arrokeri gabe, xaloki ta apalki, santuetzaz ari geranean bear dan bezela. Gure Patroi Aundiaren bizitza iñork ez bezela nabarmendu duzu, izkera arroetan ari diranak baiño bikainkiago, egiazkiago, iatorkiago.

        Ayalde'k ere ar bitza gure goresmenak bere irudi xotillen alderako eragin duen irar-lan txukunaren esker onerako.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.