L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-2 (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Politikan, mintzaldi politikoan, indar harrigarria dute hitzek, elementu bizidunak bezala jokatzen dute, eta egoeren eta moden eragina jasaten, hitza bizitzaren alderdi guztietara zabaltzen eta murgiltzen denez.

        Argitara azaldu ahal izan zutenean bertan ia gintuzten etsi erazi euskal politikoek, eta beren geroztikako ihardunak areagotu egin gaitu. Baina ez gaituzte despolitizatuko, eta beti zelatuko dizkiegu egitateak eta batez ere hitzak, hitzak bijilatzea baita literato arduratuaren zereginetako bat.

        Interesgarria izango litzateke mintzaldi politikoen historia egitea, oinarrizko materiala genuke gure historia kulturalaren zirriborro bat egiten hasteko.

        "Caerá como fruta madura" zen abertzale zuhurrak Francori egozten ziona, haren heriotzaren ondoren "platajunta" egon zen furian (gaur egun ahantzia, baina hizkuntzalarien oso gogozkoa), "mínimamente" adberbioak indar harrigarria izan zuen ezkertiar askoren ahoan, "bajarse los pantalones" guztiz zabaldua dugu, nola sindikal batzarretan hala estatuto negoziaketei buruz (eta zein artikulu dotorea egin litekeen lokuzio honen atze aurreak (sic) aztertuz). Baina azken urtebete honetan politikoen artean oposiziorik gabe nagusitu den leloa, dudarik ez, "en este país" izan da.

        Felipe González hasi zen errepika honekin, oker ez bagaude. Agudo itsatsi zitzaion Benegasi. Carrillok ere maite du. PNVko bat edo besteri ere entzunak gara. Ezker abertzaleak geroz eta maizago erabiltzen du, baina ez dira ezker abertzalearekikoak ezkertiar kritikoon problemak. Eta politikoen itsulapikoa gainezkatuz, literato, intelektual, filosofo eta interbiubatu ororen formula ohizkoa eta arrunta bilakatu da "en este país".

        Ez, ez dute esaten "en esta nación". "País", esaten dute, eta ez dakigu Forges-en txiste bat den. Ez dute "nuestro" ere esaten, gogorregia eritzirik. Baina denok dakigu zenbaiten nuestroak ez lukeela gurea-rekin zer ikusirik. "En el país" ere ez: hortik inork "el país vasco" atera ez dezan, ohartzen garen arren zenbaitzuk egunkari batetaz ariko liratekeela "en el país"ka.

        Askok, ohituraz, bat egiten dute estatua eta nazioa, eta estatua eta nazioa gauza desberdinak direla aitortzen duten beste askok "país" esaten dute "nación" esan beharrean, eta "en esta nación" esango balute ere "en este estado" ulertu beharko genuke batzutan, eta zalantzatan gelditu bestetan, segun nor ari zaigun. Ez zalantzarik izan, arrapostuko lioke politiko batek baino gehiagok gure kezkari, nik beti "país vasco" esan nahi dut. Baina hitzek ezin dituzte egitateak izkutatu, mintzaldi politikoaren azpitik ekintzen pikardia ageri zaigu beti.

        Nik behintzat ez dut, kasu askotan, oso ongi ulertzen Euskal Herrian paseatzen diren politiko ez gutiren "en este país"ek zer esan nahi duen, eta zalantzatan gelditzen naiz, alditxartua bezala. Politikoen hizkerak korrelatiboak dira ia beti, baina hizkuntzak ez dira sistima korrelatiboak: "en este país" ez da "herri honetan". Herri honetan dionak ez du zein, nungoa, norena, nolakoa esan beharrik, konnotazio guztiak baititu, gaurkoz, nazionalak. Hobeki engainatuko gintuztela orduan politikoek "herri honetan" esanik? Hainbat hobe beraientzat. Hainbat hobe euskararentzat.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.