nor
Non duzu dinamita, Alekos?
Iñaki Zabaleta
Paper xuria da gure gaua, Alekos. Izarrek euskaraz bai ote dakiten galdetu didazu, paper xurian printzipetxoak lanbroaz pintatu dituen, baina ikusten ez diren, izarrek bost ertzetan gau bana ote duten galdetu didazu. Hori galderak! Nola hitzeginen dute, bada, euskaraz, ahorik ez badute, eta nola izanen dute ertzetan gau bana, lanbroak ez badu deusen arrastorik utzi paperaren xurian. Ai, Alekos, greko zarela nabari da, ez duzula hemengo zeruaren berririk. Atenasko errepidetik zetorren kotxe beltzeko Papadopoulos diktadorea seko uztea, erahiltzea, ez zenuen lortu. Dinamitarako haria trabatu, korapilotu egin omen zitzaizun eta segunduaren neurketak behatz eta kopetako izerdi dardartsuetan gandutu. Ilusioaren beharraz montatu zenuen beharraren desioa eta bestetan amestutako atentatuetan, frakasatuan. Ilusioak bakarrik ez du pizten dinamita, ametsak eta nahiak ez du lasatzen hari trabatua. Hori esan zenidan gero eta oraindik galdezka ari zatzaizkit izarrek euskaraz bai ote dakiten. Ai, Alekos Panagoulis! Greziar salbatzaile izan nahi eta zeure burua gartzelara kondenatu zenuen. Nola da Greziako zerua? Olinpoko jainko jainkosak salba nahi ditzan zu ez beste salbatzailerik bai al da Pireoko itsasoetan? Eta zenbat gau ditu izar bakoitzak! Eta grekoz badakite? Papadopoulosek bizi zela gehitu zuen diktadore ohien zerrenda; ondoren erreforma etorri zitzaizuen, presidenteak, askatasuna; baina behin esan zenidan Olinpotarrek ez zutela Atenasa jeitsi nahi, ez zutela sinesten demokrazi hartan. Papadopoulos berriaren kotxe beltzaren azpian dinamita jartzera ez zinen ausartu, jadanik ez zenuen beharrezkotzat jotzen, gaizki zeneritzan. Baina esaidazu ea izarrek grekoz ikasi ote zuten geroztik.
Paper xuria da gure gaua, Alekos. Printzipetxoak paper xurian lanbroaz pintatu dituen irudiak, ikusten ez badira ere, panpina kurios batzuk dira, bi beso, bi zango, gorputz eta burua dituzketen holako errainu bereziak. Eta ez didazu galdetu, Alekos, euskaraz bai ote dakiten. Gau bana baino zeru bana dute ertzetan, ez baitakizu zenbat zeru izan ditzakegun hemengo paper xurietan; balere, ilusioak bezainbat ez. Ederrak baitira hauek. Guk ere Papadopoulos bat izan genuen, joan zitzaigun oheko bake usteletik, ez zitzaigun errepideko kotxe beltza hankazgoratzeko dinamitaren haririk trabatu, nahaspilatu. Gero erreforma, presidenteak...
...Ba dakizu. Salbatzaileak ez zaizkigu falta, baina sekretu bat esan nahi dizut: gure paper xuriko irudiek ez dakite euskaraz, hori da gure gaua. Pazientzia dugunez gero zerutxoak eraikitzen ari gara errainuen ertzetan, ez dugu salbatzaile ofizioa oraindik ikasi, ez eta nahi ere; hori bai, zure porrota aztertu dugu. Ilusioaren beharraz muntatuko da beharraren desioa eta segunduak eta hariak eta dinamitaren pisua ez dira trabatuko, hainbestetan amets egiten ari den atentatuak frakasatu egin ez dezan. Ai, Alekos! Eta zu izarrez galdezka.
Iruñeko harresietan ez da oihartzunik, kuasik, eta balere zure gutunari erantzuna ematen, nahietan, ari natzaio. Ilusio gehiegi eta praxis gutxiegi omen dugu, errealismoaren falta nabaritzen omen da gure papertxoetan. Orain pentsatzen dut ilusioa arrailatu zitzaizunean, dinamita ez erabiltzeaz konbentzitu zinenean, lur jota, seko, hilda, jaso zintuela Greziako gauak. Izarrek, esaidazu, nola hitzegin zuten orduan, Alekos?
Ez dut gehiago luzatu nahi; mesede bat bakarrik: irakurtzean, paper xuri hau, hitz eta ilusioz jantzitako gaua, begien parean jartzean, musika entzun ezazu, dinamitak ere lehertzean mila atabal erraldoiren taupada kontzertua jotzen baitu. Ez zaigu trabatuko haria, printzipetxoak lanbroaz pintatutako irudiek euskaraz hitz eginen baitute, seguraski. Oraindik ez diegu izarrei euskaraz mintzatzen irakatsi, baina berdin da, luzea da gure gaua, Alekos. Non duzu dinamita?
|