Judas Baibaifo
(edo hitzez hizko fusilaketa iskariotea)
Aspaldiko kontua izan dugu, amak kutsatu baitzigun sukalde zaharreko ontzi zarata artean, "ikusiko duzue ni falta izango naizenean" hura. Gerrate, gosete, eta elurte asko medio, gasolinaren aurrean poeta, eta seme alabenean, berriz, pragmatika bihurtzen zitzaizkigun heroina domestika haiek ez zuten pentsatu ere eginen, nahiz eta auzoko gizon gazteak bere eztai egunetako hirugarrenean, pago mozkorrari lotuz maldan behera burua bota, suizida egin gintuztela, mapa mundiko edozein puntutara, suizida izateko kapazitate handiz eta beste suizidatzeko kapazitate handiagoz (besteak beste, besterik gabe, besteri buruz beste egin arazteko inork defini ez dezakeen beste senaz, berek zutenaz).
Geroztik era askotako suizida moetak ezagutu ditugu esistitzeko aukera eman diguten mende laurdentxo labur honetan. Urrutira joan gabe, ni berrogeitahamarreko hamarkadan suizidatu ninduen ama nereak, bere hanka ezkerra kama-adarrari lotuz, aurrera arreba gaztearekin gauza bera egiteko Poliklinikaren herrixkarekiko sofiztikazio exotikoa asmatu bazuten ere. Era honetan ez zegokeen, amonak San Ramon Nonatori piztutako kandela bedeinkatua ipurdiko zuztarreraino erre ondoren jostundegiko mahai zaharrak, nirean hartu zuen bezala su hartzeko arriskurik. Seinale onak ama! oso onak eta orain artekoan abandonatu ez nautenak, ez, ez. Izpiritu Santuaren sutxoak, ez dakit Asteterenean ala beste norbaiten dotrina-katezismoan, apostoluek buru gainean eramaten zutenaren tankerara, neronek santuarena, deabru demoninoena, sorginena, akerrarena eta inon diren guztienak daramatzat.
Askotan pentsatu dugu, bururatu zaigu (eta inoiz ez damutu) "ni faltako naizenean" torturatzaile haren mendekantza eta enpaza, eta hor zehar baztertu ere pentsamentu hura (eta hau bai, hau bai, geroztik hamaika bider damutu). Hobe baita etsi etsian zure faltan beste inor ez bada, kafesnea geuk berotzea, eta zure filosofia besteei aplikatzea.
Gu ere, noizbait faltako gara, eta akordatuko norbaitzuek gutaz, ez alferrik, suizidatuko gaituzten haiek berak izango baitira. Eta egian diotsuet, adiskide gorrotatuok, hartuko dugun bidean egingo diguzuela, bazko bildotsaren bidean, bokaziorik ez dugun arren, geurea baita hartzearen errua, erratu gaituztenek zerbaiten atsegina izan dezaten. Zeren gure trajikotasuna haintzakotzat ez hartzea ez baita gauza astuna, baina jakina da majo nabarmentzen garela hori egiten dugunok.
Gu gara suizidak, baina NOR gure suizidatzailea?
Bizitzan kristo guztiak pentsatu duela suizidioaz, eta soluziobide bezala askotan ontzat eman ere. Ba hari ezetz esaten diotenek obratzen dute baietzaren alde, zeren bizitzeko arrazoi baten bila dabiltzanak bakarrik baitira beren bizia emateko kapaz. Eta bizitzak ez duela merezi pentsatuz dabiltzan horiek, horiek bizi dira nazkaz beteta, eta horiek irauten dute bejetalaren iraupen-sena hutsez, hiltzeko ere barrabilik gabe.
Galdutako herri baten oroimenaz pribatu gaituzte, lur geure baten ilusioaz ere berdin egin digute. Halere suizidarik biziotsuenaren tamainan hemen dihardugu, ez lanean zenbaiten ustez baina, gero eta haruntzago jo nahiean. Beharbada pentsatzekoa baino lehenago hartu genuelako bizitzeko ohitura, eta hori nolabait justifikatu nahi dugulako. Baina ausnartzen hasiak gara, bihotzaren isilean, ekintza handi guztiak egiten diren bezala, geure buruaren botatzea.
Beste askok bota du bere burua, errenuntziatu du eginkizunaren aintzindari askok, baina gehienak beren pentsakizunaren errenuntziamendura iritxi dira, bere rebelio nahiean.
Iritsiko gaituk bai errenuntziara, batetara edo bestera, suizidatuko gaituk ala diagu.
Lehenengoan barne barneko minak aipatuko dizkitek, senda ezinezko gaitzen bat edo beste atxakatuko zigutek, amodio ekaiztsuak, eta urkatzea, ezina aitortzea eta abar.
Bigarrengoan... beste batzuek ere, beren bizia arriskuan ikusi zutenean, agudo ukatu ziaten, nahiz eta egia garrantzitsu eta kruzialak izan defenditzen zituztenak.
Eta gaizki eginen al diagu?
|