L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-1 (1980-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Amorante amorfook

 

Entzuten ditugun mitinak eta galtzen ditugun amoranteak bat egiten dira gau hotzetan loak hartzen ez gaituenean. Hor gabiltza galdurik edo galdu ezinik geure panfletoz betetako kaleetan tabernaz taberna ahal dugunean edo lanetik bileretara besterik uzten ez digutenean. Hori da izan ere asmatu dugun makina berria, aurrekoaren tornilo zaharrak aprobetxatuz atera zaigun trastea.

        Ba begira, trastea eta hain ederra, hain serioa. Oso osorik bestek egina balitz bezalaxe somatzen dugu. Gainera koordenada erreal batzuetan sartu-beharraren-arrazoia hain potxolo adierazia ematen digute, non ez dugun kontrakoa pentsatzen hasteko premiarik. Horixe espero genuen, herri bezala, aukeratutakoak aukeratu genituenean. Eta ongi ibili gara orduztik haundiek jotzen zituztenak txikiek nola hartzen zituzten ikusiaz eta haiei eroritakoa mukitsu lotsagabe batzuek, uretan plox ala plax egingo ote zuten ikustearren, kaitik behera botatzen zutenean, oooh! eginaz. Bai, radiorreloj gosaltzerakoan, periodikoa lanerakoan eta hamaiketakoarekin gureak ez zekarrena aldamenekoarenean ikusi. Tira, orain La Voz-ekoarekin, horiek behintzat gutxitu dira eta Bellas Artesen zer botatzen duten jakiteko nahikoa izaten da batekin ere, asmatzen badu.

        Hori bada. Bellasen zer botatzen duten edo haundiena nork bota duen. Baietz, badakigula ez zaretela danak mitinetara joaten, baina hildoan, hildoan gabiltza danak. Danak galtzen baititugu amoranteak. Batasunaren muin xarmangarri, mingarri hori. Bestela, Ihauteriak lekuko: zoratuta hortxe geure panfletoz betetako kaleetan gora eta behera muxuka. Muxuka, muxuka Euskalerriko semeak —seme/alabak, hop!

        Noski, galtzen ez dituzuenak ere bai. Eta halaz ere oraindik mitinetara joaten zaretenak. Bedeinkatuak. Kondekorazio bat zuei. Gobernua estreinatu bezain laister, lehendabizikoa zuentzat. Hori aginduta ere triste segitzen baduzue, egia da gure herri santu honek ez duela erremediorik. Dena den, zuek zarete horeka goxo batasunezko hau hausten duzuenak. Zuek, amoranteak galtzen ez dituzuenak, eta beste haiek, galdu bai baina halaz ere mitinetara joaten ez diren haiek. Beste hitzetan, Ihauterietan serio ibili zinaten guztiak, datozen hauteskundeetan irripar oker eta ironikoz jantziko zaretenak.

        Igual zaio. Berdin da. Ama, lurra, eta aita, mozkorra. Lurrean etzaten da mozkorra eta hilotzaren gainean lo gelditzen da. Lasai. Egiten duzuena eder egin eta edertasunak bederen iraungo du. Idatzirik, kroniketan. Behin lagun batek eskutitz batean amets bat kontatu zidan: hiru folio. Bukaeran urdinez jantzitako andere zahar bat agertzen zen eta inork ulertzen ez zuen hizkuntzan mintzatzen zen... "baina ederra zen, esanahirik gabeko bertso eder baten antzera, esan zuena irriparrez esan zuen eta guk maite egin behar izan genuen ile zurizko andere zaharra". Hori, irriparrez esan galduta dagoela edo hortaz aparte zabiltzatela. Ea gau hotzen bat epeltzen zaigun.

        Besteak, ez amoranterik eta ez mitinik, ez ditugu aipatu ere egingo. Ez, ez dago lekurik amorfoentzat gaur. Espiritu zikinei hots egiten hastea litzateke. Espiritu zikinei.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.