L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-2 (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Hiltzea inportantea izanagatik ere

 

Sartre hil baino pare bat egun lehenago, Errenderiako El Sindikato tabernan geunden, salda ona baina lapikoko haragi eskasa, eta beti bezala inguruetako mozkorra urreratu zitzaigun, Hondarribiako arrantzale bat, hitzegiterakoan botatzen zituen xistu zipristinak milia baten inguruan zabaltzen zituena. Sakelean  Gavi, Sartre, eta Victorren arteko elkar hizketa liburu bat generaman: On a raison de se revolter.

        Ez gara oroitzen zer egiten zuen delako liburuak gure sakelean baina kuriosoa da Sartre politikaz mintzo den texto bat izatea egun hartan, heriotzaren zirkoa interpretatzeko gertatzen ari zelarik, pasiora atera genuena. Agian zirkustantzi harengatik —guk liburuak ateratzen ditugu pasiora beste batzuek zakurrak bezala eta klaro, atxikimendu bat sortzen da— Sartre politikaz arduratua gogoratzen dugu gaur eta alderdi hori deritzaigu mementu honetan hemen idazle-filosofo zaharraren bizitzan eta obran aipagarrien.

        Ez dugu horregatik ahaztuko "Le Diable et le bon Dieu"gandik atera genuela argudioaren indarra David kaskar baina arrazoin elementalez indarturiko batzuk bezala, misioak egitera etorri zitzaigun apaiz-Goliath haren aurrean defenditu ahal izateko.

        — "Zergatik zure Jaungoiko onak haur baten heriotza permititzen du" esaten genion vade retro modura bokazioari, transustanziazioari, eta arrain eta ogien mirariari buruz ematen zizkigun roilo dolorezkoetatik libratu nahiean.

        Sartrek libratu gintuen apaiztegietako esperientzia aberats eta hezitzailetik, arrazoina baitzuten apaizek kaltegarria zela eta ez irakurtzeko esaten zutenean.

        Sartrengandik ikasi genuen zikin, lizun, likits, lohi izenez, nolako aberatsa den euskara batzuetan, seinalatzen zitzaigunaren xarma ukitzen, lugubre eta arrunt bezala azaltzen zizkiguten gauza askoren bihotza aurkitzen, Jaun goikoaren eskutik —hala zion amak— utzirikako esistenzien miseria dastatzen eta maitatzen, eta gehiegi maitatzen ere agian, geroak noizbait esan digunez. Baina utz dezagun geroa, maitatzea ejerzizio bat da, praktikatuz ikasten dena, eta nola maitatu genuen gau hotzean bere profesioaren sufritze pairatuan galtzerdiak ez kentzeko permisoa eskatzen zuen puta hura.

        Dagoeneko Sartreren zerbait bueltatzen digu ispiluak gure begiradan, begi estrabiatu bat edertzen gaituena —gure belaunaldikoek geron aurpegiaren erresponsable garela dagoeneko— nausea luzearen zeinua ezpainetan, idiota satisfetxoen irrifar estupidoaren kontra. Zerbaitek bizirik dirau bai gure zeinuetan, Juliette Grécoren melena beltza esku zuriaz alderatze langido hartan bizi zen bezala.

        Hala guztiz ere politikaz arduraturiko gizona gogoratu behar, G. Halimiren Burgosko liburuaren sarreran bere eskritura urjentea euskaldunon zerbitzuan jarri zuma, politika arloan hainbat aldiz tronpatu egin zena, funtsean, postura hartuz azertatzeko. Eta hori guztia zenbait gauza ukituz eskurik zikindu nahi ez duten izpiritu handien kontra. Klaro baitauka gu esistenzialista izatea ez dela burua putinklub batetako barra gainean desesperantzaturik apoiatuz Carmeni soneto bat errezitatu eta merde esatea. Merde esaten jakitea inportantea izanagatik ere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.