L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-4 (1980-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Baina bizia (II)

 

Berorrikako tratamendua, honez gero, atzean eta iraganean utzitako denbora baten —sistima baten— hondarra dugu, apaizaren eta medikuaren bisitetarako gorderik zegoen lujozko hizkiteria, fineziazko hizkera. Notableekikoa ez ezik gurasoekikoa ere ba omen zen inoiz berorrikako aritzea; gaur egun ordea adar jotze amable bat bilakatu zaigu, gurasoei berorri esatea. Eta gurasoek berek ere halakotzat jotzen dute noski. Badirudi iadanik berorrikakoa literaturaren posibilitate hutsa dela, zukako tratamendua bezala: Zuberoa (Tartas, Etxahun, Mirande eta Zuberoarena ekonomia arazoa düzü) eta hegoaldeko elizjendea (nundarra nauzun bada? / hemen gaituzu Jauna).

        Errezpetozko eta begiramenezko hizkera erabiltzen zuen mintzatalde berberetik jasoko genuen, hain zuzen, errespetoa eta begiramena zor geniola gogora erazten zigun bestelako hizkera bat: hikakoa, hitanoa.

        Hogeitamar urte inguruko kaletarrontzat disziplinazko kodigo bat bezala ageri zitzaigun hitanoa (goitik zetorren), gurasoek beste inorekin (gure izeba edo osabaren batekin agian, sekulan ez beraien artean) erabiltzen ez zuten hizkera, muga bat markatzeko (goitik beherakoa) balio ziena, adinekoen (helduen eta heldutakoen) munduaren adierazpide bat, bizitzaren beheko mailatan geundelako errepikazio bat: agintearen hizkera zen.

        Noizean behin erakusten zitzaigun gozoki hura iritsi nahi genuen (aitari aizak esateko tentazioa), inposatu zitzaigun mintzamolde hibrido eta kamutsa nahi genuen hautsi, mintzaera debekatua dastatu nahi genuen ahobetean (legearen aurkako errebolta, harremanak hankazgoratzea). Hartarako, harremanak kodifikatuak eta mendez mende ezarri eta erabakiak zeuden barrutitik behar genuen aldegin, ito egiten gintuen ingurunea utzi behar genuen: hitza ukatzen zigun familia des-hitz-egin (hizkuntzari hitz beste egin).

        Kalea zen askatasuna egarri haren asebidea, kalea zen familiaren aurkako errebolta haren elegunea, mintzalekua. Agintearen alkohol berdinetik edan genuen horditzeraino ("etorri dekela..."), hautsi eta txikitu egin genuen inposatu ziguten hizkera, mintzamolde propio eta "geure" bat sortu ustean (hizkuntz-sistimak berak aurrez antolatua, kalkulatua eta onartua duen molde batetan, hain zuzen). Hika aritzea gurasoak hiltzea eta kamaradak egitea zen.

        Hika lehen argot elementala izan zen guretzat, lagunarteko elkartasuna eta solitatearen bandera, zenbait adjetiboarekin (astaputza, zakilitroia... ) eta sexo hiztegi minimoarekin batera hizkera zalu eta "benetako" bat hitzegitearen plazerra: dialektoaz osoro jabetzea. Halako zerbait izan zen hitanoa mutilontzat.

        Ez genuke beste hainbeste esango emakumezkoez. Gaur egun ere gure amek aurreiritzi nabarmenak dituzte hikari buruz (hizketa itsusia, tabernakoa). Gizonen arteko gauza bezala dute, mutiltzaharren artekoa ia. Emakumezkoaren kondizioa salatzen dute noski iritziok: emakumezkoa izatea, gure amen gaztaroan, zerbitzaria edo neskamea izatea suposatzen zuen ez gutxitan ("ekartzan ogia") eta beti ere gizonezkoaren manupeko etxean (amari laguntzen). Inperatiboan konjugatu izan zaio hitanoa beti emakumezkoari. Mutilak gurasoak zituen agintari, baina neskak gurasoak eta anaiak. Emakumezkoak ez zuen gizonezkoon kalea hikarekin topatzeko (zer bizitza sozial egin du emakumeak?), lotsagabekeria ere izango zen mutil bati hika ekitea, zenbaitentzat. Hitanoa ziklo bat baitzen: familiak berak sortzen eta izkutatzen zuen (mutilen artekoa, nesken artekoa, baita neska mutilen artekoa ere; baina sekulan ez ezkongaietan edo senar-emaztetan). Semeak edo alabak "gogora eraziko" dio hitanoa gurasoari.

        Oraindik ere hitanoa kaleko eta kalearen hizkera da, ez familiakoa, ez ikastolakoa. Baina harreman hauek, hizkuntzan oinarritzen ez diren berte asko bezala, aldatzen ari dira, eboluzionatzen, hitanoaren berpizkundea gure egunotako hizkuntz-fenomenorik interesgarrienetakoa dugu, linguista aseptikoak konturatu ez diren arren: gero eta ugariagotzen ari da neska mutilen artean, ezkongaien artean ere normala ari da bihurtzen, haurrari ere hika egiten diote askok, eta ikusiak ditugu, Hernanin eta Donostian, neska mutil kozkorrak gurasoei hika. Hau guztia, bati baino gehiagori gogorra eta aberrantea irudituko bazaio ere, osasungarria da euskararentzat. Eta zer esan euskaldun berrien —euskara ikasitakoen, hobeto— hitanoari buruz? ("eta hi nora zoaz?"). Bai, hika ari ahal izatea da mintza praktikan dabilenaren ametsa, eta amets horrek Arestik zioen ganibetkada ematen badio gramatikari, hainbat hobe. Zeren hizkuntzari hitz beste egitea hizkuntzak berak aurrez antolatua eta onartua duen legea baita: "Au Québec, les anciannes générations avaient honte de parler une langue française appauvrie, détériorée, en partie figée dans son passé, une langue anormale. Les jeunes n'ont pas honte. Ils ont fait de cette "infériorité" une force. Le néo-joual est devenu une forme de contestation permanente" (Guy Lapassade. Le livre fou). Egia da, hizkuntzak ez dira hiltzen; hil egiten dituzte. Dekreto guztietatik salba gaitzakeen bakarra, euskara berria da, neoeuskara.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.