L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-4 (1980-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Boluntarismoari bisita

 

Dudarik gabe (ez luke inork kontrako apusturik hartuko) euskaldun berriak dira euskararen itxaropen nagusia, kuttuna, zimentarria eta etorkizuna. Bale.

        Eta euskara ikasiko bada, ez da aski gogo apal bat, asmo huts bat. Morala behar da eta askorentzat, bistan denez, boluntarismoa. Bale ere.

        Baina, eta kulpa ez da nerea behintzat, boluntarismoa ez dago modan. Edo, hobe, erabat desprestigiatuta dago, bildurra ematen du inbidia baino gehiago, agian urte askotan hura izan delako asko eta askoren lanerako estiloa.

        Ez dut behin bakarrik entzun euskaldun-a-secas edo euskaldun zaharren ahoan euskara ikasten duen hainbatek iluminatuen diztira duela kopetean, gauza hauek ia ezkutuan eta zuzenean belarrira esaten badira ere.

        Urte askotan, hori denok dakigu (batzuek bizi izan genuelako eta gainontzekoek guk emandako pelmadari esker) euskaldun izateak ez zuen prestigio sozialik. Lotsatzen ez baginen ere, tira, ez genuen orguilorik azaltzen, gure artean ez bazen, gora gu eta gutarrak. Orduan, euskaldun guztiok edo ia guztiok euskaldun zaharrak ginen edo, abizenik gabe, euskaldunak. Oraindik ez zitzaion inongo erdalduni euskararen falta oztopo bat izan zitekeenik bururatu.

        Urteak pasa eta ilunpearen azala hausten hasi zenean, euskaldun berriak jaio ziren, eta hauek baino gehiago, euskara ikasten urtez urte saiatzen direnak. Auskalo zergatik, berri hauei norbaitek edo zerbaitek sartzen dien buruan borondate hutsez gauzak urte pare batean aldatzeko asmoa.

        Aurtengo udan ikusia dut euskara ikasteko kurtsilo batean "hau euskal planeta da" zioen kartela eta "hemendik aurrera pasatzeko, euskararen pasaportea behar da" zioen beste bat. Ba, damu dut, baina ez dago inon euskal planetarik. Eta erdaldun askok (borondate on aparteko jendea gainera) bestela pentsatzen badu ere, ez dugu urte pilatan euskal planetarik sortzeko posibilidaderik.

        Euskaraz hitzegiten duen taldera datorrenak hobe du jakin borondate hutsak ez dituela sekula planetak sortzen (jainkoak mundua sortzeko borondatea besterik erabili ez zuela sinesten ez badu, behintzat). Euskarak berak baditu nahiko problema eta guk hainbat gehiago.

        Guztiz ahaltsu direnek baimena emango baligute ere, ez ginateke oraingoz nahi duguna edo amesten duguna egiteko gauza izango.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.