L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-1 (1980-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Don Nemesioren zalantzak

 

        — Oh Euzkadi

        — Izena Oh Euzkadi...?

        — Bai bai

        — Oh Euzkadi, ondo ondo. Eta zetarekin ala eserekin.

        — Zetarekin noski.

        — Zetarekin gainera e? Sabinianoak zarete orduan. Campion eta Sabinok izan zuten eztabaida hortaz. Berez ese beharko luke baina. Oh Euzkadi ez dek izen zatarra.

        Nemesio Etxaniz, poeta narrador. Polígrafo. Escritor pionero de la inmediata postguerra (J.M. Torrealday). Azkoitian — Azkoitixen — 1899gn. abenduaren 19an jaioa, Erratzu, Artiz tar Xabier eta batez ere Amillaitz izenez ezaguna. Ororen gainetik Don Nemesio. Apaiza 1924garren urtetik, abertzaletasunari Jaungoikoaren arrazoina eman zioten haietakoa eta Eleiza ofizialaren kritikoa. Hirurogei urte euskalzaletasuna praktikatzen. Luzea, esbeltoa —"apaiz gazte guztiengatik esaten zen hori"— sotana inpekablea —"ez nindukek galtzekin ohituko, baaldakik ze ondo datorren patriketan gauzak eramateko"— emakume askok enbidiatu duten ile zuri, ez deskoloretua, kolore zurikoa baizik, eta leuna. Euskaltzaindikoa, egun hauetan ohorezko euskaltzain izendatua, erakusten digun diplomak azaltzen duen bezala, baina ez oso Euskaltzaindiazale erakunde hori batasunaren bidetik abiatu zenez geroztik.

        — Nik uste, gaizki goaz, daramagun bidea, euskera batuarekin, gehitu egin dira zailtasunak; lehenago ere bi kulturak, frantsesak eta espanolak gaituzte ia itoan, eta orain zer da eta, batua sartu? Ez demokratiko eta ez ezer. Lehenago ez nuen uste euskarak luzean iraungo zuenik, eta orain berriz, askoz okerrago. Zenbat gera ba? Miloi terdi edo, eta hoietatik zenbatek hitzegiten dugu euskeraz ba, berrehun mila edo, gutxik, oso gutxik. Neretzako euskara ito da. Basarrik egiten duena, periodikoan, euskara eta erdera, jende askok erderara jotzen du euskalduna izanda ere, errezago, ez dugu ohiturarik ez irakurtzeko eta ez ezer. Eta horixe pasako da hasten badira euskara gehiegi sartzen, hor, jendeak erdarara joko du. Hik ikasi ahal dek herri bat bera ere euskaldundu denik? Ez da bat bera ere euskaldundu. Gero eta erraztasun gehiago erderaz.

        Ni etsita etorri nintzen Arantzazuko hartatik.

        Donostian bertan egiten den euskera ere herrietako jende asko dagoelako da. Hor Itziarren edo Deban edo jarri dute eskola bat, denak batera, erdal umeak euskaldunekin batean eta gero errekreuan denak erderaz eta nahasketa.

        Orain, siesta ondorengo pasiorako, kontxako ibiltokian, integrista ezagunak egin baditu lagun, ez da beti horrela izan. Euskal Herriko kristautasun hipokrita eta puritanoa, egun berriro ere kaleratu zaiguna, eraso zuen hitzez eta batez ere kantaz. Ez gara oroitzen nun eta noiz —agian ezin zitekeen oraindik balseuan egin Azkoitiako plazan— eta ezta berori ere gogoratzen —"txepelduta negok, muinak urtuta, badakizue, arteroesklerosia"— baina nunbaiten publiko euskalzale eta abesbatzazale baten aurrean Tapame tapame kantatu zuen euskaraz derrihorrezko eskandaloarekin. Eta beste cha cha cha hura: kendu diote mototsa / txa txa txa / gure neska motza edo antzeko zerbait ziona.

        — Nik uste dut ez naizela musikazale izan; uste dut musika neretzat euskarari laguntzeko tresna bat besterik ez zela, bide bat. Leader eta kanta motxak eta gustatzen zaizkidak, orain ez neri esan novena sinfonia...

        EAJ 8 Radio San Sebastianek Luis Mariano eta Gloria Lasso-ren kanta dialogatuak jotzen zituenean —"con el amor no se juega hay canastos que es peor"— Don Nemesio Antoni eta Anton —ate ondoan hor konpon— eskaintzen zigun urteetan itxaron beharko genuen modernotasun baten lehen seinale bezala.

        — Progresista edo zeozer bai, hasi ginen jakiten Alemanian eta Holandan zer mogimendu zebiltzaten, zabalagoak, eta gare artean, zer arraio, gezurretan eduki behar ahal dugu pekatu egiten jendea? Pekatu delakoan du, eta egin egiten du halare, eta errazago erortzen gizona. Bateren batek esan behar du ba hau ez da pekatua, eta hala hasi ginen krisis antza bat edo sortzen.

        Orduko giroa gogorra zen, ze sermoi eta, funtzioak ziren jendearentzat gaur pelikula bezela, nik egunero zeukat pelikula Karmelitetan, txotxotuta nago eta. Horretxek betetzen du gure Jainkoa eta, asmau beharko dik geure gauzak antolatzeko...

        Lehenago giroa lasaiagoa zen, San Ignazioren garaia ikusi besterik ez dago... Bere anaia Azpeitian erretore, harek zerabilzkien saltsak... Abadeen neskameek kapelua erabili behar izaten zuten, ezkonduak balira bezela... Orain, zergatik etorri zen ixtura hori, ez dakit... Klaro, orain ez nundik eta ez handik, gazteek utzi egin gaitue, nik ez dakit nola ez ginen konturatzen geure buruaren kontra ari ginela. Gauza tristia dek nondik edo handik, indarrez sinisteraztea; denak kontra jartzen dituk; eta gizonak defentsa gutxi zeuzkek.

        Eszeptikoen alaitasuna azalean eta bizitzaren sentimendu trajikoa bihotzean. Gizona defentsa gutxi duen izadi miserablea, esango luke kristautasunaren konzepto ideialistagoren aurka joateko beldur ez balitz. Ziur asko behin baino gehiagotan irakurri du Barojaren "El cura de Mauleon". Zalantzatsu adibinatzen dugu berak geroago esango digun bezala, bere edadearekin zalantzetarako denborarik ez badago ere. Askatasunaren mugatzaileak pekatari bezala konzeptuatzen ditu eta dudakor guztiak bezala, fedearen gorenean —ordu altuetan— besteak ez bezala altxatzen du abotsa bere burua sakrifikatze purifikagarri batetan eskaini nahi bailuan, herria zapaltzen duten pekatarien aurka. Sonatuak izan ohi ziren garai batetan gobernadoreei egiten zizkien kartak euskal Herriaren zapalkuntza salatuz eta Jaungoikoren legearen kontra ari zirela oharteraziz.

        — Bai, agintariek beti nahi izaten dute erlijioaren bidez jendea engainatu. Orduan basi nintzen kartak egiten eta sermoia ere bota nuen, esanez persona bakarra izan dela mundu honetan gerra bat sor erazi eta inoren burura galdu ez duena, eta bai berea: Jesukristo. Kartekin berriz beldurra pasatzen nuen. Baina izkribitzen hasi eta berotu egiten nintzen, ze astakeria zen hura izkribitzea mornentu hartan pentsatu gabe, gozau egiten nian. Ez zekiat zeinek esan zidan Valencia Remonek emakume bati, bazkari baten edo, esan omen zion zer pentsatu haundia eman ziotela nere kartak. Kartak hogeitik aurrera egin nituen. Jose Maria del Moralekin hasi nintzen zeraren semea eta harrapatu zituztenean ikurrina botatzen; goizeko lauretan telefonoa eta nola gertatu zen, eta zer edo zer egin behar zela eta joan nintzen eta multea barkau.

        Ez ziren urte erosoak haiek. Aitak radio Paris eta BBC sintonizatzen zuenean. Don Nemesiok izkribitzeko makina —silenzioso bat Ameriketatik ekarria— paperkalkoz gobernadoreari egindako kartak Donostian zehar zabaltzeko kopiatzen zituenean. Gero paper biblia modukoa zuten "gudari" haietan argitaratzen zirenak. La Voz de la resistencia vascak ere ematen zuen Don Nemesioren zaletasun epistolarraren berri. Duela urte mordoa.

        Parisen Euskal Kongresoa 1956. Don Nemesiok patriketan gauzak eramateko sotana nahiago badu ere goiz batetan, oso goiz, laurak inguru, milrraiazko galtzak jazten ditu eroso eta diskretoagoak baitira Victor Pradera gaur Easo kalean zehar kaira, muga pasaraziko dion motora baten bila joateko. Lehenago bi ume hartuko ditu bidean despistatzeko. Orduan ikusi genuen lehendabiziko aldiz apaiz bat sotanarik gabe. Kaian Manolo gailegoa eta Nuestra señora del Coromoto motora holandesa eta kaskoa Garinena. Ziburun Monzonen ontziak egon behar zuen zai, baina ez zen azaldu. Orduan ikusi genuen lehendabiziko aldiz Ziburuko kaia. Traje marroi bat zeraman Don Nemesiok maletan Pariseko Kongresurako. Agirreren erretrato dedikatu bat ekarri zigun itzultzerakoan. Joan ziren denbora haiek. Orain Garaikoetxearen erretrato elektoral batek presiditzen du frigidaire gainetik Don Nemesioren sukaldea.

        — Ba ahal dago diferentziarik atzoko eta gaurko jelkideen artean.

        — Lehenago gurasoak ez ziren ba eskoladunak, eta hola, karreraduna, nor zen ba; lehenago gizon haunditzat hartzen zen Jose Antonio Agirre, hogeitabost urterekin presidente egin zutenean, aho batez onartzen genuen.

        — Zuk berriz beti kuestionatu izan dituzu agintariak.

        — Lehendabizi Bergaran urti terdi egin nuen; gerra aurretik. Gerran Bergaran gelditu nintzan; hasita asteterdira edo Burgosera bidali ninduten, orduan hasi hituen beraiek Espana país de destierros egiten. Han gaxotu egiten nintzela, kalenturie eta egun batzuetan berrogeitik gora eta Vitorira ekarri ninduten. Vitorian berriz Legion Condorrekin batera nintzen hotel batetan, gero Gernikakoa eta egin zutenak, orduan esaten nion nik nere buruari, hemen bai behar dela bonba bat, baletor oraintxe...

        Sei hilabete han. Gero Artadira eskatu nuen, bazen han abade zelebre bat Don Juan zuen izena, hamabi kilo pisatzen zuen bere bastoiak. Zumaiako estazioan bagoiei bultzaka ibiltzen zen trenaren zai. Behin esaten dute bazihoala lagun batzuekin, eta egiten du salto erreka batean eta besteak ez atrebitzen ordea, eta ostera salto egin zeuden bazterrera eta lagunak hartu galtzarpe banatan eta han egin omen zuen salto. Eltzekondorekin ere ibilia, pulsoan. Baina halare hirurogeitasei urterekin hil zen minbiziarekin edo.

        Gerra artean Elizaren barnean ibili nintzen. Gero bota egin ninduten Artaditik; behin sermolaria ez zetorrela eta neronek egin nuen saioa; esanez ba mundu honetan agintari bakarra egon dela inoren burua galdu gabe berea eskaini duena: Jesukristo. Batallón de trabajadores batean personak zartagailuarekin ibilitzerik ez zegoela eta. Lana gogoz egin behar zela. Agintari gozoa zela Jesukristo. Nazkatu egin nintzen, eta ez bazegoen ezer egiterik ez bidaltzeko beste parrokitara eskatu nuen.

        Gerran Bergaran gelditu nintzen, ez nuen ihes egin; Burgosera bialdu gintuzten; eta horregatik salbatu gitxitxian, bestela Donostira bialduz gero afusilau egingo gintuzten, Markiegi eta bezela.

        Ez, hemengo Eliza ez da española bezela izan; harek Francori lagundu egin zion herria engainatzen; baina bestelako gauzetan igualtsu: arlote xamarrak hituen abaderik gehienak.

        Bai, ni krisis hoietan beti. Gu oso inuzente bizi ginen, gazteria eta, Euskal Herrian, la fe del carbonero; ez zegoen lehengo bestelakorik; gutxi ginen, orain mordua etorri dek kanpotik, baina lehenago bertakoak ginen denak.

        Halaxe hezitzen gintuzten eta. Nik konprenitu egiten nuen erortzen zen apaiz hori. Zenbat pekatu egin erazi dugun lotsagatik, umea gorde eta. Lehengoan bezela, sartzen naiz bebarruan eta marrua, nere artean, hau katuren bat dek edo bazegok zer edo zer hor basura boltsetan. Ateratzen naiz ostera, hasten naiz miatzen eta bai zera, haur bat, basuretan utzia. Egunkariek ere ekarri zuten berri hori.

        Azkoititik zortzi edo baginen Comillasen. Badakizu, edadea heldu eta gaitzen bat izango genuela edo, medikura joan eta harek ere behar bezela esplikatzen ez, eta hola. Gero abade batek esnatu ninduen gauza horretan. Guk hemezortzi urterekin ere ez genekien ezer; zer ote zen, incontinencia de orina edo, dena kezkatua, zenbat kezka. Ez ziguten batere esplikatzen. Gero, gurasoei begiratu eta lotsa, batek baino gehiagok. Hori neure kasoa duk. Zelebreak bazeudek, garbitzeko ematen lotsatu eta sei hilabete eduki maindireak garbitu gabe. Hura kuxidadea.

        Ez zekiat, denborarekin ikusiko da apaizak ezkontzea. Rito orientalekoak ezkontzen dira. Erroman ere ibiliak dira hortan. Asko txokatuko luke, baina nik ez nuke gaizki ikusiko. Garai baten gizonkeria bezela esaten zen "apaizak ezkondu egin behar luke". Luterorena ez dago hain erratua, crede fortiter et... gogor sinistu eta asko pekatu. Gainera denoi gertatu zaigu, orain trankilago ikusten dira gauza guztiak. Lehen agintariek bat egiten zuten Elizarekin, ustez eta herria erlijioarekin engainatuz menpe edukiko zutela.

        Arraldea, 1923. Nola idatzi euskeraz, 1950. Kristau ikasbidea bertsotan, 1950. Kanta-Kantari, 1951. Izeko aberatsa eta irulearen negarra, 1952. Antzerkiak kontu-kontari, 1958. Lur berri bila, 1967, orain berrian birargitaratua. Berrogeitamarkada izan zen zuretzat sasoirik oparoena, idazte aldetik. Baina badakigu zure bizitza literarioa ez dutela argitaratze urteek adierazten. Nola hasi zinen idazten?

        — Idazten hasi nintzen Lizardi hil zenean, El Dian. Larraren sepultura gainean hasi zen Zorrilla hura bezela. Seminarioan ere ibilia nintzen, Orixe etorri zitzaigun Comillasera hamabi urte genituela, jesuita, artean meza emateke. Ordurako entzuna genuen Orixe bazela, euskerazko gauzetan oso abanzatue... Baina euskeraz beti kontu tristeak, sermoiak eta, besterik ez zegoen, elizakoak beti. Euskeraz ez zegoen ezer idazterik. Sermoiak entzunda gero jendea ez zen eskandalizatzen Quintero anaien teatroarekin; hori zer da ba, beti andreak gizona eta gizonak andrea engainatzea, baina gazteen kontuak aipatuta jesus, hura euskera zikintzea zela. Morala dena, edozer gauza kontatzea ere, suizidio bat edo, ezin. Baina gehiena beti seigarrena. Nik uste dut hori geure gorputza tentatzeko jarria dagoela, gehiago.

        — Agian zure lanik inportanteena argitaratzeke dago. Euskal Herriak ez duen nobela bat sinzeritatez idatzia. Hala esan digute.

        — Oh, hutsa. Ez dik balio. Kalidaderik ere ez. Zer izango da ba, zera, eskandaloa, seigarrena, abade bat nahastua, fedea falta eta, Salbatore Mitxelenaren omenaldian eman nuen hitzaldia azaldu da ba. Lehenago utzi nion Anizeto Zugastiri, baita Manzisidor jesuitari eta zeharo eskandalizatu. Anizetorekin laguna naiz, baina estu xamar hoietakoa da. Zerari ere, Suduperi ere pasa zioten eta olerki aldetik ondo zegoela, baina gordinegia ez ote zen edo. Jokin Zaitegik berriz, ezer ulertu ez, hogeitabost urterekin enterau zen zer zen ezkontzea, gizarajoa.

        Gehien gustatu duten gauzak eman didate lanik gutxiena. Aurretik batere eskemarik gabe egindakoak atera gustagarrienak, kostosuenak berriz... Zer egingo diogu ba, gizona kaxkarra da. Gizonaren bizimodua, normalean, duda da. Giro batetik bestera pasa eta aldau. Defensa gutxi. Ni dudatan bizi izan naiz beti.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.