L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-3 (1980-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Cultura, euskaldadea, kultura

 

Makina bat urtetan ukatu izan digute (baita orain ere) gure berezitasuna, makina bat urte pasa du euskal herriak badela oihukatzen, makina bat urtetarako sesioa du oraindik ere.

        Baginela esateko bagenuela ere esan behar, euskal herri deitzen zen zerbait, euskal kultura deitu nahi genuen zerbait, euskal izeneko gizarte bat; mitologia, etxe, dantza, literatura, hizkuntza berezi bat; argitara atera, erakutsi, frogatzat erabili; euskaldunen mundu (edo sekta edo ghetto)aren inguruan zebiltzanena, "nuestro pueblo", eta —incluso— "nuestra entrañable tierra" ("nuestra amada lengua" baita ere) esistitzen badira euskaldunen temarengatik da, dadukakeen prestijioa (hainbatetan euskal intelektuala konsideratua izan dadilako eskaera berria) haiek eman diote, dituzkeen akats eta birtute guztiak haiek ekarri dizkiote, besteek bide berriak ikusteko itsu zeudelarik. Ongi esplikatua utzi zuen aspaldi Joxe Azurmendik.

        Euskal kulturaren mundua itxia eta biziatua izan bada, mundu hortatik kanpoko Mundu zabal eta unibersalean —cultura universal— edo —Cultura sin adjetivos—ean zeudenek apenas ukan dute itxitasun hori zabaltzeko kapazidaderik, apenas bizio hoiei alternatiba bat emateko ahalmenik.

        Gaitasun hori konkistatu egiten baita. Gaitasun hori, ukatu dutena ikusi nahiatik hasten da, ikusi behar ez litzatekeena ikusiz, uniformidadearen azpian eta zokoetan dagoena bilatuz. Desplazamendu bat, ideolojikoa. Euskal Herriaren bizia ukatzen duen ideolojiatik alde egiteko mugikortasun ideolojiko bat.

        Horregatik euskal herria, eta batez ere euskal kultura, ez dira gauza natural bat, hemen dagoena, denok biltzen gaituena, kutsaduraz euskaldunduko gaituena. Euskal kultura konkistatu egiten da, sortu egiten da alegia, lan baten ondorioz. Eta, berriz ere, lehengo pionero zoro eta mespretxatuei esker bil genezake jakintza sail bat; hoien lanaren fruitu da euskal herriaren zenbait arlo izendatuta egotea, esploratuta, eta esistitzen den territorio bezala komunikatua. Euskal herriak gorputz bat baduela ukatzea zailago zaie orain.

        Hori lortuak, ordea, ez du euskotarrari euskaldun konsziente izatea berehalakoa, naturala, zaionik esan nani; oraindik ere aukera bat da, militantzia. Gorputz hori haunditzen jarraitu beharko dugu, eta batez ere, euskal kulturaren territorioa lantzearen kontzeptutik beste dimensio batetara pasa.

        Aukerak egin beharrak, analisiak eta kulturaren kritika bat tentatzeak, normala behar luke, eta ebidentea, kulturaren zirkuito nagusietatik kanpo geratu garenontzat. Edo zein kultur lanean aritzeko hobe baita Bartzelonan Donostian baino, hobe Parisen Bartzelonan baino, edo Munichen edo New Yorken.

        Periferian bizi garela, alegia. Ikuspuntu horretatik kulturaren arazoa distribuzio arazoa da, adjetiborik ez baina sede sozialik baduen kultura guri ere irits dakigun. Ukatu diguten disfrutea eskura dezagun.

        Ukatu egin digutela eta ukatu egin gaituztela. Baina, agian, isildu egin digutela eta isildu egin gaituztela deskubritu beharko dugu, aurrera jotzekotan. Alegia, gu periferiara baztertu gaituen distribuzio sistema internazionala dela, eta horrek, alde batetik, une eta leku konkretoa gainditzeko ahalmena esan nahi badu, bestetik, denok denominadore komun baten arabera mugatzea. Periferiakook negoziatu ez dugun zerbaiten arabera. Eta kultura unibersal horrek, adjetiborik gabekoa denez —bakarra beraz eta gizaki guztiona— berdinduak beharko gaitu aberats eta pobreak, gizonak eta emakumeak, nikaraguarrak eta Paristarrak, Woudned Knee eta Bostongo amerikanoak, hegoalde eta iparraldeko italiarrak.

        Ezin onar, beraz, euskal kulturaren kontra, eta alternatiba gisa, kultura hutsa. Ezta ere, ordea, kulturaren kontra euskal kultura. Alternatiba bat bilatu beharko dugu, leku bat, eta ezin hori lortu zenbait nota desordenatu eta pobretan, arazoa ez baita alde batean ala bestean posizionatzea, isildu dituzten beste bide guztiak deskubritzea baizik. Deskubritu eta bilatu nahi bat sortzen baita behintzat EKTeen boom haren garaietan elkarte askotan Comisión de Cultura paralelo eta orokorragoak sortzen zirela gogoratuz. Binomio horren bi muturrak ematen ziren, eta guri, bertan, pobrearena eta tontoarena tokatu, berezitasun eta bitxikeriazaleena. Eta errazago onartuko digute euskal kultura berezi bat, espezifiko bat, kultura internazionalaren katalogo hipotetikoan "peculiaridades" sekzioan eta anexo bezala sar litekeena. Gu ere lotu egiten gaituelarik, gainera, euskal kultura zer den esplikatzerakoan —oraindik ere badela/badugula aldarrikatu behar denez— Schöenberg, Picasso, Becket etab. besteren zakuan utzi beharko baititugu, bi, eta biak exkluienteak azaltzen zaizkigunen gero. Hoiek besteenak, eta guk, aparte, gure koadrilatxoa aportatu. Eta ez dut uste, ez gure buruarentzat ez gureganatu behar ditugunontzat, deigarriegi denik plus kultural soil baten alde borrokatzea.

        Ez ote gaituen horretara kondenatuko euskal kultura bereziak. Eta euskal kultura euskal herrian egiten dena dela esatean ahantz genezake euskal herria apenas dela, asmo bat dela oraindik, proiekto bat. Kulturak, euskaldun senti erazten gaituen eta gure itxaropen horri oinarri erreal bat ematen dion sensazio eta datu enpiriko multzoari forma, esistentzia konszientea, eman behar lioke. Izendatu.

        Datu hoiek ikusi egin behar dira, datu bezala bizi, moldatu, estrukturatu; "euskal" hau herri izan dadilako proiektoaren estrukturan leku egin.

        Banan bana ekarriz gero, datu hori, errealidadearen alderdi hori, puztu egiten da, bere onetik atera; orduan ez da datu formadun izango, estruktura batetatik kanpo galdu egingo bailuke garrantzia, muga, eta eragina ematen dion funtzionamendua; datu, testuinguru, faktore izatetik kantagai izatera pasako baita. Zera ikusgarri bat, maitagarri bat.

        Ez da proiekto batean sartzeko gai, bukolismoa da. Ez du etorkizunerako kapazidaderik, etorkizuna egin egin behar delako, moldatu; lehengoaren kantu inkapaz bat da, fragmentoak bere fragmentotasunean uzten dituena. Bokatiboak.

        Horrek, gaur egun, ez du desplazamendurik eskatzen, jarrera —kritiko eta ideolojiko— beharrik. Horiek dute, praktikan, naturaltzat, lehengoek izendatu eta agertarazi zizkiguten arto, jakintza, sensazio eta apunteak; hiztegi kulturalera, izate kulturalera ekarri zutenari admirazioak jartzen dizkiote eta ez deklinabidearen sufijo funtzionagileak. Maite dute baina maitasun konserbatzailez. Dagoena errepikatzen dute, apaintzen agian, zatiak osotasuntzat emanez, mitoa sortuz. "Hau da Euskal Herria, edo Gure Lurra edo Gure Ama".

        Mitoak, ordea, mugimendua galerazten du; mitoak ez du eboluzionatzen, ez da itxaropen bat, historia bat. Mitoa, ditugun puskak, amestutako osotasuntzat ematea da.

        Osotasun antzeko itxitasunez fijo geratzen denez, euskaldadea (ezen ez euskaltasuna) sortzen du, eta hori posibilidaderik eta irtenbiderik gabeko ikuspuntua onartzea da. Zeren euskaldadeak, euskaltasun mitikoak, edonork "euskal"tzat eman litzakeen ikurrak jasoko baititu, (desberdin eta espezifiko izatez aparte ideolojia zabalduenak karakteristikotzat emango lituzkeenak) ikur pobretuak, justifikaziorik eta arrazoirik gabeak, historiatik deserrotuak, etorkizunik gabe, beraz. (Azken urteotan publikatu den zenbait argazki liburu edo hauteskunde gauean telebistak sartu zigun filma adibide).

        Euskaldun konszientearentzat inkomodo eta mingarri izan daitezke, militantzia eta folklorekeriaren arteko tirabiraz. Gurea premisa bat (:"hau euskal herria da") eta ez produkto bat (:"hau da euskal herria"). Euskal herri hori onar eta onets dezake gu ahazten, ukatzen eta isiltzen gaituen ideolojia "internazional" (ala interestatal)ak. Beti izango baitzaio exzentrikoa, zentro-tik kanpokoa, periferia bat, txokoa. Euskal herri hori bereizkuntzen signoez beterik dago eta berezitasunak ditu euskal herritzat. "Beste" garen neurrian gaitezke euskaldun, "beste" den neurrian izango da "euskal" kultur-lan bat; munduan ari denarekin bat gatozen heinean, gainontzekoarekin lotuta gauden heinean galdu egiten dugu euskaltasuna eta euskal kultura, adjetiborik gabe haien adjetibo isilduen, gainulertuen, menpeko bilakatuz.

        Eta guk bizi dugun errealidadea nahasketa bat da, prezipitatu bat, bertan gauza berezi eta gauza amankomunak daudela; konbinaketa eta proporzio eman batek —kristalizazioak— defini dezake gure herria, karakteristika garbi eta pekuliarren zerrendak baino hobeki. Kristalizazio horren estruktura bilatu beharko luke euskal kulturak, kreazio lanen bidez horren konzienzia eta definizioak sortu. Gure inguru hau, (kontestoak), ingurune linguistiko kultural, politiko, erotiko, ohiturazko, denborazko, konportabidezkoak izendatu.

        Errealidade baten susmoa konzientzi komunikagarriaren mailara pasatzerakoan, egokien, referente erreala duen kreazio lana; berosimilitude bat osa lezakeena. Herri eta hizkuntza (gaur egungo bizimodutik) sinisgarri bat agertarazteko.

        Berosimil hitzak zentzu asko ukan ditzakeenez, kanpokoentzako (ideolojikoki kanpo daudenentzat, gu kanpotar gaituen ideolojiakoentzat alegia) berosimil litzatekeenik ez, baizik eta Euskal herrian edozein gertakizun, ekintza eta erreflexio euskaldun egingo duen berosimil bat, euskal herrian integratuko dituena, euskal herria proiekto orokor eta bizigarri egiteko prozesoan.

        Euskaldadean eta euskaltasun bitxian liluratuta bizi denak euskal kulturaren prozesoa pasatzen ikusten du. Euskal kulturari aurrerabide bat aurkitzeko, bide horretan aritu behar da. Desberdintasun oinarrizkoa, distantzia ideolojikoa.

        Baina bide horretan egonik ere, "euskal" arlo nabarmenak lantzeari bakarrik ekingo bagenio, ezingo genuke bi kulturen arteko aukera izorratzailetik irten. Gure izatea desberdintasunean bilatzen baita, eta ez aukeratu dugun inguruaren azterketan.

        Kapazidade estetikoa beharko dugu, ideolojikoaz aparte. Lan zaila. Baina —konsolapen pobrea— horretan aritzeko bertan hitzegin, mozkortu, larrua jo, izorratu, eta lan egiten dugunok ukan genezake ahalmenik gehien; euskal kulturaren konpromisoa duenak (eta horretan hizkuntzaren garrantzia puntakoa da) posizio hobea du aurrera jotzeko, orain arteko prozeso eta herentzia jaso baitezake, dugun kultura nazional bakarrarena.

        Gure desfioa eta eginbeharra, beraz, kultura nazionalaren bilakabide berriak aurkitzea da, beste kultur ekintza guztiei gizarte koherentzia emango dien definizio berria, kultur lanak euskal herriaren itxaropenean gorpuzteko, bil genezakeen ondaretik argitasuna jasoz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.