L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-1 (1980-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Roland Barthes, bai

 

Batzutan ezin dugu ukatu nondik gatozen eta zertan gabiltzan. Esate baterako alferrik ibiliko ginateke geure heziketa akademikoaren ukapen publikoa egin nahiean. Akademizismoak, guk baino hobeki nork jakingo, ideia eta asmo ederrak hoztu, lehortu eta zikiratzen dituela kontu zaharra da gurean ere, jadanik. Temario mugagabe eta aspergarri batetan zehar zail da benetan imajinatzea bere jakituria dozenaka tomotan barreiatu zuen errusiar ospetsuak, gizajoak, Bartzelonan emandako hitzaldien ordainez kilo pare bat kafe colombianoa eska zezakeenik, baina noiz behinha halako gauzak ere iristen zaizkigu gure entzunetara. Zail da benetan imajinatzea manual guztietan kapitulo bana betetzen duten izen hoien atzean, eta izenak buruz ikasteko askotan makina bat lan egin ondoren, pertsonaren idurizko aurpegi alai, borobil edota sudurlodia egon daitekeenik, eta oraindik Larrousse entziklopedia erosteko tentaldian erori ez garenez, nola ezagutu behar Barthes-en begirada zorrotza eta el paiseko kronika nekrologiko lerdoa irakurriz biharamonean.

        Zertarako aritu goitik-beherako senblantza saiatzen, hobe hortarako Larroussez ondo aski hornituriko (hortaz bai guttienez) biblioteketara jotzea, eta gainera etorriko dira oraindik azken orduko apologista itzuri-ezinak. Azkenik hau ere aitortu beharra dago: Barai batetan bai, baina honez gero detaile guzti haiek ahaztu egin zaizkigula, eta ez dugula pazientziarik aski liburu zahar guztiekin atzera-aurrera berriro ere teman hasteko.

        Izango dira munduan betiko gizon azkarrak, eta etorriko zaizkigu gaur egun Barthes-en teoriak prehistorikoak direla esanez; hauei esan behar diegu gorputzari eginak dauden praka zaharrak puskatu bitartean erabiltzeko ohitura txikitandik daramagula.

        Ikusi beharko ditugu ere goizetik arratsera barthesiano porrokatuak, eta hoiei esan beharko diegu potroak ikusi ondoren, erraza: zezena.

        Barthes-en lan osoaren luze-zabaleran galduko ginenok, ez dugu ahaztu nahi hala ere berarekin zorretan gaudela eta daudela. Zeren haseratik bere garaieko unibertsitatean bedeinkatua zegoen literatur kritikaren egurtzaile bezala jaiki baitzen, ezin ahaztu dugularik ere orduko eta egungo unibertsitatearen diferentziak aurkitzea ez dela batere erraza. Bistan dago istituzio sakratuak geroztik soberan bereganatu duela haren emaitza, erakunde burges guztiek intelektoaren mundua lepa-hezurretik harrapatzeko duten habilezia eta trebetasunaren eran. Baina hori ez da Barthes-en arazoa, gizarte burgesarena baizik. Barthes-ek trebeki ikusi zuen (beste askok lehenago ikusi bazuten ere ez zaio ajolik) literatura gizartearen babesean, edo gutxienez bere barnean egiten den produktoa dela, ezin daitekeela gizarte horri eusten dioten zutabeen aurrean neutral gelditu: hauetan oratuta ala hauen kontra ostikoka.

        Dena dela, honen gainetik soziologismoaren elbarritasunak gogorki astindu zituen, astindu ere, literatura zer-nolako gizartean sortu eta kontsumitzen den jakin baino lehen literatura beraren izaera eta izatea ezagutu eta justifikatu beharra erakutsiz; nobelak ez duela zerikusirik Fidel Castro-ren bizarrekin edota poema bat eta kostituzio ustelduaren ehun ta berrogeitamaikagarren artikulua ez direla gauza bera, alegia, aipaturiko bizar iraultzaileak nobela batetarako gai polita izanik ere eta esandako artikulu ditxosoa herri oso baten askatasun ateak zabaltzeko gauza bada ere. Askoren zoritxarrerako, Barthes-ek ondo aski ulertarazi zuen ez dagoela literatura eta mundua nahasterik: le monde existe eta l'écrivain parle, voilà la littérature. Ricardou-k geroago botako zuen maixuki zitak egiteko esaldi apropos hura, nobela ez dela abentura baten idazketa, idazketa baten abentura baizik.

        Literaturaren izaera esan dugu, eta hau aipatzerakoan ezin ahaztu literatur kritika zertarako dagoen, dagoenean behintzat. Lasai, besteren batetan gure literaturak duen kritikari buruzko hitzaspertutxo bat edo beste botatzeko asmorik badugu; gerokoak gero. Kritika zertarako, beraz? Akademizismoa egurtzen zuen heinean, Barthes-ek kritikariaren lanari bide zabala ireki zion, baina ez nolanahikoa ere: literaturaren izaera berezia erakustea eta azaltzea. Horretarako, kritikak ez du ezer kalifikatu behar (literatur sariketak!!!!) ez eta nobelaren egiazkotasuna neurtu behar ere. Obra bakoitzak balioduna izan behar du, hots, moldaketa eta bide posible guztietatik baliozko aukera bat plazaratu behar du. Honenbestez, baliotasun hori azaltzeko azterbide guztiak onak, edo behintzat zilegia, izan daitezke. Baina bide guzti horiek nolabait literaturari birikak ateratzea izango da, eta honen azpitik bakarrezko irakurketa da oinarria: le critique ne peut en rien se substituer au lecteur. Moralejak zuentzat.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.