L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1959. Epaila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Azkoiti'ko Zalduntxoak eta Pablo Olabide-Jauregi, Europa'ko kultur-edatzalle

 

Zelai

 

Esan oi da, egiazki, gizona, pentsamentuari gagozkiola, bizi dun giroak mamitzen dula, edo-ta bere bizi-mugak darion giroaren emari dela.

        Gogoeta, oldozkuna edo pentsamentua, nolanai esan baidezakegu euskeraz, etengabeko evoluziño bat da gizonaren baitan eta zer esanik ez belaunez-belaun taigabe berritzen ari zaigun gizadian. Eztugu asko atzera jo bear euskaldunok, ezbear guzien gaindi, gutarteko oldozkunaren aldaketari igarri ahal izateko. Sarritan, ni neu, arrituta gelditu izan naiz gure Euskalerria'n giza-bulkoak egin duten aldakuntzaz irurogeitamar urte auetan...

        Orra ba; ene ustez, naiz-ta beste tankera batean, eintsu ontakoxe bulko aldakuntza nabaitu zen Euskalerria'n aintzineko belaunaldiei buruzki, Azkoiti'ko Zaldunduntxoak irazandako «Sociedad Bascongada»ren eragiñari bearrik.

        Gizon artega eta eragilleok, Europa'n eta batez ere Frantzia'n xurgatutako bulko, kontzeptu eta aurrerakuntza berriak alda zituzten Euskalerri'ra eta ezpai gabe, ideia berri eta aurre ramin onek lur on eta emankorra billakatu zizuten gure Errian, Eusko Lagunartearen azitzeak eta eragintasunak aditzera ematen digutenez.

        Bulko berriok Euskal-lurretan barna edatzeak eztu esan nai, ots! Azkoiti'ko Zalduntxoak eta «Sociedad Bascongada»ko bazkideak katoliku ortodoxia bidetik saiestu ziranik Frantzia'ko Enziklopedizaliei jarraiki. Aitzitik, Eliz-katoliku alorraren esi barruan iraunik, Europa'ko kultura, jakintza, aurrerakuntza eta bulko-zabaltasuna aundietsi zuten soilki eta beroiek Euskalerria'n erein eta sustraitzea artu zuten elburutzat.

        Azkoiti'ko Zalduntxoen eta «Sociedad Bascongada»ren heterodoxi kutsapen usaia edo edamena, Menendez y Pelayo'k bere «Historia de los heterodoxos españoles»en idatzi zunetik datorkigu baitik bat. Alabaiña, Julio Urkijo'k egoki diñonez, Santandertar idazlariak etzitun albisteak ubegitik xurga ahal izan bere iritziak euskarri sendorik zezaten eta sarritan ur arretik edan ere zizun. Bere salakuntzak, maiz aski, irudimena edo naimena dute eustarri eta batzutan, egi-zurrean ibilli ote zen ere zalantzagarri da.

        Ene ustez, «Heterodoxos»en egilleak, euskaldunen aurkako erraz, makurkeriz edo biotz kaxkarkeri zerbaitez beñepein idatzi zizun, bere idatz-giroan aixa soma litekenez, eta bere jakintasun eta zuzen ospearen edamena «Sociedad Bascongada»rentzat eta Azkoitiar Zalduntxoentzat oso kaltegarri izan da. Nire esanak arin-zurrean egiñiko iritzi ez ditzazuten, Urkijo'k idatzitako lerruok aldatuko dizkitzutet itzez-itz: «Eusko-Lagunarteari buruzki Menendez y Pelayo'k egin zizun irizpideaz (1), biotzez-biotz aitor dezagun, bere idatz-giroa arbuiagarri dela eta bere adierazpenak objetivu-barrutin etsi-eziñik, alderdikeriak berotuak» (2).

        Ontaraiño eldu geran ezkeroz, azaldu ditzagun Azkoitiar Zalduntxoen izenak eta izanak eta bidenabar beren ekintza goreskarria «Sociedad Bascongada de Amigos del Pais» zeritzan Lagunartearen bitartez eta utz dezagun gerora aztertzeko Peñaflorida Kondeari jaurtitzen dizkion errankizun egarin eta biurri xamar batzuk katoliku ortodoxiari buruz.

        «Azkoiti'ko irukotea», deitu zien Aita Isla'k gure «zalduntxoai», Peñaflorida'ko Kondeari, Narros'ko Markesari eta Manuel Inazio Altuna'ri alegia. Iru gizon auetaz gaiñez-gain eta labur-zur mintzatuko gaituzu beren ezaungarririk bereizienak aditzera emanaz pintzel-eragin bizi eta giartsuz diardun margolariaren antzo, Europa'ko kultura Euskalerria'n edatzeko egin zuten alegiña eta beronek ekar zizun zitu naroa arturik soilki jomugatzat.

        Xabier Mari Munibe eta Idiakaitz, Peñaflorida'ko Kondea, «Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais»en bizi-emaille eta eragillea Azkoiti'n jaio zen l729'gn. urteko Urrillaren 23'an.

        Aurreneko ikaskuntzak bere jaioterrian egin ondoren, aldi artako euskaldun aundiki askok oi zutenez, Frantzi'ra jo zizun ikaskizunak edatzera ta sakontzera eta Toulouse'ko jesulagunen ikastetxe batean matematikak eta fasika experimental deritzana ikasi zun. Baiñan, Orhi'ko txoriak bezala, Izarraitz'peko gazte leñargiak bere jaioterrian zizun atsegin eta berriro Azkoiti'ra itzulirik, alkatetza, ezkontza eta diputadutza lerro-lerro datoz bere bizian zear.

        Zientzi-ikaskizunaz gaiñera, Peñaflorida'k, literatura eta musika arras maite zitun. Eder-lan oetarako zizun beroa, teatrurako idatzirik utzi zizkigun komediak darakuskigute. Euretako bat, «El Borracho burlado» izenarekin euskeraz eta erderaz emana euskal-ikaskuntzazaleoi txit ezaguna zaigu.

        Baiñan, musikadun literatur saio auek etziran, iñolaz ere, Peñaflorida'ren ekintzarik nagusienak eta garaienak... Besterik zizun elburu nagusi eta gallen gure kondeak. Alegia, Auñamendi'z beitiko jendearen ez-jakiñaz eta atzerapenaz oarturik, Frantzia'n nabaitu zun jakintza egarri eta aurrerapena opa izan zion gogo sutsuz Euskalerri zanari eta etzanari. Orduntxe asi zen ernetzen bere buru artegan, gerora «Sociedad Bascongada» izango zenaren jakintza-lagungo baten irazan bearra (3).

        «Orra, gure Lagunartea, Españia'n gerora sortuko ziran gixakoen aintzindari. Ba-zizun euren egitasmoak alor zabalik diruzaitza edo ekonomiaz gain nun ari. Adibidez, zientzi doiak eta fisikari, kimikari eta naturari dagozkionak. Teorizko eta jardunezko ikaskuntza egingai bikain bat ere tajutu zuten sarkaldeko Euskalerria'ri buruz antolatua (4)».

        Peñaflorida'ko Konde bizkorraren eragiñari eskerrak irazan zen 1764'gn. urteko Eguberri bezperan «Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais» zeritzan eusko-lagunartea. Bazkun onen jomuga edo elburua zein zen ikusteko, aski dugu bere arauditan lenengoa itzez-itz aldatu.

        «Lagunarte onen elburutzat oetxek ditugu: Zientzi, Eleder eta Ederti orotarako euskaldun-erriaren joera eta griña landu; bere oiturak zuzendu eta legundu; alperkeria, jakiñeza eta bere ondoren gaiztoak uxatu eta Araba, Bizkaia ta Gipuzkoa euskoerrialdeen lokarriak estuagotu (5).»

        Asmo auek elburutzat arturik, gure Lagunarteak gogor ekin zion lanari eta denbora asko baiño len nabaitu ahal izan zen Euskalerri'ko langintzak artu zuten bultzakada eta astiñaldia. Esan diteke, gezur bildurrik gabe, nekazaritza, industria, salerosketa eta jakintza gaietako ikaskizunen bitartez, Euskalerria'ren bizi-tankera ziaro eraberritu zela

        Eusko-Lagunartearen arikizun eta lanak xeheki eman nai ba'genitza, liburu bat mamitzeko gai ba genduke eta gure lanaren asmoa ezta Lagunarte ontaz mintzatzea, bera irazan zuten zalduntxoaz baizik. Esan ditugunak ordea, bearrezkoak ziran, Peñaflorida eta Euskal-Lagunartea gorputz batean ezur eta mami bezala baitira. Beraz, Peñaflorida eta gaiñerako zalduntxoen nortasuna sakonki ezagutu nai dezanak, bearrezko du eusko lagunartearen asmo ta lanak ezagutzea, Azkoiti'ko zalduntxoak eta batez ere Peñaflorida izan baigenitun Lagunarte onen arnasemalleak.

        Alabaiña, Lagunartearen arikizunaz ideia xeheago bat jaso dezagun, erakusgarri antzo, Serapio Muxika'ren itz labur baiño esakor batzuk alda nai nituzke oraindik, Gipuzkoa'ko kronista izanak nekazaritzaz diñoguna esan baiditeke beste arikizunaz ere.

        «Gure nekazaritza lengo oitura zaharretatik atera zen, lur lantzeak obetu zitun, saio lurraldeak zabaldu nekazaritzako makina berriak erakarriz eta industriak sor-eraziz. Adibidez, gaztagintza, gurin-egintza, seda-langintza, artille-langintza, eultz-langintza et. ab... baiñan, Lagunartea suntsitzean, oldar-eragin au galdu zen, Askatasun-gudua sortzearekin, joan den eunki asieran eta giputz-nekazaritzaren aurrerakuntza etenda gelditu zen (6).»

        «Sociedad Bascongada»ren jakintza-giroaz jabetu gaitezen, ongarri izango zaigu noski, labur-zurrean J. Aralar'ek idatzitako lerro giartsu auek aldatzea:

        «Zaldun aien artean, ba-ziran ixtori-lanketari onuraz ekin ziotenak. Alaxen, Landazuri eta Prestamero. Europa'n ospe eta ezaumen zuten irakasleak, alaxen Elhuyar eta Chavamoux; elederzaleak, Munibe, Narros, Mugartegi, Erro, Samaniego; españar akademitako bazkideak, Santibañez eta lenago aipatutako Prestamero eta Landazuri berberak; arrotz-izkuntz jabeak, itzulketari eta adierazlari izateko gaituak, euskaltzaleak, urte luzeetan ikaskizun bereizitan jardundako katedratikuak, akademi tituludun diploma-jabeak, kanonistak, guda-gizonak, Lardizabal'en tankerako politikuak, arrotz bazkide sonatuak, Ruelle, Aita Almeyda ta alako, liburutegi jabeak et. ab. (7).»

        Bidezkoa zaigu jakiñerazten, gure Eusko-Lagunarteak, bere asmo ta lanak aurrera eramateko, amaika urtez sortu-geroztik, au da, 1776'gn. urtean, irazan zula «Real Seminario de Vergara» deitu zioten ikastetxea. Au dala-ta, Peñaflorida beartua arkitu zen bere egoitza Azkoiti'tik Bergara'ra aldatzea.

        Egarin eta laburzur, «Sociedad Bascongada»ren berri eman dugun ezkeroz, ekin dezaiogun orain Menendez y Pelayo'rekin etenda utzi dugun auziari eta irakurleak juzga beza «Heterodoxos»en egillea zuhur jokatzen den ala zentzu-urriz Peñaflorida'z eta eusko-lagunarteaz egiten dun epaikizunean.

        Menendez y Pelayo'k etzun ezagutzen, nunbait, Munibe'ren katolikotasun osotasuna, sinismen gartsua eta jaieraz apainduriko bizi zuzena (8), gaiñerakoan ezpaidut uste ausartuko litzakenik, Azkoitiar seme leñargiak «Los aldeanos críticos»en idatzitakoak (eta bere aldakizunean kondeak idatzi bezala errespeta ba'lu gaitz erdi) «laicas y anticlericales animosidades» (9) irizten. Urkixo'k, Azkoiti'ko Zalduntxoak eta «Sociedad Bascongada» aldeztuz idatzi zigun liburu zoragarrian, Menendez y Pelayo'k Peñalorida'ren «Los aldeanos críticos»etik aldatutako lerroai buruz onela diño:

        «Heterodoxos»en egilleak, egi-zurrean esan dezagun, bearbada oarkabez eta bearbada 23 urtetan ezin irakurri izan zitulako aipatzen ditun liburu guziak, bere aldakizunean, Kondearen textuko esanaia antz-aldatzen edo argiagotzen zituzten itzak beñepein erauzi zitun. Orrela, Kondearen esanak eztira, iñolaz ere, idazlari jakitunak uste izan zitunak (10).»

        Bakoitzak galde egin bezaio orain bere buruari: oiñarririk gabeko edo ariñeko salakuntzak ez-ezik, bide biurri-xamarrak ere ez ote zaizkio on eta zillegi «Heterodoxos»en egilleari?

        Peñaflorida'ko kondearen ezaugarririk bereizienak Europa'ko eta Euskal-erri'ko bizigiro eta kulturari buruz agertu ditugu, pintzel-eragin lauso ta nahasitan ba'da ere eta ainbestean, ego labur asmoz asi baigera zurian beltz egiten, jo dezagun amaitutzat, Euskalerria'ren aurrerapenari ain onuragarri izan zitzaion, gizon miresgarri onentzat egindako jardunkizuna.

        Xabier Munibe ernegarri eta eragingarri ba'zaigu oraiñaldiko euskaldunai, ezta iñolaz ere gure begietan motelago (apika, bizigarriago tankera batzutan) Manuel Inazio Altuna eta Portu, Azkoitiar seme leñargia au ere.

        1722'gn. urteko Agorrillaren 3'an jaio zen. Bere ikasgoak Madrillen egin zitun eta gero, Europa'ko jakintza-miñaren eragiñez eta espiritu zabaltasunaren egarriz, bost urte luzeetan Europa zear ibilli zen Venezia, Erroma, Napoles eta Paris'en baitik-bat egiñaz bere egonaldiak. 1746'gn. urtean Azkoiti'ko alkate izan zen. Geroxe, uri bertako ziñegotzi eta 1749'gn. urtean ezkondu zen Brijida Zuloaga zeritzan ondarribiar leñargi batekin.

        Rousseau'ren adiskide mami dei genezaioke kezka eta bildurrik gabe Azkoitiar Zalduntxo oni. Altuna'ren nortasuna, izakera eta gogoeta ezagutu nai ba'dugu, jo dezagun bere adiskide miñaren orrialdetara eta onen «Les Confessions» deritzaten lerrotan Ginebratar philosophariak ain sakonetik ezagutu zizun adiskidearen ezaugarririk nagusienak alda ditzagun gure orrialdetara.

        «Ni neu izan ezik, eztut beste iñor topatu orren tolerantzizalerik nire biziaro guztian. Erlijiñoari buruz jendeak zezakean pentsamentuaz ez zitzaion jakin-egarririk sortzen. Bere adiskidea ba-zitekean judu, protestante, turkitar, jaieratsu, Jainko-ukatzalle... ajolik ez, gizon zintzoa ba'zen alakoa» (11).

        Altuna, gogo-zabaltasun onen jabe izanarren, etzen sekula izan bere katolikotasunaz erabe eta gure Azkoitiar Zalduntxo onek «Le Contrat Social»en egillearekin izan zun artu-emanaz ba-dakigu Ginebratar Kalvinotarren semea katoliko bideratzen saiatu zela (12).

        Rousseau'k darakuskigu iñork ez bezala Altuna'k senti zizun Europeismu joera eta bere jakintzaz jabetzeko egarri bizia. «Emile»n egillearen aitorrez dakigu Altuna Itali zear ibilli zela jakintzaz eta edertiaz aogozatuzale. Venezia'n ezagutu zun Jean-Jacques Rousseau. Paris'en alkarrekin bizitu ziran eta Altuna'k egindako etxe-eskeintzari jarraiki, «Emile»n egilleak Azkoiti'ra joateko asmoa izan zun, gero, gauzak okertu ziralako joan ezpa'zen ere.

        Rousseau'k Altuna'ri opa dizkion lerrotan, ba-dira arestian aipatutakoen aurretixe beste batzuk itzez-itz aldatu nai nituzkenak, beroeiek baidarakuskigute Azkoitiar leñargiaren nortasuna eta gizatasuna.

        «Jakintzamiñez bero-beroan arkitu nun, —diño gure zaldunari buruz. Etzen beretzat atxeman eziñik. Irentsi bezala, egosi ere arrigarrizko abaillan egin oi zun. Aren esker-ona gogo-janaria eskuratu nion onentzat! Berak igarri ezean ere, gizajoa egarbera baitzegon jakitez. Espiritu bikain onetan zernolako argi eta bertute altxorrak nabari nitun! Nik bear nun laguna zela oartu nintzen: adiskide min egin giñan. Gure gogoak etzetozen bat: beti eztabaidan ari giñan. Egoskor giñanez, ez genun ezertan ere alkar aditzem. Alabaiña, ezin alkarren laguntasunik gabe egon eta etenbage alkarren kontra jardunarren, ez arek eta ez nik ez genuke nai, giñanez bestelako izaterik» (13).

        Rousseau'ren lerro zoragarriok ausnartuz, A.J. Cronin ele-berrigille ospatsuaren beste batzuk datozkit gogora. Espiritu zabaltasun eta tolerantziaren aintzindaritzat mamitzen digun Aita Chisholm gixakoaren aboan onelako itz ederrak ezartzen dizkigu «The Keys of the Kingdom» deritzaion eleberri unkigarrian: «A, Jauna, zure mundua zeiñen eder litzaken gizonen artean ontasun eta tolerantzi espiritua ba'lego!» (14).

        Baiñan, guk ez dezakegu antola mundu biurri au eta bai gaur eta bai gero ikusi bearko ditugu gure iturri gardenak intolerantziaren arrokeriz arretzen. Geu ordea, atxiki gakizkion Altuna'ri ain maitagarri izan zitzaion ideal bikain orri eta saia gaitezen bortizki «eman da zabal dezan munduan frutua».

        Eta Azkoiti'ko Zalduntxoen irukotea osatuz urbil gakizkion Narros'ko Markesari.

        Joakin Maria Egia eta Agirre, Narros'ko irugarren Markesa Azkoiti'n jaio zen 1733'gn. otsaillaren 2'an.

        Peñaflorida'ren antzo, antzertizale izan zen eta Metastassio'ren «Tito'ren kupida» itzuli zun italieratik. Fisika ere ziñez maite zizun eta atsegiñez landu zun. 1764'gn. urtean optikari buruzko itzaldi ernegarri eta jakingarri bat eman zun Bergara'n. «Sociedad Bascongada»ren idazlari izan zen eta azkenaldera zuzendari ere bai. Eusko Lagunarteak egiñiko lanik geienak Euskalerri'ko industriaren altxagarri Narros'ko Markesa'ren eragiñez izan ziran.

        Bi aldiz egon zen ezkonduta Azkoitiar Markesa: Lenengoz Maria Luisa Corral Azkoitiarrarekin eta bigarrenez, Maria Josefa Salazar Gazteiztarrarekin. 1758'gn. urtean aldun edo diputadu kargua artu zun.

        Menendez y Pelayo, gure eusko-lagunartea makurkeriz erasotzeko Narros'ko Markesaz eta Samaniego alegilariaz baliatzen zaigu. Entzun dezaiogun: «Sociedad Económica»k (Bascongada'k esan nai du) zeukan entzute txarraren agergarri bikain zaigu noski, bertoko bazkide batzuk Irikisiziñoaren auzipeko izana. Adibidez Samaniego eta baita Narros'ko Markesa ere. Bere eskualdeko lekuko askok salatu zuten hereji kutsuzko errakuntzaz. Nunbait, Voltaire, Rousseau, Holbach eta Mirabeau'ren liburutatik atereak, taigabe irakurtzen baitzitun» (15).

        «Heterodoxos»en egilleak arri ta zur uzten gaitu bere esankizuna irakur ostean. Bi edo iru bazkide Inkisiziñoak dantzatu ba'zitun ere fede auziagatik, zer ikusirik dauka onek erlijiñoz kanpoko lanetan ziardun Lagunarte osoarekin? Areago: ez ote zitekean, eta alaxe zen, izan ere, Bascongada'ren bizigiroa katoliku uts eta soilla, bazkide bakan batzuk katoliku dogmatik saiestu edo labaindu ba'lira ere aldi batez?

        Urkixo'k, ainbestetan aipatutako bere liburuan, bikainki azaleratu digu, Menendez y Pelayo'k ain merke zurrian Eusko Lagunarteari erantxi zion heterodoxo kutsapena gezur borobilla besterik eztela. Baiñan, nun billatu zun oiñarri Santandertar idazlariak bere salaketak jaurtitzeko Sociedad'eari eta batez ere Narros'ko Markesari? Txunditu zaitez, irakurle: Llorente kalonjea, gezurti, dirupeko eta libelista makurra (bere itzak dituzu eta ez gureak) adiskide on zaio gure Markesa'ri erasotzeko (16).

        «Historia Crítica de la Inquisición»en egilleaz, beste milla gauzen artean, auxen diño Menendez y Pelayo'k: «Llorente, liberal eliz-gizon zena soilki, Godoy'en dirupeko izan zen, frantsesen dirupeko, masoikeriaren dirupeko eta beti egintza makurretara lotzeko. Apika, moral, politika eta eleder gaietan joan den mendeak sortu zitun lotsagarrikeri guziak (eta bere ustean aundienak, bere jakite-mailla ain baitzen urria) bere baitan biltzen ez ote zen jardun?» (17).

        Orra, euskaldunen aurkako errea ezagun zaion «Heterodoxos»en egillearen beste iritze bat Llorente'z: «Rincón de Soto'ko eliz-gizon errioxatar au, Kalagorri'ko gotzai-barrutian, bere biotz mamiñean Jansendar edo protestante baiño geiago ere bazen. Baiñan, anarteraiño ixtori eta antziñate lanetan zen ezagun, batez ere «Memorias Históricas de las Cuatro Provincias Vascongadas» deitu lanagatik. Liburu au Godoy'ek diruz ordainduta idatzi zizun, errialde aietako Lege Zahar eta Oitura Laudagarriak deusezteari ekiteko, begitan artuta baitzitun Gobernuak Frantzia'ko Erkalarekin izan zun gudate galgarria ezkeroz. Onen amaia, dakigunez, Basilea'ko pakea izan zen. Llorente'k arrazoi zun gauz askotan, mingarri ba'zaiote ere euskozale amorratuei. Baiñan, txit fede txarrez jardun zen bere lanean, testuak murriztuz eta gezurtatuz eta errege ahalmenari makurkerizko palaguak egiñaz eta onetxegatik bere aldezkizuna gorrotagarri eta arbuiagarri biurtu zizun, Araüguren'en erantzun aulak baiño geiago noski.» (18).

        Orra, Llorente Kalonjearen ikuskizun bi Menendez y Pelayo'ren begipean. Eta aitorkizunok egin ondoren, gizon zuzen bat balia al-diteke fede onez tankera kaxkar ontako gizonaren esankizunaz? Menendez y Pelayo itsu-itsuan fiatzen da ba Llorente'k «Historia Crítica de la Inquisición»en Narros'ko Markesari buruz diñonaz. Eta norbaitek baldin ba'du arrazoirik Llorente'n albizteaz ez fiatzeko Santandertar idazlariak du noski... Gizonak, ordea, ain aldaberak baigera...

        Ezin giñezke luza geiago Narros'ko Markesak izan zitun gora-beraz Inkisiziñoa'rekin. Gai onetan sakondu nai dezanak, ortxen dauka Urkixo'ren liburu ederra Menendez y Pelayo'ren ausarkeri eta arinkeriak salatuz. Alabaiña, bear-bearrekoa zaigu auzi ontan Urkixo'k Markesa'ren ezaungarriaz egiten dun laburpena itzez-itz aldatzea, esan baiditeke lerro auetan arkitzen dugula, laburzur, bere erakuspen guziaren mamia.

        «Lenagoko agiritan eta gerora datorzkenetan oiñarriturik, uste dut, egiari urre-urretik jarraiki ontzat jo dezakegula, Narros'ko Markesa bere gaztetan etzela iñolaz ere jaieratsu izan eta salatu ere egin zutela «errankizun gordin» batzuk egotziaz. Baiñan, auzipetu ba'zuten ere, ziur eztakigun gauza da auxe, gerta baiditeke aren otsean azterketa soil batzuk izatea, etzun salakizun larririk izan, gaiñerakoan ezpailukete zazpi-zortzi urtetsu geroago lnkisiziño'ko Lagunkide egingo.» (19).

        Ainbestean jo dezagun amaitutzat Azkoiti'ko Zalduntxoei buruzko jarduna eta atxiki gakizkion Pablo Olabide eta Jauregi euskaldun semeari.

        Bere abizenak salatzen digutenez, euskalduna ote zen Olabide? Ni neu, uste orretakua izan nauzute beti, alegia, odolez beñepein euskotar zela, bere lau lenengo abizenak euskaldun jatorrak baitzitun, ots! Olabide, Jauregi, Albizu, Agirre.

        Abizen ederrok zirikaturik, bere etorkiaren ezaumiña sortu zitzaidan, bere gurasoak beñepein nor eta nongo ziren jakiteko egarri bizia. Xede orretan gure Euskalerri barrutian eman nitun urratsak alperrikakoak izan ziren. Laister igarri nion, Lima'n aztertu ezik ez nula nire gogoa aseko eta Arantzazu'ko praille on eta adeitsuaz baliatu nintzen Ameriketa'n norbait mugiazteko. Auek, Lima'ko Goi-Apezpiku Agurgarri Jon Landazuri'ganaño jo zuten eta onek Felipe A. Barreda jaunari leporatu zion nire jakinmiñaren asegarrizko lanbidea.

        Felipe A. Barreda jaunak Pablo Olabide'ren Etorki-Landare mardula igarri digu eta makiñabat xehetasun geiago ere bai bataio-agiritatik aterata. Bijoazkie gure eskerrik beroenak lerro auen bitartez Arantzazu'ko praille prestuai, Lima'ko Goi-Apezpiku Agurgarriari eta batez ere Felipe A. Barreda jaun adeitsuari.

        Barreda jaunaren Etorki-Landarea'n dakuskegunez, Olabide'ren aita Naparroa'ko Lakar'koa zen, baiñan abizena Zerain' dik zetorkion, aitona angoa baitzun. Amaren alderditik ez gera Euskalerri'ra irixten Barreda'ren Etorki-Landarea'n ageri diren belaunalditan. Ona, Pablo Antonio Jose Olabide'tarraren ETORKI LANDAREA.

 

Jose Olabide eta Juanes de Urrestarazu j. Zerain'n (Gipuzk.) b. 1.658-VII-9 Micaela Albizu eta Bakedano j. Lakar'en (Naparroa) b. 1.667-XII-13

 

Lakar'en ezkondu 1.648-1II-6

 

Martin Jose Olabide

J. Lakar'en. (Naparroa)

bere Parrokian b. 1.686-IX-22

 

 

 

Francisco Agirre Kapitana jaio: Mexiko'n

Maria Alvear jaio: Concepción'en (Chile)

 

Lima'ko Sg°.'n ezkondu

Abenduak 15, 1.674

1.683'ko Dagon.'an 8'an j.

 

Domingo Ant°. Jauregi eta Escobar

María Josefa Agirre eta Alvear

 

San Marcelo'n bat.

1684-1-31

 

Sevilla'n j. P.T.T. 1.718-VIII-2

bere parrokian b. E. Menendez de

S. Roque'ren aurrean. 1.665-II-8

 

S. Sebastian Parrokian ezkondu

1.702'gn. Dagon. 30'an.

 

Marie Teresa Jauregi

j. Lima'n.

Sag°.'n b. 1.705-II-22

 

 

Lima'ko Sagº.'n ezkondu 1.735-II-19

Portalanza'ren aurrean ilburuko egin 1.735-II-19

 

Pablo Antonio Jose Olabide

jaio Lima'n 1.723-I-25

Sagrario'n bataiatu 1.723-V-7

 

 

        Pablo Olabide ta Jauregi Peru'ko Lima'n jaio zen beraz 1723'gn. urtean. Gaztetatik mutil erne eta ikas-gogotsu agertu zitzaigun eta amazazpi urtetan, kanonetan doktoratu ondoren, Lima'ko Real Audiencia'ko Entzule izendatu zuten. 1746'ko Lima'ko lur-ikararen ondoren, erri-agintari zanez, eliz bat ber-eraikitzeko bildurik zegon erri-dirua, antzoki bat eraikitzen erabilli omen zun eta diru erabiltze oker ontaz salatuta, Madrilletik ots egin zioten bere burua zuri zezan.

        Orrela Españi'ratu zen Olabide, Europa'tik edatzen zen jakintza-aize ozkirriaz egarriturik, bulko eta aurrerapen berriak Iberia'ko alor zabaletara zabalduzale.

        Balia gaitezen Menendez y Pelayo'ren lerro batzuz, beronen urratsak urbilletik jarraiki baigabiltz, Olabide'ren nortasunik ezaugarrienak adierazteko. «Olabide'ri —diñogu Santandertar idazlariak urgainka lirainki dijoan enararen antzo- atsegintasuna eta iaiotasuna berez zetozkion eta frantsez kultura beretu zizun gerora. Maiz aski Paris'era joaten zen philosophi eta edertiarekiko zaletasun beroa asemin. Arranditsu eta oparotsu zen eta Enziklopedigilleen lankide eta liburu irakurle. Bere asmo eraberrizaleak agertzen zitun nun-nai otsaundiz eta aundipuzkeriz» (20).

        Madrillen bizi zelarik, Isabel de los Ríos andere aberats eta goitarra ezagutu zizun eta berarekin ezkondu zen.

        1767'gn. urtean, Españia'ko Gobernuak erabakia artu zun, aspaldiko bulko eta asmoen betegarri, Sierra Morena deritzan eskualdea, mausari eta bidelapur kabi naro, nekazari gizeliz orni tzea, basamortu elkor aiek lur iori eta emankor biur zitezen nekazaritzaren bitartez.

        Lendanik, J. Gaspar Thurriegel zeritzan Prusitar batek agindu baitzun berak ekarriko zitula eremu aiek jendez ornitzeko 6.000 aleman eta flamandar katoliku. Gizeli au Sierra Morena'n oiñarritu eta sustraitzeko izendatu zuten zuzendari edo buruzagi gure Olabide.

        Olabide pizkorrak gogoberoz artu zun bere arloa eta laister 13 iri berri irazan zitun (euretako batzuk Olabide'ri zor diote oindiño bizia) eta lur elkor eta malkor besterik etzirenak, laister asi ziren emankor eta iori biurtzen (21).

Baiñan, ain zuzen ere, Sierra Morena'ko gizeli-erakuntzak galbideratu zun euskotar amerikanua. Etsaiak, ugari baitzitun bere gogoetak onartzen etzutenetan, basapizti antzo esitu zuten eta Elizaren etsai eta hereje zelakoa otsaundiz edatzen asi ziran (22).

        Bere kaltegiñik zitalena Sierra Morena'ko koloniaren anima zuzendaria izan zen, Fray Romuldo Friburgotarra zeritzana. Laister oldartu zitzaion, baiñan ez zuzenki, Inkisiziñoari salaketa egiñaz baizik 1775'ko Agorrillan ereji zitezkeanak eta etzitezkeanak leporatuz gure koloni-zuzendariari. Dena zen salakizun Olabide'gan: naturaz goitiko, errevelaziño eta mirarien ukatzalle; otoitzaren eta egintza onen etsai; Voltaire eta Rousseau'ren irakurle-min, lizunkoi, barau eta jai urratzalle eta... orra azkenerako, Copernico'ren teoriari jarraiki, lurmugimenduaren aldezlari! (23).

        Olabide'k bere buruaren zurigarri Roda'ri egin eskutitzan, aitorkizun auxe egiten digu. «Egia da, ni sarritan mintzatu naizela Fray Romualdo berberarekin eskolastika eta teoloji gaietaz eta sesiuan jarduten giñala beroietaz, baiñan beti katoliku barrutian eta beti gure erlijiño donearen menpetasunean». (24). Eskutitz au goi ta be ernegarri izanarren etzaigu zillegi ez osorik eta ezta zati luze xamarretan ere aipatzen, gure labur-asmoak gaiñezka egingo bailukete eta orretxegatik, muin-muiñari atxikiz beste bi lerroalditxo aldatuko ditugu. Ona lenengoa bere salatzalleari buruz: «Aita Friburgo ene ustez, oso da siniskeritara joa. Bere egiñak dira agerkari eta bere itzaldiak aldarrikari». Itz oek aintzakotzat artzekoak dirala uste dut ziñez Olabide'ri buruz epaikizun zuzenik egin nai ba'dugu erlijiñoarekiko jokabidean.

        Orra, Olabide berriz ere, bere katolikotasunaren ortodoxia akatsik gabeko erakuts-zale: «Gure eztabaidak etzituzten erlijiñoaren egi-oiñarriak kordokatzen. Azalekoai zegozkien, irizkizun ziran auziai. Malmuzkeriak bakarrik arki dezake beroietan gaitzespenik, adierazpenai gezur eta oker tankera billakatuz».

        Salakizun-auziak bi urteko irauna izan zun eta 166 erejizko errakuntza leporatu zizkioten (25).

        Inkisiziñoaren esku-zigorra eta aginte-indarra beraka ba'zijoan ere aspaldian, etzun Olabide'rentzat zigor bigunik erabilli (26). Berein nekakizunen artean auetxek leporatu zizkioten: Komentu batean zortzi urteko baitu kristau dotriña ikasi eta barau egin zezan, bere kargu guzitaz gabetu, ondasunak erauzi eta bere ondorena eskubidegabetu boskarren belaunaldiraiño.

        Alabaiña, baiturik zeukaten lekaidetxetik itzul egin zun eta Frantzi'ra igaro zen. Emengo Enziklopedizaleak berebiziko arrera egin zioten eta Diderot'ek bere biographia argitara zizun.

        Alabaiña, Frantzia'ko Biurrialdia Enziklopedizaleak nai baiño askoz aurrerago joan zen eta Larri-aldian Olabide atxillotu zuten eta Robespierre'n eror-aldiak (Termidor'ek 9) salbatu zion bizia noski baiño noskiago.

        Frantzia'ko egonaldian, baitegian aurrenik eta Cheverny'ko adiskide baten etxean gero, idatzi zun «El Evangelio en Triunfo o historia de un filósofo desengañado». Izenak diñon bezala, okerbideak zapuzturik, gaztetako bulko eta oitura labainkorrak zokoratuta alegia, Egiaren argi bakarra Elizaren magalean billatzen du soilki. Liburu onek lau ediziño izan zitun urte baten buruan eta beroni eskerrak 1.798'gn. urtean Espaiñia'n sartzen utzi zioten, ondasun erauziak oro biurtu zizkioten eta gaiñera, urteko 90.000 errialeko urte-saria erantxi. Lau urte geruago, 1.802'gn. urtean alegia, Godoy'ek eta Urkixo'k egin zizkioten kargu-opariak zapuztu ondoren, bakardade paketsuan il zen Baeza deritzan Andaluzia'ko urian.

        Olabide'ri buruzko saio oni buru emateko, bearrezko zaigu bere literatur lanaz zertxobait esatea, bere txolarte eta ezbearretan gogorki ekin baitzion gaztel-literatur lantzeari.

        Mundutar literatur alorrean, Olabide'k komedi eta trajedi batzuk itzuli zitun frantsesetik. Eleder laguntzalle bikain izan zen eta Jovellanos'i lenengo literatur urratsetan bere babesa eskeiñi zion.

        Literatura sakratuan, len aipaturiko «El Evangelio en Triunfo»z gaiñera, Salmoak eta Itun Zaharretik eta Eliz-abestitatik bildutako berein kantagai itzuli zitun. Baita bere sormenean mamitutako olerki sail bat ere argitaratu zun «Poemas Christianos» izenpean.

        Alabaiña, Menendez y Pelayo'k irizpide kaxkarra dauka Olabide'ren olerkari senaz. Santandertar idazlariak, naiz mundutar olerki alorrean, naiz olerki sakratu alorrean, eztio poeta meriturik aitortzen. Bere bertsoak rimadun prosa uts omen, ez giar, ez gazi-gezik, ez bizi txinpartik... «Bere aburu-etsipenak sinismena erakarri zion, baiñan, ez ala olermena».

        Ba'daiteke, Menendez y Pelayo'k zorrotzegi ebaztea Olabide'ren olermen doai urria, nolabaiteko atsegin-ezak eraginda edo, baiña, dena den, Limatar euskotarra etzen gallendu erdal-literatur-ereintzan.

        Ainbestean, nire saio-lan edo jardunalditxoa burutua derizkiot, Azkoiti'ko iru zalduntxoai eta Olabide'ri eragin zien jakintza-egarria eta kultur-kezka pintzel-emanaldi batzuz nolabait margoztea izan baita soil-soilki gure elburua. Eztakit, nik nai nukean aogozorik eta bizigarririk erantzi diotan nire lanari. Jatena motela delarik ba-da erremedio, sukal-bazterrean gatzontzirik den artean. Gure janaria gazitzeko, ordea, eztizu gatzandelak deusik balio. Sukaldaria bear neu baiño obea, janariari gatz eta bizigarria neurri-neurrian botako diona...

 

Donosti'n, Maiatzak 11, 1.957.

 

(1) Menendez y Pelayo'k «Sociedad Bascongada»'ri buruz egin irizpidea ezagutu nai dezanak, irakur beza «Heterodoxo»'en III'gn. Liburuan 225-226 orrialdeak.

(2) Ikusi, Julio Urkijo eta lbarra'ren «Menendez y Pelayo y los Caballeritos de Azcoitia» liburuan 61'gn. orr-ald.

(3) Oraiñaldian bizi geranok, nolabait igarri ahal dezaiogun Españia'ko errigiroari jakintza eta aurrerakuntzari buruz joan den mendean, Jose Maria Iribarren'en «El Batiburrillo Navarro»'tik aldatuko ditugu zenbait lerro. XIX'gn. mendeko giza-pentsakera ezaguturik, igarri dezaiokegu XVIII garrenekoari ere. Aien atzerakoi eta ertsitasunak arritzen ba'zaitu, auek, eun urtez aurretik etziran aurrerakoiago izango noski. Emendik igarri, Peñaflorida eta bere garaiko gizon aurrerazaleak nolako gudua izan bide zuten beren aldiko bizigiroa berritzen. Asi gaitezen: «Antziñako posta eta galera ordez ezarri zituzten dilijentziak, IV'gn. Karol'en erregezaroan zabaldu ziran, 1.806'gn. urtetsuan. Gobernuak baietsi aurretik, eztabaida latzak eta etiketa garratzak izan ziran. Esan oi zen, txango joaleko alako erreztasunak emanik, arrotzak etorriko zirela gure aberrira eta eurakin, noski, philosophia, herejia, enziklopedi-jakintza eta gure endari arbuiagarri zaizkion berrikizun geiago.» (12'gn. orr-ald.). Aurreraxeago: «Stepbenson Españi'ra etorri baiño lenago, Senatuan eztabaidan jardun zuten Iruña'tik Frantzi'ra, Baztan barrena, bide bat egin ala ez. Epaillaren 14'garreneko jardunaldian, l.812'gn. urtearekin, Gonzalez Castejón zeritzan napar senatu-gizona izan zen egitasmo ari odolberoz geienbat bulartu zitzaiona. «Nire betiko iritzia izan da —ekin zion- eztela iñolako arrazoirik Pirene mendiak zabaltzeko; aitzitik, beste Pirene mendi sail bat jarri bear litzake gaiñetik». (15'gn. orr-ald.). Beste agerkizun bat: «Naparrua'n sartu ziran lenengo lokomotorak Frantzia'tik ekarri zituzten Otsondo'ko mendatean barna idi-gurditan erakarki (Lekuko izanak kontaturik dakit auxe). Iruña'ra eldu zen lenengoa estaziñoan armatu zuten eta saio-ibillaldiak egin oi zitun Berriozar'eraiño. Aldi ontan, Artika'ko parrokuak ala esan oi zien pulpitotik bere eliztarrai: «Infernuko txistu ori entzutean, kristau maiteok, estali belarriak». (16'gn. orr-ald.). Azkena: «Noain'go parrokuak, gizon xaloa eta berrikizunak nekez on-artzen zituna, lenengoz trena ikusi zunean, erritik itzul egin zun, deabrua zela baitzion, ke-jario zetorrena». (19'gn. orr-ald.). Erakusgarriok aski etsitzen ditut aldi artako errigiroaren agergarri.

(4) J. de Aralar. «El Conde de Pefiaflorida y los Caballeritos de Azkoitia», 14'gn. orr-ald.

(5) Idem., 24'gn. orr-ald.

(6) « Geografía del País Vasco-Navarro », Provincia de Guipuzcoa, por Serapio Múgica, 439'gn. orr-ald.

(7) J. Aralar, «El Conde de Peñaflorida y los Caballeritos de Azkoitia» 107'gn. orr-ald.

(8) Ikusi gai oni buruz: Julio Urkijo, «Menendez y Pelayo y los Caballeritos de Azcoitia», 6'gn. orr-ald.

(9) «Heterodoxos», Tomo III, 225'gn. orr-ald.

(10) Julio Urkijo, liburu berberan, 10'gn. orr-ald. Menendez y Pelayo'ren textua alderatu nai dezanak egiazkoarekin, ikusi beza «Heterodoxos»en 224'gn. orr-ald. eta Urkixo'ren liburuan 47'gna.

(11) «OEuvres Complètes de J.J. Rousseau, Citoyen de Genéve», Paris, 1826, «Les Confessions» liburuan, 1124 orrialdean.

(12) Altuna'k Jean Jacques Rousseau ezagutu zun urtetan, au katoliko zen, naiz-ta Kalvinotarren seme izan, katolikotasunera etorri baitzen 1.728'gn. urtean eta sinismen ontan iraun baitzun 1.754'gn. urteraiño. Jules Lemaitre'k diñogu: «Gauza bat dakigu segurantziz, alegia, Jean Jacques katoliko izan zela 26 urtetan eta lenengo amar urtetan katoliku bizigiro garbi-garbian azi zela».

(13) «OEuvres Complétes de J.J. Rousseau, Citoyen de Genéve». Paris, 1.826, «Les Confession» liburuan, 1.124 orrialdean.

(14) Aipatu liburuan IV'gn. ataleko 7'gn. atalkian.

(15) «Historía de los heterodoxos Españoles» III'gn. lib., 227'gn. orr-ald.

(16) Ikusi liburu berberan 417'gn. orrialdetik aurrera.

(17) «Historia de los Heterodoxos Españoles», III'gn. lib., 424'gn. orr-ald.

(18) Liburu berbera, 179'gn. orr-ald.

(19) «Menendez y Pelayo y los Caballeritos de Azcoitia», 52-53'gn. orrialdeak.

(20) «Historia de los Heterodoxos Españoles», III'gn. Lib., 205'gn. orr-ald.

(21) Ikusi, «Historia del Reinado de Carlos III en España», Antonio Ferrer del Rio'k idatzia, IV'gn. Liburuan, 32'gn. eta urrengo orrialdetan.

(22) Antonio Ferrer del Rio'k onela diño arestian aipatu liburuan (IV'gn. Lib., 17'gn. orr-ald.). «Ezpai gabe, beti zeletan ziardun fanatismu-giro artan, etzitekean ain ajolakabe izan (Olabide) Kristau izen laudagarria erauztekorik ezertxore esan eta egin ezpa'zun ere, garai artan Rousseau eta Voltaire gizabide arbasotzat eta gizaldi aren zuzitzat zeuzkatenen taldeko zen». (23) Ikusi gai abei buruz Vicente Lafuente'ren «Historia Eclesiástica de España», VI'gn. Liburua, 67'gn. orr-ald. eta Menéndez y Pelayo'ren «Historia de los Heterodoxos Españoles», III'gn. Lib. 210'gn. orr-ald.

(24) Eskutitz osoa Antonio Ferrer del Río'ren «Historia del Reinado de Carlos III en España» deritzan idaztian ageri da. III'en. Liburuan, 47-48-49-50 orrialdetan.

(25) Lafuente'ren «Historia Eclesiástica de España»n (67'gn. orr-aldean) diño 166 eta Menendez y Pelayo'k «Heterodoxos»en 66 salakizun diño (III'gn. Lib., 2l1'gn. orr.-ald.).

(26) Menendez y Pelayo'k, espiritu zabal eta liberalzalien etsai dugularik, aitor au egiten digu: «Askori geiegizkoa iruditu zitzaien onekin, (Olabide' rekin) erabilli zuten zorroztasuna. Agian, ala zen, gertakizun garaiari ba'gagozkio, orduko neke-laidogarriak galtzen ari baitziren». («Heterodoxos», III'gn. Lib., 212'gn. orr-ald.).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.