L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-4 (1980-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

—nor—

 

Ontsa leitzeko bidea

 

Jon Casenave

 

"Arratsaldeko hiru orenak, tenore txarrena, hutsena. Kanpoan erle ta lestafin argi dorpean erne. Liburu bat hartzen, behako alfer bat bota ondoan karta bat idazten hasten, uzten piparen betetzeko, pizterakoan gostu txar bat mihian. Ohe gainean etzatera, bainan berant jeikia goiz hontan eta orain bortxaz, inondik ezin lokar. Itzulika, freskura doi bat, minuta bat pausa bilatzen; buruan zinema idekia, irudiak pasatzen kontrolarik gabe, gorputza astun. Gaur ortzituko, gorputza freskatuko. Buruan, probintzia oso bat hedaturik bere jendetza guziarekin, bazterren ta aurpegien orroitzapenak, asmo oro nahastika. Eta nonbaitik sofritzen, bakartatearen itze-zizta denetan susmatzen, zentzu gabetasuna barnetik doloroski hazten..." Akabo Poema!

        Erran ditzadan ba bi hitz serios hilobi putzuan sartu aintzin! Bizia nazkagarria da eta heriotzari buruz, astokeriarik ez bada, ezta gauza handirik kondatzeko. Artean badago holako noman'sland hertsi ta luze bat: desesperantza. Asko gara bazter idor hortan ibiltzen garenok eta zer gehiago? Funtsezko gauzetaz mintzo delarik ezta bertze munduko gauzarik ahozkatzeko, bistan da!

        Desesperantzaren poema idazten ari nintzen sartu zarelarik, mila bertsotako poema luzea eta bertso bakoitzean suizidioaren ideia ferekatu dut, lerro bakotxak badu pistola kanoiaren hunkitze freskoa. Bainan, hemen zaren pundutik luma ta papera utziko ditut eta nahi baduzu zure aurrean azken esperientzia bat eginen dut... berdin laket bazaizu ene ondotik egin zinezake! Desesperantzaren basamortutik ateratzeko suizidio argi bat nahi nuke, "BASAMORTUA" bai, badakit, klitxe hutsa, tontoenek erabilitako irudi eskasa, berdin da, konotazio guzien aparte "basamortu" horrek badu bere musika... beraz suizidio argi bat nahi nukeela... askotan, bizitzearen ezbeharrek sortu nekatze nardagarriaren azken posibletzat kontsideratu baitut suizidioa! Bainan ez naiz desesperatu normal bat, —segitzen nauzu beti eh?— nere burua garbitzea ez litzateke inondik ere lokartze bat izan, izatekotan suntsitze hotz bat, motibaziorik gabeko ekintza, azken joko bat, ez salbapena, ezta ere madarikatzea, joate huts bat baizik... Bon, eta gure esperientzia! Logelan sar, lehioak hets eta bazter baten irudia, oihan edo bertze, burura heldu bada, puska lehen bai lehen, ez baitu lan hortan deusetarako balio; zer nahi gisetaz, ororen bururatzean, haragiaren zeluloek (usteltzean) hostoen arnas-hartze isila ikasiko dute. Aulki bat har, gelaren erdian ezar, gainean jar gaitezen argia itzali ondoren. Bi etapa gelditzen zaizkigu oraino.

        Lehenik, sentimenduak garbitzera (zentzu definitiboan, auzoko gatu txar bati lepoa tinkatzen ta hausten diozunean bezala) behartua zara, zure kasko razionalaren kontua egin aintzin.

        Behingoan bederen nirekin batera egiati izan zu! Aitor giza-afekzioak ez direla gorabeherakada triste bat baizik, gure egiazko bakartatearen salatari krudelak eta elgarrekin dugun erdipurdiko komunikazio motela gezurbide makur bat, non ezten einganiatze zikin bat, beraz mesedez hets betirako sufrimenduaren iturria!

        A, arinago senditzen zara orain, hein batean libreago beharbada, alta buruan zomorro goseti maltzur bat baduzu oraino, zure desio ta sensazio oro gordagitik manatzen ari, oinaze zizten indarra aire izartzen duena, desesperantzaren gau luzean zer nahi motako orroimen, asmo ta amets zoro pizteko prest. Barneko musika hori isilarazi behar duzu eta borondate osoa suizidioaren ideiari lotu! Hori eginik, instintoen oldartze basa bat altxatzen bada ere, zaude trankil, ia soka mehe batez aulkian estekatu zaitut eta kanoiaren hunkitze hotza kopetan, begien artean sendituko duzunean hatsa eztitzen ba duzu, hartzerakoan bost kondatuz, berritz sei kanporatzean, ez duzu seguraz ere argi azkar bat baizik ikusiko (bala pasatuko delarik), tiroaren oihartzun izugarria estereofonian adituko, besterik ez

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.