L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<euzk0301>— Oh! Euzkadi-2 (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Beldurrik gabe

 

Ezaguna da literatoen hizkuntzarekiko kezka eta kexa: Juan Larreak, Vallejoren adiskidetasuna eten gabe, gaztelania utzi frantsesez iharduteko (Arestiren artikulu on bat), Peter Weiss alemanera eta swederaren artean zalantzatsu, Julio Cortazar ("no me lo digás viejo, me llamo cuadra vieja") gaztelaniaren sexu mailako urritasuna deitoratzen, Larramendiri sinesten badiogu berriz Zizeronek (Kikero, esan beharko genuke) galanki ixurtzen zuen latin-negarra... Baina euskaraz eta euskaran ez dugu halakorik, utikan: urrundik dator euskararen nagusitasuna beste hizkundeen ondoan, gure euskaltzale erdaromanoen ahotan behintzat. Eta Axular bera ere euskaldunon da kexu, ez euskararen.

        Inoiz esan ohi da, gutitan baina, alderantzizkorik: euskara ez da guztiahalduna, gaurkoz, eta potentzialean besterik ezin liteke euskararen orogaitasunarena bota. Hala ere entzungor egin dute askok, eta fedeko artikulua bezala erabiltzen dute eskuliburuetan, manualetan jasotako hizkuntz berdintasunaren printzipioa. Gogoan dugu denok orain urtebetetsuko borroka dialektikoa. Bufalo domatzaileok ere ohar pare bat egin behar izan genuen. Alferretan.

        Azken hilabeteotan, bestalde, gertakari berri batek astindu ditu euskal argitarazioen aintzira uher ustelduak: itzulpenak. Itzulpenaren marea gora datorkigu zaldi desbridatua bailitzan, argitaratzaileek bat egin balute bezala gu guztiok ito beharrean. Eta balitekeela ediziook politika zehatz baten mugetan izatea eginak: prosazkoak denak. Kasualitate honen azpian kausalitate bat ere badago, guk, eta oraingoz, "belozitate gelditua" bataiatuko duguna: euskara landu behar da, poesiaz nahiko ondo gaudek, prosan berriz urri, egin ditzagun itzulpenak ezer sortzeko gauza ez baldin bagara.

        Iritzi batzuei egundalako harrera egiten die jendeak, eta poesiaz nahiko ondo, dexente, poliki xamar, ez beste munduko gauza baina tira, hainbestean gaudelako ustea ez da, alafede, bart arratsekoa. Ni ordea nago ez ote den poesia bera ere errazegi egiten hemen, poeta ugariegi ez ote dagoen edo, eta sekulan ipuin triste bat ere idatzi ez duen poeta soberaska. Ah, eta zer? Hortxe dago Neruda, esaterako. Bai, ongi nahi diote euskal poetek Nerudari, eta ez ipuinik idatzi ez zuelako bakarrik. Baina señores, izan gaitezen serioak: har ezazue eskuinean enziklopedia bat eta ezkerrean mundumapa, eta ipuinik idatzi ez duten poeta guztien aberrietan banderatxo bana josi. Esaidazue gero zer lurralde hartzen duten banderatxoek: hirugarren mundua. Euskal Herria hirugarren mundua dela kulturan? Gehiegitxo dirudi. Eta gure hirugarren mundutasuna aitortzen baldin badugu berriz, nor hasiko da itzulpen politika bat defendatzen?

        Ipuinak ez dirudi jenero desegokia, gauden egoeran. Ez du nobelaren lana eskatzen, irakurtzen zaletzeko ere aproposa, eta alfabetatze mailan entero aplikagarria. Baina bai zera. Ezta hiru foliotakoarekin ere, ez gara ausartzen. Eta literatoak bezalaxe kritikoak ere lasai dabiltza, gure prosa irakurri ere egin gabe: Lapitze, Fray Bartolomé, Mendiburu, Hiriart Urruty, Bitoriano Iraola, Lizardi... gogoz reibindikatzen ditugun aitzindariak.

        Erosoa baita poesia. Poesian dena da reussite. Poesiarako "nahikoa" baita sentimendua eta dotorezia. Prosa berriz zaila da, nekosoa, lanegite, zeregin, egitate, praktika, ekintza bat den neurrian.

        Belozitate geldituak belozitate abiatuaren beharra erakusten du. Itzulpen marea hau prosazkoa izateak ere erro-konpleju bat salatzen du, oharkabean: prosa behar dugula. Baina ez du esaten geuk sortua behar duela. Hartan isladatuko baikara "poetikaren" mozorrorik gabe. Hartan geure akatsak ezagutzen hasiko. Abiatzeko ordua da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.