L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957. Uztaila-Daguenila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Euskaldunen abotsa

Aita Arbelbideri («Bizkai-xipi») elkarrizketa

 

Tx.

 

Ona emen gaur «Bizkai-xipi».

        «Euzko-Gogoa»-ren irakurleak ez dute bearbada ezagutzen. Baña «Herria» eta «Gazte» Baiona'ko aldizkariak irakurri oi dituztenak bai, noski.

        «Bizkai-xipi» au, benaparra bera, apaiz gazte bat dugu. Euskaltzalea, orain soldadutza egiten ari da Arjelia'n. Berakin izandako alkarrizketa au mamitsu ote den zerok ikusiko duzute. Gure ustez beñipein oso irakurgarria da.

        Berak egindako euskeraz aldaratuko ditugu bere erantzunak, jatorrak baitira oso bere esaera asko.

        Jaso bitza ortaz Aita Arbelbide'k gure eskerrik beroenak, eta onuragarri izan bekigu guzioi bere solasa.

 

        — Adizu, Aita Arbelbide: Noizdanik zaude soldadu?

        — Emezortzi hillabete soldado naizela: hamalau Alemania'n eta lau Afrika'n. Mendixka baten gainean gira, oihalezko etxetan, alanbre xixtrodunez itzulikatiak.

        Bospasei kilometretan itsasoa ageri, alde guzietarik mendiak, bakantzen (1) iragaiteko asma ditaken xokorik ederrena, euriak kizkildu belhar horiek pherdatuko dituelarik... Ez ba giña hiri hurbillenetik 50 kilometretan, bide tzar horietan ez balitz tiro edo mina zonbaiten kausitzeko hirriskurik, kurriera (2) astian bi edo hiruetan baino usuxago iragaiten ba litz...

        — Beraz, apaiza izan arren, soldadutza egin bear izan duzu, eta Arjelia'ra joan beste guziakin batera. Ez da ala?

        — Frantzia'n, ango herri zonbaitetako gisa, apezek soldadogoa egiten dute. Beljika'n errizain dira oro, ofizio hori jende hiltzea baino hobeki akometatzen delakoan apezgoarekin. Frantzia'n aldiz, apez ala ez, oro berdin. Apezgaitegietan mundu zabaletik arrunt behex bizi gira. Hemen gizonak, on eta tzar, diren bezela ikusten ditugu, heiekin eta heiek bezela bizi, heiekin solastatzen, elgar ezagutzen dugu, apeztegietan egonez in (3) ahal ez litakena, jende anhitzek ez baitute apezik ikusten komunione eta ehortziaren (4) artean, ezkontzeko baizik.. Soldadogoa dela kari (5), gure aprendizgoa egiten dugu. Hemen ez da aumonierik (6) eta beraz mezarik, bi hillabetetarik behin baizik izaiten; giristinoendako ez baita goxo, are gutiago apezgaiendako.

        Bañan erran zaharrak diona: «Deustako ez denik ez da».

        Igande guziz multxo bat elgarretaratzen gira, apezgaia othoitzen eta kantien gidari. Denbora berean ikusten dugu, apezgeitegika barne bero eta goxo hartarik jali ta zer balio dugun. Zonbait apezgeiek gibelerat egiten dute; bañan orai egiten dutena, ez lezaketea (7) gero egin?

        Oro untsa behatu ta ni beldur, soldadogoak ongi egiten daukula, eta hari esker, Españiako apezgeiek baino zerbait gehiago badugula.

        — Eta, zer moduz Arjelia alde ortan?

        — Aljeria'ko gudu hau, lehen-bai-lehen bururatu behar litakena, ala hemengo jendearentzat. Gaixuek, guk baino atsegabe gehiago badute: frantsesen alde diren ber, fellaghek kontra dituzte; fellaghen alde diren ber, frantsesak kontra.

        Ala Frantziarentzat, moltsa arintzen baino gehiago baita, gaztek beren biziko bi urterik ederrenak hemen galtzen baitituzte, bizia ez delarik.

        Ba ginaki zer ari giran, paso. Hunarat igorri gaituztenek berek ez dakite naski. Ala kaseta (8), ala mintzaldietan, oihutan dute bakea dutela nahi, bainan gerlaren kontra hatxemaiten duten erremedio bakarra, gerla. Hiru urte hautan ez dute urhats bat gehio egin, eta nahi ere ez duten nago, urri huntan hoin polliki erakutsi duten bezela. Bide hau segituz, orai bezeribat soldado beharko da hamar urteren burian... moltsak baimena emaiten ba du.

        — Eta soldadutza bukatuta, zer asmo dituzu? Euskalerrira itzuliko zera, ala beste toki batetara?

        — Soldadogoaren ondotik ene eskolak behar ditut bururatu. Gero Afrika mendibalderat banoa, misionist gisa. Ehun jendetarik sei edo zazpi giristino baino gehiago ez da han. Hemen apez eskasaz deitoratzen baitira, zer erran behar ginuke han? Frantses Eskual-Herria bezelako eremu batentzat misionist bat baizik ez da, 30.000 arima haren gain, eta hetarik 1.500 girichtino, Eskual Herrikoak bezen kartsiak (9)... edo, orotan barreatiak, 120 apez beltz baizik ez da (direla 50 urte, girixtino bat ez zen), eta haotan 3 apezpiku.

        Lan haundiena haurretan dugu egiten, eskolak idikiz: ehunetarik 15 bat baino gehiago ez da eskolan ibiltzen. Misionestek ehun inahalak (10) egiten dituzte, jenderi ohidura tzarren galarazteko (onak ere badituzte frango beharrik); bertzaldetik, gorramendiak senharreri («allocations familiales») laguntzak emaiten ditu, haurtak izan diten ama baten edo lauren seme.

        Lehen mozkortzea ezagutzen ez zuten lekietan, milaka eta milaka uzten ditu edari pintak saltzeat —arraza batzu kasik suntsitiak dira hola—. Lehen untsa atxikiak ziren jendetan uzten ditu filma eta agerkari lizunenak hedatzera: hirietako karriketan putak kurutzatzen dira orai, Marsella'n edo Bordele'n bezela bezela. Hori arzondetzea (11) deitzen omen da.

        — Zein da zuretzako buru-austerik aundiena? Zerk estutzen zaitu geienik?

        — Ene buru hausterik haundiena? Mundu guzia hobeki ezagutzea, eta jenden bihotzetan besten griña jauz-araztea (12). Iondone Paulo'k zion: «Paganoek Jesukrixto nola maita lezakete, ezagutzen ez ba dute?» Guk, aneiak ditugun gizonek, nola maita, Jesukrixto'k galdegin bezela, ezagutzen ez ba ditugu? Jende xehea (larriaren gisa) bere xokoño hartan sobera goxatzen da, auzoen axola haundirik gabe.

        Zenbat dira ez dakitenak edozoin hiritan kontserbuko boitaz (13) egin etxoletan bizi direla familia batzu, beste teilaturik ez diotelakoan hatxeman? Zonbatek ez dituzte jateko soberakinak botatzen, munduko hiru gizonetarik biek asetzekorik ez dutela jakin gabe. (Kalkutta hiriko karriketan, goiz guziz orgetan biltzen dituzte gauaz goseak hil jenden gorputzak!)

        Zonbatek ez dute ahanzten (14) aantxu gizonen erdiak husuen aztaparren pean bizi direla? Zonbat frantses ez da Algeria'ko gerlaren beha egon, Aljeria bat bazela jakiteko? Apezetan beretan zonbat dira orhoitzen Jesukrixto'ren manuz mundu guzia duela konbertitu behar, eta ez lehenik Europa eta han soberakin diren apezekin, gañeratiko gizonak? Gauza horiek dakizkitenetan, zonbat ez da jakin ez ba lezazkite bezela bizi?

        — Oso ondo iruditzen zaigu esan duzun guzia, eta zure kezka oiek txalotzen ditugu.

Igaro gaitezen orain beste puntu batera.

        Heleta, zure jaioterria alegia, Benabarre'ko erri bat da. Zer moduz dago ura? Nola ikusten duzu Benabarre lurraldea? Euskeraz mintzatzen al dira ango gazteak? Elizan, zinean, eskolan batez ere, euskeraz egiten da, ala frantsesez? Maite al dute zure errikideak euskera? Itz batean esateko, nola dago euskaltasuna Benabarre'n?

        — Bai. Mundu zabaletik jauts giten (15) Euskal Herrira (nahiz Eskualdunak mundu guzian zabaldiak diren...).

        Ene iduriko, Eskual Herriko xokorik eskualdunena, mugaz hunaindian hasteko, Baxenabarre. Exkerretik Lapurdi itsaso bazterreko hiriek eta udatiarrek kotsatia; eskuinetik Xiberoa, kaskointzen ari.

        Arte hortan, gazte ala zahar orok eskuara jakin eta mintzatzen.

        Elizan, katixima, prediku, eta kantu, oro eskuaraz. Frantximentak badiren hiri ttipietan (Azparne, Sempere, Doniane Garazin...) meza bat egiten dute igandetan, eskuara ez dakitenendako.

        Bada ooino egiteko: bezperak latinez, Belloke'ko beneditanoek eskuarara itzuliak dituztelarik. Meza ixillen ondoko othoitzak latinez anhitz lekutan. Baiona'n, Miarritze'n, Angelu'n, badira eskualdunak (Hazparne'n, Doniane'n, Senpere'n frantximentak bezela) eskuara maite eta mintzatzen, othoitzen eskuaraz iteko usaia, heiendako misioneak egin dituztelarik erakutsi duten bezela; hiri horietan, zerengatik ez da heiendako, baserrietan bezelako meza bat edo beste?

        Haurrek erdara aise ibiltzen dutela ohartia naiz. Erran behar da egun guzian erdara behar dutela mintzatu eskolan (baditake heien adinean, heiek iduria nintzan, gero dutala erdera bazterrera utzi Eskualdunekin). Alainan, Eskoletako atea eskuararentzat hetsia da. Eskola libro gehienetan urtean oren zonbaitez ikasten dute, bañan hurbiltzekorik ere ez behar denik.

        Gehiago libertate behar ginuke, eta gehiago galdegin aintzin dugun poxi hura untsa baliatu (aste guziez oren bat et'erdiz errientek haurrer ikasten ahal dituzte beren herriko ixtorio eta mintzairea). Zonbatek baliatzen dute lege hori? «Herria» bezelako astekarien lana eskualduneri beren dretxoen ezagutaraztea, dretxo horier dohazkon eginbideak orhoit-araztea (dretxoen ahal bezenbat baliatzea).

        Eskual zinemarik ez da, Charles Iriart'ek Ameriketako eskualdunekin eta Madré jeneralak Eskual Herrian egin «documentaire»etaz kanpo. Batez bestea, ez ditut ikusi ahal izan ooino.

        Irratian, Españan baino gibelago gira ooino, Frantzia'k libertatearen fama ukanagatik. Deuru fitsik ez da! Monte Ulia'n ditugun txixtu aire eta eskualdun kantiak entzuten.

        Beste gauza bat aipatuko dautzut: biltzarrak, gero ta gehio arrakasta baitute. Eskualtzaleena ezagutzen dukezu: gero ta haundiago bilakatzen (16) ari da: aurten, Heletan, 800 bat bazkaltiar baziren, ene iduriko sobera. Behar luzke orai lau uma in, bat probintzia bakarrean, eta laugarren, biltzar ttipien buruzagien elgarretaratzeko.

        Bestalde, badira «Enbata» ixtudianten batasunarena, pilotariena.

        — Zein da, zure ustez, gaur euskerak duen eragozpen, koxka edo trabarik aundiena?

        — Bi trabarik haundienak, ene iduriko, muga, eta legearen sahetsean izaitea; legearen kontra aritzea, goseak hiltzera kondenatia bezela baita. Beste mintzairen gisa, berenaz azkartzeko orde, eskoletan ikasia izanez, beste mintzaixekin gudukatuz behar du bere hein (17) hartan egon. Haurrek ttipitik, erdaraz ikasten dute, erdaraz ixkiriatzen, nahi-t-ez heien gogoak erdararen itzulia hartzen du.

        Gero baizik ez da eskuara erdararen heinerat iragaiten, gaztek erdaraz egiten duten lana, beren baitarik eskuaraz eginez; lan dorpea, jende guziek egin ez diotena. Gazteri, lan hortan elgarrekin laguntzen artzeko orde, elgarren ondoan ari gira, mugaz bi aldetan; nahiz direla zonbait urte baino hobeki, elgar ezagutzen dugun.

        — Oni buruz, zer deritzazu euskaltzaleen joerari? Bide onetik, goaz, ala txarretik? Zergatik ala?

        — Bide onetik goanez (18) geroak erranen. Zerbait egiten dugu. Zerbait hobeki egin nahiko duenarentzat, deustarik abiatzea baino erretxago izanen da.

        Beharrena, gazteak beren eskualdungo (19) hori beiratu, beren eskualdungoaz ohart-araztea, eskualdungo hori azkartu behar dutela konpreni-araztea. Ala iantzari, ala kantari batasun, ala eskualtzaleen, ala pilotarien biltzar, ala pertsulari, ala antzoki (20) zoin-gehiagoka (negu guziez, herri gehienetan, igande bat edo bestez antzokia egiten da eskuaraz), ala Parise'ko, ala Baiona'ko eskualdunen etxe, hortako zauzkit denak on, denek bi gauza horiek egiten baitituzte.

        — Ezaguna al da Benabarre'n «Euzko Gogoa»?

        — «Euzko Gogoa»ren hedadura (21) batere ez dut ezagutzen, ni soldado joan ezkeroz agertia baita. Nihaurek (22) ukaiten dut, eta bi estakuru (23) hatxemaiten dazkot: lehena, irakur-dorpea, kasik burutik buru horgo eskuaraz; hitz eta esanbide anhitz ez ditugu ezagutzen; horrengatik ditut untsa baliatzen «O. ta O.»ren euskera, Mendiola Imanol'en Abere-Itz-eta. Behar litake Axular'ek «Gero» liburian erakutsi bidea segitu.

        Bigarren estakuria: sobera jakitatekari da, ez aski berriketari. Ene iduriko, behar luzke bi parte: bat eskual jakitatearen hazteko, bestea mundu guziko eskualdun eta erdaldunen ideiak, obra, eta korropilloen berri emaiteko.

        — Eta «Herria»?

        — «Herria» astekaria polliki hedatia da Eskual Herrian; gehiago iteko lekia ere bai. Iaz rapelatiak izan zirelarik (24), Eskual Herriko gazteriaren buruzagiak, galdegin zuen Aljeria'ko laguneri «Herria» igortzea. Dei hori, herri zonbaitek entzun zuten, ez denak hurbiltzekorik ere: hemen bagira 10 eskualdun, 8 herrietarik; biek dute «Herria» ukaiten, zortziek irakurtzen.

        Bertzalde, herri horietarik zonbaitek ez dute Frantzia'ko eta Alemania'ko soldadueri igortzen (soldaduen erdiak). Domaia da (25), hemen «Herria»ren irakurtzeko usaia hartuko dutenek ez baitute etxerata galduko.

        Eskuaraz irakurtzea bat da, eta ixkiriatzea beste bat: soldadoek ardura igortzen dituzte pertsu edo beren xokoko berri. Etxerata ez othe dute bide bera segituko?

        Herriak unezaz bestaldeko berri zonbait emaiten ditu, ez aski; dudarik gabe hor ez delakoan hemen bezen hedatia. Alta, elgarren berri jakinez, elgar hobeki ezagut genezake, eta elgarri atxikiago izan.

        Aipatzen ez duzun hilabetekari bat bada: «Gazte». Eskualdun gazteriaren kaseta; kasik dena gaztek berek egina. «Herria» baino hedatiago. Ez gehiago saltzen delakoan, ez; bainan «Herria»k eskualdun andana bat baizik hunkitzen ez duelarik, «Gazte» gazte gehienen eskuetara heltzen baita.

        Eta au esanda, «Bizkaixipi» utzi dugu gaurkoz, geiago mintzatzeko gogo biziz beterik.

        Berriz arte, ba. Olako napar jatorrak nai guk, alajainkoa!

 

 

(1) Bakantza, bakazioa, oporraldia.

(2) Kurriera, korreoa.

(3) In, egin.

(4) Ehortzi, lur-eman, lurperatu.

(5) Kari, bide, zio, causa alegia.

(6) Aumonier, apaiz.

(7) Lezaketea, lezakete ala?

(8) Kaseta, aldizkaria.

(9) Kartsi, gartsu, kementsu.

(10) Inahalak, egiñalak.

(11) Arzondetzea, zibilizazioa.

(12) Besten griña, bestearenganako maitetasuna, lagun-urkoarekiko amodioa.

(13) Kontserbuko boitaz, kontserbako boteez, alegia.

(14) Ahantzi, aaztu.

(15) Jauts gite, jetxi gaitezen.

(16) Bilakatu, biurtu.

(17) Hein; egoera.

(18) Goanez, goazentz alegia, ots, bide onetik ote goazen ala ez.

(19) Eskualdungo, euskaltasun.

(20) Antzoki, antzerki, teatroa.

(21) Hedadura, zabaltze, banatze, difusioa.

(22) Nihaurek, neronek.

(23) Estakuru, eragozpen, koska.

(24) Rapelatia, berriz soldadutzara deitu dituztenak, «rappelés».

(25) Domaia, tamala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.