L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-1 (1980-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Don Luis eta karakola

 

Ni bezala, ohartuko hintzen herorri ere, Bilintxeko eskaparatean, kristoren neska ageri zela, rastroan erositako kamisoiaz, karakolak itsasoak esperantzarik ez zuela esaten ziolako jarreran, liluratua, liburu baten estalki. Biharamonean —eta goizean goiz lagunek ikus ez nintzaten— eskaparatetik pasa nintzen, Pieyre de Mandiargues-en itzulpen bat izango zelakoan, La Gran Enciclopedia Vascak argitaratua, ala Apollinaire-ren hamaika mila zakilen jarraipen bat.

        Ez duk, ez, bista falta izan: konturatuko zen Haranburu Euskal Herriko kamararik ezagunenak metalezkoak, kilo t'erdikoak eta klink-klank egiten dutenetakoak izan beharrean zetazkoak direla eta haien bidez jaso dugula Amalurraren ikuspegi artistiko bat, zeinean basura ere idilikoa den eta ninfak izkutatzen diren Mungiako eta Beizamako baserrietan.

        (Notizia, Hamilton ere laister Ataunera datorrela, Ramatuelle eta Saint Tropez utzita goierriko argi misteriotsuaz pitxiak egitera).

        Xanto politak ikusiz liluratuko zen, Don Luis, igual, baina ez dago eskubiderik horrela engainatzea euskaldun jatorra, Alfabetatzen 1, Bilitis euskaraz irakurtzeko erosten duena, gero, Ines sekula ailegatzen ez deneko nobela batekin aurkitzen dena.

        Nik, behintzat, "Itsasoak ez du esperantzarik" irakurtzean ez nuen Ines kamisoiean ibiltzen zenik imajinatu, edo ardoak edatera AdLib modaz jantzita, braga zuriak behar aina lasai, amore emanak, nolabait esateko. Eta denok gaude erdi nazkatuta fru fru egin behar zaien argazkiekin, hainbeste lanbro eta hainbeste hats lurrin.

        Igual hitzegin beharko litzateke errebista amerikanoetatik xantoak errekortatzeko ohitura zitalaz. Alegia, euskararen ideolojiaz jarduteko Klee-ren kuadro arraro eta/edo kultura seriokoa aukeratzea pasa daitekeela; Ehun Metroei Magritterekin konnotazio debanguardia bat eman nahia, ez dakit, baina herorren nobela David Hamilton-en adiskidearen fotoaz estaltzea demassa duk.

        Demassakoa eta penagarria: "Itsasoak ez du esperantzarik" garai batetan apreziatua eta borrokatua —doble apreziatua— izan baitzen, orduko euskal kulturaren mugimenduan leku eta funtzio ukan baitzuen (eta oraindik irakur daiteke obligazio pedagogikotatik kanpoko plazerraz); horretxegatik duk tristeagoa heure nobelari horren aprezio gutxi egin eta perfumearen adierazle ezagunenaz estaltzea, prestijiotasuna, extetikotasuna eta apaizek ere besapean eraman dezaketen erotismoa konbinatuz.

        Hortera bai (Caritatez!) eta peligrosoa. Makina-letraz "1972.an Euskaltzaindiaren sarira presentatua" harek ezagutu ez genuen borroka hurbil baten oihartzun ausarta zekarkigun; edizio berriak, aldiz, Hamiltonismoa, kultura enbalatu baten abisua eta Bilintxeko eskaparatean hartutako katarroa. (Ni, pitilin-tonto). Hamiltonen liburu bat erosteko kapaz bainaiz, edo Carolina de Monacoren txismeak irakurtzeko. Aitortu egin behar.

        Baina superatzeko esperantza gutxi dugun bizio izkutuaren bidez euskal kultura "gaurkotu" eta publizitatzea, hori ez.

        Zera, errekortatzen denok dakigula (hortarako guraizeak dituk beharrezko eta ez kultura) eta kanpoan egindako xantoak ekartzearen kontra ere ez gaudela (hilabete hontan behintzat). Aukeraketak du ustel usaia.

        Euskal Kulturari enbalaje bat lortzeko aukera. Itxuroso eta erakusgarria, azalez, neurgarri, pisagarri eta tabulagarri, mamiz. Zerbaiten ministro izan beharko baitu kulturakoak; zer ministratu behar duen argi erakutsi beharko zaio, igual gizajoa Ameriketatik etorri berria izango da eta. Egin duen lanaren froga beharko du gero, eta (topikazoka) presentable jarri gabe ezin kultura kajorrosetara eta mitinetara eraman.

        Eta badakigu topikoak inebitableak direla, denok nobato eta —zentzu pobrean— amateur geranez. Baina peligrosoa, hemen, eginda dagoena, egiten ari garena edo egin beharko litzatekeena Topikoaz enbalatu eta izkutatzea da.

        Haranbururi esker jakin ahal izango dute Kriseilun zeintzu diren saiakera zailak, zeintzu nobela banguardistak ("del arte por el arte" alegia) eta zeintzu erotiko-modernoak. Baina gure ahuleriei ere etiketak jarri nahi dizkien politikarik nahi ez dugunez galdetu beharko diogu ea zergatik sailkatu nahi duen dena (eta gainera ez idazketa lanaren arabera, kritika lanaren arabera, rotulo eta kromoen bidez baizik). Ea zergatik ez dion lekurik uzten lan grafikoari, irudiak lekuz aldatze soilean gelditu gabe. Ea ez zaion harrigarri egiten nolabaiteko Hamiltonismoaren indar hau, (Hitzaren mugak beste batetarako), eta zein ongi datorren errealismo xamur eta xenxiblearen inbasioarekin, ikustea, Euskal Herri dantzakantari lainotsuaren mitolojia c.a.t.eroa indarberrituz.

        Azal baten gora beherak ez dik, igual, hainbesteko garrantzia izango. Berdin esan ziaten DEIAkoek azken orrian publikatzen duten komikia zela eta: hara Johny Hazard non kolatu diguten gorrien zigorrerako. Deskuidoan.

        Koinzidentzia gehitxo, motel. Saldu, gehitu, alkilatu, neurtu eta transferitu litekeen kulturaren bidean jendea frustratu eta liluratuko dute, mesanochean buruzgora jar daitekeen nobelarekin engainatuz, (.000 pezetako liburuak bilingue egiten dituztelakoarekin asetuz, edo —laino faltan— La Pazeko biztanleek, gela, poster borrosoz bete dezaten bultzatuz.)

        Martxa hontan, hobe du Inesek ez ailegatu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.