Bi idazle gerraurreko parlamento españolean
Lizardi
Ordun Besteirok hitz ernerazgarriok jalki ditu: "Ortega Gasset Joseba jaunak du aldi".
Atseginez, esertokian ipurkabia sakontxeagotu dut. Ez diat zorion makala, diot nerekiko.
Ordu bete terdian aritu da. Unamunok, noizean behin, halako begirakun bitxia botatzen zion, esan nahi balio bezela: "Ez konpañeo: nik ez nian horrela esango; nere aldean mutil koxkorra haiz".
Hurrengo egunean, Madrideko hizparringi batek hala zion: "Beti bezela, orain ere, buruz ezer dezaketen gizonak, gaztelarrak: Sánchez Román, Ortega Gasset...". Berehala, Unamunoren begi biziak berritu zitzaizkidan.
Tajuz hitzegitea korapiloak askatzeko aski balitz! Baina, besteri poza ta aurpegi alaia eskatzen dizkion gizon horrek, Catalunya arloa goibelki, hileta eresiz, aurkeztu digu. Erabat zuzengarria ez omen da, alegia; minsorrez eramanbeharra baizik. Catalunya herri nahi-ta-ezin bat omen da: betidanik eta mendeen hondarreraino goranahiaren oinaze bizia berekin ibiliko duna.
Herri haundien eta txikien abertzaletasuna ez omen dira gauza bera; iturburu batetikoak bai, alegia; baina, haundiena eraikitzailea, bestea ondagarria: batak gora begiratzen, besteak behera.
Asmakunde polita, benetan.
Kataluinarrek ez omen ditute beren buruak espainitarren anaitzakotzat; hargatik korapilo haren ezin-askatua; hargatik estatutoaren muin izkutua askatasun-asmoa izatea. Baina, berehala berriz, kataluinarrik gehienek muin hori gogoko ez dutela esan digu.
Catalunya osoak hala nahi izanda ere ordea, zer?... (Ortega ari da). Haiek gu maite ez, baina guk anaitzat baditugu, bidezko al litzake gu gehiago izanik gure nahi hori ez nagusitzea?... Haiek anai ez ditugula epaitzea?... Hau ere ez dago gaizki esana. (Orain ni ari naiz).
Baina, dana dala, zerbait eman behar zaiela aitortu du. Buru jabetza apurrik gabe, aldika aldika, besterik ezinak eska ahala, zenbait eginbide utzi behar omen zaizka.
Lehendakari-mahai aurretik mintzategi bat dago. Tarteka, ministroak, idazkariak eta, hara igotzen dituzu, ta idazki garrantzitsu zenbait irakurtzen dihardue. Atariko haizeari baino jaramon gehiago ez die inork egiten. Egin nahi liekenak ere, belarriak harrotzea alperreko lana luke, hango marmario hotsaz ez baitago ezer entzuterik.
Estatutoa orain, berriro. Batzordearen izenean, Bellok azalpen batzu egin ondoren, Abadal, Lligakoak, hitzegin du. Jatorki samar, arraioak ez badu. Aguretxo bat duzu, oso begikoa. Ingixka batzuei gaibidea noizik behin eskatuz, hor ari dugu neke haundirik gabe.
Beste gauza askoren artean, Ortegari honelakoak bota dizka: "Orain zenbait urte, guk, Lligakoak bakarrik, autonomia eskatzen gendunean, gutxi ginala erantzuten zeniguten: gu ez ginala Catalunya. Pixkanaka, hango alderdi guziak abertzaletu dituzu, ta orain hemen gaude guziok, kataluinatar ahaldun oro bat eginik, lehengoa bera eskatuz. Hori gutxi dalarik, herri iritzia nahi zenduten eta egin da: Catalunya osoak Estatutoaren alde bota du... Eta zuek, antzinean bezela, gu ez gerala Catalunya diozute: gehienak ez daudela, Catalunyan ere, gure alde. Zer behar dezute bada?... Zeok egindako Konstituzioa ez ezazue ukatu, bai, ta aski dugu".
Zuk ere aski duzu honezkero, irakurle. Ta Besteirok, guziori atsegin ematearren, joaleaz batzarrea azkendu du.
Lau ordu terdiko egonaldi ederra eginik nago, ta utziko al didazute kaña batzu hartzera joaten.
Ta orain Erkalaren babesgarri-legea ez al didate ezarriko, legegin begiragarriok ikusi bezelaxe antzeztu ditudala-ta.
Madridetik, 1932.ko Orrilak 13
ESPAÑAR LEGEBATZARREA NERE BEGIPEAN (zatiak)
|