L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-2 (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

A. Carpentier-en oroitzapenetan

 

Bidaia luze eta astindu baten ondoren bide lohituetatik non pinaburuak kraskatu egiten baitziren kotxearen uztaien azpian, azkenean Esteban Baionara heldu eta Espainiako Iraultzaren eztanda prestatzen ari zirenen esanetara jarri zen: Rubín de Celis marinel izana, Bastarreche alkatea eta Guzman kazetalaria, Marat-en adiskidea eta L'Ami du Peuple-ko lankidea. Inpresio etsigarria hartu zuen bere aurpegi berria, bere berehalako ekintzarako gogoak ez zirela begietsiegiak han non asko eta asko ezarririk baitzeuden hispaniar eskrupuluek atzeratutako jacobinismo batean, sumina beti Frantziari zegokionean, amultsua eta zuhurra begiak Bidasoaruntz itzultzen zirenean. Gaztea berahala izan zen bidalia Donibane Lohitzunera, orain Chauvin-Dragon deitzen zen hiria errepublikar soldadu heroiko herriko seme baten oroitzapena ohoratzeko. Bazen han moldiztegi txiki baina guztiz eginkor bat, zeinera entregatu behar baitziren hainbat dei eta testo iraultzaile Marchena Abateak hautatuak, agitadore ona, gertakarien arauera lumari eragiteko beti prest zegoena, baina muga-bideetatik jadanik gutxi zebilena, bere denboraren hoberena Parisen pasatuz, non Brisot-ek maiz hartzen baitzuen entzunalditan. Kostalde hartan adiskiderik ez zuela uste izanik, arratsalde batean Untzinen bazterrean algaraz agur egin zion arrantzale bakarti batekin topo egiteko poza izan zuen Estebanek. Feliciano Martínez de Ballesteros asmakorra —eta jadanik masoi-ohia— zen, orain koronel grado distirantearen jabea, espainiar gudarosteak gudukatzeko eta haietako soldaduak Errepublikara pasatzera zirikatzeko helburua zuen Mikelete talde bat, "Mendiko Ehiztariak", eratu zuelako. "Gerturik egon behar da —esaten zuen—. Laboratu gabe ematen dira gure aberrian putasemeak: gure Godoy-ak eta gure Borboneko Mesalinak ikustea besterik ez dago". Logroñotar alaia lagun izanik ibilaldi luzeetan abiatu zen Esteban izena zuela denbora gutxi aldatu zuten herrietara: Itsasu "Union" deitzen zen orain; Arbona, "Constance"; Ustaritze "Marat-sur-Nive"; Baigorri "Termopilak". Lehen asteetan harritu egin zen gaztea euskal eliza landugabeen aurrean, kanpandorre gerrari eta kamutsekoak, lurrean iltzatutako harlosek hesituriko baratzekin; idi-uztarria, makilaz zuzendua, ardi larru bat uztar gainean hedatua, ikusteko gelditzen zen. Gainditzen zituen bizkar gakotuko zubiak, elur-urezko jauzien gainean aztoratuak, harriaren arrailduretan izkutatutako hontto laranja-koloreren bat erauzten zuela pasatzean. Atsegin zitzaion etxeen arkitektura, anilezko urdin koloreko habe haiekin, isuri amultsuzko teilatu haiekin, hargintzazko irten-unetan tinkatutako aingura forjazko haiekin. Carlomagnoren Erromantzeen Mendiek, bular malkartsuetan xehatuak, zeinen bidexigorretan artalde bizkor eta elkargainkakoak azaltzen baitziren Roldan Paladinak egian ikusi zuen haitz baten beste aldean, eta pentzeek, batez ere —pentze bustiak, bigunak, berdeak, berde argizkoak, sagar berdezkoak, beti berak bezalakoak—, printzipio iraultzaileek gizon guztiei itzulitako zorion bukoliko baten posibilitatean pentsarazten zioten. Baina jendeez zerbait dezepzionaturik zegoen, hobeki ezagutu zituenez gero: keinu geldiko euskaldun horiek, zezen-lepokoak eta zaldi-perfilekoak, harrijasotzaile bikainak, zuhaitz-lurreratzaileak, eta tenpanoek gogortutako itsasoa, Islandiarako bidearen bila, lehen aldiz ikusi zuten haiekin berdintzeko gauza ziren itsasgizonak, setatsuak ziren beren tradizioak gordetzen. Inork ez zien gaina hartzen isilpeko mezak entzuteko mainak asmatzen, txapelan hostiak eramaten, kare-labeetan eta lekuetan kanpaiak gordetzen, eta ezkutuka, gutxien espero zen tokian —baserri batean, taberna baten dendostean, artzanorek saindutako haitzulo batean— altareak prestatzen. Hauts zitzaketen legegabe batzuek Baionako Katedraleko idoloak: Apezpikuak aurkitu zituen, kustodia, zingulu eta bidekargarekin Espainiako aldera igarotzen lagundu ziotenak. Berako herrira jaunartzera joan zen neskatila bat afusilatu behar izan zen. Mugako zenbait herrixketako biztanleak, apaiz menderagaitzei itzal eta babes emateaz errudun frogatuak, deserriratuak ziren, araldeka, Landetara. Chauvin-Dragon Donibane Lohitzun izaten jarraitzen zen bertako arrantzaleentzat, nekazarientzat Baigorrik Donesteberen zaindaritzapean irauten zuen bezala. Zuberoa hain atxikia gertatzen zen San Joaneko suetara, Erdi Aroko Itxurako dantzetara, non inor ez baitzen ausartuko salatzera familian errosarioa errezatzen edo Aitaren eginez Zugarramurdiko sorginez hitzegiten zuenik. Bi hilabete zeramatzan Estebanek mugikor, iruzurtsu eta arrotz bihurtzen ari zitzaion mundu hartan, ulertzera inoiz helduko ez zen eta aurpegietan hitzak marraztea inoiz lortzen ez zuen euskal hizkera harekin, Espainiarekin gerra zelako berriak birrindu zuenean...

 

A. CARPENTIER

El Siglo de las Luces

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.