L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-2 (1980-ekaina) —<euzk0313>




 

 

Nosotras no hablamos vasco guapito

 

Errenderian, Ereintzak eratu zuen Euskal Herriko azokan gertatua. Eta okerrago denontzat, bizkaitar batzuei gertatu bazitzaien, ez baitago edozeinen eskutan hain arazo larritan inpartzialidadea gordetzerik eta behar denean behar da.

        Emakume batzuk artilea ardazten, soineko urdin tantodunak, abarkak, buruan painueluak, ez nuke esango frantzes moduan loturik ala ez: jendearen bistan lanean. Aldamenean, alpretagile bat, txanbra loreduna, gona urdina eta alpretak txanbraren kolorekoak. Parean uztargile bat, alkandora koadroduna eta maoizko galtza urdinak; alboan, erdi kalboso bat kaikuak egiten, beste alkandora koadroduna eta, oraingoan, panazko galtzak.

        Aurrera egin baino lehen esan dezadan historia honen klabea zein den: erdaraz esana, dime de qué presumes y te diré de qué careces. Seguru badagoela euskaraz gauza berdina modu jator batez esaterik baina, tira, entenditzen gara.

        Eszenarioa bukatzeko, bero izugarria eta artilea ardazten ari zirenak, gaixoak, berak egindako galtzetinekin. Falta zena: milaka kaletar nostaljiko eta kurioso, garai hoberen bila edo behintzat, bueltatxo bat, astelehenean zerbait esplikatu ahal izateko. Ez da gauza gutxi.

        Gauza da mutiko bat, euskalduna eta ikastoleroa, ardazketan ari direnengana joaten dela eta, begiratua asko altxatu gabe, Donostiako doinuaz, eskuak gerrikoan, zera esaten die: ikastolara eramateko lana mordoska bat nahi nuke. Lanean ari diren emakumeen buruan irrifarra gogortu egiten da, gogortu eta zabaldu momentu batez, buruko painueloak ez zuen tantorik, baina gonak bai, ugari askoak: nosotras no hablamos vasco, guapito, ¿qué quieres?

        Ez da Elregatoko bizkaitarrekin sartzeko asmoz egina, ezta ere bizkaitarren bizkarra makurtu nahiean esana, baina tira, ez da seguru asko kasualitatea: feri guztian baserritarrez disfrazaturik zeuden bakarrek ez zekiten euskaraz egiten.

        Ikastolero gizagaixoak ez daki zergatik ikusten diren nik dakidan herri haundi batean hainbeste lekeitiarra eta txapel, hainbeste mendigoizale galtzak, kaikuak eta abarkak.

        Baina, dena esan beharra dago, irrifarrea galdu gabe, ardazketalariek artile mordoska bat eman zioten ikastoleroari, galtza bakeroak eta algodoizko kamiseta bat bazeraman ere. Gainetik, lonazko botinak eta erretratatzeko makina.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.