Bi idazle gerraurreko parlamento españolean
Castelao
"Parlamento honetako eztabaidetan nire aurreneko parte hartze honetan, utz nazazue neure aurkezpena egin diezazuedan. Ni, artista bat besterik ez nauzue, bere artea kausa eder baten zerbitzuan jarri duena: Galiziaren arima iratzartzea, tradizio zahar eten eta ahantzi bati tradizio berri bat gehitu behar zaiolakoan. Ez dut jotzen, noski, tradiziotzat, gaurkotasun gainkatuen multzoa, batik eta betikotasuna, herriaren senan bizi den betikotasun hori.
Ni, bada, baserritarra naiz: ez dakart kalearen boza, ez kafetegiarena, ez Ateneoarena; han, nire herrian, Paradisu antzeko bat egin nahi duten gizon eta gazte estudioso talde baten mandatua dakart; gehiegi, agian, baina beti ere onak eta eskuzabalak.
Direlako Errege Katolikoek Zuritak Galiziako Erreinuaren heziketa eta zikiraketa bezala bataiatu zuena egin zutenetik, hizkuntza gailegoa debekatua gertatu da administralgoan, hauzitegietan, irakaskuntzan, eta elizak berak galerazi zuen gailegook geure hizkuntzan otoitz egitea.
(Etsaigo eta asimilaziozko politika honek, garaipen pobre hau besterik ez du lortu: Galiziako eskoletako haurrek gaztelaniaz egitea ongi hitzegitea dela pentsa dezaten, eta gailegoz egitea oker hitzegitea dela. Honegatik eta hargatik, Gailegismoa duintasun kolektibozko kasu bat baizik ez da, bihotza duten intelektualen bularrean jo duena, arrantzale eta nekazari bizimoduaren eguneroko miseriak desegin nahi dituztenenetan, eta korronte unibersalari ideia eta sentimendu berriak eramateaz amets egiten dutenenetan.
Gure hizkuntza gailegoak zuen sinpatia osoa irabazi behar du, langilearen hizkuntza delako, artesauarena, marinelarena; morroien eta nagusien hizkuntza izana, probintzi hiriburutako jauntxo kursi eta desokupatuek bakarrik mezprezatua).
Gailegismoa alderdi politiko bat baino beste zerbait da. Eta daukan beste zerbait horregatik naiz ni gailegista, eta gure alderdia kezkatzen duten arazoetatik, hizkuntzaren duintzeari dagokiona bezalakorik ez dago niretzat. Zeren, diputatu jaunok, gailegook oraindik ere gailegoak baldin bagara, hizkuntzaren graziaz eta poderioz da, zeren gure hizkuntzaren lantze estetiko eta zientifikoa, izan genuen guztiaren bereskuratzea baita, eta gure hizkuntza galduta, ez baikenuke bizitzeko esperantza aztarrenik.
Baina hizkuntza, espresiobide baino areago, arte iturri da, herri baten berezko izpirituaren bidea da, eta, batez ere, berez da inork desegin beharko ez lukeen arte lana. Eta bada gutaz trufatzen denik, oraindik ere hizkuntza bakarrarekin egiten duelako amets. Orain urte batzuk, arratsalde batez, hantxe nengoen, Finisterren (Bretainan) neure herriaz gogoetan, eta kukuak kantatu zuen, eta gure kukuek bezala kantatzen zuela ohartu nintzen, eta zaunka egin zuen zakur batek, eta gure zakurrek bezala egiten zuela ohartu nintzen, eta orduan honoko egia handia sortu zen nire irudimenean: animali gaixoak oraindik hizkuntza unibersalean daude (txaloak), eta emigrazioan hobeki ulerterazteko gailegoa hiltzea beharrezkoa dela pentsatzen duenik ere badago.
Baditugu gure herri gailegoan oso fede oneko propagandista asko, beren propagandetan beti gaztelaniaz mintzatzen direnak, oso gaztelania txarrean bestalde, agian ez dakitelako sortzezko hizkuntzaren duintzea gobernatzeko gradu nagusiko kontzientzia politiko eta sozialari dagokiola. Sortzezko hizkuntza mezprezatzeak eskubideez errenunziatzea esan nahi du, eta duintasun kolektiboaren anestesiatik dator.
Eskolara joan nintzenean nik ez nenkien gaztelaniaz, esan behar baitizuet oso familia pobrekoa naizela. Askotan joan nintzen eskolara zankutsik, talo puska bat sakelan neramala. Horregatik du niretzat gailegoak haurtzaroko garai zoriontsuaren nostaljia atsegina, gizon guztien denborarik zoriontsuena den garai hori; baina uste dut nigan are handiagoa dela, baserritarra naizelako, eta horrexegatik, eta beste hizkuntzen eztia dastatu dudalako nahi dut duindu neure herriaren hizkuntza, jakintsua esan zitzaion errege español bakarraren hizkuntza, gure lurreko eta itsasoko langileek urregorria bezala gordetzen jakin zuten hizkuntza zaharra, nire odoleko eta nire haragiko diren langile gailego hoiena.
Diputatu jaunok: gure enmienda onesten baduzue, edo gure hizkuntzaren errespetoa dakarkeen beste edozein, Galizia osoak eskertuko dizue". (Txalo asko).
Madrid, 1931
HIZKUNTZA GAILEGOAZ (zatiak)
|